T-baztanga[1] (lehen, tximino-baztanga; nazioartean, mpox[2]) gaixotasun infekziosoa da, baztangaren familiako birus batek sortua, gizakiei eta beste animalia batzuei eragin diezaiekeena[3][4]. Sintomen artean, anpuluak sortzen dituen erupzio bat dago, eta, ondoren, zarakarrak, sukarra eta gongoil linfatikoen hantura. Gaixotasuna arina izan ohi da, eta kutsatutako pertsona gehienak aste gutxiren buruan sendatzen dira, tratamendurik gabe. Sintomak agertu arte igarotako denbora bost eta hogeita bat egun artekoa da, eta sintomek bi eta lau aste artean iraun ohi dute[5]. Hala ere, kasuak larriak izan daitezke, batez ere haurrengan, haurdun dauden emakumeengan edo immunitate sistema ahulduta duten pertsonengan[6].
Gaixotasuna Orthopoxvirus monkeypoxek eragiten du, lehen «tximinoaren baztangaren birusa» zena, Orthopoxvirus generoko birus zoonotikoa. Variola birusa, baztanga sortzen duena, genero horretakoa da. Pertsona batetik besterako transmisioa larruazalarekin edo gorputzeko fluido infektatuekin kontaktu zuzena izateagatik gerta daiteke, sexu-kontaktua barne. Pertsonak infekziosoak izaten jarraitzen dute sintomak agertu zirenetik lesio guztiek zarakarrak sortu eta orbaindu diren arte. Birusa kutsatutako haragiaren manipulazioak kutsatutako animaliengandik edo hozkaden edo harramazken bidez heda daiteke. Diagnostikoa berresteko, polimerasaren kate-erreakzioa (PCR) erabil daiteke, lesio batean birusaren DNA detektatzeko.
Infekzio-arrisku handia duten pertsonei txertoa jartzea gomendatzen da. Baztangaren aurkako txerto berezirik ez da garatu, baina baztangaren aurkako txertoak eraginkorrak direla frogatu da[7]. Ez dago gaixotasunarentzako tratamendu espezifikorik; beraz, tratamenduaren helburua sintomak kontrolatzea eta konplikazioak prebenitzea da. Birusen kontrako sendagaiak (tecovirimat, adibidez) erabil daitezke t-baztanga tratatzeko, baina ez da frogatu eraginkorrak direnik[8].
T-baztanga endemikoa da Erdialdeko eta Mendebaldeko Afrikan, eta zenbait ugaztun-espeziek birusaren gordailu natural gisa jokatzen dutela susmatzen da. Lehen giza kasuak 1970ean diagnostikatu zituzten, Basankusun (Kongoko Errepublika Demokratikoa). Harrezkero, agerraldien maiztasuna eta larritasuna nabarmen handitu dira, ziurrenik baztangaren aurkako txertaketa sistematikoa amaitu zenetik immunitatea murriztu izanaren ondorioz[9]. 2022-2023an II. klanaren mundu mailako agerraldi bat izan zen Afrikatik kanpoko transmisio komunitario orokorraren lehen intzidentzia. 2022ko uztailean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Nazioarteko Garrantziko Osasun Publikoko Larrialdia (PHEIC) izendatu zuen. OMEk 2023ko maiatzean irauli zuen estatus hori, agerraldia kontrolpean egon zenean, txertaketa eta osasun publikoko informazioaren arteko konbinazio bat kontrol neurri arrakastatsu gisa aipatuz[10].
2023an Kongoko Errepublika Demokratikoan I. kladoko t-baztanga agerraldi bat atzeman zuten. 2024ko abuztuan, Afrikako hainbat herrialdetara zabaldu da, eta, horren ondorioz, beldur dira giza transmisio iraunkorragora egokitu ote den[11][12]. 2024ko abuztuaren 14an, OMEk agerraldi hori PHEIC izendatu zuen[13]. Hurrengo egunean, Afrikatik kanpoko lehen kasua jakinarazi zuten Suedian[14].
T-baztangaren birusak (Monkeypox, ingelesez) sortzen du gaitza. Birus hori Orthopoxvirus generoan sailkatuta dago, beste birus batzuekin batera (besteak beste, baztangarena). Genero honetako birusak handiak dira, eta kate bikoitzeko DNA dute material genetikoa, simetria konplexadun nukleokapsida baten barruan [15].
