Suite frantsesa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Suite frantsesa
Suite française-ren eskuizkribuaren orri bat (Archives Irène Némirovsky/IMEC).
Datuak
IdazleaIrene Nemirovsky (2004)
Argitaratze-data2004ko irailaren 30a
GeneroaEleberria
Jatorrizko izenburuaSuite française
Hizkuntzafrantsesa
ArgitaletxeaÉditions Denoël (en) Itzuli
HerrialdeaFrantzia
Orrialdeak434
ISBN978-2207256459
SariakRenaudot saria 2004an
Euskaraz
IzenburuaSuite frantsesa
ItzultzaileaMikel Garmendia Ugarte eta Jose Antonio Sarasola Arregi
Argitaratze-data2011
Orrialdeak469
ISBN978-8498682922

Suite frantsesa (jatorrizko izenburua: Suite française) Irène Némirovsky (1903-1942) frantses (jatorriz, ukrainar) idazleak amaitu gabe utzitako eleberri sail bat da.

Idazleak eleberri sailaren edukia osatu nahi zuen 1940ko Frantziaren hondamendiaz, populazioaren ihesaz eta alemanen okupazioaz. Ideia Issy-l'Évêque-n (Morvan) mamitu zuen, han hartu baitzuen babes, 1940ko ekainean, senarrarekin eta bi alabekin batera. Vichyko gobernuak juduen aurka emandako legeei iskin eginda beste liburu eta testuak argitaratzera ahalegintzen zen bitartean, bost eleberri idazteko gomuta egina zuen, bere bizitzako obrarik garrantzitsuena izan nahi zuen hartarako. Ez zuen, baina, asmoa burutzerik izan: 1942ko uztailaren 13an atxilotuta, Auschwitz-Birkenau-ra iritsi eta hilabetera hil zenean, abuztuaren 19an, tifusak jota, «Tempête en juin» («Ekaitza ekainean») eta «Dolce» («Gozo») argitaratzeko moduan ziren, baina «Captivité» («Gatibualdia») hirugarren alea zirriborro bat besterik ez zen, eta azken bi aleak hasi-masietan zeuden, zirrimarra soilak ziren.

Idazlea hil eta ia 50 urtera, Denise Epstein (1929-2013) eta Élisabeth Gille (1937-1996) haren alabek amaren eskuizkribua atera zuten, umetatik gordeta zeramaten maletatik. Denisek lehen bi liburukien eskuizkribuaz egindako transkribatze lan xeheari esker, liburu gisa argitaratu ahal izan zen Frantzian, 2004an. Irakurleen eta kritikaren arrakasta harrigarri bat lortu zuen berehala, ez bakarrik Frantzian, baizik mundu osoan.

«Ekaitza ekainean» atalak jende eta familia batzuen ihesaren anabasa azaltzen du. Maila sozial guztietakoak izanik, haien bideak behin eta berriz gurutzatuko dira, satiraz betetako kontakizun baten bitartez bakoitzaren akatsak agertzeko. «Gozo» atalak frantziar herrixka baten hiru hileko bizitzaren berri ematen du, alemanen okupaziopean; kolaborazioaren eta erresistentzia apetaren artean zalantzaz beteriko giro batean, emakume gazte burges baten eta Wehrmacht-eko ofizier baten arteko amodioa agertzen da, zapalkuntza eta larritasun guztien erdian.

Bigaren Mundu Gerraren hastapeneko bizipenak bertatik bertara, une berean eta beroan azaltzeko saio literario bakanetako bat da Némirovskyren eleberri hau. Kontakizun errealista eta atsegin honek, indarkeria alboan utzi gabe, Okupazioaren garaiko frantziar gizartearen irudi errukigabe bat ematen du. Historia eta politika, baina, eleberriaren atzeko oihala besterik ez dira, gertakariek pertsonaien bizitzan eta jokabideetan duten eragina baita idazlearen benetako interesa. Musika egituretan oinarri hartuta ―izenburutik bertatik hasita―, Suite frantsesa eleberri moral bat dela esan daiteke, baina ez moralista: narratzaileak ez du inor epaitzen, baizik ironiaren eta xehetasunei darien kritikaren bitartez saiatzen da ikuspuntuak elkarren ondoan jartzen eta kontrastatzen.

Eleberri saila 2011n argitaratu zen euskaraz, lehenengoz, Suite frantsesa izenburuaz, Mikel Garmendia Ugartek eta Jose Antonio Sarasola Arregik itzulita. 2022ko azaroan, bigarren edizio bat kaleratu zen, «Ekaitza ekainean» atalaren bertsio berri batekin, Joxe Mari Berasategik euskaratua.

Liburu ez-ohiko bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suite frantsesa, Irène Némirovskyk bere bizitzan inoiz idatzi nahi izan zuen obrarik handiena izateko asmoz sortua izan arren, inoiz argitaratu gabe gelditzeko zorian egon zen. Liburuaren idazketa prozesuaz jabetu gaitezke, gutxi asko, idazlearen egunkariari jarraituz; aldiz, xehetasun batzuk falta dira zehazki jakiteko eskuizkribua noiz eta nola atera zen argitara.

Idazketaren testuingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Issy-l'Évêque zona okupatuan gelditu zen, demarkazio lerrotik gertu.

Issy-l'Évêque-n aterpe hartuta, Irène Némirovskyk premiaz idatzi eta argitaratu beharra zeukan, familiaren bizibide eta diru iturri bakarra baitzen hura. Beharkizun nahitaezko horien gainetik, baina, Suite frantsesa irudikatzen, mamitzen eta idazten hasi zen, bihotzean zeraman Frantziak, urratsez urrats, bizkar eman eta traizioa egiten ziola sentiturik.

Aspaldidanik Frantzian bizi zirelarik[oh 1][1][2] eta frantziar lurrean jaiotako bi alabaren guraso zirelarik, Irènek eta Michel Epstein senarrak frantziar herritartasuna lortzeko eskaera aurkeztu zuten behin eta berriro, alferrik baina.[3] Katolizismora bataiatzea erabakita ere 1939an, itxaropen handirik ez zuten izan herritartasun eskaerak aurrera egiteko, Europako mendebaldea Hirugarren Reicharen agintepean erortzen bazen. Hala, 1939an, idazleak bere burua behartua ikusi zuen, aldi berean ia, bere judu izaeraz jende aurrean argibideak ematera eta idatzietatik estereotipo antisemitak kentzera edo, gutxienez, leuntzera[oh 2], judu herriaren etorkizunaz kezka larri bat sentitzen zuen bitartean. Les Chiens et les Loups (1940) eleberrian bezala, Némirovskyren idatzietan gero eta nabarmenagoa zen deportatua izateko beldurra eta larritasuna.[4]

Txantxa-gerraren hasieran, 1939ko uda amaieran, gurasoek Denise eta Élisabeth Issy-l'Évêque-ra bidali zituzten (Saona eta Loira), garai hartan zaintzaile zuten emakumearen amaren etxera.[5] Parisen, gurasoek kezkaz beterik jarraitu zituzten Alemaniaren gerra operazioak, lehenik Finlandiaren inbasioa, gero Danimarka eta Norvegiarena.[6] Alabak ikusteko joan-etorri luze ugari egin ostean, 1940ko maiatzaren amaieran herrian gelditzea erabaki zuen Irènek, Hôtel des Voyageurs ostatuan; berehala hasiko zen Frantziako gudua. Michel senarra ekainaren erdi aldera elkartu zitzaien, Parisen lan egiten zuen bankuan bera bakarrik gelditu baitzen, jende gehienak alemanen inbasiotik ihes egin ostean.[7] Ekainaren 21ean, Wehrmacht -eko unitate batek hartu zuen mendean Issy-l'Évêque, eta Montrifaud-eko gazteluan ezarri zuen aginte kaserna.[8]

Marly, Issy-l'Évêque-etik 6 km-ra: Irène honaino etorri ohi zen, idazteko lasaitasun bila.[9]

Herrian ondo ikusiak ziren Epsteindarrak, Michelek interprete lanak egiten baitzituen maiz, alemanez ongi egiten zuenez, eta Denise herriko eskolara joaten baitzen.[10] Nola edo hala, familia egokituz joan zen landa inguruneko bizitza hertsi hartara, alboan zituztelarik soldadu alemanak, 1941eko ekainaren 28an Errusiako frontera bidali zituzten arte: «beldur naiz mutiko hauengatik», idatzi zuen Irènek, aleman soldatu gazteak herritik irteten ikusi zituenean.[8] Irène eta Michel ia isolaturik bizi ziren, liburuak jaso ezinik, lagunak ikusi ezinik, Michelen anai-arrebekin elkartu ezinik... Batzuetan etsipenez, baina gehienetan ebidentziak ikusi nahi gabe, Irènek sinetsi egin nahi zuen[11] umetatik maite zuen herrialdearen gizatasuna eta Parisen zituen adiskide germanofilo ugarien eragin-ahalmena aski izango zirela bera bezalako «idazle ospetsu» bat arrisku guztietatik babesteko.[oh 3][12]

1940ko udan, Michel bota egin zuten Pariseko bankuan zeukan lanetik, «lanera ez joateagatik».[13] Berehala, urrian, Vichyko gobernuak Frantziako juduei ezarritako mugakizunen eraginez, ezizenak erabilita argitaratu behar izan zituen Irènek, aldizkaritan eta, okupatutako herri baten bizitzan inspiratutako ipuinak eta eleberri bat (Les Biens de ce monde).[14] Argitaratutako lanen ordainsaria negoziatu eta eskuratu ahal izateko, Irèneren aita Léon Némirovskyren idazkari izandako Julie Dumot-en bitartekaritza bilatu behar izan zuen. 1941eko urtearen amaieran, Issy-l'Évêque-n etxe handi bat, lorategia eta baratzea zeukana, erosia zutenez, Julie Dumot haiengana joan zen bizi izatera.[15] Diru arazoak estutzen joan ziren, hala ere: Albin Michel argitaldariak[oh 4] hileroko lansari bat ordaintzen zion arren Irèneri, liburu bat idatzi eta argitaratzearen truke, Gringoire astekariak[oh 5] ―bertan bakarrik argitaratzen ahal zituen testuak― eten egin zizkion ordainketak 1942ko otsailean.[16] Jakina, eskuindar pentsamolde nabarmenegia zuen Némirovskyk, Éditions de Minuit[oh 6] bezalako argitaletxe klandestino batera jotzeko.

Frantziako errusiar judu erbesteratuen egoerak okerrera egin zuen Molotov-Ribbentrop ituna bertan behera gelditu zenean, 1941eko ekainaren 22an, Bizargorri operazioaren ondorioz. Irèneren etsipena handitzen joan zen, Vichyko gobernuak, aleman okupatzaileen mendera, juduen aurka neurri gero eta bortitzagoak hartzen zituen hein berean. Idazlearen izaera malenkoniatsuak, baina, ez zuen Frantziako gobernuaren aurka matxinatzera eramango, baizik etsipen garratz batera: «Jainkoarren, zer egiten dit herri honek? ―idatzi zuen zirriborro batean 1942ko martxoan― Errefusatzen nauenez, beha dezagun zorrotz, ikus dezagun ohorea eta bizia galtzen».[16]

Obraren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri oso baten gainbehera zen Irène Némirovskyk asmatu nahi zuen eleberri handiaren muina, enbataren erdian izaki bakoitzaren erantzuna aztertzeko helburuaz. Idazlearen ohiko idazketa metodoan oinarrituko zen, ezin albo batera utzirik, noski, bere buruagatik eta familiagatik sentitzen zuen larritasun gero eta estuagoa.

Louis Bromfield idazlea, 1933an.

