Edukira joan

Suedo-estoniar

Wikipedia, Entziklopedia askea
Talde etniko infotaulaSuedo-estoniar

Motadiaspora or migration by origin and host country (en) Itzuli
Erlijioaluteranismo

Suedo-estoniarrak (suedieraz: estlandssvenskar, arruntki aibofolke, "uharteko jendea"; estonieraz: eestirootslased) edo kostaldeko suediarrak (estonieraz: rannarootslased) suedieraz hitz egiten duen gutxiengo etniko bat dira, orain Estoniako mendebaldea eta iparraldea denaren kostaldean eta uharteetan bizi dena. XIII. eta XIV. mendeetan hasi ziren suedo-estoniarrak eremu horietan (Aibolandia izenaz ezagutzen dena) finkatzen. ziur asko Suediatik bertatik eta Finlandiatik iritsiak. Estoniako gutxiengo suediar ia guztiak Suediara ihes egin zuen Bigarren Mundu Gerran, eta atzean geratu ziren pertsona gutxi batzuen ondorengoak bakarrik dira gaur egun Estonian bizi direnak.

Suediar hiztunen populazioak 650 urte inguru iraun zuen Estonian. Suediarrek Estonian idatzitako lehen aipamena 1294koa da, Haapsalu herriaren legeetan. Suediarren beste aipamen goiztiar batzuk Estonian 1341 eta 1345ean gertatu ziren (Padiseko monasterio estoniar batek "Laoküla" eta Suur-Pakri uhartea suediar talde bati saldu zizkionean). Leku izen batzuen arabera, litekeena da Estonian lehenago ere suediar presentzia egotea. XIII. mendetik XV. mendera bitartean, suediar ugari iritsi ziren Estoniako kostaldera suedieraz hitz egiten zuten Finlandiako zenbait lekutatik, Suediako erresumaren zati zirenak (eta horrela 1809ra arte iraun zuen), eta sarritan Elizaren lurretan finkatu ziren. Ruhnu uhartearen eta bere suediar biztanleriaren lehen erregistro dokumentatua Kurlandiako gotzainak bidalitako 1341eko gutun bat ere bada, uhartetarrek Suediako legearen arabera bizitzeko eta beren jabetzak administratzeko zuten eskubidea berresten zuena.

1561ean, Suediak Estonia suediarraren edo Estoniako dukerriaren domeinua ezarri zuen, 1710era arte mantenduko zuena (formalki 1721era arte, lurraldea Errusiari laga zitzaionean Nystadeko itunaren ondorioz). Suedo-estoniarrek aurrera egin zuten garai horretan, eta suediera, alemanarekin eta estonierarekin batera, hizkuntza ofizialetako bat zen.

Teutondar Ordenak XVI. mendean bere boterearen zati handi bat galdu eta Estonia suediarra Iparraldeko Gerra Handiaren ondoren (1700-1721) galdu ondoren, baldintzak okertu egin ziren suediarrentzat Estonian: sarritan finkatu ziren lurrak konfiskatu zituzten. Eliza eta tokiko nobleziari emana, eta zergak handitu egin ziren. Egoera honek berdina izaten jarraitu zuen errusiar agintaldian, eta suedo-estoniarren sufrimenduak jarraitu egin zuen, adibidez, 1816an estoniar jopuei lurra askatu zieten nekazal erreformak ez baitzitzaizkien suedo-estoniarrei aplikatu (gehienak ez jopuei).

Zenbait unetan, Estonia errusiarraren garaian, suedo-estoniar taldeek Estonia utzi behar izan zuten Errusiar Inperioko beste leku batzuetara. Bereziki 1781ean, noiz Katalina II.a Errusiakoa enperatrizak, Hiiumaako 1000 suediarrak inperioaren hegoaldera bizitzera behartu zituen (gaur egun Ukrainako kostaldea dena). Hauek Gammalsvenskby komunitatea ezarri zuten (gaur egun Khersongo oblastaren barnean dagoena).

Suedo-estoniarren egoera 1850eko eta 1860ko hamarkadetan hobetu egin zen, nekazaritza-erreforma berrien ondorioz, baina diskriminazioa mantendu egin zen tsarren gobernuaren gainerako aldian.