Birus honek tximinoetan zein gizakiengan sortzen du gaitza. 1958an aurkitu zuen Preben von Magnus mikrobiologiak laborategiko makako batean.
Gaitzaren gordailu natural nagusia animalia karraskariak dira (arratoiak, muxarrak, katagorriak...). Izenak hori aditzera eman arren, tximinoak ez dira birusaren gordailua, birusak infektatzen dituen ostalariak baizik.
Gaitzaren transmisioa bi bide ezberdinetatik gauza daiteke: transmisio zoonotikoa, birusaren eramailea den animalia batekin kontaktua izatean, ala gizakien arteko transmisioa, gaixo batek pertsona osasuntsu bat kutsatzen duenean. Bigarren kasu honetan harreman estua eta iraunkorra eman behar da gaixo batekin infektatuta izateko, beste gaixotasun birikoen aldean (gripea, COVID-19...) tximino-baztanga ez baita oso kutsakorra. Antza, txistuaren bidez edo larruazalean agertzen diren erupzioekin kontaktua egiterakoan kutsatzen da gaitza [16].
1970ean deskribatu zen, Kongoko Errepublika Demokratikoan, tximino-baztangaren lehenengo giza infekzioa. Harrezkero, Afrika Erdialdean eta Mendebaldean hainbat agerraldi gertatu dira, eta inguru hartan gaitza endemikoa da. 1997an agerraldi oso bortitza gertatu zen Kongoko Errepublika Demokratikoan [17]
2003an, ordea, gaitza Afrikatik irten eta AEBetara iritsi zen, bertan kasu ugari sortuz. Antza, Afrikatik ekarritako maskota batzuek (Cricetomys gambianus) birus patogenoa AEBetara eraman zuten[18], pertsona asko kutsatuz.
2022an gaitzaren kasu berriak Europako Mendebaldeko hainbat estatutan azaldu ziren, hala nola AEBetan eta Kanadan ere. Lehenengo kasua Erresuma Batukoa izan zen, Afrikatik etorritako bidaiari batena. Pertsonen arteko kutsapenak gaitza nabarmen hedatu zuen 2022ko maiatzean [19]. Euskal Herrian lehenengo bi kasuak 2022ko maiatzaren 25ean baieztatu ziren, Gasteizen. Ekainaren hasieran kasuak bost ziren: bi Araban, bat Gipuzkoan eta bi Bizkaian, guztiak gizonezkoak.
Larruazaleko ohiko pustulak edo oilaurrak gaixo batean
Baztanga klasikoaren antzeko sintomak ditu tximino-baztangak, baina askoz arinagoak.
Inkubazio epea ez da laburra, 8-14 egun ingurukoa. Sukarra, buruko eta giharretako mina, gongoil linfatikoen hantura, nekea, eta geroago ohiko larruazaleko erupzioa (pustulak) dira sintoma nagusiak. Azken hauek aurpegian eta besoetan agertzen dira lehen, eta gero gorputzeko beste atal batzuetara hedatzen dira.
Sintomek 2-4 aste irauten dute, eta gero pertsona gehienek gaitza berez gainditzen dute [20]. Konplikazioak urriak dira, eta immunitate-sistema oso ahula dutenengan eta ume oso txikiengan gertatu ohi dira.
Gaixoaren anamnesiak eta sintomatologiak laguntza handia emango dio terapeutari diagnostikoaren zantzu batzuk izateko, hala nola testuinguru epidemiologikoak ere. Dena den, antzeko sintomak eragiten dituzten beste gaixotasun birikoekin nahas daiteke (baztanga, barizela, elgorria...). Horrenbestez, laborategiko azterketak (ELISA, PCR...) beharrezkoak dira behin-betiko diagnostikoa eman ahal izateko.
Ez dago tratamendu espezifikorik gaitz honen aurka. Kasu gehienetan gaixoaren immunitate-sistema birus patogenoari gailentzan zaio aste gutxitan. Arrisku handiko gaixoekin hainbat antibiral erabil daitezke.
Jakina da baztangaren aurkako txertoak (azken 40 urteotan erabili ez dena, baztangaren birusa 1980tik desagertuta dagoelako) babes handia ematen duela tximino-baztangaren aurka, immunitate gurutzatuaren fenomenoari esker [21].