Tolstoiren miresle sutsua zenez, aspaldidanik zerabilen Irènek buruan bere «Gerra eta bake tipia» idaztea.[17] 1940ko azaroan, juduei buruzko liburu handi bat idazteko asmoa behin betikoz atzeratu edo bazterturik, erabaki zuen ekaineko erasoaldiaren ondorioz gertatutako hondamenari buruzko liburu bat idaztea. Ezer baino lehenago, Émile Zolak idatzitakoaz[oh 7] besteko izenburu baten bila abiatu zen: Dies iræ, Naufrage, Panique... Baita ere, eredutzat hartu zuen Louis Bromfield estatubatuarraren The Rains Came eleberria, frantsesera itzuli eta argitaratu berria baitzen orduan: Britainiar Inperioaren mendeko Indian, hondamendi natural baten erdian harrapatutako ehun bat pertsonaiaren alderik onen eta txarrenak erakusten ditu, gizarte hauskor baten barruan.

Irènek ez zituen bertatik bertara bizi izan alemanen bonbardaketak, jende oldeak errepide eta bide bazterretatik ihes zihoan bitartean; Michel senarrak esandakoak eta egunkarietan irakurritakoak soilik jakin izan zituen.[18] Guztiarekin, bere eleberrian nahasi nahi izan zituen nekazari, burges, ofizier, intelektual, zahar abandonatu, emakume egoista, haurrengatik edozer egiteko prest zeuden guraso, eta gisa guztietako gizaseme kanpoeder, koldar edo ausartak,[19] ahantzi gabe «jende oldea», pairamenaren indarrak sentimendu oinarrizkoenetara bultzatua.[20] Eguneroko bizitzaren eta emozioen zirrara soilik sakonduko zuen, haien alderdi komikoa azaleratuta, film batean bezala: Tolstoiren gisara, gertakari benetan historikoak pixka bat alboratu, gerrak jokabideetan eta sentimenduetan sortzen zituen aldaketak azalarazteko.[oh 8] Horrela, narrazioak orpoz orpo jarraitzen zituen arren gertakari historiko (eta, zalantzarik gabe, larri) jakin batzuk, irakurlearen arreta ez zen joango datuetara edo izenetara, baizik, batez ere, pertsonaien barne ikuspegira eta jokamolde itsuetara.[oh 9]

Errealismoaren esparruan kokatuta, David Golder eleberria idatzi zuenetik Ivan Turgenev-en metodoa hartu zuen beretzat Némirovskyk. Deusen aurretik, liburuaren proiektuaz burura zetozkion hausnarketa guztiak idazten zituen xeheki, eta gaiari buruz bil zezakeen informazio guztia zehazten zuen idatziz.[oh 10][15] Pertsonaien ezaugarriak eta izaera xehakatzen zuen, orrialde luzetan, haien erreakzioak eta jokabideak azterturik, bakoitzari zegokion klase sozialaren edo egoeraren arabera, betiere.[21] Orduan hasten zen narrazioa idazten, aldez aurreko plangintza jakinik gabe, liburuaren osagai guztien hurrenkera bigarren idazketa batean erabakitzen baitzuen. Hirugarren idazketa, makinaz joa, estiloko gauza apur batzuk zuzentzeko besterik ez zuen erabiltzen.[22] 1940 eta 1942 bitarte, Michel senarra ―Irèneren lehen irakurle eta zuzentzailea―[23] izan zen eskuizkribu sorta luze bat idazmakinaz jotzeko arduraduna, horien artean Suite frantsesa. Batzuetan irudi luke «beraren bertsioa, beraren bertsio zuzendua»,[24] efektu ikusgarriagoen bila, pixka bat aldentzen dela Irèneren estilotik. Bitartean, Irène letra txiki ia ikusezinez idaztera behartzen zen, eskas zeukan papera aurreztu nahirik, larruz estalitako kaier handi hartan.

1942an, Irène, Michel eta Denise izar horia eramatera behartuta zeuden.[25]

Hastapenean hiru aleko erretratu azkar bat izateko burutapenaz, lehen liburukia 1940ko azarotik 1941eko apirila bitarte landu zuen Irène Némirovskyk.[26] 1941eko otsailerako landuta zeukan Ekaitza ekainean honen bertsioak ez zuen oraindik ase utzi, frantsesen ihesaren denboraldi osoa nahi baitzuen sartu narrazioan.[20] Alabaina, Colettek bere Journal à rebours (1941)[oh 11] eleberrian frantsesen ihesaren gertakariari eskainitako orriak ikusita, lasaitu egin zen Irène: «ekainetik hori bakarrik atera ahal izan badu, lasaiago nago».[27]

Aldi berean eta tarteka Chaleur du sang eleberri laburra idazten zuelarik, 1941eko uztailean heldu zion berriro testuari, eta bigarren liburukiaren ideia lantzen joan zen, lehen liburukiari esteka zehatzez loturik, eta Gozo izenburua hautatuta:[28] Issy-l'Évêque-ren itxura bereko herrixka batean (Bussy), aleman okupatzaileen eta bertakoen bizimodua erretratatu nahi zuen, 1941eko udaberritik uda bitarte. Norberaren desioen eta herriaren xedeen arteko konpondu ezina obra osoaren gidaritzat harturik,[29] hirugarren liburukia, Captivité edo Servage, mamitzen hasi zen, 1942ko martxoan. Zalantzan zeukan, oraindik, liburu sail osoaren izenburu orokorra: Tempête hautatuz gero, lehen alearen izenburua aldatu behar zuen...[30] Ordurako, Gringoire aldizkariko arduradunek esana zioten ez zutela argitaratuko: Irènek 50.000 libera espero zituen argitalpenaren truke, eta Albin Michel argitaletxearekin zeukan diru kontuan 120.000 libera zor zituen.[16] 1942ko ekainaren erdirako Gozo atalaren 22 kapituluetatik 17 idatziak zituen, eta beste bi liburuki idazteko asmoa itxuratua zuen, ziurrenik Batailles eta La Paix izenburuaz.[25] Presa zuen idazteko, diru beharraren larritasunaz, noski, baina ez horregatik bakarrik.

Bihozkada eta zantzu gaiztoen beldur, Irène Némirovskyk argi ikusi zuen Suite frantsesa aise iritsi zitekeela mila orritik gora izatera, eta bere bizitzaren obra nagusia izango zela.[25] 1942ko uztailaren 11n honela aitortu zion bere adiskide André Sabatier-i:[oh 12] «Asko idatzi dut azken boladan. Pentsatzen dut hil osteko argitalpenak izango direla, baina denbora betetzeko ona da idaztea».[31] Uztailaren 13an frantses poliziak atxilo hartuta, Auschwitz-Birkenau-ko kontzentrazio esparrura eraman zuten, eta han hil zen abuztuaren 19an, tifusak jota. Michel Epstein senarra azaroan eraman zuten bertara tren batean; atxilotu guztiak sartu zituzten gas ganberan, iritsi orduko.[32]

Eskuizkribu galdua, berriro aurkitua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suite frantsesa-ren eskuizkribua gorde zuen maleta.

Suite frantsesa «alde askotatik begiratuta, ia mirakuluz» argitaratu zela idatzi zuen Myriam Anissimovek[oh 13] 2004ko lehen edizioaren hitzaurrean.[33]

Izan ere, bi mundu gerren arteko urteetan Frantzian arrakasta nabarmen bat izandako idazlea ia guztiz ahantzirik gelditu zelarik 1945etik aurrera ,[oh 14][34] Némirovskyren azken kaierak maleta baten barruan jarraitzen zuen. Denise alabak berarekin gorde zuen beti, ahizparekin batera alemanen ihes ibili behar izan zituen aterpe guztietan barna.[35]

Urtetan gurasoak itzuliko ote ziren itxaropena ―edo irudipen ustela― gorde zutelarik,[35] Denise eta Élisabeth ez ziren ausartu, urte luzez, amaren egunkari intimotzat jotzen zuten koaderno hura zabaltzen. 1957an, eskuizkribuaren gainean aitak makinaz jotako bertsioa bidali zion Denisek Catherine Valogne[oh 15] kazetariari, orri haietan benetako eleberri bat zegoela oharturik, ziurrenik; hark, baina, «argitaraezintzat» jo zuen, amaitu gabe zegoenez. Zenbait adituren iritziz, eleberriaren mesederako izan zen iritzi hura; izan ere, gerra ondoko Frantziako giro politikoan («Frantzia kolaborazionista» erreprimitu eta ezkutatu nahia) eta literarioan (Nouveau Roman zegoen boladan) publikoak eta kritikak nekez onetsiko zuten Okupazio garaiko fikziozko egunkari bat, heroismorik batere gabea eta estilo klasiko batean idatzia.[oh 16]


Eskuizkribua, beraz, urtetan ukan zuen etxean gordeta Denisek, une batean ―ezin jakin zergatik― kezkatzera iritsi zen arte: amak hainbeste maite zuen tinta hura («bleu-des-mers-du-sud», hego itsasoaren urdina) lausotzen ari ote zen, ikaratu egin zen, testua betikoz hondatu ote zitekeen. 1990eko hamarkadako lehen urteetan, ahizpak eta biek amaren paper guztiak Institut mémoires de l'édition contemporaine (IMEC) erakundearen esku uztea erabaki zuten.[oh 17] Eskuartetik kendu aurretik, baina, «ezin nuen eskuizkribu hura urruntzen ikusi, barruan zer ote zuen jakin gabe».[36]

Lupa indartsu batez lagundurik, Denisek tentuz xehakatu zuen amaren Ekaitza ekainean, makinaz jotzeko; ariketa neke eta, oroipenengatik, mingarria gertatu zitzaion, nahiz han eta hemen aurkitzen joan zen, amaren fikzioan ezkutaturik, oroitu eta ezagutu zitzakeen pertsonak edo gertakariak.[37] Lana amaituta, uste zuen hori zela eskuizkribuaren eduki guztia, baina, handik pixka batera, ohartu zen jarraipena zegoela, orri zuri batzuen atzetik, Gozo liburukia osorik eta amaitua, alegia. Orotara, Suite frantsesa transkribatzeko bi urte eta erdi behar izan zituen.[38]

Hala eta guztiz, Denisek eta Élisabethek zalantzak zituzten, oraindik, zilegi ote zuten amak berrirakurri eta zuzentzeko aukerarik ukan ez zuen eskuizkribu hura argitara emateko.[39] Gainera, Élisabethek prest zeukanez, ordurako, amari buruzko biografia irudikatu bat,[oh 18] ez zuen nahi izan bi liburuek batera argia ikus zezaten. Denisek egindako transkripzioa, beraz, IMECen gelditu zen lozorroan. Urte batzuk geroago, Olivier Corpet, IMECeko sortzaileak, Myriam Anissimovek eta Olivier Rubinstein, Denoël argitaletxeko[oh 19] buruak erakutsitako gogo suharraren eraginez, Denisek ―berak bakarrik, Élisabeth hila baitzen 1996ko irailaren 30ean― baimena eman zuen Suite frantsesa argitaratua izan zedin. 2004ko irailaren 30ean kaleratu zen.[40]

Hamasei urte geroago, 2020ko irailaren 30ean, Denoël etxeak berak argitaratuta, Suite frantsesa-ren bigarren edizio bat kaleratu zen, Némirovskyren biografo Olivier Philipponnat-en hitzaurreaz eta Deniseren seme Nicolas Dauplé-ren aitzinsolas batez. Funtsean, bigarren edizio honetan Ekaitza ekainean aldatzen da: Michel Epsteinek makinaz jotako orrietan eta Irènek berak ertzetan idatzitako oharretan oinarritzen da, idazketa zertxobait laburtuta eta pasarte berri batzuk eskainiz;[41] horrek frogatuko luke Irènek berrirakurri eta aztertu zuela,[42] edo, agian, behin betikotzat jo zuela.[41][43] Denisek nahiago izan zuen 2004ko edizioan bertsio zahar eta luzeagoa ematea, berak hura identifikatzen baitzuen amaren sorkaritzat, baina, hala ere, lanak hartu zituen, bi bertsioak parez pare kopiatu eta aldeak aztertzeko.[44] Horrela, bada, bigarren edizio hura «Denise Epsteinen lan eskergari omen egiteko» aukera bat izan zen.[42]

Istorioa laburki[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Irakurlearentzat, Suite frantsesa bi liburukitara mugatzen da, Irène Némirovskyk bukaeran amaiera hitza idazteko modua izan zuen zatira, alegia. Idazketa egunkaria amaitzen denean, 1942ko uztailaren 1ean, istorioaren handik aurrerakoa zirrimarratuta besterik ez dago, eta pertsonaien patua zehaztu gabe.[45][46][oh 20]

Aitzin-gibelak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Frantses populazioa, iheserako prest 1940ko ekainean.

