Susanna M. Salter
| Susanna M. Salter | |||
|---|---|---|---|
1887ko apirilaren 4a - 1888 | |||
| Bizitza | |||
| Jaiotzako izen-deiturak | Susanna Madora Kinsey | ||
| Jaiotza | Belmont konderria, 1860ko martxoaren 2a | ||
| Herrialdea | |||
| Heriotza | Norman, 1961eko martxoaren 17a (101 urte) | ||
| Hobiratze lekua | Argonia | ||
| Hezkuntza | |||
| Heziketa | Kansas State University (en) | ||
| Jarduerak | |||
| Jarduerak | politikaria | ||
| Kidetza | World Woman's Christian Temperance Union (en) | ||
| Ideologia eta sinesmenak | |||
| Alderdi politikoa | |||
Susanna Madora Salter (Lamira, Ohio, 1860ko martxoaren 2a - Norman, Oklahoma, 1961eko martxoaren 17a) estatubatuar politikaria eta ekintzailea izan zen.
1887tik 1888ra Argoniako (Kansas) alkate izan zen, eta Estatu Batuetan kargu horretan aritu zen lehen emakumea izan zen.[1]
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Susanna Madora Kinsey 1860ko martxoaren 2an jaio zen Smith udalerriko Lamira komunitatean, Belmont konderrian, Ohion.[2] Oliver Kinsey eta Terissa Ann White Kinseyren alaba zen, Ingalaterrako kolono kuakeroen ondorengoak.
12 urte zituela Kansasera joan zen bizitzera gurasoekin eta Silver Laketik gertu dagoen 80 akreko (32 hektarea) etxalde batean finkatu ziren. 1878an Kansas State Agriculture Collegen (gaur egungo Kansas State University) sartu zen, Manhattanen. Bigarren hezkuntzan zegoela unibertsitate-mailako ikasketak egin zituen, baina graduatzeko sei aste falta zitzaizkiola utzi behar izan zituen ikasketok, gaixotasunagatik.
Ikasle zela Lewis Allison Salter ezagutu zuen, abokatu izan nahi zuen gaztea, Kansasko gobernadoreorde ohi Melville J. Salterren semea. Handik gutxira ezkondu ziren eta Argoniara joan ziren bizitzera. Han, Emakumearen Kristau Neurritasunaren Batasunean eta Debekuaren Alderdian ekintzaile aktiboa izan zen. Carrie Nation ekintzailea ere ezagutu zuen.
1883an, Argonian jaiotako lehen haurra erditu zuen, Francis Argonia Salter. Lewis eta Susanna Salterrek bederatzi seme-alaba izan zituzten guztira, horietako bat alkate izan zen garaian jaio zen eta haurtzaroan hil zen. 1885ean aita eta senarra hiriko lehen alkate eta lehen udal-idazkari hautatu zituzten, hurrenez hurren.

Salter Argoniako alkate hautatu zuten 1887ko apirilaren 4an. Bere aukeraketa ezustekoa izan zen. Gizon talde batek bere izena hautagaien arbel batean jarri zuen, honen porrotak emakumeak umiliatuko zituelakoan, politikan parte hartzeko gogoa kenduz.
Hautagaiak hauteskunde eguna baino lehen publiko egin behar ez zirenez, Salterrek berak ez zuen jakin hautagaia zenik hauteskunde egunera arte. Hauteskunde egunean bertan Salterrek esan zuen hautatua izanez gero kargua onartuko zuela. Hala, Emakumeen Kristau Neurritasunaren Batasunak Salterren alde bozkatu zuen. Horrez gain, herriko Alderdi Errepublikanoak ere haren alde egin zuen. Ondorioz, bi herenen gehiengoarekin aukeratu zuten.[3]
Bere agintaldia gorabeheratsua izan zen arren, bere hautaketak interes nazionala sortu zuen prentsan.
Alkate agintaldiaren ondoren, Salterrek eta bere familiak Argonian bizitzen jarraitu zuten, 1893an senarrak Oklahoman lurrak eskuratu zituen arte. Hamar urte geroago Augustara joan ziren bizitzera, Oklahomako Woods konderrira. Han senarrak zuzenbidea praktikatzen zuen eta Headlight egunkaria sortu zuen.
1916an, senarra hil ondoren, Normanera (Oklahoma) joan zen bizitzera, eta seme-alaba txikienei lagundu zien Oklahomako Unibertsitatean ikasten zuten bitartean. Normanen bizi izan zen hil arte, eta gai erlijioso eta politikoekiko interesa mantendu zuen. Baina ez zuen berriro kargurik bete.
Salter 1961eko martxoaren 17an hil zen, Normanen (Oklahoma), 101 urte bete eta bi astera. Argonian lurperatu zuten, senarrarekin batera.
Oharra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alkate aukeratu zuten lehen emakume estatubatuarra Nancy Smith izan zen, Iowa estatuko Oskaloosa herrikoa. 1862an aukeratu zuten beste hautagaiaren kontrako protesta gisa, baina ez zuen kargua bete.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Koerth-Baker, Maggie. «Why We Don't Know How Much Sexism Is Hurting Clinton's Campaign» FiveThirtyEight.
- ↑ Billington, Monroe. (Autumn 1954). Susanna Madora Salter – First Woman Mayor. kancoll.org.
- ↑ «Susanna Madora Salter profile» emilytaylorcenter.ku.edu May 22, 2013.