Soziologiaren historia

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu

Soziologiaren historia XIX. mendean hasi zen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XIX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historian, soziologiaren sorrera jakintzaren alor moderno gisa 1883. urte inguruan kokatzen da, Auguste Comteren Cours de la Philosophie Positive argitaratu zenean hain zuzen ere. Hasierako soziologiak, XIX. mendeko bilakaeraren teoriekin batera garatua (Comte, Saint-Simon, Spencer…), eta sintetikoa edo sistematikoa deitua, Newtonen fisika hartzen zuen oinarri zientifiko-teknikotzat, eta gizartearen funtzionamenduaren lege unibertsalak aurkitzea zuen helburu.

Osotasunera jotzen duen ikusmoldea da hau, biologiaren ereduari jarraituz; joera horren arabera, gizarte bizitza arautzen duten legeak ezagutuz gero, ez litzateke zaila gizarte horren bilakaera aurrez ezagutzea, eta, ondorioz, gizartearen ordena kontrolatzea (Vilfredo ParetorenOreka sozialaren teoria”).

XIX. mendearen bukaeran, Durkheimekin bereziki, soziologia analitikoa deritzona agertu zen: “existitzen den, azter daitekeen gauza bakarra, gizarte jakinak dira, elkarren arteko harremanik gabe jaio, garatu eta hiltzen direnak” (1895, Les règles de la méthode sociologique).

XX. mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizartearen osotasunaren azterketaren ideiari aurrez aurre, joera analitikoak gizarteko talde edo alderdi bereziak ditu aztergai. Soziologia analitikoa beraz ez zen saiatu lege unibertsalak bilatzen, bestela baizik, ideia orokor egokiak adieraztera mugatu zen. Garai hartakoa da beste soziologo handi bat, eragin handia izan duena, Max Weber.

Weberrek soziologiaren aztergaitzat giza jarreren berdintasuna hartu zuen, zentzua duten neurrian, alegia, ulergarri diren heinean, eta, hala, ikerketa enpiriko jakinak bultzatu zituen, jokabide berdintasun horiek mugatzeko bide bakarra hori zelako ustean. Weberren ondoren, etengabe sortu ziren soziologia joera desberdinak.

Hauek dira nagusietako batzuk: soziologia historikoa, Émile Durkheimen eta batez ere Weberren obratik aurrera garatu zena; estrukturalismo-funtzionalismoa, Talcott Parsonsen inguruan; estrukturalismo frantsesa, sorreran Ferdinand de Saussureren hizkuntzalaritza eta Levi Straussen antropologia dituena; elkarrekintza sinbolikoa, George Herbert Meaden pentsaeran oinarriturik, Chicagoko Eskolako ardatz nagusia izan zen; eta marxismoa, sarritan estrukturalismoarekin lotu ohi dena; Marx hartu ohi da ezagutzaren soziologiaren aitzindaritzat. Nolanahi ere, eskola eta teoria desberdinak leku eta denbora jakinetan sortuak dira, eta aukera ideologiko baten erantzun dira beraz.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]