Lehen Mundu Gerraren eta Errusiako Iraultzaren ondoren, Estoniako errepublika independentea sortu zen 1918an. Estonia independentearen konstituzioak gutxiengo talde etnikoei eman zien beren hezkuntza-hizkuntzaren kontrola, beren eskubide nazional eta sozialetarako erakundeak eratzeko eskubidea, beren jatorrizko hizkuntza funtzio ofizialetan erabiltzeko eskubidea, non biztanleriaren gehiengoak ziren, eta nazionalitate-aukeraketa. Suediarrek, Baltikoko alemaniarrek, errusiarrek eta juduek ministroak zituzten gobernu nazional berrian. Svenska Folkförbundet sortu zen, suediar erakunde politikoa. 1925ean, autonomia kultural handiagoa ematen zuen lege berri bat onartu zen, errusiarrek eta suediarrek askatasun berri hauek aprobetxatu ez zituzten arren, batez ere arrazoi ekonomikoengatik.

1939an, Sobietar Batasunak base militarrei buruzko itun bat sinatzera behartu zuen Estonia. Suediarrak bizi ziren uharte asko konfiskatu egin zituzten, bertan baseak eraiki zituzten eta bertako biztanleek beren etxeak utzi behar izan zituzten. Urtebete geroago, Estonia okupatua eta Sobietar Batasunari atxikia izan zen, eta bere ahotsa galdu zen gobernuan. Suedo-estoniarrak Armada Gorrirako errekrutatu zituzten eta, alemaniarren okupazioan, alemaniar indar armatuetan. Gainerako suedo-estoniar gehienek Suediara ihes egin zuten armada sobietarrak 1944an Estonia bigarren aldiz inbaditu aurretik. 1945eko ekainaren 8an, 6.554 suedo-estoniar eta estoniar etniako 21.815 errefuxiatu zeuden Suedian.[1]

Gaur egun, gainerako suedo-estoniarren talde txikiak berrelkartzen eta beren herentzia berrezartzen ari dira suediar hizkuntza eta kultura aztertuz. Estoniako Kontseilu Suediarrak zuzentzen ditu, eta Estoniako gobernuaren babesa du.[2] 2000. urtean, suediarrak Estoniako hogeita batgarren talde etniko handiena ziren, 300ekin bakarrik. Hala ere, suedo-estoniar eta suediar jatorriko estoniarren ondorengo asko bizi dira Suedian.

Asentamendu suediarraren lehen mendeetako biztanleria-zifrak ez daude eskuragarri. Teutondar garaiaren amaieran, suedo-estoniar 1.000 familia inguru zeuden, 1.500 suediar ingururekin Tallinn hiriburuan ({{lang-sv|Reval]]), guztira 5.000 eta 7.000 bitarteko biztanleria emanez, gaur egun Estonia denaren biztanleriaren % 2-3 inguru.

1897ko errusiar erroldak Estoniako gobernazioan 5.768 edo % 1,39ko suediar populazioa zegoela dio. Suediar gehienak Wiek konderrian bizi ziren, non % 5,6ko gutxiengoa osatzen zuten.[3]

1922ko erroldaren arabera, Estoniak 1.107.059 biztanle zituen,[4][5] eta horietatik suedo-estoniarrak % 0,7 baino ez ziren (7.850 pertsona), zenbait lekutan gehiengoa osatzen zutenak, hala nola Ruhnu (suedieraz: Runö), Vormsi (suedieraz: Ormsö), Riguldi (suedieraz: Rickull).[4][6] 1934an 7.641era jaitsi zen pixka bat.[7] Bigarren Mundu Gerran ia 10.000 biztanle zeuden, eta horietatik 9.000 inguruk Suediara ihes egin zuten. Gerra aurretik Suediako herri handiak zituzten hirien artean Haapsalu (suedieraz: Hapsal) eta Tallinn zeuden.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, zifrak nahiko egonkor mantendu ziren: 1970ean 435 suedo-estoniar zeuden, 1979an 254 eta 1989an 297, Estoniako talde minoritarioen zerrendan 26. postua hartu zutenean (Bigarren Mundu Gerraren aurretik, hirugarren ziren kopuruari dagokionez, errusiar eta alemaniarren ondoren). 2000ko erroldak 300eko kopurua erakusten du, eta horrek suediarrak Estoniako talde minoritarioen zerrendako 20. postuan jartzen ditu. Hala ere, horietatik 211 bakarrik dira estoniarrak. Denek beren benetako jatorri etnikoa baieztatzen ez dutenez, batzuek Estoniako suedo-estoniarren benetako kopurua 1.000 ingurukoa dela kalkulatu dute.[8]