Eleberri sailak Frantziaren eta frantziarren bizimoduaren irudi bat izan nahi du, 1940ko ekainean aleman gudarosteak frantsesen defentsa suntsitu eta arazorik gabe aurrera egiten hasi zirenean. Paris eta Frantzia iparraldea ekainaren 14rako indarrez hartuak zituzten alemanek. Ekaitza ekainean lehen eleberria paristar herritarren ihesaren lekukoa da, alemanak hiriburuan sartu aurreko eta ondorengo egunetan. Bigarrenak, Gozo, Frantziako herrixka baten bizimodua erakusten du (Bussy izenekoa, Parisko ekialdean, Sena eta Marne departamendua, Île-de-France eskualdea), alemanen okupazioaren lehen hilabete gordin baina, aldi berean, harrigarri baketsuetan. Bi lehen eleberriok guztiz bereiz eta lotura gabeak eman dezakete lehen irakurrian. Bion arteko loturak lauso samarrak dira ―nahiz pertsonaiaren bat errepikatzen den―, baina Némirovskyk bere oharretan dioen gisan, istorioa da batik bat bien arteko lotura, pertsonaiak baino gehiago.[46]

Hirugarren eleberria, Gatibualdia, soilik ardaztuta uzteko aukera izan zuen, eta erakutsi behar zuen erresistentziaren ernetzea, aurreko Ekaitza ekainean eta Gozo ataletan agertutako pertsonaia batzuk atxiloturik eta heriotzara zigorturik azalduz.[47] Laugarren eta bosgarren eleberrien izenburuak, agian, Batailles (Gudaldiak) eta La Paix (Bakea) izatekoak ziren, baina Némirovskyren kaieretan galdera ikurraz markaturik ageri dira.[48] Istorioaz ez daiteke deus esan, Némirovskyk oharretan aitortzen baitu bi eleberriok «linboan» direla, «jainkoen oinetara jarriak, geroak ekarriko digunaren mende baitaude».[46]

«Tempête en juin» (Ekaitza ekainean)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Ekaitza ekainean» atalean Pariseko okupaziotik hegoalderantz ihes doazen pertsonaia talde batzuk jarraituko ditugu, txandarik txanda. Talde edo multzo bakoitza bere baitara ibiliko da, oso bakanetan elkartuko ditu ihesaren anabasak. Egun gutxiren buruan, bonbardaketa etengabeen ondorioz, bertan behera utziak dira garraioak, administrazioa eta era guztietako banakuntza. Bitartean, frantses soldaduek, haietako asko zauriturik, posizioak berreskuratzen edo, besterik gabe, ihes egiten ahalegintzen dira. Nahasmendu guztizko hartan, pertsonaia guztiek aldatu beharko dituzte, bidean eta ahal bezala, hastapeneko asmoak, gehienetan zibilizazioaren zantzu guztiak galdu arte.

Jende oldeak ihesi, Frantziako errepide batean, 1940ko ekainean.
  • Péricandarrak: familia aberats eta leinu zaharrekoa da. Adrien aita garrantzizko museo baten zuzendaria da. Nimes alderantz doaz, ahaideak eta lurrak baitituzte bertan. Iristea ere lortuko dute, gorabehera handien ondotik, baina ama Charlotte Péricandek aitaginarreba zahar eta ezindua ahantzirik utziko du bidean, bere seme gazte Hubertek frantses gudarostearekin bat egiteko ihes egiten duen bitartean. Péricandarren seme zaharrena, Philippe, apaiza da: umezurtz gaztetxoen talde baten ardura hartuta, hegoalderantz doa. Nahasmenduaren erdian, gaztetxoek hil egingo dute, jauregi batean lapurretara sartu ostean.
  • Gabriel Corte idazle ezaguna Florence amoranteaz lagundurik doa ihesi. Bidean harekin haserreturik, bereizi egingo dira, eta Gabriel Vichyra iritsiko da, lanen bat aurkitzeko itxaropenetan.
  • Charles Langelet esteta pinpirina bakarrik abiatzen da autoz hegoaldera, Ziburun duen etxalde batera iristeko asmoz. Bideak buxaturik direnez, ezantzarik gabe gelditzen da berehala bide bazterrean. Harremana lotua du aldameneko autoan doan gazte bikote batekin, eta trikimailu gaiztoak erabilita, gasolina guztia lapurtzen die gauez, Parisera itzultzeko.
  • Maurice eta Jeanne Michaud banku bateko langileak dira biak. Tours hirira joateko agindua ematen die bankuko zuzendaritzak, han aurkitu nahi baitu babes negozioari jarraitu ahal izateko. Corbin zuzendariak eramango zituela hitzeman zien, baina azken orduan iritzia aldatu egin du, bere amorante Arlette Corail eramatera beharturik baitago; ondorioz, trenez joaten saiatuko dira Michaudtarrak. Alabaina, trenak geldirik dira orobat, eta, Tours-era iritsi ezinik, Parisera itzultzera deliberatzen dute, lanik gabe, ia sosik gabe, eta frontean soldadu dagoen Jean-Marie seme bakarraren berririk gabe. Semea larri zauritua da, eta Bussy herri ondoko etxalde batera eramana dute, Labarie etxera; han, Cécile eta Madeleine lehengusinek zainduko dute. Hilabete batzuk bertan eginik, eta osaturik dagoenean, gurasoei idatzi eta Parisera itzultzen ahal da. Eleberri honetako pertsonaien artean, Michaudtarrak dira, okupazioaren etsipen eta nahasmendu artean, duintasun apur bat gordetzen duten bakarrak.

«Dolce» (Gozo)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Gozo» atalean gertakariak Bussy herrixkan kokatzen dira. Alemanen okupazioak otzan eta baketsu dirudi, baina okupatzaileek botere guztia eskuratua dute: eskatzen duten guztia eman behar zaie, eta kaleetako afixetan heriotza da mehatxu, arau tipiena urratzera ausartzen denarentzat.

Eleberrian, herritarrak erdi beldurrez, erdi adeitasunez hartu zituzten alemanak (argazkia, 1940ko azaroan).

Pertsonaia nagusia Lucile Angellier da. Dijonen amorantea duen Gaston senarra preso da Alemanian, frontean atxilotua izan baitzen, eta bera gorrotatzen duen amaginarrebarekin bizi da Lucile, giltzapeturik, herriko etxe dotoreenetako batean. Alemanak iritsi zirenetik, Bruno von Falk komandante gaztea, heziera onekoa, kultura handikoa eta musika konposatzailea, etxean izatera beharturik daude. Pixkanaka, berak nahi izan gabe, Lucile maitemindu egingo da komandante gaztearekin. Eleberriaren zati honetan, istorio paraleloak erabiliz, frantses nekazarien eta aleman militarren arteko alde sakonak nabarmentzen ditu Némirovskyk, baita itxurazko atxikimenduak ere.

Istorio horrekin bat, Benoît baserritar gaztearen familiarena dago. Gerran atxilotu bazuten ere, ihes eginda itzultzen da etxera, Bussy herritik hurbil, Madeleine Labarie andregaiarekin ezkontzera. Benoît jeloskor da, bai baitaki emazteak samurtasunez oroitzen duela, oraindik, hilabete luzetan etxean zaindu zuen Jean-Marie Michaud soldadu zauritu hura. Areago oraindik, etxean ostatu hartzen duen Bonnet interprete alemanak emaztea xarmatuko duen beldurrez bizi da. Montmorteko gazteluaren lurretan ezkutuko ehizan harrapatzen dutelarik, atxilotu egiten dute fusil baten jabe delakoan. Ihes egitea lortzen du, eta Bonnet interpretea hiltzen du tiroz. Madeleinek hala eskatuta, Lucilek etxean ezkutatzen du, ustez Bruno komandantea etxean bizi izateak alemanen begietatik babestuko dituelakoan. Benoît ezkutatu beharrak Lucileren eta bere amaginarrebaren harremanak hobera ekarriko ditu, halabeharrez.

Pasarte ikaragarri batean, alemanek Parisera iritsi ziren urteurrena ospatzen dute, Montmorteko gazteluan, bertako jabe Amaury eta emaztea kolaborazionisten artean baitzeuden: senarra herriko auzapez izendatua zuten alemanek, eta emaztea karitate ekintza errukitsuetan murgildurik bizi da. Gozo eleberriaren amaierak bat egiten du Sobietar Batasuna alemanek indarrez hartzeko operazioaren garaiarekin, hau da, 1941eko ekainaren 22arekin. Bat-batean, Bussyn kantonatuta zeuden soldadu aleman guztiak ekialdeko frontera lekutzen dituzte. Agur egiteko unean, Lucilek zirkulazio baimen berezi bat kentzen dio Brunori, gezurrak esanda; ezinbestean behar du Benoît Pariseraino eramateko.

Gozo izenburuak, italieraz, musikaren termino bat aipatzen du: gozoa, gozoki. Ironiaz beteriko izenburua da, ondikoz: emozio mingotsak daude ezkutuan, hurrengo eleberriak agerian utzi beharrekoak.

Jarraipena: «Captivité» (Gatibualdia)...[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Doi-doi itxuratuta, Gatibualdia atalari buruzko oharrek ikusarazten dute Némirovskyk zein bide urratu zituen, eta zein itxi, istorioari jarraitzeko.[48]

Frantziako erresistentziako kide bat Châteaudun-en, 1944an.

