Sukar tifoideaSalmonellarenserotipo batzuek (S. typhi eta S. paratyphi, Salmonella entericaren azpi-espezieak direnak) eragindako gaixotasun kutsakorra da. Gaitz honen gordailua gizakia da, eta kutsapena eramaile osasuntsu zein gaixoen bitartez gauzatzen da: hauek milioika bakterio patogeno iraizten dituzte gorotzekin. Gorotz hauetaz kutsatutako ur eta janariak dira gaitz honen iturburua.
Garapen bidean dauden herrialdeetan oso hedatua dago gaitza, bertan higiene baldintzak eskasak direlako. Esaterako, ohikoa da hondakin uraren eta edateko uraren arazketa ez egotea. Europan sukar tifoidea arraroa da (3 kasu 2006. urtean Euskal Autonomi Erkidegoan).
Salmonella gorozki-aho bidetik sartzen da gorputzean, ur eta janari kutsatuen bitartez. Kasu askotan janarien prestakuntzan dagoen higienearen ezak eragiten du gaitza, giza eramaile batek bere gorotz hondakinak sartzen baititu janarietan eskuak garbitzen ez baditu libratu ostean.
Sukar tifoidearen inkubazio epea 10-14 egunekoa da. Lehenengo sintomak sukarra handia, buruko eta sabeleko mina, nekea eta ondoeza izaten dira. Gero, okadak, beherakoak eta anorexia agertzen dira. Infekzioa hesteetako mukosatik odolera pasatzen da, benetako septizemia bat sortuz. Ondorioz, organo askotara zabaltzen da gaitza: giltzurrunetara, barera eta nerbio-sistemara. Fase horretan konplikazio larriak sortu daitezke, hesteetako hemorragiak eta hestea zulatzea, besteak beste.
Gaixotasuna pasatu ondoren gaixoen %3 eramaile kronikoa bihurtzen da, hots, sendatuta egon arren bakterioak eramaten jarraitzen du. Kasu hauetan Salmonellabehazun xixkuan gordetzen da.
Gaitzaren hedapena munduan zehar. Gorri kolorean eremu endemikoa.
Sukar tifoidearen aurkako txertoa dago. Euskal Herriko txertaketa egutegian txerto hori ez dago, baina arrisku handiko lurraldeetara joanez gero (ikus mapa) txertatzea gomendatzen da. Herrialde horietara abiatzen diren turistek ez dute bertako ura zein janari gordinak hartu behar.
Bakterio eragilearen aurka kloranfenikol izan da antibiotikorik onena, baina Salmonella askok erresistentzia garatu dute. Plasmido baten bitartez zabaldu da erresistentzia hori.
Gaur egun beste antibiotiko batzuk erabiltzen dira. Anpizilina, fluorokinolonak eta 3. belaunaldiko zefalosporinak dira ohikoenak.