Suneung
| Suneung | |
|---|---|
| Mota | standardized test (en) gertaera errepikakor |
| Indarraldi | 1993 - |
| Egun | third Thursday in November (en) |
| Gertaeraren maiztasuna | 1 urte |
|
→ | |
| Herrialdea | Hego Korea |
| Multimedia | |
| Webgune | suneung.re.kr |
Unibertsitaterako Gaitasun Testa (Hangul: 대학수학능력시험; RR: Daehak suhak neungryeok siheom), suneung (Hangul: 수능) akronimoa edo CSAT siglak dituena, Hego Koreako unibertsitatera sartzeko proba estandarizatua da. 1994az geroztik egiten dute, eta herrialde horretako Hezkuntza Ministerioaren mendeko Curriculum eta Ebaluaziorako Koreako Institutuak (KICE) gainbegiratzen du.
Azterketa egun bakar batean, gehienetan azaroan, egiten dituzten aukera anitzeko galdetegien arabera egituratuta dago.[1][2] Urtero, Hego Koreako 600.000 ikasle inguru lau irakasgai komunetan ebaluatzen dira (korear hizkuntza, matematika, ingelesa eta Koreako historia), aukera askeko ikasgai bat eta atzerriko bigarren hizkuntza bat.[3] Unibertsitatera sartzeko, suneung-a gainditu behar da eta, lortutako notaren arabera, ikasleak unibertsitateko karrera aukeratu ahal izango du, ikastetxe jakin batean egin nahi dituen plazen mugarekin.[4]
Suneungak funtsezko rola betetzen du Hego Koreako hezkuntza-sisteman. Ikasle askok herrialdeko hiru zentro ospetsuenetako batean matrikulatzea dute helburu — Unibertsitate Nazionala, Koreako Unibertsitatea eta Yonsei Unibertsitatea —, oso plaza mugatuekin. Beraz, maila lehiakor handia dago eta ohikoa da testa akademia pribatuetan (Hagwon) prestatzea.[2][5] Azterketa-egunean, atzeratu egiten da lanaldiaren sarrera, auto-ilarak saihesteko, polizia mobilizatzen da, eta aire-zirkulazioa ere aldatzen da.
Gaitasun Testaren defendatzaileen esanetan, hezkuntza-sistemaren ospea handitzeko, meritokrazia areagotzeko eta hegokorearren errendimendu akademikoa hobetzeko balio izan du. Hala ere, egiten duen presio sozial handiagatik ere kritikatu dute, emaitza txar batek ikaslearen curriculuma baldintzatu dezakeelako.[2][4][5]
Eragin soziala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Suneung-a egiteak hegokorear guztien eguneroko bizitzari eragiten dio. Ikasle guztiak azterketa-zentrora iristen direla bermatzeko, gobernuak enpresak behartzen ditu egun horretan lanaldiaren hasiera atzeratzera eta, horrela, auto-ilarak saihestera.[3] Polizia nazionala ere mobilizatzen dute trafikoa zaintzeko, eta tokiko administrazioek garraio publikoa eta taxi-zerbitzua indartzen dituzte.[3]
Aireko trafikoari dagokionez, ezin da hegazkinik lurreratu edo aireratu ingelesezko entzumen-ulermeneko probek irauten duten bitartean, EBS irrati hezitzaileak zuzenean eskaintzen baititu proba horiek.[3][6]
Ohikoa da ikaslearen senideak eta lagunak eskolako atarian kontzentratzea, azterketa egin aurretik animatzeko; azterketa egin bitartean, debekatuta dago deskontzentratu ditzakeen edozein zarata egitea. Aurreko asteetan elizetara joaten direnen kopuruak ere gora egin du, eta bertan eskaintzak egiten dira hautagaiek arrakasta izan dezaten.[5]
Suneunga sartu zenetik, Hego Koreak hezkuntza-sistemaren emaitza akademikoak hobetu ditu. PISA txostenean, herrialdearen emaitzak batez bestekoaren gainetik daude, eta 2012an lider izatera iritsi zen.[7]
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «South Korean students' 'year of hell' culminates with exams day» CNN 2011-11-13.
- 1 2 3 (Ingelesez) «Point me at the SKY» The Economist 2013-11-8 ISSN 0013-0613..
- 1 2 3 4 (Ingelesez) «595,000 Students to Take College Entrance Exam» Korean Broadcasting System.
- 1 2 (Ingelesez) «El estresante examen estudiantil en Corea del Sur que paraliza todo el país» BBC 2018-11-15.
- 1 2 3 (Gaztelaniaz) «Estudiar hasta la muerte en Corea del Sur» El Mundo.
- ↑ (Ingelesez) «Keep Quiet - It Is the Suneung Exam Day - EVS Translations» EVS Translations Blog 2018-11-15.
- ↑ (Gaztelaniaz) «Así ha escalado la educación de Corea del Sur al podio mundial» ABC 2012-10-16.