Stylianos Gonatas
Stylianos Gonatas (grezieraz: Στυλιανός Γονατάς; Patras, 1876ko abuztuaren 15a – Atenas, 1966ko martxoaren 29a) greziar militar eta politikaria izan zen. Greziako lehen ministroa izan zen 1922tik 1924ra.
1892an Heleniar Akademia Militarrean sartu zen eta 1897an graduatu zen. Mazedoniako Borrokan (1908-1909), Balkanetako Gerretan (1912-1913), Ukrainako aliatuen esku-hartzean (1919) eta Greko-turkiar gerran (1919-1922) parte hartu zuen.
1922ko iraileko matxinadako buruzagietako bat izan zen, Turkiaren aurkako gerrako porrotak eraginda. Altxatuek gobernuaren dimisioa, parlamentua desegitea, hauteskundeak egitea eta erregearen abdikazioa eskatu zuten. 1922ko azaroan Gonatas lehen ministro izendatu zuten. Bere gobernuak 1924ko otsailera arte iraun zuen, Parisen erbestetik itzulitako Eleuterios Venizelosi boterea eman zion arte.
Gonatasek armada utzi zuen eta errepublika aldarrikatu ondoren senatuko kide aukeratu zuten 1929an. 1932tik 1935era senatuko presidente izan zen.
Naziek Grezia okupatu zutenean, kontzentrazio-esparru batean egon zen. Gerra amaitu ondoren Alderdi Nazional Liberala sortu zuen eta 1946an monarkiaren berrezarpena babestu zuen. 1946tik 1947ra Konstantinos Tsaldarisen gobernuan Herri Lanetako ministro izan zen. 1950ean politikatik erretiratu zen.