Spaceguard

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ezagutzen diren Objektu Bereziki Arriskutsuen kopurua irudikatzeko balio dezakeen irudia da honakoa. 2013ko datuetan oinarritua.

Spaceguard terminoa gure planetaren aurka talka egin eta gogor erasan dezaketen Lurretik gertuko objektuak ulertu, aurkitu, ikertu eta katalogatzeko eginiko saiakeren islapena da. Gainera, mota bereko eta arriskurik gabeko argizagien atzemate eta ikerketaz ere arduratu da.

Asteroideen atzematerako ortziaren zati erraldoiak berrikusten eta zaintzen dituzten teleskopioak baliatzen dira. Lurretik gertuko objektuen (LGO) atzematea lehenesten dituzten teleskopio eta ikerketa-taldeak "Spaceguard Ikertaldea"-ren partaidetzat hartzen dira, zein erakundeekiko mendekotasuna adierazten duten axola barik.

XX. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, ez dira gutxi izan asteroideen talkek kezkatu dituzten talde eta norbanakoak, horregatik, proposamen ugari egin dira gure planeta halako hondamendietatik babesteko asmoarekin.

Erresuma Batuan kokatuta dago SpaceGuard Zentroa izeneko erakundea, zeinean ikerketa astrometrikoak burutzen diren (MPC J26 kodea), eta edonori ateak irekitzen dizkio; alabaina, ez du erakunde publikoen diru laguntzarik jasotzen.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arthur C. Clarkek sortu eta mamitu zuen terminoa, hartarako bere Topaketa Ramarekin (1972) eleberria baliatuz; zeinean Spaceguard atzemate goiztiarrerako erakunde bat zen, asteroide baten talkak iraganean sortutako hondamendiaren ondoren sortua.[2] Izen hau beranduago berreskuratuko zen, Lurretik gertuko objektuak ikertzeaz eta aurkitzeaz arduratzen ziren taldeak izendatzeko beharra sortu zenean.

Estatu Batuetako Kongresuaren 1992ko ikerketak "Spaceguard ikerketaren txostena" sortu zuen, zeinak NASA kilometro bateko diametroa baino handiagoko Lurretik gertuko asteroideen %90a atzematera behartuko zuen, hamar urteko epemugarekin.[3] Aipatutakoak "Spaceguard Helburua" izena ere jaso du. Hein handi batean NASAren diru-laguntzei esker elikatzen diren Lurretik gertuko objektuen atzematerako ikerketa-taldeek "Spaceguard Proiektua"-n parte hartzen dutela esan ohi da.

Shoemaker-Levy 9 kometak 1994an Jupiterren aurka talka egin zuenean Lurretik gertuko objektuen inguruko kezka areagotu zen. David Levy berak elkarrizketa batean ondorengoa adierazi zuen: "Barreak Shoemaker-Levy 9-a etorri orduko desagertu ziren".[4] Adierazpen horrekin erreferentzia zuzena egin zien mundu-hondamendi mailako talkak ia ezinezkoak zirela eta Lurretik gertuko objektuak atzematea alarmismo hutsa zela irizten zuten norbanakoei. Kometaren zatietako baten talkak hamabi mila kilometroko diametroa gainditzen zuen orban ilun erraldoi bat sortu zuen eta 6 milioi TNT megatoi adina energia askatu zela uste da, hau da, munduko armategi nuklearraren energia seiehun aldiz. Kometaren talka jazo ostean, asteroideen atzematerako eta haiengandik babesteko sistemek diru-laguntza handiagoa jaso zuten.

Nazioarteko Astronomia Elkartearen Lurretik gertuko objektuei buruzko Lantaldeak (WGNEO, ingelesezko siglengatik) 1995ean gauzatu zuen lehen tailerra, Spaceguard ikerketaren hastapena izenpean eta hari esker jaio zen Spaceguard Fundazioa.[5] Ostera, Spaceguard elkarteak edo fundazioak sortu dira munduko herrialde ugaritan, aipatutako eginbeharrak burutzeko asmoarekin. Orokorrean, herrialde bakoitzaren Spaceguard elkartea nazioarteko fundazioan atxikita dago edo NASA bezalako erakundeekin talde-lanean dihardu, haien esanetan, gizadiaren interesak babesteko helburuarekin.

