Streamline Moderne

Wikipedia, Entziklopedia askea

Streamline Moderne edo Art Moderne, Art Déco estilotik 1930. urtean sortzen den adar bat da. Estilo hau forma kurbatuetan eta lerro horizontal luzeetan oinarritzen delako bereizten da, baita elementu nautikoak erabiltzeko joera azaltzen duelako ere.

Jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Streamline arkitektura, Hermann Muthesiusek Alemanian 1920ko hamarkadan hasitako objektibotasun berria izenarekin ezaguna den arkitektura mugimenduan emandako eboluzioetako bati deritzo.

1929an AEBetan hasitako Depresio Handia zabaltzen zen heinean, Art Décoaren adar berri bat sortu zen. Streamlining kontzeptua industria-diseinatzaileen eskutik dator. Horiek, Art Décoaren joerak alde batera utzita, pentsamendu zientifikoetatik datozen abiadura eta dinamismoa adierazi nahi dituzte eguneroko produktuetan. Beste alde batetik, arkitektura konstruktibistaren forma zilindrikoak zein leiho luze horizontalak hartzen dira kontuan. Denbora gutxian diseinatzaileek tendentzia handiko produktuak berritu zituzten, eta streamline diseinua eguneroko objektu gehienetan agertu zen. Hauen artean erlojuak, irratiak, telefonoak, autoak eta etxetresnak zeuden.

Argi elektrikoa arkitekturan txertatu zuen lehena izan zen Streamline estiloa. 1933‐1935 urteetan, SS Normandie itsasontziaren lehen klaseko jangelan Laliquek diseinaturiko beirazko hamabi pilare eta 38 zutabek argitzen zuten espazioa. Teknika hori erabili zen lehenengo lekuetariko bat Strand Palace Hoteleko harrera-gela izan zen, 1930ean. Bertan, argiztapen-sistema beiraren barruan zegoen, beira argiztapen eta arkitekturaren parte bilakatuz. 1969 urtean, Victoria and Albert Museumek Strand Palace Hotela eraitsia izatetik babesten du. Horrela, museo batean gordetzen den lehenengo barne-diseinua izan zen.

Streamline Moderne estiloa Art Décoak eta uneko austeritate ekonomikoak eragindako erreakziotzat agertu zen. Alde batetik, Art Décoaren angelu zorrotzen ordez, kurbadura aerodinamikoak ezarri zituzten. Beste aldetik, materialei dagokienez, harribitxiak eta zur exotikoen ordez, zementua eta beira jartzen zituzten, merkeagoak baitziren.

Art Déco eta Streamline Modernea ez dira zertan aurkakoak izan. Ohikoa zen Streamline Moderneko eraikinetan Art Décoaren xehetasun batzuk aurkitzea. Hala ere, Streamline diseinuaren atzean zeuden diseinatzaile nagusiek (Raymond Loewy, Walter Dorwin Teague, Gilbert Rohde, Norman Bel Geddes) ez zuten Art Déco mugimendua atsegin eta modernitate aizun gisa hartzen zuten.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Normandie Hotel, San Juan, Puerto Rico. SS Normandie gurutzontziko formetan oinarritutako hotela

Streamline Modernearen eta Art Modernearen ezaugarri komunak:

  • Orientazio horizontala.
  • Harizta biribilduak, izkinetan leihoak.
  • Idi-begi formako leihoak.
  • Burdin kromatua.
  • Kanpoko hormen gainazal leunak, normalean iztukua erabiltzen da.
  • Adreilu formako beiraz egindako hormak.
  • Teilatu laua erremateekin.
  • Zirrikitu edo linea horizontalak hormetan.
  • Kolore motelak: base moduan erabiltzen diren koloreak, normalean marroi argiko tonuak izaten dira, zurixkak edo beixak. Moldurentzako erabiltzen diren koloreak, aldiz, ilunak (edo metal argiak), basearen kolore argiekin kontrastea sortuz.

Ezaugarri horiek dituzten bi adibide nabarmen agertzen dira AEBetan. Normandie Hotela da lehenengoa. 1942. urtean irekia, SS Normandie ozeanoetako gurutzaontziaren estiloari jarraitzen dio. Gainera, ontziaren zeinu originala du. Beste alde batetik, eguneroko bizitzan oinarritutako eraikin ospetsu batzuetan agertu ziren, The Sterling Streamliner Dinersak (AEBetako bizitzaren ezaugarriak biltzen zituen janari azkarreko jatetxeak dira Diners deiturikoak) Steamlined Trains estiloari jarraituz diseinatuak izan ziren.

Nahiz eta Streamline Modernean oinarritutako eraikin komertzialak etxeak baino ohikoagoak izan, Streamline Moderne estiloko bizilekuak existitzen dira. Honen adibide bezala Los Angelesko Lydecker House dugu, Howard Lydeckerrek eraikia. Streamline Moderne diseinuaz baliatu zen eraikinaren arkitektura diseinatzerako orduan. Hala ere, ez zen bakarrik eraikinetan aplikatu, bizilekuen hedaduran ere izan zuen eragina. Baita ere estiloaren hainbat elementu erabili ziren gerra ondoren San Frantziskon, etxe-ilaraz osaturiko Sunset District auzoa eratuz. Etxe hauen simetria da nabarmentzen den ezaugarri nagusiena. Auzoak ere simetria mantentzen du.

Diseinu industriala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasieran, Streamline estiloa erloju elektrikoetan , xurgatzaileetan, josteko makinetan eta irrati txikitan erabili zen hein handi batean. Horien fabrikazio-prozesuen ondorioz materialen zientzian garapen bat agertu zen, eta aluminio eta bakelita materialak erabiltzen hasi ziren. Europarekin alderatuz, Ameriketako Estatu Batuetan, 1930eko hamarkadan, indar handia hartu zuen kontsumo produktuen salmentak hobetzearen ideia. Beraz, ideia horren bitartez, Streamlining estiloa oparotasunarekin eta etorkizun zirraragarriarekin erlazionatu zen. Itxaropen hura Amerikako erdi‐mailako biztanleriak barneratu zuen. Gainera forma eta estiloaz baliatuz produktu sorta handiak ekoiztu zituzten, kontsumo-igoeraren ondorioz.


Ondoren, 1930eko hamarkadan, Streamlining estiloa garraioaren mundura hedatu zen. Autobusak, trenbideak eta beste hainbat ibilgailu diseinatu ziren estilo hau jarraituz, estilo honi Streamliner deritzo. Streamline estiloa jarraitzen zuten eta kopuru handian produzituriko ibilgailuen artean honakoak aipatu daitezke: 1934ko Chrysler Airflow, 1950eko Nash Ambassador "Airflyte" eta Hudson Commodorea.[1]

Hala ere, Streamline estiloa Europan garai hartan indartsu zebilen funtzionalismoarekin kontrastatu daiteke. Funtzionalismoaren arrazoietako bat, produktuen produkzio‐kostua gutxitzea izan zen. Horrela, produktuak langile-klasearentzat eskuragarriak eginez.[2] Nahiz eta bi estilo hauek hainbat ezaugarri antzeko izan, Streamlining‐a eta funtzionalismoa, industria-diseinu modernistaren barruko bi adar oso ezberdinduak izan ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Redd, Robert Carroll (1975). The Streamline Era. Golden West Books. p. 278. ISBN 9780870950537. 2015eko otsailaren 17an kontsultatua.
  2. Nickelsen, Trine (2010). "Aluminium – en kulturhistorie". Apollon. 2015eko otsailaren 17an kontsultatua.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]