Suedo-estoniarrak, bere auzokide estoniarrak bezala, nekazaritzatik bizi ziren eta ez zuten Baltikoko alemaniarrek gizartean zuten posizio berezirik. Banakako industria garrantzitsuenak abeltzaintza eta arrantza izan ziren. Ruhnun bereziki, itsas txakurrk harrapatzen ere aritzen ziren. Nekazaritzaz gain, suedo-estoniarrek itsas garraioan ere lan egiten zuten.[9]

Suedo-estoniarren ohiko etxebizitzak eta estoniar bere auzokideen baliokideak desberdinak ziren. Suedo-estoniarrek, sarritan, bizitegi-eraikin bat izaten zuten, hiru gela eta eraikin bereizi batean zituena; estoniarrek, berriz, askotan dena izaten zuten eraikin berean. Estoniar etxea suedo-estoniarrek Ruhnun bakarrik erabili zuten. Suedo-estoniar etxeak, oro har, egongela bat izaten zuen tximinia ireki batekin, kabina handi batekin eta gelekin. Etxeen barrualdea eta altzariak estoniarrenak baino apaingarriagoak izaten ziren.[10] Suedo-estoniar herri tipikoak, oro har, 30-50 baserriko taldea izaten zuen, eta kaleak bitan banatzen ziren. Suedo-estoniar eta estoniar etxeen arteko aldea biztanleria mistoa duten eremuetan ere ikus zitekeen.[11]

Ez zegoen suedo-estoniar dialekto bateratu bat, suediera estandarraren ekialdeko barietateen azpibanaketak diren hainbat dialekto baizik. Ruhnuk bere dialekto propioa zuen, beste batzuk Vormsi-Noarootsi-Riguldiko dialektoa zirelarik, eta Pakri-Vihterpaluko barietate bat ere bazegoen. Hiiumaako dialektoa oraindik gutxi batzuek hitz egiten dute Gammalsvenskbyn (Hiiumaako dialektoan Gammölsvänskbi deitzen dena)[12]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ Seppo Zerterberg: Viro, Historia, kansa, kulttuuri. Helsinki: Suomalaisen kirjallisuuden seura, 1995, ISBN 951-717-806-9 (Finlandieraz)
  2. ↑ 2000. Aasta rahva ja eluruumide loendus (Population and Housing Census) (PDF) (Estonieraz), 2. lib., Statistikaamet, 2001, ISBN 9985-74-202-8.
  3. ↑ «Demoscope Weekly - Annex. Statistical indicators reference.», www.demoscope.ru.
  4. 1 2 Riigi Statistika Keskbüroo (1924), 1922 a. üldrahvalugemise andmed. Vihk II. Üleriikline kokkuvõte. Tabelid (PDF) (Estonieraz).
  5. ↑ Statistics Estonia (2008ko urtarrilaren 12a), Population in counties and towns, 1922.
  6. ↑ Estonian Institute (1998ko abenduaren 26a), Ethnic minorities in Estonia: past and present (kontsulta data: 2009ko irailaren 13a).
  7. ↑ Riigi Statistika Keskbüroo (1937), Rahvastikuprobleeme Eestis. II Rahvaloenduse tulemusi. Vihk IV (PDF) (Estonieraz).
  8. ↑ «Fortbildningscentralen vid Åbo Akademi», web.abo.fi.
  9. ↑ Vironruotsalaiset Viron kansallismuseo
  10. ↑ Vironruotsalaiset Viron kansallismuseo
  11. ↑ Vesterinen, Ilmari: Viron perinnekulttuuri, Gaudeamus kirja, 1997, ISBN 9516626998
  12. ↑ «5 reasons to go to Hiiumaa out of peak season», Visitestonia.com, 2022ko otsailaren 2a.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]