Edukira joan

Sorgina, banaiz!

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sorgina, banaiz!
Jatorria
Argitaratze-data2025
IzenburuaSorgina, banaiz!
Jatorrizko hizkuntzaeuskara
Jatorrizko herrialdeaEuskal Herria
Ekoizpen lekuaAtaun
Ezaugarriak
Genero artistikoafilm dokumentala
Zuzendaritza eta gidoia
Zuzendaria(k)Asisko Urmeneta
Gidoigilea(k)Asisko Urmeneta
Argumentu nagusiaSorgin ehiza Euskal Herriana

Sorgina, banaiz! sorgin ehizari buruzko dokumental da, 2025eko irailaren 14an estreinatua Ataunen, urtero antolatzen den Mitoaldia ekimen multzoaren barruan,[1] Hamaika telebistan, Kanalduden, eta Xaloa telebistan. Ipar Euskal Herrian, Urruñako Itsas Mendi zinema aretoan egin zen aurrestreinaldia urriaren 17an.

Dokumentalak ez zuen dirulaguntza publikorik jaso eta herritarren laguntzaz finantzatu zen, Goteo plataforma tresna erabiliz. Ekoizpen garaian, "Ni ez naiz sorgina" izenburua eman nahi zitzaion proiektuari, baina estreinaldiko izenburua aldatu zioten.

Asisko Urmeneta dokumentalaren aurrestreinaldian azalpenak ematen (Urruña)

Dokumentalak oinarri hartzen du sorgin ehizaren lehen kondena kolektiboaren 500. urteurrena. Euskal Herrian sorginkeriagatik izan zen Auritzeko lehen exekuzio kolektiboa. Sorginkeria santanismoarekin lotu eta pertsona multzo bat kondenatu eta hiltzera zigortu zuten lehen aldiz Nafarroan 1525ean.[2] Kondenatuei zigor eredugarria ezarri zitzaien: urkamendian akabatu ondoren gorpua erretzea. Sarraski hark hasiera eman zion mende oso bat iraun zuen jazarpenari, non milaka pertsona akusatu eta bidegabeki kondenatu zituzten.[3]

Prozesu historiko haiek argitu nahi dituzte egileek, eta horretarako lan-hipotesia bat lantzen da: "sekta satanikoaren" teoria europar elite intelektualaren eraikuntza artifizial bat izan zela, auzitegi laiko zein erlijiosoetatik ateratako ingeniaritza juridiko hutsa: sorginkeria demoniakoa ez zen “herria izutzeko koartada” baino izan (Francisco Peña, Directorium Inquisitorum -"Inkisidoreen eskuliburua", 1578- ), "herri gaiztoa, zeina behar bezala mendekatu baitu berorrek" (Jean d'Espagnet-en sonetoa Pierre De Lancre-ri, "Tableau de l 'inconstance", 1612).

Makineria eraginkor horrek komunitate-espiritua birrindu egin zuen, herri-lidergorako aukera guztiak eragotzi, presentzia ikusezinaren politika eta beldurraren pedagogia inposatu zituen: inor ez zen akusatua izatetik libratzen, eta, era berean, edonork salatu zezakeen, isilpean... Eta hasi bezain brauki, giza ehizaldia 1620ko Isiltasun Ediktuarekin amaitu zen, Inkisizio Gorenaren Kontseiluak idatzitako dekretu sekretua.

Bisualki, narrazioak, irudikapen historikoak eta marraztutako irudiak uztartzen dira. Teknika horri esker, kaltetutako pertsonen testigantzekin konektatu nahi dute egileek. Gainera, Euskal Herriko zein nazioarteko adituen edo ikerlarien elkarrizketak tartekatzen dira hasierako tesia indartzeko: Natalia Silva Prada, William Monter, Sophie Houdard...[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Eneko. «SORGINA, BANAIZ. Dokumentala. Asisko Urmeneta.» Jentilbaratza Kultur elkartea. Ataun (kontsulta data: 2025-10-10).
  2. Administrator. (2025-07-23). «AURITZ/BURGUETE: "SORGIN EHIZA 1525-2025"» Nabarralde (kontsulta data: 2025-10-10).
  3. a b Goteo, Fundación. «NI EZ NAIZ SORGINA: Dokumentala» Goteo.org (kontsulta data: 2025-10-10).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]