Aurreko bi ataletako pertsonaiei beste batzuk erantsita, Benoîtek «adiskideak» zituen Erresistentziako komunisten artean, Parisen. Lucilek haraino eraman behar zuen, Michaudtarren etxeraino hain zuzen ere.[49] Han, halabeharrez, Benoît eta Jean-Marie atxilotuak izango ziren. Espetxean, Hubert Péricand aurkituko zuten; Benoîtek eta taldekideek ihesa prestatuko zuten, baina, azkenean, Benoît hil egingo zuten. Bien bitartean, Ekaitza ekainean atalean ezagututako Gabriel Corte pertsonaia desatsegina, ostera nabarmenduko zen eleberri honetan, propagandista eta politikari gisa, alemanen kolaborazionista hasieran, independenteago gero. Jean-Mariek eta Lucilek elkar ezagutuko zuten, baita guztiz maitemindu ere. Berehala jakingo zuen Jean-Mariek, ordea, Lucile maitemindurik zela oraindik Brunorekin, eta berriro frontera joango zen alemanei buru egitera, bertan hilko zuten arte. Eleberri honetan edo hurrengoan, Bruno von Falk komandantea hil egingo zuten ekialdeko frontean.[47] Horrela, Lucilek bere bi maitaleak, frantsesa eta alemana, galduko zituen. Hori baino lehenago, Jean-Marie bizi ahal izango zen Madeleine Labarierekin, non eta hura ez bazegoen aleman batekin maiteminduta; bitartean, Cécile lehengusina merkatu beltzean aberasten ari zelarik.[50] Corbinen bankuak aurrera egingo zuen, Arlettek okupatzaileekin zituen harremanei esker, eta Corte oportunista bilintx-balantx egingo zuen iraultza nazionalaren eta itxurazko erresistentziaren artean.[51]

Némirovskyk ez zion atal honi eman nahi Ekaitza ekainean atalaren anabasa itxurarik,[50] baizik erakutsi nahi zuen bizimoduaren hutsaltasuna halako egoera berezi batean, heroismoa eta erkidego ideia auzitan jartzeko.[52] «Gerra eta Bakea-k daukan onena da» ―aitortu zuen Irènek― «gorabehera izugarrien artean jendeak bere bizimodu gutxi gorabehera arruntari jarraitzen diola eta, hitz batera, soilik axola zaizkiola bizitzea, maitatzea, jatea, eta abar. Bestalde, hori dena azentu kontu bat besterik ez da. “Bizitza egoistaren” gainean jarri behar baita azentua».[53]

«Batailles» eta «La Paix» oraindik lanbro artean zeuden. Gaiak izango ziren, ziur aski, errebantxa moduko bat, mendekutik urrun, eta norbanakoaren bulkadaren garaipena, «erlauntz espirituaren» gainetik. 1942ko udan, Irène Némirovskyrentzat bakea izan zitekeen britainiarra, sobietarra edo nazia; ziurrenik, gerraren amaieraren nolakoak behartuko zuen Suite frantsesa goitik behera berraztertzera.[46]

Azterketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suite frantsesa-ren 2004ko edizioaren hitzaurrean esaten da eleberria «obra bortitz bat» dela, «fresko izugarri buru-argi bat, bat-batean eta zuzenean frantsesei eta Frantziari egindako argazki bat», historiaren garai ilun hartan.[54] Obraren azterketak aukera ematen du argitan jartzeko egitura konplexu bat, gihar satiriko indartsu bat eta gizartearen ikuspegi aski pesimista bat.

Pertsonaiak, mikrokosmos bat[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Balzac-en gisara, Irène Némirovskyk pertsonaia garaikideak ipintzen ditu egoera garaikideetan, gauzak mugaraino eramanda, bakoitzaren nortasuna agerian uzteko. Frantsesen ihesa eta okupazioa aukera paregabeak dira gizartearen lagin on baten erreakzioak ia zentzu kimiko batekin aztertzeko; horrela, norbanakoen jokabideak bihurtzen dira klase sozial oso baten ikur.[55]

Klase menderatzailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizartearen goi mailako pertsonaiek «koldarkeria, hipokrisia eta egoismo» ikuskizun bat ematen dute, herriarekiko gorrotoaz nahasia; Péricandarren semeak eta Angelier andreak dira salbuespen bakarrak.

Péricandarrak Parisko 16. barrutian bizi dira, boulevard Delessert-en.

Némirovskyk Parisen oso hurbiletik ezagututakoengan oinarrituta, Péricandarrak goi-burgesia katoliko itxuratiaren arketipoa egin nahi du:[oh 21][56] luxuzko etxebizitza; Lyon-go ahaide aberats zaharrak, noizbait herentzia gozo bat jasotzeko itxaropen aitorgabe baten oroigarri; seme-alaba sail handi bat; paternalismoa; ekintza filantropikoak, izenetik hasita («Les Petits Repentis du 16e», 16. barrutiko Damutuok) iruzurra agerian badago ere;[57] eta abar. Hipokrisiaren paradigma da Charlotte Péricand, tribuaren zutabea: ama giristinoaren bertute guztien gordailu, karitatea aldarrikatzen du, baina besterentzat, noski, ez beretzat;[58] eta seme apaiza hiltzen dutenean, penaz baino gehiago harrokeriaz aldarrikatzen du, hala, martiri bat eskaintzea Elizari.[59]

Eskuizkribua oraindik idazten ari zelarik, Irène kezkaturik ibil zen Philippe Péricand apaizaren heriotza melodrama handi samar bat ez ote zen; 1941ean pentsatu zuen agian aldaketa bat egingo zuela, eta frontean hilko zela,[oh 22][42] Irèneren aita-ponteko Bréchard abadea bezala.[60] Izan ere, irrigarriak geratzen dira Péricand apaizaren kontzientziazko eskrupuluak, nerabe gaizkile («enfants des ténèbres»)[61] taldeari eskautismoaren espiritua barnerarazteko eta gaitz guztietatik libratzeko egiten zituen ahaleginak harrokeriazko bekatu ere izan ote zitezkeen. Soilik haren anai Hubertek ulertuko du, atzean utzirik nerabezaroko xalotasuna, eta bihotz barrenetik egingo du otoitz haren alde.[59] Hubertek, adel horretatik begiratuta, amaren ikuspegi errukigabe berbera erakutsiko du.

Corte izan zitekeen André Chaumeix[oh 23] akademikoaren ordaina (1931ko argazkia).

Noble izateaz harro, Montmortarrek lehia egiten diete Péricandarrei iruzurgilearen figura hezurmamitzerakoan. Bizkondeak itxurak egiten ditu ezkutatu nahirik aiseago dabilela okupatzaileen artean,[62] eta haren emazte «petainzale porrokatua»[63] eskandalizatu egingo da bere lursailetan ezkutuko ehizan ari direlako, baina ez du eskrupulurik batere nekazariak behartzeko atxilotuen aldeko janari bilketan, betiere Jainkoari aitortuta egunaren buruan izandako buruhausteak.[64]

Némirovsky ez zen iritsi Montmortarren senarraz eratu nahi zuen «urde» pertsonaia erabat marraztera: Maurice Michaudek jasotzen duen gutuna, lansaririk gabeko egoeran deklaratzen duena bankuko lanpostua uzteagatik, nahiko antzekoa da Michel Epsteinek, egun haietan, benetan jaso zuenaren aldean.[58] Politikari baten pertsonaia sortzeko ideia baztertuta, jende oldearen artean kokatzen du botereari lotutako intelektual handinahi bat: Gabriel Cortek ezin du ezkutatu «jendaila» harenganako higuina, eta koldarkeria nabarmenez jokatzen du, non eta ez den neska-laguna salbatzeko; guztiaren aurretik oportunismoa eta egoismoa jarrita, hala ere ukatu egingo ditu bere benetako iritziak Vichyra iristen denean. Charles Langelet ere harrokeriaz beterik da, guztiaren eta guztien gainetik jartzen ditu bere bildumako objektu bitxiak; Irèneren zirriborroen arabera, hitlerismora lerratutako «alderdi liberal» bat irudikatzen du, eta haren heriotzak berriz, burgesia liberalaren amaiera.[65][oh 24]

Angellier andere zaharra «probintzietako burgesia garaiezinaren pertsonifikazioa»[63] da: lursail handien jabe, zorroztasun berberaz tratatzen ditu ofizial aleman bat edo bere mendeko baserritarrak. Némirovskyk, baina, ez zuen eredu hori aldeztu nahi, baizik, soilik, jokabideak deskribatu. Horregatik, pertsonaia honi sendotasun psikologiko handi samar bat eman zion: semea maitatzen duen bezainbatean gorrotatzen du erraina, baina, bukaeran, bere ontasuna ageri du, Benoît ezkutatu eta laguntzen duelarik. Horrela, kontrastatu dezake Lucile errainaren jokabidearekin: bizi-gogoak eta senarraren engainuek bultzatuta, etxean nahitaez ostatatzera behartuta dauden arerioaren xarma kilikatzera iristen zaio. Némirovskyren biografoen ustez, bere buruaren alde handi bat jaso zuen idazleak emakume gazte honen pertsonaian, auzi politikoak bazter utzi eta deitoratzen duena «Estatu baten, herrialde baten edo alderdi baten arabera bizi, pentsatu edo maitatu behar izatea».[66] Lucileren harrotasunak eta askatasun senak gogora ekartzen du berehala Hélène Karol, Le Vin de solitude Némirovskyren eleberri autobiografikoan idazlearen bikoitza den pertsonaia.[67]

Herri xehea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Orobat, eleberrian agertzen den herri xeheak gizatasun handiagoz eramaten du okupazioaren eta gerraren mehatxua, alderik gabe, gainera.[55]

Frantsesak ihesean, Irènek ikusi zituen gisan Issy-l'Évêquen (1904ko maiatza).[68]

Myriam Anissimov-ek azpimarratzen duen gisan, «koadro etsigarri horren erdian, bikote umil bat, semea lehen borroketan zauritu dietena. Bikote hark baino ez dio eutsiko duintasunari».[54] Jeanne eta Maurice Michaud, Corbinen bankuko idazkari eta kontulariak dira burgesia tipiaren ordezkari.[55] Lotura estua dute bion artean ―«hau poza, elkarrengandik bereizi behar ez izatea!» dio xuxurlaka Jeannek, Corbinek autoan eramango dituela esaten dienean.[69] Elkar laguntzen dute beti, baina albo batera utzi gabe besterekiko elkartasuna; eta arazoei aurre egiten diete, bakoitzak bere erara: senarrak, filosofia guztiz estoiko batez; emazteak, pragmatismo handiz eta umore puntu batez, betiere alboratu gabe ama baten penak. «Biok osatzen dute Irènek argiro erretratatu nahi izan zuen middle-aged couple hori: ez dute deus eramateko, ez eskuizkriburik, ez museoko piezarik, ez bitxirik, ez etxeko arroparik; horren ordez, beren Jean-Marie besterik ez daramate gogoan».[70]

Jean-Marie Michaud, bere aldetik, gizon gazte soil eta zuzen bat da, gurasoen kezka besterik ez duena buruan. Paristarra eta ikaslea izateak ez ditu ezertan liluratzen hura maitasun guztiz zaintzen duten bi neska lehengusinak, Cécile eta Madeleine. Bi emakumezko pertsonaia hauentzat Irènek hautatutako izenak omenaldi moduko bat dira, zalantza gabe: Cécile Mitaineren (ezkondu ostean, Michaud) kasuan,[oh 25][71] eleberriko pertsonaia positiboen abizena da, eta Labarie etxeko alabaren izena; haren lehengusina umezurtza Madeleine deitzen da, Irèneren gaztetako lagun bat bezala.[oh 26][72][70]

Cécilek bere sentimenduei erantzuteko kilika duen bitartean, Madeleinek Benoît Labarier lehengusuarekin ezkontzeko emandako hitzari eusten dio. Benoît da herrian erresistentziaren arnasa gordeko duen bakarra, nahiz jeloskortasunagatik hiltzen duen emaztearen inguruan zebilen interprete alemana. Era simetriko batean, Bussyko neska gazteek irribarre egiten diete soldadu alemanen konplimenduei, eta jostunak azaltzen du haietako batekin pasiozko harreman ero bat duela.[73]

Errepidean gurutzatzen dituzten burgesen begietara, langile izengabe hauek ez dira batere idealistak; Péricandarren eta Cortetarren zerbitzariekin batera, langileriaren irudikapen bat osatzen dute. «Beraz, laster eta bizkor, hemen aurkitzen dugu agian ez gizarte osoa, baina bai hautapen esanguratsu bat». Desberdina da, ordea, bakoitzaren jokabidea, kataklismoaren aurrean.[55]

Alemanak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bussyko herritarrek espero ez bezala, jokabide hagitz onekoak dira soldatu aleman gehienak.[74]

Wehrmacht-eko soldadu bat frantses familia batekin, 1940ko ekainean.

