Talken teoria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Talken teoria erreakzio kimiko batean, 2.erreakzioak energia nahiko eta orientazio egokia izan ez duenez ezin izan da molekula berri bat sortu.

Talken teoria Max Trautzek 1916an eta William Lewisek 1918an proposaturiko teoria bat da, erreakzio kimikoak nola gertatzen diren eta erreakzio abiadurak erreakzio ezberdinetarako zergatik ezberdintzen diren azaltzen duena. Erreakzio kimiko guztietan, substantzia batzuk eraldatu eta beste batzuk sortzen dira. Erreakzioa izan duten substantziei erreaktiboak deritze eta lortutakoei, produktuak.

Talka teoriaren arabera, erreaktiboen molekulak elkarren aurka talka egin eta haiek hausten direnean gertatzen dira erreakzio kimikoak. Talka horretan askatutako atomoak beste modu batera antolatzen dira, eta horren ondorioz, beste molekula batzuk eratzen dira.

Talka teoriaren arabera, bi substantziaren artean erreakzio kimiko bat gertatzeko, beharrezkoa da talka eraginkor bat gertatzea haien oinarrizko partikulen artean. Talka guztiek ez dituztelako molekulak hausten. Talka eraginkorra izateko bi baldintza hauek bete behar dituzte:

  • Energia zinetiko nahiko izatea loturen berrantolaketa eta substantzia berri baten eraketa gerta dadin. Energia zinetikoa bibrazio-energia bilakatzen da, loturen apurketa eragiten duena. Energia minimo hori ez badute, partikulek, erreakzionatu beharrean, errebotatu egiten dute. Talka eraginkorra izateko eta loturak hausteko behar den energiari aktibazio-energia, Ea, esaten zaio.
  • Talka egitean, orientazio egokia izatea. Adibidez nitrogeno dioxidoaren eta karbono monoxidoaren arteko erreakzio soilik gertatzen da NO2-aren oxigenoak CO-aren karbonoarekin talka egiten badu.

Partikulen abiadura garrantzi handikoa da, erreakziorik gertatu den ala ez jakiteko. Abiadura handia bada, izan ere, energia zinetikoa ere handia izango da, eta beraz, partikulen arteko talkak eraginkorragoak izango dira.

Erreakzioen abiadurak adierazten du erreaktiboak zer azkartasunez bilakatzen diren produktu.

Eragina duen faktoreen artean azpimarragarrienak dira:

  1. Zenbat eta handiagoa izan erreakzioaren tenperatura, orduan eta handiagoa da erreakzioaren abiadura.
  2. Zenbat eta handiagoa izan erreaktiboen kontzentrazio-maila , orduan eta handiagoa da erreakzioaren abiadura.
  3. Ukipen azalera zenbat eta handiagoa izan abiadura handiagoa da.
  4. Katalizatzaile bat molekula erreakzionatzaileen arteko talkan inplikatuta dagoenean, energia gutxiago behar da aldaketa kimikoa gertatzeko, eta, beraz, talka gehiagok dute erreakzioa gertatzeko adinako energia. Erreakzio-abiadura ere handitu egiten da, beraz.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]