Sozialdemokrazia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sozialdemokrazia
Sozialismo motak

Sozialdemokrazia XIX. mendearen amaieran sozialismo eta marxismoaren baitan sortutako ideologia politikoa da. Teoria honen arabera, posible da gizarte kapitalista batetik sozialista batera iristea demokrazia ordezkagarriaren bideak erabiliz (parlamentuan eta gobernuan parte hartuz, adibidez). Iraultza, beraz, ez da ezinbesteko bitartekoa sozialismorako bidean. Gaur egun sozialismoa eta sozialdemokrazia sarri sinonimotzat jotzen dira Mendebaldeko gizarteetan, nahiz eta sozialismoa askoz esanahi zabalagokoa izan (bere baitan sartzen dira sozialista demokratikoak, marxistak, anarkistak eta komunistak ere. Era berean, gaur egungo sozialdemokrazia menbedaldetarren gehiengoak marxismoa baztertu eta kapitalismoa jasangarri bihurtzea dute helburu, sistema aldaketa erabat alboratuz.

Sozialdemokrazia, sozialismoa eta komunismoa sustrai ideologiko beretik sortuak dira; sozialdemokrazia ordea, ideologia horien militantziaren eta totalitarismoaren aurkako agertzen da.

Historia

Sozialdemokrazia August Bebel alemaniar pentsalariaren ahaleginez sortu zen; sozialismoa indarkeriarik gabe, legearen baitan, ezarri behar zela zioen Bebelek. 1869. urtean Wilheim Liebknechtekin batera, Alemaniar Langile Sozialdemokraten Alderdia sortu zuen; gerora, 1875. urtean, alderdi hori Alemaniako beste langile talde batekin elkartu eta Alderdi Sozialdemokrata sortu zen (Sozialdemokratische Partei).

1871. urtean hartu zuten parte sozialdemokratek aurrenekoz hauteskundeetan Alemanian, eta ordudanik etenik gabe hazi zen haien indarra. Eduard Bernstein alemaniarra (1850-1932) izan zen sozialdemokraziaren beste teorilari garrantzitsu bat. Marxismo ortodoxoaren aurkakoa zen; haren ustez kapitalismoa ez zetorren gainbeheran, oztopoak (langabezia, gainprodukzioa, eta aberastasunen banaketaren berdintasuna eza) gainditzen ari baitzen etengabe; Bernsteinentzat gizartean baldintzak hobetzen ari ziren, eta bozketa unibertsala ezartzerakoan langileek sozialismoa ezarriko zuten hauteskundeen bidez, inolako iraultza eta bortxarik gabe.

Nahiz eta Bersteinen errebisionismoa alderdi gehienek kondenatu zuten, mugimendu sozialista errebisionistetan (erreformistak) eta ortodoxoetan (marxistak) banatu zen. 1917. urtean Iraultza boltxebikea garaile atera zenean, sozialismo ezkertiarra desagertu egin zen, III. Internazionalean komunista izena hartu baitzuten talde sozialistek. Komunisten eta sozialisten arteko banaketa erabat gauzatu zen Berlingo Konferentziaren (1922) ondoren, eta hala, 1923. urtean Hanburgon Internazional sozialista sortu zen, alderdi sozialdemokrata guztiak biltzen zituena.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, sozialdemokratek aginpidea eskuratu zuten Europako zenbait herrialdetan, Suedian, Erresuma Batuan (Alderdi Laborista) eta Mendebaleko Alemanian, esate baterako, eta Europako ongizateko gizarte programak antolatzen hasi ziren. Aginpidea lortu ahala, sozialdemokrazia aldatuz joan zen, batik bat mendebaleko Alemanian, eta bereziki XIX. mendeko dotrina sozialistak industriaren eta negozioen nazionalizazioari buruzko planteamenduei zegokienez.

Gero eta irizpide zabalduagoa da sozialdemokrazian, dotrina horretan iritzi eta adar asko badira ere, industriaren eta ekonomia jarduera pribatuaren jabegoa baino, estatuaren kontrola edo arautzea behar dela lortu; nahikoa baita ekonomia kontrolatzea ekonomia hazkundea eta errenta berdintasuna lortzeko. Ezkerraldeko alderdiek indarrean den sistemarekin lotu izan dute pentsamolde sozialdemokrata, eta kapitalismoaren iraupenerako oinarria dela esanez kritikatu dute.

Sozialdemokrazia Euskal Herrian

Alderdi politikoak

Gaur egun Euskal Herrian euren burua sozialdemokratatzat hartzen duten alderdi politikoak hauek dira:

Ikus, gainera

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sozialdemokrazia Aldatu lotura Wikidatan

Erreferentziak