Irudi hori, nazionalismoaren kritika egiteko beharrezkoa izateaz gain,[8] bat dator Irène Némirovskyk berak Issy-l'Évêque-en ikusten zuenarekin. Berak bezala Hôtel des Voyageurs-en ostatu hartutako Wehrmacht-eko soldaduak oso gazteak ziren, Lehen Mundu Gerrara joan gabeak, noski, eta ez ziren oraindik borrokara sartu; aski zuten denbora pasatzea egurra mozten, billarrean jokatzen, garagardoa edaten... edo lau urteko Élisabeth haurra belaun gainean kulunkatzen. Michel Epsteinek ongi hitz egiten zuenez alemanez, maiz egiten zuen interprete lana haientzat; horrela, eta komeni zitzaion harreman bat zela kalkulatuta, hiru azpiofizier alemanekin adiskidetasun harreman bat lotu zuen, hainbesterakoa non Errusiako frontera bidali ostean ere haien familiarekin eskuitzak gurutzatu baitzituen.[75] Eleberrian, alemanek irteeraren bezperan antolatzen duten jaia ia hitzez hitz kopiatua da Issy-l'Évêque-en 1941eko ekainaren 21ean, herria okupatu eta urtebetera benetan egin zutenetik.[76]

Soldaduek, oro har, izaera nazi erakusgarririk ez badute ere, eleberriaren zati batzuetan okupazioaren gogortasuna nabarmentzen da: adibide dira «Alemaniaren etsaia» laguntzen dutenentzat iragartzen den heriotza zigorra, edo Kurt Bonnet pertsonaiaren krudelkeria. Labarietarren etxean ostatu hartzen duen interpretearen figura Némirovskyk errealitatetik hartu zuela ematen du: irudi fisikoak itxura kezkagarri bat ematen dion bitartean,[76] izen frantsesak gizatasun izaera iruzurti bat eransten dio.[74] Bruno von Falk lotinantari dagokionez, gizon hezi eta musikazale, jokabide ezin adeitsuagokoa, ez dago argi benetako ereduren batetik hartu ote zuen Némirovskyk; agian gogoan izan zuen Henri Falk antzerkigilearen abizena, hark egokitu baitzuen antzerkirako, 1931n, Le Bal eleberria.[77] Irudi luke aleman aristokrata bat, soldaduaren obedientzia itsuaren betebeharra ahaztu gabe ere, ez litzatekeela izango «nazi sos baten truke».[78]

Egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zinemaren eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Némirovsky oso zinemazalea zenez, eleberri honetan sekuentzien egitura erabiltzen du bete-betean.

Suite frantsesa kapitulu edo atal labur zenbakituetan dago zatikaturik, lekua edo pertsonaia aldatzen de bakoitzeko bana. Idazleak ohar hau ezarri zuen aldi berean idazten ari zen La Vie de Tchekhov obran: «eleberri batean edo ipuin batean, protagonista bat edo gertakari bat nabarmentzen denean, istorioa pobretu egiten da; errealitatearen konplexutasuna, edertasuna, sakontasuna loturik dago izaki batetik bestera, bizitza batetik bestera, poz batetik min batera doazen esteka ugari horiekin». Narrazio aldibereko bat behar da horretarako, ez lineala, Zolak egin zuen bezala La Débâcle-n,[20] gertakariak ikusmira desberdinetatik begiratu ahal izateko.

Ekaitza ekainean, 25. atala, 220-223: ilunabarraren bareak itxaropen berri bat ematen dio Péricand apaiz gazteari; ordubeteren buruan, gazte basatiek hilko dute.[59]

Alde batera utzita ezusteko katastrofeak ―horien arrazoia Némirovskyk berak bakarrik jakingo zuen―, pertsonaia batzuk bat-batean bazter uzteko adinakoak (Philippe, Langelet), kapitulu batetik bestera edo atal beraren barruan dauden hausturak aski dira izakien eta gertakarien arteko kontraste bortitzak sortzeko, edo, besterik ezean, egoera iradokitzaile edo barregarriak eragiteko: adibidez, Corteren haserrealdi egozentrikoak; Michaudtarren joan-etorri larritasunez beteak; Jean-Marieren zainketa mainaz betea; Philipperen heriotza umezurtz taldearen eskuetan; Arlette, Hubert limurtzen saiatzen denean; edo Péricandarren katua, ihes egiten duena naturaren deiari so eginez.[20] Erregistro literario batetik bestea arin pasatuz,[79] idazleak uhin moduko bat marrazten du, gorakoan pertsonaien gogoberotze bat sortzen duena; beherakoan, berriz, etsipena eta larria.[80]

Kontrasteak maila guztietan lantzen ditu Némirovskyk, istorioaren multzo osoa bateratzen duen funtsezko agertokian sortzen diren gorabeheretatik hasita.[81] Ekaitza ekainean atalean noiz atseden uneak, noiz histeria nagusitzen dira;[59] orrialde luzetan, pertsonaien berri ematen zaigu, beste pasarte batzuetan, berriz, jende oldeari begiratzen zaio soilik.[82] Lehertutako herrialde baten kideen anabasaren jarraipena egiten da lehen atal honetan; hurrengoan, berriz, gizatalde bat erakusten da, arrotzari aurre egiteko moduetan desberdin; Ekaitza ekainean ataleko ibilera labirintikoak Gozo atalean pertsonaia batzuen mugiezintasun bihurtzen dira.[83] Etengabeko kontrastean ageri da, hori bai, egoera kolektiboaren larritasunaren erdi-erdian zein erraz sortzen den norbanakoaren zikoizkeria; eta zein alde dagoen diskurtsoaren eta ekintzen artean, norberaren kontzientzia frogan jartzen den orduko.[84] Kontrastearen bortitza gehiago nabarmentzeko oraindik, jendearen eta gertakarien atzean natura dago, udaberriko bere loratze ikusgarrian, kataklismoaren eta pasioen entzungor.[85]

Musikaren eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musikaren esparrutik egindako mailegutzat jo genezake Suite frantsesa-ren egitura, ez bakarrik izenburuagatik edo sekuentzia jakin batzuen edukiagatik.

1935ean egin zioten elkarrizketa batean, Irène Némirovskyk aitortzen zuen bera ez zela musikaria. Alabaina, idazleak bere barnetik esandakoa zalantzan jarri gabe, ez zen guztiz egia: idatzi berri zuen Le Vin de solitude eleberri autobiografikoak César Franck musikariaren Symphonie en ré mineur obraren egituran hartu zuen oinarri. Halako arkitektura aberats eta ireki bat ezin egokiago egiten zitzaion giza bizitzaren sentimenduak modulatu eta garatu ahal izateko.[86] Bost urte geroago, bere eleberri nagusiari suite edo sinfonia baten egitura eman nahi izan zion, «mugimendu» terminoa erabilita zineman eta musikan erabiltzen den adierekin.[87] Némirovskyk esaldi bat kopiatu zuen bere lan koadernoan, E.M. Foresterrek egindako entsegu batetik, konparatuaz Gerra eta Bakea sinfonia batekin, itxurazko anabasaz gaindi.[88]

Myriam Anissimov-en irudiz, «Beethovenen Bosgarren sinfonia hartuko du eredu» Némirovskyk;[9] izan ere, bere lan koadernoetan, Richard Wagner edo Richard Strauss-ez gain, Beethovenen Missa Solemnis, «Hammerklavier» sonata edo Diabelli bariazioak utzi zituen aipatuak.[87] Alabaina, Johann Sebastian Bach-en lau edo bost mugimenduko suiteari buruzko entsegu bat irakurri zuelarik,[89] erabaki zuen Suite frantsesak obratik hartzea eleberriaren izenburua.[90]

Johann Sebastian Bach 1715 inguruan, urte batzuk Suite frantsesak konposatu aurretik.

Eleberriaren atal bakoitza hasten da obertura urduri batekin (alerta Ekaitza ekainean-en, eta alemanen sarrera Gozo-n) eta amaitzen da era lasai batean (pertsonaia bakoitzaren zortea ihesean, erregimentuaren irteera bigarren atalean).[82] Izenburuetan ere daude gakoak: «tempête» (ekaitza) eta «dolce» (gozo) musika jotzeko modalitateen aipuak dira, «bizia» hasteko, «gozoa» geroago; txandakatze bat balego bezala, eta amaitu gabeko Captivité, jarraian, ostera zalapartatsu.[60] Idazlearen asmoa zen, itxura guztien arabera, ez musikaren ñabardura guztiak agertzea (presto, prestissimo, adagio, andante, con amore...)[89] baizik atal bakoitzean jasotzea aldakortasun bat, kontrastea eginez, betiere bistatik galdu gabe koherentzia tonal orokorra:[91] lehen atalaren erritmo kaotikoaren aldean, bigarren liburukiaren andante tempoak adierazi gura luke egunak egunari jarraitzen diola lasaiki.[92]

Konposizioa, kadentzia, harmonia; Némirovsky estu lotu zitzaion narrazioaren izaera musikalari.[93] Irudi luke sinfonia baten solo instrumentalak direla pertsonaiak; koroak, berriz, jende oldea ihesean. Bi elementuen arteko nahasketak adierazten ditu, orkestra batean bezala, eginkizun kolektiboa eta norbanakoaren eginbeharra. «Irène Némirovskyk bere azken eleberriari obra musikal baten itxura ematen badio, eredua ez da, hainbeste, sinfonia zikliko batena [Le Vin de solitude-n bezala] baizik kontzertu-sinfonia batena, non solistek, orkestraren barruan egonda ere, nork bere partizioa jotzen baitute».[94] Hori da, hain zuzen ere, eleberriko Gabriel Corte idazleak adierazten duen ideala, Proust eta Tolstoi aipatzen dituenean: «Eleberri batek ezezagunez betetako kale baten antzekoa izan behar du, handik ondo ezagutzen ditugun bizpahiru pertsonaia, ez gehiago pasatzen direla».[95][94]

Bach-en Suite frantsesen Gabota dantzaren eskuizkribua (1722).

Gozo atalaren erdian, Bruno von Falk lotinantak bere orkestra konposizioetako bat jotzen du pianoz, azalduz nola gerrak esnarazten duen soldadu bat, borrokan hiltzeko frontean. Némirovskyk, ziurrenik, Bachen Gott ist mein König kantata[67] eta Charles Ferdinand Ramuz-en Soldaduaren historia, Igor Stravinsky-ren musikaz,[81] izan zituen pasarte honen inspirazio iturri. Era batera edo bestera, eleberriari jarraitzeko egindako oharretan argitzen zuenez, asmoa zeukan azken amaieran Falken pieza ostera entzungo zen sekuentzia bat idazteko, gerra amaitua zelarik.[47] Taldearengatik hildako pertsona baten istorio tragikoa azaltzen duen neurrian, Bruno von Falken musika pieza jo daiteke Suite frantsesa-ren matrioxkatzat, Némirovskyk zeukan ikuspegiaren adierazle: eleberriaren eta musikaren bide paraleloaz gaindi,[94] ziur da «alemanek, juduek, frantsesek, gizakiek orobat, etsai hilgarri bakarra dute[la]: denak birrintzen dituen Historia».[96] Neurri batean, «ez al daiteke pentsa eleberria ez ote den Brunoren konposizioaren baliokide literarioa, Suite frantsesa izenburuaz»?[97][oh 27]

Narrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Némirovskyren liburuetan pertsonaien arteko elkarrizketak ohikoak baldin badira, Suite frantsesa eleberrian indar egituratzailea izatera iristen dira; Mikhail Bakhtin-ek «umore estilotzat» definitzen zuena, alegia.[98]

Ahots askotarikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Pertsonaia bakoitza multzotik aldentzen da musika bereizi bat entzunarazita, norberaren “ahots” propioa, mintzatzeko erarekin eta munduaren ikuskerarekin lotua».[99] Pertsonaien ezaugarritzea egiten da, beraz, bakoitzaren mintzoaren bitartez, izan barne bakarrizketa moduan, izan diskurtso zuzenaz emana. Horrela, elkarrizketa batzuetan kontraste bat ematen da aditzera, esate baterako, Montmorteko azpikondesaren hizkera jasoaren eta herriko nekazarien molde arruntaren artean, edo zerbitzariek duten mintzamolde desberdinetan, nagusiei hitz egiterakoan edo elkarrekin mintzatzerakoan.[68]

Bach-en Fuga da kontrapuntuko polifoniaren adibide ezagun bat.

