Soroborda

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Soroborda ur-biltegia
Soroborda urbiltegiko sarrera.JPG
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Gipuzkoa
Udalerria Donostia
Koordenatuak 43° 19′ 22″ N, 1° 57′ 05″ W / 43.32282°N,1.95132°W / 43.32282; -1.95132Koordenatuak: 43° 19′ 22″ N, 1° 57′ 05″ W / 43.32282°N,1.95132°W / 43.32282; -1.95132
Historia eta erabilera
Irekiera1869
Arkitektura
Arkitektoa Nemesio Barrio

Soroborda ur-biltegia Donostian dago, Ulia auzoan. Gipuzkoako hiriburua urez hornitzen zuen. 1869an eraiki zuten eta 1982ra arte erabili izan zen. Orain ez da erabiltzen, baina bera eta ondoan dagoen Buskando biltegia ondo kontserbatuta daude. Bertan zegoen baserri baten izena hartu zuen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Donostiako historia osoan eraiki zen lehen ur-biltegia Uliako hau izan zen. Ordura arte hiria moldatzen zen Morlanseko eta Uliako iturriekin, baina XIX. mendean populazioa asko handitu zenean, eta ura etxeetaraino eramaten hasi zenean ur beharra ere asko handitu zenez hiriak biltegi bat eraiki behar izan zuen. Soroborda biltegia 1869an jarri zuten martxan (7.000 m3) eta handik 30 urtera handiagoa zen Buskando biltegi berria eraiki behar izan zuten (10.000 m3).

Soroborda, lehen biltegia izan zena, Ulia mendira igotzeko errepideko lehen errebueltan dago, planta karratukoa da, guztiz dago lur azpian eta ez du bisitaririk onartzen barrura sartzea nahiko zaila da eta.

Buskando biltegia, aldiz, berriagoa da, askoz zabalagoa, eta sarrera errazagoa dauka, bi nabeak banatzen dituen pasabide batetik sartu eta eskailera batetik jaitsita. Eraiki berria zenean irekia zen, estali gabe zegoen; baina handik 6 urtera harri landuzko hainbat arku eraiki zituzten gaineko sabaia jartzeko. Arku guzti horiekin barruan gaudenean katedraltxo batean gaudela dirudi. Ez dago lurpean, albo bateko horma bat parkeko bidean dago, eta leihoak ere baditu goiko aldean.

Baina Donostia 1900ean 38.000 biztanle izatera heldu zenez, handik gutxira Txoritokietako ura ere ekarri behar izan zen Soroborda-Buskando biltegietaraino. Geroago beste urtegi batzuk ere (Añarbe eta Artikutza) erabili izan ziren 1982ra arte. Orain biltegi hau ez da erabiltzen, baina ondo kontserbatuta dago. Añarbeko urak erabiltzen dira orain.

Ur-biltegiaren deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soraborda ur-biltegia guztiz lurperatuta dago, ezin da sartu biltegi barrura eskalatzeko materialik gabe. Erdian daukan horma batek barruko bi tanke simetrikoak banatzen ditu, horrela tanke batean garbiketa egiten zenean bestea erabil zitekeen ura hirira bidaltzeko. Erdiko horma hori sabaiko bobeda edo gangen abiagunetaraino heltzen da, horrela airea mugitu daiteke tanke barruan, eta goian kanpoaldean lau tximinia daude barrukoa ondo aireztatzeko.

Kanpoaldetik, landare-lurrezko geruza bat dago gainean. Isolamendua bermatzeko 0,5 metro inguruko lodiera du lur-geruza horrek, eta hormigoizko arku eta gangen egitura osoa estaltzen du. Garai batean, geruza horren gainean baratze txiki bat zegoen zaindariaren zerbitzurako, baina XX. mende hasieran betiko kendu zuten osasun arrazoiengatik.

Biltegia kontrolatzeko giltza-mekansmoa putzu-gune batean dago biltegi gaineko azalararen mailan, horren hegoaldean, zaindariaren etxearen azpiko sotoan, eta sarbide independentea dauka. Zoritxarrez, haren jatorrizko makineria desagertu da.

Zaindariaren etxea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Biltegi bien arteko gunea zaindariaren etxearekin osatzen da. Soroborda biltegiaren ondo-ondoan dago etxe hori eta bertan bizi izan da beti finkako zaindaria.

Eraikin hau biltegiak zaindu eta instalazioen mantentzeko ardura zuen pertsona horren eta bere familiaren bizilekua izateko sortu zen, baita beharrezko tresneria gorde ahal izateko ere. Etxea bi etapatan eraiki zuten, bien artean sei urte pasa zirela. Jatorrizko eraikuntza 1872 edo 1873an egin zuten Soroborda biltegia bukatu eta gero. Solairu bakarrekoa, 60m koadroko azalerakoa (5,9m x 10,3m), eta zur-egiturazko teilatuarekin bi uretara. Barrualdean sukaldea eta bi logela zeuden baita biltegi bana alde bakoitzean. Sotoetan beste biltegi batzuk eta ur-biltegiko giltzen erregistroa zeuden. Sei urte geroago etxea handitu egin zuten, gainean solairu berri bat eraikita eta atzealdean zementuzko zutabeetan eskoratutako hegal-gorputz bat gehituta. Itxura berriak ondo mantendu zuen jatorrizko eraikinaren estetika konstruktiboa eta diseinu orokorra. Eraikin honek gaur egun kontserbazio egoera hobezinean jarraitzen du.

Finkako burdin hesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Finkako kanpo-perimetroan harlanduzko hainbat zutabe daude harearrizko blokerekin egindakoak, motibo dekoratibo kurioso batzuekin apainduak (grafilak eta figura koroatu bat irudi begetalen gainean) eta molduratuekin goiko aldean. Lursaileko zati handi bat inguratzen duen burdin hesia ere kalitate handikoa da. Zutabe horiez gain burdina forjatuzko farol serie baten presentzia nabarmentzen da, horiek ere ederki apainduak batez ere motibo begetalekin, eta erdi-erdian “S” letra duen medailoi bat daukate (Soroborda?). Burdin hesi hori lehenago Gipuzkoa Plazakoa izan zen, baina 1909an ekarri omen zuten parke honetara zurezkoa zen jatorrizko hesia ordezkatzeko, oso hondatuta baitzegoen.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Ur-biltegiak Uliako Mintegietako Parkean