Sozialismo utopiko
Sozialismo utopiko |
Sozialismo motak |
Sozialismo utopikoa bereziki XIX. mendearen lehen erdian jendexumearen aldeko aldaketa soziala garatu eta gizarte harmoniatsua eratzeko helburuarekin jardun zuten pentsalari eta ekintzaile sozialista aitzindarien ekarpenak izendatzeko erabilitako izen generikoa da. Haien helburua gizarte ideala bat antolatzea zen, eta horretarako komunitateen garapena, lankidetza, berdinzaletasuna eta jabetza kolektiboa sustatu zituzten, hezkuntzari, familiari eta sexualitateari buruzko ideia multzo batekin batera, gizakiaren eta gizartearen zientzia bat eratzen ari zirelako ustean, baina ikuspuntu idealista, filantropo eta paternalista batetik kasu askotan.[1] Robert Owen, Saint-Simon eta Charles Fourier izaten dira sozialista utopikoen multzoan barneratzen diren pentsalari eta ekintzaileak, baina batzuen arabera izen horren baitan beste batzuk ere bildu behar dira, hala nola Étienne Cabet eta Wilhelm Weitling. Utopiko izena mespretxuz erabili izan da, sozialista utopikoen proposamenak errealistak ez zirela adierazteko. Hain zuzen, Marxek eta Engelsek ezarri zieten izen hori 1848ko Manifestu Komunista lanean, beraiek eratu eta marxismorako bidea zabalduko zuen zuten sozialismo zientifikotik bereizteko. Engelsen arabera, sozialista utopikoek gizakiaren ustezko berezko izaera eta jokabide on batetik abiatzen ziren, eta proletargoak eta burgesiak aurkako interesak zituztela onartu arren, ez ziren klaseen arteko borrokaren eta iraultza sozialistaren aldekoak, eta horien ordez pertsonen borondate onean oinarritutako proposamenak egin zituzten, Marx eta Engelsen arabera ekimen fantastikoak besterik ez zirenak. Kritika horien eraginez, marxismoaren arrakastak sozialismo utopikoaren gainbehera ekarri zuen azkenik, bereziki 1870eko hamarkadatik aurrera, baina bere proposamenetako asko anarkismoak eta kooperatibismoak bereganatu zituzten.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendera arte, utopismoa hausnarketa filosofiko eta literarioei lotuta egon zen; Biblia kristaueko paradisu galduaren pasadizotik greziar eta erromatar mitologiako Urrezko Aroraino. Hala ere, Platonen Errepublika lana hartzen da komunitate ideal baten lehenengo planteamendu literario-filosofikotzat. Asian, batzuek historiako lehenengo sozialista iraultzailea Mazdak iraniarra izan zela diote, mazdakismoaren abiarazlea.
Errenazimendu aldera, Tomas Morok bere Utopia nobelan (1516) asmatzen du korronte sozialista hau izendatuko duen terminoa (U=gabe eta topos=lekua). Beste utopia literarioak Tommaso Campanellaren La ciudad del sol (1602), Morelly-ren Código de la naturaleza (1755), Gabriel Bonnot de Mably-ren Fozion (1763).
Sozialismo utopikoaren goreneko unea igaro ondoren, utopia literarioaren generora itzuli zen. Edward Bellamy-ren Looking backward (1884), William Morrisen News from nowhere (1890), Pierre Quirouleren La ciudad anarquista americana (1914) eta Julio Dittrichen Buenos Aires en 1950 bajo el régimen socialista (1908), horren adibide dira.
Pentsamoldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sozialista utopikoek pentsalari zabal eta heterogenoen talde bat osatu zuten, maiz ideia kontrajarriekin. Hala eta guztiz ere, haien printzipio eta proposamenek ezaugarri komunak dituzte hainbat alderditan. Pentsamendu sozialista utopikoaren jatorriari buruz, estoizismoa eta kristautasuna oinarri dituela aipatu izan da, bereziki Jainkoa, natura, eta beraz gizakia onak diren aldetik. [2][3] Hain zuzen, gizarte eta zibilizazioaren kritika egiten zuten, garaiko kondizio sozialek gizakia naturatik eta haren berezko izaeratik aldentzen zutela irizten baitzuten.[4] Gizarte idealak modu itxi batean, garaiko sistema sozioekonomikotik guztiz bereizirik, irudikatu bazituzten ere, kapitalismoaren kritika ere egiten zuten, hala nola lanaldiaren murrizketaren alde eta karitatearen aurka. Langileen bizimoduaren hobekuntzak haiek proposatutako komunitate eta gizarte idealetan kartzelaren, poliziaren eta laguntza sozialaren beharra ezabatuko zituen, haien ustetan.[3]
Gizaki eta gizarte berri baterako, arrazoia aldarrikatzen zuten, Argien Garaiko filosofoek bezalaxe. Haien ideiek Frantziako Iraultza pizteko balio izan zuten, baina iraultzaren ondorengo erakunde politikoek burgesiaren alde jokatu zuten nabarmenki, eta txiroen eta aberatsen arteko aldea nabarmendu egin zen. Beste alde batetik, Britainia Handian bereziki, Industria Iraultzak langileen eta burgesiaren artean sortutako antagonismoa agerian geratzen zen, langileak kondizio latzetan bizi baitziren, enpresariek gero eta aberastasun handiagoak eskuratzen zituzten bitartean. [5][6] Gizarte krisi horretan murgilduta, sozialista utopikoek arrazoiaren ideala berreskuratu eta gizarte berri harmoniatsu baterako proposamenak egin zituzten, bereziki lankidetzan, komunitatean eta berdinzaletasunean oinarrituta.[7]
Haien ideiak modu iraultzailean gauzatu edo biolentzia erabiltzetik urrun, haietako batzuek (Wilhelm Weitlingek, kasu) iraultza proposatzen bazuten ere, hezkuntza eta bereziki esperientzia utopikoak abian jarri eta eredu moduan erabiltzea aldezten zuten gizarte harmoniatsua zabaltzeko. Herritar guztiei egiten zieten dei, txiroei nahiz aberatsei, klase bereizketarik egin gabe.[8] Proletargoaren existentziaren eta ekimenaren kontzientzia gabezia hori, ordea, sozialismo utopikoari buruz marxistek egin zituzten kritiken oinarri moduan erabili ziren gerora. Hain zuzen, sozialismo utopikoa mugimendu intelektuala izan zen bereziki, borroka politikoa gutxietsi egiten zuena. Iritzi horren aurka agertu ziren garaiko sozialista batzuk, hala nola Pierre Leroux, Philippe Buchez eta Louis Blanc, erakunde politikoen aldaketa eta errepublika soziala aldarrikatzen zituztenak.[9]
Marxismoaren kritikak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Marxismotik egindako lehen kritikak Marx eta Engelsengandik beraingandik etorri ziren, 1848 urtean plazaratutako Agiri Komunistan. Agiriaren hirugarren atalean, non korronte sozialisten azalpena egiten duten, "sozialismo eta komunismo kritiko-utopikoa" delakoari buruzko hausnarketa egiten dute. Sozialista utopikoei aitortzen diete klaseen arteko antagonismoa antzeman izana, baina Marx eta Engelsen iritziz, ez dira gauza proletargoan mugimendu historikorik ikusteko, haiek bere ideiak garatu zituzten garaian "proletargoaren emantzipaziorako kondizio materialak" falta zirelako. Eta horren ezean, ekimen politikoa eta soziala ekimen pertsonalekin ordezten dituzte. Beste alde batetik, behar larrienak dituzten txiroak dituzte helmuga, Marx eta Engelsen proletargoaren definiziotik urrun (hain zuzen, Marxek eta Engelsek lunpenproletariotza mespretxatu egiten zuten eta langileen klasearen porroten errua egozten zioten gizarte klase horri). Gizartearen kritika egiteko txiroen arazoetatik abiatzen badira ere, gizarte klase guztiak bateratu nahi dituzte, eta horrela Marx eta Engelsentzat funtsezkoak den klase borrokaren aurka agertzen dira. Ekimen politikorik ez izatea ere leporatzen zieten sozialista utopikoei, eta haien proiektuak gauzatzeko bide baketsuak ere kritikatzen zituzten. Ekimen "fantastikoak" eta espekulatiboak, sineskeriak, besterik ez ziren haien iritziz. Azkenean, sozialismo marxistaren aurka azaldu eta sozialista erreakzionarioak bilakatzea leporatzen dizkiete. Hala eta guztiz ere, Marx eta Engelsek langileen klasearen kontzientzia piztea aitortu zieten.[10]
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Sceptiques et détracteurs face à la cité idéale, XVIIIe-XXe siècles. , 15 or..
- ↑ (Ingelesez) Laidler, Harry W.. (2013). History of Socialism: An Historical Comparative Study of Socialism, Communism, Utopia. , 110 or..
- ↑ a b (Frantsesez) Berna, Henri. (2010). Du socialisme utopique au socialisme ringard. , 37 or..
- ↑ (Frantsesez) Marciano, Alain. (1999). Ethiques de l'économie: introduction à l'étude des idées économiques. , 103-104 or..
- ↑ (Frantsesez) Engels, Friedrich. (1880). Socialisme utopique et socialisme scientifique. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Tiana, Alejandro. Historia de la educación (edad contemporánea): socialismo y sistema educativos. .
- ↑ (Ingelesez) Goodwin, Barbara; Taylor, Keith. The Politics of Utopia: A Study in Theory and Practice. , 40 eta 130 or..
- ↑ (Frantsesez) Berna, Henri. (2010). Du socialisme utopique au socialisme ringard. , 36-37 or..
- ↑ (Frantsesez) Dictionnaire des Idées (Les Dictionnaires d'Universalis): Socialisme. .
- ↑ Marx, Karl; Engels, Friedrich. (1848). Manifestu Komunista. .