Suite frantsesa-k leku guztiz nabarmen bat ematen die diskurtso kolektiboei, zurrumurruei eta era guztietako aurreiritziei; horrela, bai Ekaitza ekainean bai Gozo-ren hastapenean, ahots anonimo asko elkar gainjartzen dira, lehendabizi paristarren, gero bussytarren ahotsak, alemanen zain direla.[98] «Iritzi publikoaren estilizazio» hori osagarri da, askotan, pertsonaiaren baten ikuspegi ideologikoarekin (Péricand, Corte, Montmort), aro oso baten giro sozialaren ikuspegia «estereofonia handi» batera eramateko.[100]

Frantziaren hondamendia, beraz, ahots askotarikoen bitartez ikusarazten da eleberrian: pertsonaia bakoitzaren katastrofe pertsonala da hondamendia bera, ikuskera politiko oro baztertuta. Némirovskyren ikuspuntu narratibo askotariko eta aldakorra, noiz barne bakarrizketan, noiz narratzaile orojakile, biderik eraginkorrena da argi eta garbi aditzera emateko zenbaterainoko etena edo arraila dagoen gertakari historikoen eta pertzepzio subjektiboen artean.[oh 28]

Irri[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberriaren alderdi irrigarria errazegi utzi bada ere bazterrean, ezinbestekoa da Suite frantsesa behar bezala ulertzeko, ezin konta halakoak baitira ironiaz edo satiraz aurkeztutako egoera edo pertsonaia barregarriak.[101]

Cortetarrak biziki lasaitzen dira Vichyn lehengo bizimodu erosoa berreskuratzen dutenean (Sem ilustratzailearen marrazkia, datarik gabea). Némirovskyk oso maite zituen haren karikaturak.[102]

Némirovskyk era komikoan tratatzen ditu ez bakarrik protagonistak —Corte, Langelet, Péricand eta Montmort andreak, Angellier «zuzenean Fielding-en eleberri batetik aterata dirudiena»,[84] edo Florence Corte eta Arlette Corail, kosmetikoak eskuratzeko zailtasunak direla eta—, baizik bigarren mailako pertsonaiak ere: lizeoko irakasle bat bere merezimendu akademikoak argudiatzen, goraino beteta dagoen hotel batean gela bat eskuratzearren; edo Perrin andreak alemanei itzultzeko eskatzen gosaritarako plater bat edo ardien ganbela.[103]

Ezinezkoa da banan bana zenbatzea Némirovskyren aurpegi komikoa agertzen den sekuentzia guztiak: jendearen deskribapenak (Péricand zaharrak bi moja hilotz nahasten dituenean errainarekin eta emaztearekin; andereño batzuk alarmatuta «Albert» desagertu delako, jakin gabe katu bat dela); elkarrizketa guztiz komikoak (Corte Vichyko hotelean); sketch burlatiak (Péricand jauna komunera behartzen denean irteteko unean, eta han ahaztuta uzten dutenean), eta abar, eta abar.[104]

Esan daiteke, orobat, munduaren inauteri-ikuspegi bat nagusitzen dela Suite frantsesa-n, azken batean: anbiguotasuna, parodia, desmitifikazioa, ikusmolde groteskoa, patua ukatzea... [105]

Begiratu bat munduari[aldatu | aldatu iturburu kodea]

«Nahi nuke erakutsi mundu baten istorioa arriskuaren aurrean», idatzi zuen Irène Némirovskyk Suite frantsesa-z, nahiz ez zuen nahi izan, inola ere, tesi-eleberri bat idatzi.[106]

Péricandarren katua askatasunera eta basa-bizira itzultzen da.

Ekaitza ekainean atalaren oberturatik hasita, kataklismoak ageri dira bata bestearen atzetik: haize bortitzak, uhin saldo basatiak, uholdeak, jende olde artegak.[80] Anabasa eta oihanaren legea dira, gainera, arau: pertsonaiak edo dira harrapakinak edo dira harrapakariak ―baita Gozo-n ere―, muturreko egoerak eraman baititu erreflexu basatienetara, bizirik jarraitu ahal izateko: «Izu-ikarak oro deuseztatzen zuen, sen edo gorputza dardarazten duen animalia-mugimendu ez zen oro».[107] Gizakien basatiratze prozesu hori ongi erakusten du Albert katuak, etxebizitza eroso batetik irten orduko aurkitzen baitu gauaren ilunean odolaren eta sexuaren erakarmena. Michaudtarrek uko egiten diote era basati horretan jokatzeari, baina beste pertsonaia guztiengan, heziera onaren eta kristau balioen azal mehea berehala pitzatzen da, gertakarien indarrez.[108][58] Ekaitza ekainean liburuan moralik baldin badago, hau da: gerra batek goitik behera eraisten ahal du araubide politiko bat, baina ez gizartearen antolaera.[15] Pertsonaien ahultasunak ia lekurik uzten ez dion bitartean heroismoari, klase sozialen arteko gorrotoa ageri da, etengabe, haien arteko harremanetan.

«Erlauntz espiritua»: Bruno von Falken ustez, metafora horrek adierazten du norbanakoa ezin dela nazionalismotik askatu.[109]

Norbanakoaren gogoak eta grinak tupust egiten dute herriaren xede komunitarioekin. Izan ere, gerrak ezartzen duen muturreko egoeran, erkidegoaren espiritua amu bat besterik ez da, egoismoari aurre egiteko gaitasunik gabea eta, aldi berean, pertsonen barne bulkada itotzeko aproposa.[64] Némirovskyk arimaren urratuak eta izakien edo egoeren anbiguotasuna nahi ditu aditzera eman, guztiaren gainetik. Alferrik da, beraz, bilatzea mezu beti-batekorik, hain zuzen ere, ikusmirak bateratu nahi ez dituen trama batean.[100] Egiturak zentzua hartzen du puntu honetan: diskurtso mailakatuek, iritzi edo ikuspegi kontraesanezkoak diren heinean, gizartearen zatikatzea adierazten dute, hondamendi politikoa; eta horrekin batera, ez dago historiaren irakaspenak ateratzen dituen narratzailearen ahots bateratzailerik.[100]

Frantsesezko argitalpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskuizkribuaren joan-etorrien eta idazlearen zorigaiztoa ez ziren inola ere arrotz izan Suite frantsesa-ren arrakastan: Némirovskyk hil ostean ezagutuko zuen mundu mailako ospea, ez bakarrik eleberri honekin, baizik bere obra osoarekin. Dena dela, aitortu beharra dago, ospearen gainetik ere, Holokaustoak ez bakarrik idazlearen «eleberri juduen» pertzepzioa baldintzatzen duela, baizik haren obra osoarena.[110]

Harrera eta arrakasta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suite frantsesaren frantsesezko lehen edizioa Pariseko Denoël[oh 19] etxeak egin zuen, 2004ko irailaren 30ean. Edizioak Myriam Anissimov-en[oh 13] hitzaurrea du, Némirovskyren oharrak eleberri sailaren berridazketa eta jarraipen asmoez, eta gutun bilduma bat, Némirovskyk berak, bere senar Michel Epsteinek, bere argitaratzaile Albin Michelek eta bestek idatzitakoak, idazlea deportatu aurretik eta ondotik (1936-1945).

Lehen bi hilabeteetan, Suite frantsesa-ren berrehun mila bat ale saldu ziren.

Liburua 2004ko hogei liburu salduenen artean egon zen Frantzian: 200.000 ale saldu ziren lehen bi hilabeteetan, eta beste 330.000 salduko zituen Denoël etxeak Gallimard[oh 19] argitaldariak 2006an kaleratu zuen arte.[oh 29] 2004ko azaroaren 8an, Renaudot saria eman zioten hil ostekotzat Irène Némirovskyri eleberri honengatik, salbuespenez eta epaimahaiaren barruan eztabaida ugari gainditu ondoren, sari hori bizirik diren idazleak ohoratzeko sortu baitzen, literatura garaikidea bizkortzeko asmoz.[oh 30]

Hedabideetan ia aho batez idazlearen sena eta dohainak zalantzan jarri gabe, Josyane Savigneau[oh 31] literatura kazetariak 2004ko azaroaren 9ko Le Monde egunkariaren alean sarien jokabidea salatu zuen, kasu honetan «oroimenaren mozorroz jantzitako marketin operazio bat» egon ote zen. Angela Kershaw-k geroago azalduko zuen eran, ordea, askok uste izan zuten Suite frantsesa Holokaustoari hartutako lekukotasunaren oroimen ariketa soil bat zela, ez benetako eleberri bat.[111] Susan R. Suleiman ikerlariak, berriz, galdetzen zion bere buruari sariaren atzean ez ote zegoen, besteak beste, kalte-ordain bat eman nahia, juduen aurkako jazarpenean nazismoarekin kolaboratutako Frantziaren lotsaren keinu konpentsatzaile bat.[112]

Kritikak gorabehera, 2008rako 38 hizkuntzatara itzulia zegoen eleberria eta beste zenbait hizkuntzatara itzultzeko bidean,[113] eta 1,3 milioi ale salduak zituen, horietatik milioi bat ingelesezko bertsioan. The Times egunkariak eta ingeles liburu saltzaileek «urteko liburu» hautaturik, bi urtez jarraian egon zen The New York Times-en liburu salduenen zerrendan.[40] «Woman of letters: Irène Némirovsky and Suite française» izenburuko erakusketak bisitari ugari bildu zituen, 2008ko irailetik 2009ko abuztura bitarte, New Yorkeko Museum of Jewish Heritage museoan. Pariseko Judaismoaren Arte eta Historia Museoak, berriz, ez zuen erakusketa onartu nahi izan, esanez idazleak ez zuela hainbestean juduen kultura agertzen, baizik gehiago juduen autogorrotoa; azkenean, Pariseko Mémorial de la Shoah erakustokian izan zen erakutsia, 2010eko urriaren 13tik 2011ko martxoaren 8ra bitarte, izenburu honekin: «Irène Némirovsky, “Batzuetan iruditzen zait atzerritarra naizela”».[40]

Suite frantsesa merkatuan sustatzerakoan azpimarra handi bat ipini zen, noski, idazlearen baldintzatan eta zorigaiztoko amaiera tragikoan; horrek asko lagundu zuen, zalantzarik gabe, mundu mailako arrakasta editorial bat izatea. Alabaina, irudi luke Estatu Batuetako publikoa ez ote den sentiberagoa egilearen biografia tragikoarekin; horrenbeste, non Alice Kaplan[oh 32] unibertsitate irakasleak zalantzatan jartzen baitzuen bere herrikideen gaitasuna biografia gorabeheratsu bat ez duen idazle baten obra bat irakurtzeko, eta galdetzen baitzion bere buruari eleberri honek arrakastarik izango ote zuen Irène Némirovsky ez bazuten Auschwitz-en hil.[114]

Kritikaren itzalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatu Batuetan Suite frantsesa-k harrera ezin hobea izan zuen, irakurleen zein kritikaren aldetik, 2005ean. Alabaina, zenbait kritikari berehala hasi ziren idazleari leporatzen eleberrian ez zela pertsonaia judurik agertzen, eta ez zela berariaz aipatzen nazien jazarpena. Hasieran su txinparta huts bat zena sute handi samarra bihurtu zen, alde batetik, Jonathan M. Weiss[oh 33] irakasleak Irène Némirovskyren biografia bat[115] argitaratu eta David Golder eleberriaren itzulpen berri bat kaleratu zirelako; eta, bestetik, une hartan Estatu Batuetan Némirovskyren gainerako liburuak ia guztiz ezezagunak zirelako. 2007an, lehenik Estatu Batuetako eta , jarraian, Britainia Handiko prentsan hotsa zabaldu zen Némirovsky judutartasunaren autogorrotoaren (jüdischer Selbsthaß) eredu bat zela, bai bere bizitzan, bai bere idazlanetan, eta antisemitismo horri zor ziola, hain zuzen ere, bere arrakastaren zati handiena.[116] Ezbaia ez zen Europa osora indar berdinez hedatu, baina, hala ere, luzaroan iraun zuen.

