Sumer

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Ur hiriko gerra panela, K. a. XXVI. mendea

Sumer[1] (edo Shumer, Sumeria, Šumer) antzinako Mesopotamiaren parte zen eskualdea da, Eufrates eta Tigris ibaien arteko lurralde oparoan.

Sumertarrak munduko lehen zibilizaziotzat hartuak dira. Haien jatorria ezezaguna da eta hipotesi ugari dago. Hipotesi zabalduenen arabera, bertako gizataldeen eta Iran zein Indiakoen arteko nahasketaren ondorio dira sumertarrak.

Sumertarrek euren lurraldeari Kengi (ki) zeritzoten. Termino honen akadierazko forma mat Sumeri da, hots, Sumerren lurraldea.

Erlijioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Mesopotamiako mitologia

Sumerko erlijioa politeista zen. Bere, eta bere oinordekoen historia luzean hainbat aldaketa eman ziren haien panteoian eta jainko eta jainkosen funtzioetan eta garrantzian aldaketak eman ziren. Bestalde, mitoen moldaketa eta berridazketa ugari egin ziren, askotan, interes politikoei begira. Horregatik, epopeia baten protagonista bezala, pertsonai edo jaiko/jainkosa ezberdinak ager daitezke. Edo adibidez, aita-ama anai-arreba diferente egon daitezke mito batean edo bestean.

Badakigu sumertarrak garai historikoen hasieratik, semitak ziren akadioekin nahastuta bizi izan zirela, Sargon I. errege akadioa, 2300. urtean bere erreinua zabaldu haurretik, garai aurredinastikoetan, alegia. Sargon ondoren, akadiera izan zen Sumerko hizkuntza ofiziala. Akadieraz idatzi ziren erlijio-liburu, jainkoen zerrenda edo mito gehienak, nahiz eta sumeriera mantendu zen erlijio hizkuntza bezala. Horregatik saila da bereiztea zeintzuk diren sumertarrak eta zeintzuk akadioak. Nahasketa honetatik sortutako erlijioa gerora ere mantendu zen. Babiloniarrek (2000. urtea – 539 K.a.), akadio eta sumertar haien nahasketa politiko-kulturala, Mesopotamiako ( Sumer - Akad - Asiria - Babilonia) erlijioaren azken jarraitzaileak izan ziren. Hauen garaietan idatzi ziren epopeia eta poema garrantzitsuenetarikoak nahiz eta aldaketa eta berrikuntza garrantzitsuak ere egin ziren.

Sumertarrak aitzindariak izan ziren erlijio kontuetan. Guk dakigula, haien mitoetan lehen aldiz agertu ziren Itun Zaharrean aipatzen diren hainbat istorio. Hala nola, Uholde Nagusia, lehen gizakia buztinaz egina izanarena, etab.

Hauek izan ziren jainko/jainkosa garrantzitsuenetarikoak:

Bi triada garrantzitsu zeuden:

Triada kosmikoa:

  • An: Zeru-jauna. Jainko lehenetariko bat. Jainko/Jainkosen erregea. Uruk hirian zuen bere tenplurik nagusiena. Bere emaztea Uras edo Ki (Lurra) edo Antum izan zen. Innana bere alaba zen. Uholde Hndia bidali zuen lurrera. Adardun kaskoarekin irudikatzen ohi zen. Bere zenbaki sakratua 60 zen. Triada kosmikoko kidea zen Enlil eta Eniki-rekin batera. Akadioz, Anum deitzen zen. Gizakiengandik urrun zegoen jainko bezala ikusten zuten, horregatik, nahiz eta duintasunez, lehen jainkoa zen, Enlil, eta ez bera, izan zen jainkorik gurtuena lehen aro historikotan.
  • Enlil: Aire-jauna. Lur azalaren eta airea edo eguratsaren jainkoa. Bere zenbaki sakratua: 50. Nippur-en zuen bere tenplurik garrantzitsuena. Babiloniako garaietan, Mardukek hartu zuen bere lehen postua. Jainko merkataria ere izan zen. Bere zenbaki sakratua 50-a zen. bere emaztea Ninlil zen, baino batzuetan Inanna ere izan zen.
  • Enki: Lur-Jauna. Akadioz Ea zen. Bere tenplurik garrantzitsuena Eridun zegoen. Sumerentzat lurra uraren gainean eta urez inguratuta zegoen, igerian zegoen uharte baten moduan. Enki, ur horien eta lur azalera ateratzen dien uren (ibaiak) jainkoa zen. Azti handia zen eta. Jakinduria praktikoaren eta artisten jainkoa. Apsuan bizi zen. Bere zenbaki sakratua 40 zen.

Izarretako triada:

  • Nanna-Suen edo Zu-en: Ilargiaren jainkoa. Akadioz Sin zen. Bidegabekeriaren aurka zegoen jainkoa zen. Bere zenbaki sakratua 30 zen. Bere hiri sakratua Ur izan zen eta geroago, Harran ere. Oso jainko maitatua zen. Bere emaztea Ningal izan zen.
  • Utu: Akadioz, Shamash. Eguzkiaren jainkoa, Nannaren semea eta Inannaren anaia. Jaiko-eguzki askok bezala, justizia eta legea eta ordenaren jainkoa zen, bekatua zigortzen zuena. Jainko ezkorra zen, idorra ekartzen zuena. Dena zekien dena ikusten zuelako, eta orakuluak ere botatzen zituen. Gauez hildakoen erreinura jaisten zen. Hainbat ezaugarrietan Apolo grekoaren antza dauka. Bere zenbaki sakratua 30 zen.
  • Inanna: Akadioz, Ishtar. Artizarra. Bere zenbaki sakratua 15a zen. Sexuaren eta gerraren jainkosa. Akadioen garaian Nannaren alaba. An-en alaba eta emazte bezala agertzen da, eta beste batzuena. Lehoiarekin irudikatzen zaio askotan. Sexualitatearen jainkosa bezala, biluzik irudikatzen zaio eta gerrako jainkosa bezala, jantzita eta lehoiarekin. Testu kuneiformeetan ihi sorta bat da bere ikurra. Jainkosa hau Ekialde Hurbil osoan gurtua izan zen, funtzio eta irudikatzeko modu antzekoekin baina izen ezberdinekin, batzuk Ishtar izenaren bilakaerak: Astarte, Astoret, Allat, Anat, Artemis, Afrodita, Atenea, Tanit, Afrodita, Atenea...

