Team 10

Wikipedia, Entziklopedia askea
Team X» orritik birbideratua)
Team 10eko hainbat kide, 11. eta azken CIAM biltzarrean (Otterlo, 1959).

Team 10 edo Team X Mugimendu Modernoaren berrikuspen kritikoa sustatu zuen arkitekto eta hirigileen taldea izan zen.

Taldearen hastapenak 1953an kokatu ohi dira, haien lehen biltzarra Team 10 izenpean 1960an Bagnols sur Cezen garatu bazuten ere. Azken bilera, berriz, 1981an Lisboan izan zen, bertan lau partaide soilik egon zirelarik.

Taldearen gunea zazpi arkitektok osatu zuten, alegia, Jaap Bakema, Georges Candilis, Giancarlo De Carlo, Aldo van Eyck, Alison eta Peter Smithson eta Shadrach Woods arkitektoek. Horietaz gain, partehartzaile gehiago izan ziren Team 10 taldeak antolatutako biltzarretan, besteak beste, Jose Antonio Coderch, Ralph Erskine, Amancio Guedes, Herman Hertzberger edo Oswald Mathias Ungers.

Taldearen eragin teorikoa handia izan zen XX. mendeko bigarren erdialdeko Europako arkitekturaren testuinguruan.

Izena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

CIAM arkitektura-biltzar internazionaletan dago Team 10 taldearen izenaren jatorria. Biltzar horien hamargarren saioa, Dubrovniken garatu zena, alegia, arkitekto gazte talde batek antolatu zuen, geroago Team 10 gisa ezaguna izango zena. Handik aurrera, taldea haren biltzar propioak antolatzen hasiko zen, erakunde berria formalki aldarrikatu gabe.

Pentsamoldea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Robin Hood Gardens izeneko eraikina, Londres, Alison eta Peter Smithson arkitektoek diseinatua eta 1972an bukatua

Taldeak ez zuen teoria orokor edo estilo adosturik jarraitzen. Taldea baino, gizabanakoz osatutako multzo sasi-antolatuaz hitz egin daiteke soilik. Hala ere, ezaugarri komunak ere bazituzten, besteak beste, kalean garatzen ziren jarduerekiko interesa, umeen jolasen munduarekiko lilura, edota arkitekturaren gizarte-baloreenganako sinesmena.

Taldeok aldarrikapen adostu bakarra argitaratu zuen 1954an, talde gisa eratu baino lehen, Doorneko manifestua deitua. Bertan, CIAMen Atenasko Agiriaren aurkako ideiak kaleratu zituzten, hirigintzak konplexutasun-maila ezberdineko komunitateek osatzen zutela esanez, eta bakoitzak osotasun baten moduan tratatu beharra zegoela azpimarratuz. Hori guztia grafikoki azaltzeko Patrick Geddesen 1909ko Haranaren Sekzioaren moldaketa bat prestatu zuten, hirigintza-eskala bakoitzak (hiria, herria, herrixka eta baserriak) habitat ezberdina osatzen zuela esanez, dentsitate ezberdinarekin garatu behar zena[1].

Kalearen ohiko elementuari alternatiba garaikidea bilatzen saiatu ziren taldeko partaide ezberdinak, plataforma-kalearen ideia (street-deck) modu ezberdinetan garatuz. Taldeko partaide gehienek antzerako metaforak erabili zituzten haien proiektuak azaltzeko, kasu, sarearena (web), zurtoinarena (stem), mordoarena (cluster) edota kasbah antolatuarena.

Bilera nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) Doorneko manifestua

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • RISSELADA, MAX & VAN DEN HEUVEL, DIRK: Team 10. 1953-81. In search of a Utopia of the present, NAI Publishers, Rotterdam, 2003. ISBN 90-5662-471-7
  • SMITHSON, ALISON: Manual del Team 10, Ediciones Nueva Visión, Buenos Aires, 1966.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]