Teilatu putzudun

Wikipedia, Entziklopedia askea
Teilatu putzudunak dituzten lantegiak, Txonta (Eibar) auzoan, Eibarren.

Teilatu putzuduna, urezko estalkia edo putzua duen lantegi bateko zabaltza laua, Euskal Herriko 20. mendeko arkitektura industrialeko egitura berezi eta originala da, bereziki Deba Ibarrean garatua, eta 21. mendeko lehen laurdenean oraindik adibideak dituena.

Historia eta ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egitura hauek ikertu dituen Ramon Ugalde historia irakaslearen ikerketen arabera[1][2], 20. mendeko lehen zatian, mundu gerren arteko aroan, hasi zen eraikuntza mota hedatzen, baina Frankismoaren urteetan garatu zen gehienbat. Era desberdinetako eraikinak estaltzeko erabili zen, gehien iraun dutenak lantegietako teilatuak izan diren arren: lantegiak, baserriak, etxeak, laborategiak, zinema aretoak, ikuztegi edo labaderoak, baserriko tresnak gordetzeko txabolak, ur biltegiak.

20. mendeko arkitektura arrazionalistarekin hedatutako estalki lauen interpretazio lokala deritzo Ugaldek egitura honi.

Teknika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teilatu lau hauek egiteko inguruko materialak erabil ziren. Area, burdinazko barillak, porlana, kofratuak egiteko oholak eta apeak, iltzeak, eta ura eraikin gainera eramateko hodiak eta punpak ere euskal industriak ekoizten zituen. Langileen aldetik, kofratugileen ekarpena izaten zen funtsezkoa.

Masa, (area, ura eta porlana) eraikinaren ondoan egiten zen eta garabi batekin goi aldera jaso, zutikoetan (posteetan) langileek makila sendo batzuekin sakatu egiten zuten ura kentzeko eta gogortasuna eta sendotasuna lortzeko. Horrelako eraikinetan oraindik ikus daitezke ohol luzeen markak. Arkitekto arrazionalistek asko baloratzen zituzten kofratuko oholak utzitako markak. Ur geruzari eusteko eraikinaren inguru guztian horma txiki bat jasotzen zuten (albo horma) batzuetan adreiluzkoa eta besteetan hormigoizkoa. Altuera 30 cm-koa gutxi gorabehera. Azken eraikinetan 50 cm-tik gorakoa izaten da. Hormigoizko geruzaren lodiera 10/12 cm-ko izaten da eta ur geruzaren sakonera 15 cm-koa.

Ur geruza horrekin azpiko hormigoizko geruza ez da zartatzen, hau da printzatzeko arriskua ekiditen da. Hormigoiari ez zioten aparteko tratamendurik ematen. Teilatua guztiz laua ez izatea ere ohikoa da, argi-zulo edo linternak ohikoak dira, eta baita beheko berogintzaren irteerarako tximiniak.

Teknika eraginkorra garatu zen, eta itoginak oso urriak dira teilatu hauetan; izotzak arazo gehiago sor ditzake egituran. Hala ere, 21. mendean geratzen diren teilatu putzudunetan oso mantentze lan gutxi egiten da, eta ez dute hala ere arazorik ematen,

Abantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Urezko estalkiak abantaila praktikoak eskaintzen ditu. Isolamendu termikoa eta akustikoa oso onak dira. Neguan beroa oso ondo gordetzen da eta udan eguzkiaren gehiegizko beroa pasatzen ez du uzten teilatuak. Era berean ur-biltegiak izaten ziren teilatu hauek: nekazaritza ingurunean baratzerako, edo lantegietan makinak hozteko, edo komunen zisternetarako ere bai.

Naturan eragina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Putzuetan ohikoa izaten zen arrainak uztea, karpak normalean, eta landare eta zomorroekin ekosistema txikiak osatzen ziren. Txorientzat elikatze guneak izan ohi dira; bereziki garrantzitsuak hainbat urtetan, industrializazioak errekak kutsatu edo estali zituenean; gune industrialetan martin arrantzaleak eta buztanikara horiak bizirauteko inportanteak izan dira[3][4].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Ugalde, Ramon. (2020). Urarekin arkitektura egiten zenekoa. Mondraberri Arrasateko Ataria (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).
  2. (Gaztelaniaz) «El encanto de las cubiertas de agua» El Diario Vasco 2020-09-26 (Noiz kontsultatua: 2020-12-01).
  3. «https://twitter.com/asarasua/status/1333867994053795841» Twitter (Noiz kontsultatua: 2020-12-03).
  4. «ur-makinista | Eibarko euskara» www.eibarko-euskara.eus (Noiz kontsultatua: 2020-12-03).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]