Suona
| Suona | |
|---|---|
| Deskribapena | |
| Mota | Adar |
| Hornbostel-Sachs sailkapena | 422.112 |
| Jotzailea | Q113637113 |
Suona (txinera tradizionalez: 嗩吶; pinyinez: suǒ nà) oboearen edota sunprinuaren taldeko musika tresna bat da, Txinako musika tradizionalean erabiltzen dena. Aerofonoen multzokoa da, mihi bikoitzekoa.
Soinu ozena eta oso altua duenez normalean aire librean jotzen duten musika taldeek erabiltzen dute[1], ezkontzatan, hiletatan, prozesioetan... Musika militarrari oso loturik dago.[2] Talde hauei chuida edo guchui esaten zaie eta suonaz gain shengak, gongak eta danborrak erabiltzen dituzte.[3]
Etimologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txinako eremuaren arabera hainbat izen ditu, suona, dida, laba edo haidi.[4]
Hedapen geografikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txinan erabiltzen den musika tresna da. Txina ekialdeko Shandong eta Henan probintzietan jotzen da bereziki.
Suonaren antzekoa da Kuban erabiltzen den corneta china musika tresna, txinatar migratzaileek eraman zutena. 1915etik "conga santiaguera" jotzeko ezinbesteko tresna da.[5]
Antzerako musika tresnak dira taepyeongso (Korean), kèn (Vietnamen) eta charumera (Japonian). Japoniako charumera izena portugesetik dator eta gaur egun bereziki ezaguna da kaleko ramen saltzaileek erabilten dutelako.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mihi bikoitzeko soinu-tresna da. Tutu konikoa du banbu imitazio torneatuekin eta behekaldean letoizko luzapen eta kanpaiarekin. Tonu aldaketarako 8 zulo ditu (7 aurrealdean eta 1 atzekaldean). Pitari dagokionez, letoizko tudela (kanpotik diametro desberdinekin), ezpainetako tope moduko plastikozko txapa zilindrikoa eta kanaberazko mihiak ditu.
XX. mendean suonaren ekoizpena Txinan estandarizatu zen eta soinuaren araberako hiru familia sortu ziren, zhōngyīn suǒnà (中音 嗩吶; "Suona altua"), Cì zhōng yīn suǒnà (次中音唢呐; "Tenor suona") , and dīyīn suǒnà (低音 嗩吶; "Suona baxua")
Teknika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Suona jotzaileak ahoa kanabera txikiak erabat estaltzen dituelarik, arnasketa zirkularra (sudurretik arnastuz) erabiltzen du tonu konstante bat mantentzeko.[4]
Gaur egun suona Txinatar orkestrarentzako moldaturik aurkitzen da. Orkestrako gainerako musika tresnak ez bezala, suona tradizionala da eta giltza estandarrik ez duenez ezin dira melodia konplexuegiak egin. Horregatik orkestrako suona jotzaileak beste musika tresna batzuk ere alboan izaten ditu emanaldietan jotzeko.[2]
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ez da zehazki ezagutzen suonaren jatorria, baina antzinakoa dela jakina da, Jin dinastiako (265-420) testu batzuetan agertzen baita. Pentsatzen da Erdialdeko Asian sortu ziren sorna edo zurna izan daitekeela suonaren arbasoa eta txinatarrek ezagutu zutenean izena moldatu zutela.[6] Beste aditu batzuek Arabian[7] edo Indian[2] sortu zela diote.
Zetaren Bideko monumentu budista batean musikari baten marrazkia dago suona dirudien tresna bat jotzen, Xinjiang probintziako Kizil herrian.[4] III. eta IV. mendeen artean dataturik dago. Shadong probintzian badira garai hartako beste margolan batzuk prozesio militarretan eta zaldi gainean jotzen agertzen direnak.
Ming dinastiako (1368–1644) literaturan aipatzen da lehen aldiz, eta Txinaren iparraldean oso ezaguna zela ikusten da. Ming dinastian eta ondorengo Qing dinastian (1644–1912) tresna oso herrikoia zen eta haize eta perkusioko taldeek erruz erabiltzen zuten ezkontzatan, hiletatan edota ospakizunetan besteak beste. Folkloreko abestietan, dantzetan eta operatan ere erabili izan da historian zehar.[8]
Suona jotzaile ezagunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Liu Qi-Chao (刘起超)
- Liu Ying (刘英)
- Song Baocai (宋保才)
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Suona tradizionalak.
-
Hainbat suona.
-
Suona jotzailea, 1953an.
-
Suona jotzailea.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Konghou 箜篌 - Suona 唢呐 - Sound of Mountain Music» www.soundofmountain.com (kontsulta data: 2025-12-27).
- ↑ a b c «Introduction of Traditional Chinese Wind Instrument - Suona» www.eason.com.sg (kontsulta data: 2025-12-27).
- ↑ (Ingelesez) «Behind the Chinese Suona, a quickly fading instrument» The World of Chinese (kontsulta data: 2025-12-27).
- ↑ a b c (Ingelesez) «Suona (嗩吶 ) - Chinese - The Metropolitan Museum of Art» www.metmuseum.org (kontsulta data: 2025-12-27).
- ↑ (Ingelesez) Fernández, Rolando Antonio Pérez. (2014-01). «The Chinese Community and the Corneta China: Two Divergent Paths in Cuba» Yearbook for Traditional Music 46: 62–88. doi:. ISSN 0740-1558. (kontsulta data: 2025-12-27).
- ↑ (Ingelesez) «Suona - Orichinese» Orichinese 2013-02-27 (kontsulta data: 2025-12-27).
- ↑ Britannica editoreak. Suona. .
- ↑ «唢呐» 中华的声音 (kontsulta data: 2025-12-27).