Auschwitz, 2014. «Irudi luke Suite frantsesa bukatu gabe gelditzeko arrazoi tragikoak oztopo direla eleberria den bezala irakurtzeko: eleberri satiriko handi bat, etengabeko ironiaz idatzia».[101]

Alabaina, Némirovskyren obra sakon-sakonean aztertua duten adituek beste ikuspegi bat azaltzen dute, orobat. Juduen gaineko estereotipoak itsugarriak gerta daitezke irakurle gehienentzat, gutxiago eta gehiago begi-ninian grabatuta baititugu Holokaustoaren irudi lazgarriak; Némirovskyk, ordea, sotiltasun eta ñabardura handiz erabili zituen estereotipo horiek. Gainera, idazlearen laneko koadernoetan jasotako oharretan, nekez antzeman daiteke antisemitismoaren arrastorik. Irudi luke, hitz batera, Némirovskyk judu nortasuna ez zuela auzitan jarri bera judu zen heinean, baizik zenbait juduren autogorrotoaren lekuko izan nahi zuen neurrian.[117]

Batera zein bestera, ez Suite frantsesa-n, ez garai bertsuan idatzitako Les Biens de ce monde edo Les Feux de l'automne liburuetan ez da judurik agertzen,[oh 8] gai hori berariaz gerorako utzita baitzeukan Némirovskyk, [118]itxaropen lauso bat zuenez bere obrak argitaratzeko (ezizena erabilita, jakina), eta juduen gaia ez izaki, hain zuzen ere, zentsura gainditzeko gairik egokiena, ez bazen juduen aurka eraso egiteko.

2010eko hamarkadaren hasiera arte, mundu anglofonoan Némirovskyren obraz egindako azterketa gehienetan Suite frantsesa aurkezten da Holokaustoaren lekukotasun bortizki etendako bat balitz bezala, esparru historiko, ideologiko edo moral hutsean kokatuta, eta guztiz alboratuta, beraz, eleberriaren balio literarioak eta gertakari historikoen gainean duen begiratu ironikoa.[oh 34]

Bertsio argitaragabea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2022an, eleberriaren bertsio berri bat argitaratu zen Frantzian, «Dolce» eta «Captivité» ataletan Némirovskyk egindako lan oharrak erantsita. Soilik «Tempête en juin» atalean daude aldaketak, lehen edizioaren aldean. Horrez gain, osagarri batzuk jaso zituen edizio honek: hastapenean, idazlearen biloba Nicolas Daupleren ohar, testuaren inguruabarrak ulertzeko lagungarri; ondorenl, Olivier Philipponnat adituaren hitzaurrea, eta argitaletxearen oharra gero, eleberriaren bertsio eguneratuaren aurretik. Eleberriaren ostean, eranskin batean ageri dira «Dolce» eta «Captivité» ataletan Némirovskyk egindako lan oharrak; eta, amaitzeko, Teresa Lussone adituaren hitzatzea.[119]

Euskaraz[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen bertsioa, 2011[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Suite frantsesa 2011n argitaratu zen lehenengoz, Mikel Garmendia Ugartek eta Joxe Antonio Sarasola Arregik egindako itzulpena, Alberdania argitaletxean. Frantsesez 2004an Denoël argitaletxeak egindako edizioa jarraitzen du orpoz orpo: hitzaurre bera, bi eranskinak (Irène Némirovskyren ohar idatziak, eta Gutunak 1936-1945), eta Denise Epsteinen eskerrak, eleberriaren ostean.

Itzulpen landua da, jatorrizko giroa xehetasun handiz birsortzen du, eta irtenbide egokiak bilatzen dizkie frantses erlatibozko esaldi luzeei. Karlos del Olmo idazle eta itzultzaileak argitu zuen euskarazko bertsioa lantzeko prozesua berezia izan zela, bi itzultzaile izanik bakoitza zati batez arduratu baitzen;[oh 35] bi eskuren lanak eta «denboraren aurkako borrokak esplika ditzakete irakurleak topa ditzakeen gorabeheratxoak».[120] Dena dela, del Olmoren iritziz, euskal itzultzaileen lanak ongi helarazten dio irakurleari Némirovskyren testuak duen «askotarikotasuna eta harmonia».[120]

Némirovskyren adituen hari berean, Iratxe Esnaola idazle eta kazetariak Némirovskyren ahotsa nabarmendu zuen, euskarazko bertsioaren iruzkin batean: «[...] kolektiboak (alemaniarrak, frantziarrak) uniformeki blokean ez epaitzeko, haien gaineko iritzi bateratu bat ez emateko saioa ere bada, nahiz egileak maisuki bereizi klase ezberdintasunak dakartzan ondorioak».[121][oh 36]

Bigarren bertsioa, 2022[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eleberriaren bigarren edizio bat kaleratu zen euskaraz, 2022ko azaroan,[122] frantsesez bi urte lehenago agertutako bertsio argitaragabeari jarraituz.[oh 37]

Lehen edizioaren aldean «Ekaitza ekainean» atalean bakarrik daudenez aldeak, atal horren bertsio guztiz berri bat jaso zuen bigarren bertsio honek, Joxe Mari Berasategik euskaratua. Gainerakoan, «Dolce» atala lehen edizioko bera da, Mikel Garmendiak itzulia. Liburuaren beste atal gehigarri batzuen itzultzaile izan ziren Joxe Antonio Sarasola («Hitzaurrea», «Oharra» eta «Hitzatzea») eta Joxan Elosegi («Eranskina»).

Aritz Galarraga liburuaren editorearen ustez, amaitu gabekotzat jo behar da eleberria; haren hitzetan, «orain argitaratu dugun ale hau ere ezin dugu definitibotzat jo; hobetu egiten du narrazioa, baina [Irène Némirovsky] liburuan lanean ari zela hil zuten».[123]

Egokitzapenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Audio liburuak (frantsesez)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Irène Némirovsky, Suite française, Saint-Jean-de-Moirans, Livrior, 2006-04-1 ({{ISBN|978-2-915629-12-5}}). Narratzailea: Valérie Charpinet ; euskarria: audioko 2 disko trinko MP3; iraupena: 15 h 40 min.
  • Irène Némirovsky, Suite française, Paris, éd. Audiolib, 2015-02-11 (ISBN 978-2-35641-848-7). Testu osoa. Narratzailea: Dominique Reymond; euskarria: audioko 2 disko trinko MP3; iraupena: 13 h 50 min.

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Concerto de chambre biolin, piano eta orkestrarako, op. 87, Aulis Sallinen (2005) hiru mugimendutan konposatua: I. «Tempête en juin». II. «Dolce». III. «Épitaphe fragile»).[124]

Zinema[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Komikia (frantsesez)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Emmanuel Moynot (2015) Suite française - Tempête en juin, Paris, Éditions Denoël.

Antzerkia (frantsesez)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Suite française, Virginie Lemoinek eta Stéphane Laportek egokitua, antzezpena V. Lemoine, Festival Off d'Avignon 2018an eta Théâtre La Bruyère 2019an; aktoreak: Franck Desmedt «Tempête en juin»-en, eta Florence Pernel eta Béatrice Agenin «Dolce»-n.

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia orokorra[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Olivier Philipponnat (2020) Suite française - Version inédite eleberriaren hitzaurrea, Paris, Éditions Denoël (ISBN 978-2207161159).

Euskarazko edizioez[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia osagarria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Jonathan Weiss (2005) Irène Némirovsky, Paris, Éditions du Félin, 317 or. (ISBN 978-2866457204).
  • Susan R. Suleiman (2017) La question Némirovsky : Vie, mort et héritage d'une écrivaine juive dans la France du XXe siècle, Paris, Albin Michel, 428 or. (ISBN 978-2226315168).

