Edukira joan

Taula margotu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Taula margotu
margolana
Materiala(k)zurra, panel (en) Itzuli eta Margoa

Taula margotua da margolan bat zeinean euskarri piktoriko gisa erabiltzen den zurezko taula bat, ez delarik bereizgarria erabiltzen den teknika (olio edo tenpera-pintura, nagusiki). Taula marko batean jarri daiteke, mihise gaineko pinturaren antzeko itxura lortuz, edo altzari-mota desberdinei forma ematen dieten piezen gainean, hala nola erretaula eta poliptikoak, sarkofago edo aldareetan itsatsita, edota egunero erabiltzen diren hainbat objektutan.

Erretaulen parte dira sarri taula margotuak, baina altzaritik askatzen direnean lana zatitu delako edo altzariaren osagarriak desagertu direlako, lan horiei taula esaten zaie ohikoan, hala nola Santa Katalinaren taula (Chicago, Añastroko maisuarena), edo Epifaniaren eta Aurkezpenaren taula (Iruñeko Katedrala). Lan batzuetako panelen zatiketak eman du Baina propio taula gisa sortutako lanak ere badira, hala nola Mendaro marinelaren botozko taula (15. mendea, Zumaia).

Antzinatetik aplikatu izan da pintura egurrean. Egiptoko sarkofagoak, K.a. 2000. urtekoak, askotan margotuta daude, gehienetan enkaustika teknikarekin. Erromatarren garaiko Egipton, Fayum-en hileta-erretratu ospetsuak nabarmentzen dira, II. mendetik IV. mendera bitartekoak.

Hala ere, Erdi Aroan hedatu zen batik bat taula gaineko margolaritza, eta goieneko unera iritsi ere bai. Garai erromanikoan, zurez egindako hainbat altzari-pieza margotu ziren, hala nola baldakinoak edo frontalak. [1] Margotzen zen egurra, askotan, altzariena eta egunero erabiltzen ziren beste objektu batzuena zen, pinturaren bidez apaintzen zelarik. Horrela, XIII. eta XIV. mendeetan, Italian bereziki, gurutzeak margotzen ziren, Giunta Pisanoren obran ikus daitekeenez. Pinturaz apaindutako eguneroko beste objektu batzuk ezteitarako cassoni kutxak izan ziren. Horien adibide da Botticelliren Nastagio degli Onesti margo sorta.

Behe Erdi Aroan, batez ere, tenperan margotu zen, egurraren gainean, taula indibidualetan edo zenbait taula batera jarrita, erretaula eta poliptikoetan. Erretaulen kasuan mihiseak ere integratu izan dira taula margotuekin batera, eta batez ere erliebe polikromatuak, edo eskultura exentuak).

Taula gaineko pintura honen punturik gorena flandestar primitiboen lana da (15. mendea). Maisu haiek olio-pintura erabiltzen zuten, bakarrik, bai tenperarekin batera teknika mistoa erabiliz. Hurrengo mendeetan ere erabili zen, neurri txikiagoan bada ere.

Taula margotuetan gehien erabili izan den zura intxaurrondoa, pinua edo izeia izan da, nahiz eta eskualdearen arabera materiala zuhaitz-espezieen mende zegoen; izan ere, Italian makala erabiltzen zen, eta Europako iparraldean, haritza eta pagoa. Euskarri piktoriko gisa erabiltzen diren zur gogorrezko beste taula batzuk urkia, zedroa edo makal zuria dira. Aro Modernoan, zur tropikal gogorrak erabiltzen hasi ziren, hala nola kaoba.

Gainazal hori prestatzeko, teknika osagarriak behar ziren. Lehenik eta behin, oso lan handia baldin bazen, hainbat ohol lotu behar ziren elkarren artean, zurezko eta ez metalezko larakoak erabiliz, burdinazko iltzeak herdoildu egiten baitira; prozesu hori Teofiloren De Diversibus Artibus (12. mendearen hasiera) edo Cennino Cenniniren Il Libro dell'Arte (1390) lanetan deskribatzen da.

Azken lan horretan, 1400. urtera arte ohikoa izan zen «oihaleztatzea» ere deskribatzen da: egurraren baturak eta beste akats batzuk zurari itsatsitako lihozko oihalen bidez estaltzen ziren. Igeltsatzea ere egiten zen, igeltsuzko geruza fin batez estaltzen zen zura (eta zirrikituak bete), gainazal urarekiko iragazgaitza lortuz, haren gainean margotzeko egokia. Italierazko igeltsua izendatzeko hitza, gesso, ematen zaio teknika honi. Azkenik, urre-kolorea ematen ahal da urre-xaflak gehituz. Urrea aplikatuta gesso erliebearen gainean, adibide bikainak dirugu Gentile da Fabrianoren Magoen Gurtzan (1423, Uffizi, Florentzia)

Gai piktorikoa taula gainean finkatzeko, tratamenduren bat ere egiten ahal zaio, adibidez, berun-zuriz estaltzea oinarri argitsu bat emateko.

Zuhaitz-enborraren ebakiduren orientazioak panelaren egonkortasuna eta kontserbazioa zehazten ditu halaber. Zehar-ebaki erradialak dira gomendagarrienak, deformazioaren aurrean duten erresistentzia bereizgarria dela eta. Zurezko panel bat pinturazko euskarri gisa erabili aurretik, zura lehortzen utzi behar da, eta hezetasuna galtzeko prozesu horrek urteak har ditzake, horretan lan egiten zuten gremioek 10 urteko epeak ere zehazten zituztelarik margolarien lantegiei eskainitako kontratuetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Blog, The Frame. «shuttered altarpieces» The Frame Blog (kontsulta data: 2025-09-29).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]