Spaceguard-en hasierako helburua bete zen, jarritako epemuga baino urte batzuk beranduago bete bazen ere. Lorpen horren ondoren, NASAri 140 metroko diametroa gainditzen zuten Lurretik gertuko asteroideen %90a atzemateko agindu zitzaion.[6]

Behaketak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2002ko Ekialdeko Mediterraneoko gertakaria, 2002ko Vitimgo gertakaria (Errusia) eta Txeliabinskeko meteoritoa (Errusia, 2013ko otsaila) ezin izan zituzten aurretiaz jakinarazi Spaceguard erakunde eta elkarteek. Aitzitik, 2008ko urriaren 6an 2008 TC3 lau metroko meteoroidea atzeman zen Catalina Zeru Proiektuaren (CSS, ingelesezko siglengatik) Mount Lemmongo metro eta erdiko teleskopioari esker eta Lurraren aurka talka egin arte jarraipena egin zitzaion.

Proiektu berriek, hala nola, Hawaiiko Unibertsitateak abiarazitako ATLAS programak, hamar metro baino txikiagoak diren talkagileak atmosferan sartu aurretik atzematea dute helburu, hala, kaltetua izan daitekeen lurraldea ebakuatzeko nahikoa denbora edukitzeko.[7][8] Ebakuazio horiek burutzeko nahikoa da aste edo egun batzuetako aurrerapenarekin talka gertatuko dela jakitea. Alabaina, beste zenbait proiektuk xedetzat talkagile askoz handiagoak atzematea dute, ehun metro baino handiagoak, hala, hondamendi kontinental edo globalak sor ditzakeen gertakari bati aurre egiteko nahikoa denbora edukitzeko. Proiektu horiek urte edo hamarkadetako denbora-tarteekin jokatzen dute.

2016an NASAren Scout programa abiarazi zen, denbora-tarte laburreko aurrerapenarekin talkak iragartzeko.[9][10][11]

2017ko urriaren 19an, arestian aipatutakoen antzeko proiektu batek, Pan-STARRS 1 delakoak, lehen izarrarteko asteroidea aurkitu zuen: 'Oumuamua.[12][13][14]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) The Spaceguard Centre | The National Near Earth Objects Information Centre. (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  2. (Ingelesez) Paine, Michael. (2000-04-26). «Bigger Telescopes Seek Killer Asteroids» Space.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  3. «Spaceguard Survey» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  4. (Ingelesez) Dillow, Gordon L.. (2019-06-04). Fire in the Sky: Cosmic Collisions, Killer Asteroids, and the Race to Defend Earth. Simon and Schuster ISBN 978-1-5011-8776-6. (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  5. (Ingelesez) «The Vulcano Workshop» IAU 1997ko ekaina (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  6. (Ingelesez) Harris, Alan. (2008-06). «What Spaceguard did» Nature 453 (7199): 1178–1179.  doi:10.1038/4531178a. ISSN 1476-4687. (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  7. «ATLAS - The ATLAS Project» www.fallingstar.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  8. Tonry, John L.. (2011-01). «An Early Warning System for Asteroid Impact» Publications of the Astronomical Society of the Pacific 123 (899): 58–73.  doi:10.1086/657997. (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  9. (Ingelesez) «NASA's New Asteroid Alert System Gives 5 Whole Days of Warning» Universe Today 2016-11-02 (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  10. (Ingelesez) «NASA's New 'Intruder Alert' System Spots An Incoming Asteroid» NPR.org (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  11. (Ingelesez) Redd 2016-09-23T10:44:00Z, Nola Taylor. «Incoming! New Warning System Tracks Potentially Dangerous Asteroids» Space.com (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  12. Morrison, David (2018). "Interstellar Visitor: The Strange Asteroid from a Faraway System". Skeptical Inquirer. 42 (2): 5–6.
  13. Gallego, Juanma. «Izarrarteko opari bitxia» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).
  14. «Eguzki-sisteman sartu den asteroide bat aurkitu dute» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-01-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]