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Némirovskytarrak 1919an eta Epsteindarrak 1920an ziren iritsiak Frantziara.
  2. Angela Kershaw-ren iritziz, juduen estereotipoak arindu eta leuntzeko beharkizun publiko hori aurrez aurre izan zuen Némirovskyk, 1929an David Golder arrakastatsua argitaratu zuenez geroztik, antisemitismo salaketak zirela eta. Kershaw aditua da bi mundu gerren arteko frantses literaturan, Birmingham-eko Unibertsitatean, eta Before Auschwitz. Irène Némirovsky and the Cultural Landscape of Inter-war France (2009, Routledge) entseguaren egilea da.
  3. René de Ceccaty-ren iritziz, Irène beranduegi jabetu zen benetako arriskuaz, ez baitzuen behar adinako arretarik ipini frantses intelektual eta idazle asko zein agudo eta erraz lerratu ziren antisemitismora; horien artean, Irènek lagun zuen Paul Morand, adibidez.
  4. Éditions Albin Michel frantses argitaletxe independente bat da, 1902an Albin Michelek sortua, eta gaur egun (2021) haren biloba Francis Esménardek zuzendua. Frantziako hamar argitaletxe handienen artean dago. Ikus Albin Michelen webgunea.
  5. Gringoire frantses astekari politiko eta literario bat zen, 1928an Horace de Carbuccia-k sortua. Hasierako zentro-eskuineko jarrera nazionalismora igaro zen, eta , azkenean, Vichyko gobernu kolaborazionistaren lerratu zen. 1944an argitaratu zuen azken alea.
  6. Éditions de Minuit frantses argitaletxe bat da Jean Bruller-ek eta Pierre de Lescure-k sortua 1941ean, Frantzia alemanek okupatuta zegoen garaian. Ikus Éditions de Minuit-en webgunea.
  7. Émile Zolak La Débacle (Hondamena) izeneko eleberria idatzi zuen, 1892an, Frantziako armadak indar prusiarren aurrean Sedango borrokan izandako hondamenaz, Frantziaren eta Prusiaren gerran, 1870ean.
  8. a b Ikus Olivier Philipponnat (2009) Les Vierges et autres nouvelles bildumaren hitzaurrea. Paris, Éditions Denoël, 9-10. or.
  9. Ikus Vincent Grégoire (2011) «Le "séisme" de mai-juin 1940 dans Suite française d'Irène Némirovsky», Dalhousies french Studies, Dalhousie University, 96. alea, 38. or.
  10. Horrela aitortzen du, 1941eko uztailean, faltan zituela Frantziako mapa xehe edo Michelin gida bat, ekaineko egunkariak, eta informazio liburuak portzelanari buruz, txorien kantuei buruz edo mistizismoari buruz.
  11. Némirovskyk alderdi askotan izan zuen oso kontuan Coletteren erreferentzia eta eredua, frantses literaturan leku ohorezko bat zeukan emakume bakarretako bat baitzen. Journal à rebours obran 1934tik 1940ra bitarte aldizkarietan argitaratutako testuak bildu zituen; besteak beste, 1940ko ekaineko ihesaz.
  12. André Sabatier 1930-1940ko hamarkadatan Némirovskyren lanen editore izateaz gain, Albin Michel argitaletxean, haren lagun hurkoa izan zen. Une larrienetan ere, laguntza eman zion Irèneri.
  13. a b Myriam Anissimov (1943) suitzar kazetari eta idazle bat da. Irène Némirovskyren biografoetako bat da, berak idatzi zuen Suite frantsesa-ren hitzaurrea, 2004an argitaratu zenean. Ikus bibliografiaren atala.
  14. Aurrez argitaratu gabeko La Vie de Tchékhov 1946an eta Les Feux de l'automne 1957an argitaratu ziren gerra ostean. Testu zaharragoak berrargitaratzen hasiko ziren, astiro, 1980tik aurrera.
  15. Catherine Valogne, (1924) frantses idazle bat da. Margolari eta eskultore gisa ezaguna da Catherine Val goitizenaz.
  16. Ikus Susan R. Suleiman (2017) La question Némirovsky : Vie, mort et héritage d'une écrivaine juive dans la France du XXe siècle, Paris, Albin Michel, 344-345. or.
  17. Institut mémoires de l'édition contemporaine (IMEC) erakundeko zuzendari Olivier Corpet berehala ohartu zen izkribuaren balioaz; Irène Némirovskyren biografoetako bat bihurtu zen, bibliografiaren atalean ikus daitekeen eran.
  18. Ikus bibliografiaren atala, Élisabeth Gille (2000) Le Mirador: mémoires rêvés, Paris, Stock.
  19. a b c Éditions Denoël frantses argitaletxe bat da, Gallimard etxearen mendekoa 1946az geroztik. 1930en sortu zuten Robert Denoël (1902-1945) belgikar editoreak eta haren lagun Bernard Steele (1902-1979) estatubatuarrak.
  20. Atal honetako edukiak lantzeko, Suite frantsesa-ren 2004ko frantses edizioa hartu da kontuan. Eleberriaren hitzez hitzeko aipamenen kasuan, euskarazko bertsioarenak jasotzen dira.
  21. Denise Epstein baieztatu zion Jérôme Deschamps antzerkigileari Péricandarrek Irèneren beraren familia irudikatzen zutela.
  22. Heriotza modu duinago hori agertzen da 2020ko Suite frantsesa-ren edizioan.
  23. André Chaumeix (1874-1955) frantses kazetari eta literatura kritikari bat izan zen, Frantses Akademiako kide.
  24. Bildumazale egoistaren figura Némirovsky bi ipuinetan ageri da. 1940ko abuztuan argitaratutako M. Rose-n, protagonista aldatu egiten da amaieran, herri xehearekiko elkartasunari leiho bat irekitzen dio.
  25. Cécile Michaud bere zerbitzura hartu zuen Irène Némirovskyk, 1929ko azaroaren 9an Denise alaba jaio zenean. Bi emakumeen artean berehalako konplizitate harreman bat sortu zen.
  26. Madeleine Avot 1920ko urteetan ezagutu zuen Némirovskyk Parisen. Pas-de-Calais-eko papergile handi baten alaba zen. Hogei urte geroago, harremana gordetzen zuten, eskutitz bitartez.
  27. Hautu hori egin zuen Saul Dibb zuzendariak 2014ko filmean: Errusiako frontera joan aurretik, Brunok Suite française izenburuko partitura bat uzten du Lucileren piano gainean.
  28. Ikus Nathan Bracher (2008), «Le fin mot de l'histoire: la Tempête en juin et les perspectives de Némirovsky», Modern & Contemporary France, Routledge, 16. alea, 265. or.
  29. Ikus Frantziako liburu saltzaileen Livres Hebdo webgunea.
  30. Ikus Claire Devarrieux «Un Renaudot à tître posthume», Libération egunkaria, 2004ko azaroak 9.
  31. Josyane Savigneau (1951) frantses biografo eta kazetari bat da, urte luzetan Le Monde egunkariko erredaktore lanetan aritua.
  32. Alice Kaplan (1954) Estatu Batuetako idazle, irakasle eta historialari bat da.
  33. Jonathan Mark Weiss (1937) Estatu Batuetako frantses literaturako unibertsitate irakasle bat da.
  34. Ikus Angela Kershaw (2011) Nathan Bracher-en «After the Fall: War and Occupation in Irène Némirovsky's Suite française» artikuluari buruz French Studies, Oxford University Press, 65. alea, 551-552. or.
  35. Ulertu behar da itzultzaileetako batek Ekaitza ekainean eta besteak Gozo itzuliko zuela, baina del Olmok ez zuen nork zer itzuli zuen argitzen.
  36. Esnaolak ez du iritzi zehatzik azaltzen, bere iruzkinean, euskarazko itzulpenaren ezaugarriez.
  37. Suite frantsesa-ren bigarren edizioaren azken orrialdean (479. or.) adierazten zen liburua 2022ko azaroaren 8an inprimatu zela argitaletxearen enkarguz; hain zuzen ere, Armada Gorria hurbil zelarik, SSko kideek Auschwitz-Birkenauko gas ganberen aztarnak 1944an deuseztatzen hasi ziren data bera.

Erreferentzia bibliografikoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Philipponnat (2010), 64. or.
  2. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 165. or.
  3. Philipponnat (2010a), 90. or.
  4. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 233.-234 or.
  5. Philipponnat (2010a), 92. or.
  6. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 417. or.
  7. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 434. or.
  8. a b c Philipponnat (2010a), 98. or.
  9. a b Anissimov (2004), 24. or.
  10. Anissimov (2004), 23-24. or.
  11. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 435. or.
  12. Ceccaty (2000), 15. or.
  13. Philipponnat (2010a), 95. or.
  14. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 466-470. or.
  15. a b c Philipponnat eta Lienhardt (2007), 480. or.
  16. a b c Philipponnat (2010a), 99. or.
  17. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 452. or.
  18. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 428-429. or.
  19. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 451. or.
  20. a b c d Philipponnat eta Lienhardt (2007), 453. or.
  21. Anissimov (2004), 17. or.
  22. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 549. or.
  23. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 328. or.
  24. Epstein (2010), 38. or.
  25. a b c Philipponnat (2010a), 100. or.
  26. Philipponnat (2010a), 96-98. or.
  27. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 464. or.
  28. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 481-482. or.
  29. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 483. or.
  30. Délas eta Castellani (2012), 88. or.
  31. Philipponnat (2010a), 101. or.
  32. Philipponnat (2010a), 102-105. or.
  33. Anissimov (2004), 27. or.
  34. Philipponnat (2010a), 108-110. or
  35. a b Epstein (2010), 34-35. or.
  36. Epstein (2010), 41. or.
  37. Epstein (2010), 38-41. or.
  38. Epstein (2010), 42-44. or.
  39. Epstein (2012), 6. or.
  40. a b c Philipponnat (2010a), 110. or.   
  41. a b Philipponnat (2020), 15. or.
  42. a b c Philipponnat (2020), 26. or.
  43. Jauregi, Joannes. «Literaturaren maleta galduak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-06-26).
  44. Philipponnat (2020), 16. or.
  45. Epstein (2010), 43. or.
  46. a b c d Philipponnat eta Lienhardt (2007), 520. or.
  47. a b c Philipponnat eta Lienhardt (2007), 519. or.
  48. a b Philipponnat (2010b), 129. or.
  49. Némirovsky (2010), 130. or.
  50. a b Philipponnat et Lienhardt (2007), 506. or.
  51. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 518. or.
  52. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 594. or.
  53. Némirovsky (2010), 132. or.
  54. a b Anissimov (2004), 29. or.
  55. a b c d Berthier (2012), 99. or.
  56. Epstein (2010), 45. or.
  57. Berthier (2012), 100. or.
  58. a b c Philipponnat eta Lienhardt (2007), 456. or.
  59. a b c d Berthier (2012), 105-106. or.
  60. a b Délas eta Castellani (2012), 91. or.
  61. Nèmirovsky (2004), Ekaitza ekainean, 4. atala, 61. or.
  62. Philipponnat et Lienhardt (2007), 479. or.
  63. a b Philipponnat et Lienhardt (2007), 481. or.
  64. a b Philipponnat et Lienhardt (2007), 504. or.
  65. Philipponnat et Lienhardt (2007), 454. or.
  66. Némirovsky (2004), Gozo, 17. atala, 457. or.
  67. a b Philipponnat (2012), 83. or.
  68. a b Délas eta Castellani (2012), 97. or.
  69. Nèmirovsky (2004), Ekaitza ekainean, 5. atala, 69. or.
  70. a b Philipponnat eta Lienhardt (2007), 457. or.
  71. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 214-215. or.
  72. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 148-149. or.
  73. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 484. or.
  74. a b Baudelle (2012), 118. or.
  75. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 431-432. or.
  76. a b Philipponnat eta Lienhardt (2007), 475. or.
  77. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 616. or.
  78. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 482. or.
  79. Baudelle (2012), 121. or.
  80. a b Délas eta Castellani (2012), 89. or.
  81. a b Délas eta Castellani (2012), 96. or.
  82. a b Délas eta Castellani (2012), 94. or.
  83. Délas eta Castellani (2012), 90. or.
  84. a b Baudelle (2012), 112. or.
  85. Berthier (2012), 103. or.
  86. Philipponnat (2012), 75-78. or.
  87. a b Philipponnat eta Lienhardt (2007), 512. or.
  88. Philipponnat (2012), 85. or.
  89. a b Philipponnat (2012), 82. or.
  90. Délas eta Castellani (2012), 93. or.
  91. Baudelle (2012), 113. or.
  92. Délas eta Castellani (2012), 95. or.
  93. Philipponnat (2012), 81. or.
  94. a b c Philipponnat (2012), 84. or.
  95. Nèmirovsky (2004), Ekaitza ekainean, 3. atala, 52. or.
  96. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 513. or.
  97. Philipponnat (2012), 86. or.
  98. a b Baudelle (2012), 119. or.
  99. Délas eta Castellani (2012), 96. or.
  100. a b c Baudelle (2012), 120. or.
  101. a b Baudelle (2012), 110. or.
  102. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 318. or.
  103. Baudelle (2012), 115. or.
  104. Baudelle (2012), 109. or.
  105. Baudelle (2012), 117. or.
  106. Baudelle (2012), 122. or.
  107. Nèmirovsky (2004), Ekaitza ekainean, 6. atala, 72. or.
  108. Délas eta Castellani (2012), 92. or.
  109. Nèmirovsky (2004), Gozo, 12. atala, 00. or.
  110. Weiss (2012), 126. or.
  111. Philipponnat (2009), 1. or.
  112. Ikus Susan R. Suleiman (2017) La question Némirovsky: Vie, mort et héritage d'une écrivaine juive dans la France du XXe siècle, Paris, Albin Michel, 13. or.
  113. Suite frantsesa-ren euskarazko bersioa ez zen 2011ra arte iritsiko. Ikus bibliografia.
  114. Weiss (2012), 127. or.
  115. Ikus Jonathan M. Weiss (2007) Irène Némirovsky: Her Life and Works. Stanford, Stanford University Press. ({{ISBN|978-0-8047-5481-1}})
  116. Weiss (2012), 128-130. or.
  117. Weiss (2012), 131-132. or.
  118. Philipponnat eta Lienhardt (2007), 449. or.
  119. «Suite française - Irène Némirovsky» web.archive.org 2022-11-29 (Noiz kontsultatua: 2022-11-29).
  120. a b del Olmo (2012), 1. or.
  121. Esnaola (2012), 1. or.
  122. «Suite frantsesa (Bertsio argitaragabea) - Alberdania Argitaletxea» web.archive.org 2022-11-29 (Noiz kontsultatua: 2022-11-29).
  123. Rodriguez, Naroa Torralba. «Nemirovskik emandako azkena» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-12-02).
  124. Philipponnat (2012), 84. or.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]