Sundanceko Zinemaldia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Sundanceko Zinemaldia
Sundance-Film-Festival.jpg 2002ko Sundanceko Zinemaldia.
Sortze data : 1978
Lekua : Park City, Utah
 AEB
Sortzailea : Sundanceko Zinema Institutua
Webgunea :  http://festival.sundance.org/ 

Sundanceko Zinemaldia (ingelesez Sundance Film Festival) urtero urtarrileko azken bi asteetan zehar Estatu Batuetako Utah estatuko Park City udalerrian (Salt Lake City estatu-hiriburutik hurbil) antolatzen den nazioarteko zinemaldia da. Bertan estatubatuar nahiz nazioarteko zinemagintza independienteari bultzada eman nahi zaio.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zinemaldi hori hasiera batean 1978an Utah/US Film Festival izenaz sortu zen. Geroago, 1980an Robert Redford aktorea eta estatuko gobernadore Scott Mathesonek bultzaturik, Hollywoodeko industria erraldoitik at zeuden zinemagile gazteei aukera eskaintzeko ideia garatu zen. Hasiera batean, Sundance zinemagintza institutu bat izan zen, baina laster gazteen zinema-lanak erakusteko beharra ikusi zen; hortaz 1983an Redfordek Sundanceko Zinemaldia sortu zuen, egun nazioarteko zinema independentearen zinemaldi garrantzitsuena dena.

Sundance izena 1969an Robert Redfordek berak Butch Cassidy and the Sundance Kid filmean antzeztu zuen pertsonaiarengan oinarritzen da (Butchen pertsonaia Paul Newmanek antzeztu zuen).

Urtero aurkezten diren 9.000 filmetatik, 200 aukeratu eta jendaurrean ikusgai ipintzen dira. 50.000 pertsona baino gehiago Utah estatuko Park City, Salt Lake City eta Ogden udalerrietako eta Sundance eski-estazioko zinema aretoetara zuzendu joaten dira. Dokumental, drama eta film laburrak proiektatuz talentu berriak topatzen dira eta bertaratzen den edonork zuzeneko musika, zinema sortzaileen solasaldiak, instalakuntza aurreratuak, eta abar goza ditzake.

Zinemaldi hartatik gaur egun oso ospetsuak diren hainbat zinemagile atera dira, adibide gisa: Quentin Tarantino, Coen anaiak, Robert Rodriguez, Paul Thomas Anderson, Steven Soderbergh, Darren Aronofsky edota Jim Jarmusch. Ezagutzera eman dituen filmeen artean, besteak beste, Sex, Lies, and Videotape, Reservoir Dogs, El Mariachi, The Blair Witch Project, Donnie Darko, Saw, Little Miss Sunshine, (500) Days of Summer, Precious, Fruitvale Station, Whiplash, Boyhood, Manchester by the Sea eta Get Out daude.

Urtero prentsaurreko askotan aipatu izan den moduan, ez da Hollywooden aurkako zinemaldia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]