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ur hiriko Zigurat Handia, berreraikia (egungo Irak)

Tenplua zen sumertarren hirietan ekonomiaren eta erlijioaren erdigunea ; gainerako etxeak tenpluaren inguruan kokatzen ziren. Eraikuntza multzo bat zen, santutegiak, kaperak, biltegiak, lantegiak eta eskribauentzat bulegoak zituena. Eraikuntza multzoaren erdian, plataforma baten gainean, hiriko jainkoaren tenplua zegoen.

Hasieran, plataforma horiek ez ziren oso handiak, baina gero eta handiagoak egin zituzten, adreiluzko egitura erraldoi karratuak bihurtu arte : ziguratak. Ezagutzen den zigurat zaharrenetako bat Uruk hirikoa da, K.a. 3000. urte ingurukoa. Adreiluzko horma makurtuak dituen tontor txiki moduko bat da, 12 metro garai. Tenplua plataformaren gainean zegoen eta bertara iristeko eskailerak eta aldapak zituen. Santutegiko hormak oso sendoak ziren, karez zurituak eta uniformeki banatutako sakonunez eta irtenunez apainduak.

Cella zen tenpluko gune nagusia, tenpluaren luzera osoa hartzen zuen areto estu bat. Hego-mendebaleko aldean zuen sarrera, halako moduan non sinestunek angelu guztiak inguratu behar zituzten bertara iristeko (ardatz hautsiko sarbidea). Iparralderago, Dijalako eskualdean, Khafadjeko tenplua dago, Tenplu obala ere deitua, Urukekoa ez bezalako eredu baten arabera egina baita. K.a. 2700. urte aldera eraiki zen. 103 metroko luzera eta 74 metroko zabalera zuen, hiru mailatan mailakatutako plataforma garai baten gainean eraikia zen, eta inguru osoan zuen harresi obal bikoitz batez hiritik bereizia. Beste tenplu batzuek bezala, biltegiak, sukaldeak eta eskribauentzako langelak zituen barruan.

Hilobi arkitekturan, aipagarriak dira Ur hirikoak. Partikularren hilobiak hobi lauki-zuzen soilak ziren ; han hondoan uzten zen hilaren gorpua, harenak izandako zenbait gauzarekin. Errege hobiak, berriz, konplexuagoak izaten ziren. Lau hobi mota bereiz daitezke : lau ganbera eta malda dituena ; ganbera bakarra eta adreiluzko ganga dituena ; lubakia duena eta ganberarik ez ; eta ganbara bakarra eta barnean patioa duena. Guztiak dira harriz edo adreiluz eginak.

Eskultura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tell Asmar-eko botozko eskultura (K.a. 2750-2600)

Sumertarren eskulturaren oinarrizko forma zilindroa eta konoa ziren. Egiptoarrena, berriz, kuboa izan zen. Mesopotamiako eskulturak oinarrizko forma horri eutsi zion beti, are forma konplexuagoak hartu zituenean ere.

Dinastien aurreko arotik egosi gabeko buztinez eta terrakotaz egindako buru batzuk besterik ez dira gorde, pintura hondakinak dituztenak. Guztietan aipagarriena Uruk hirian aurkitutako emakume burua da, gurtzeko eskultura batena, segur aski.

Osorik gorde diren eskultura zaharrenak Tell Asmarkoak dira. Handienak 75 cm ditu eta landarediaren jainkoa irudikatzen du, Abu. Gainerakoek, handienetik hasita, ama jainko bat, apaizak eta izaki jainkotiarrak irudikatzen dituzte. Estatuaren tamainarekin alderatuz, oso begi handiak dituzte denek, eta jainko-jainkosek besteek baino begi nini handiagoak gainera. Hala gorputzak nola aurpegiak eskematikoak dira, begiek beregana dezaten arreta osoa.

Metalgintza eta bitxigintza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Metalak lantzeko antzean brontzea beste material batzuekin konbinatzen zen, zur, urrezko xafla eta lapis lazuliarekin. Lanik aipagarrienetako bat Urko akerra da, Urko hilobietan aurkitua (K.a. 2600 urte inguru) ; metro erdiko goratasuna du, eta euskarri gisa erabiliko zen segur aski : aker bat da eta zutik dago, zuhaixka loratu batean bermaturik.

Aipagarriak dira, baita ere, tarazea lanak, hau da, zurean txertatutako maskor eta harri puskez egindako mosaiko modukoak, hala nola Urko mosaikoa (British Museum, Londres), 20 x 48 cm-ko zurezko kutxa baten apaingarria, non gerrako eta bakealdiko eszenak eta gai mitologikoak irudikatzen baitira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Sumer Aldatu lotura Wikidatan