Teknologiaren historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Teknologia berriak

Teknologiaren historia erreminta eta tekniken asmakuntzaren historia da, eta gizateriaren historiaren kategorietako bat da.

Teknologiak barne hartzen ditu, harrizko instrumentuak eta halako metodo sinpleak, edota ingeniaritza genetiko eta 1980ko hamarkadatik sortu diren informazioaren teknologia eta antzeko metodo konplexuak. Teknologia terminoa techne,(artea eta artisautza) eta logos, (hitza eta diskurtso) hitz grekoetatik dator. Hasiera batean arte aplikatuak adierazteko erabiltzen zen, baina gaur egun, inguratzen gaituzten ingurumeneko aurrerapenak eta aldaketak adierazteko erabiltzen da.

Ezagutza berriak gauza berriak sortzea ahalbidetu digu, eta alderantziz, esfortzu zientifiko asko burutu daitezke antzina ezinezkoa zen lekuetara bidaiatzera laguntzen duten teknologiei esker.

Teknologiaren zati handi bat zientzia aplikatua denez, historia teknikoa zientziaren historiarekin erlazionatuta dago, eta teknologiak errekurtsoak erabiltzen dituenez, historia teknikoa ekonomiaren historiari estuki lotuta dago. Errekurtso horiei esker teknologiak beste errekurtso batzuk lortzen ditu, eguneroko bizitzan erabiltzen ditugun tresna teknologikoak barne.

Aldaketa teknologikoek sozietateko tradizio kulturaletan eragiten du, baina baita alderantziz ere. Oso garrantzitsua da hazkunde ekonomikorako. Hortaz gain, boterea eta aberastasun ekonomikoa, politikoa eta militarra garatzeko eta erakusteko baliabide bat da.[1]

Teknologiaren garapenaren neurketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Soziologo eta antropologo askok teoria sozialak sortu dituzte garapen sozial eta kulturalari buruz. Lewis H. Morganek, Leslie Whitek eta Gerhard Lenskik adierazi dute teknologiaren aurrerapena dela gizakiaren zibilizazioaren aurrerapena bultzatzen duen arrazoi nagusia. Morganek dio garapen soziala hiru etapa nagusietan (basakeria, ankerkeria eta zibilizazioa) banatzen dela. Kontzeptu hau gertaera teknologikoetan banatu daiteke. Whitek argumentatu zuen energia zela kulturaren eboluzioa epaitzeko tresna.[2]

Whiten ustez, “kulturaren funtzio primarioa energia aprobetxatu eta kontrolatzea” da. Whitek gizakiaren garapenean bost etapa desberdintzen ditu: Lehenengoan, pertsonek beraien muskuluen energia erabiltzen du. Bigarrenean, etxeko animalien energia erabiltzen dute. Hirugarrenean, landareen energia erabiltzen dute (nekazaritza-iraultza). Laugarrenean , errekurtso naturalen (ikatza, petrolioa eta gasa) energia erabiltzen ikasten dute. Bosgarrenean, energia nuklearra erabiltzen dute.

Leski informazioan zentratzen da. Gero eta informazio eta ezagutza gehiago izan sozietate batek, gero eta aurreratuagoa izango da. Gizakiaren garapenean lau etapa desberdintzen ditu, zeintzuk komunikazioaren historiaren aurrerapenetan oinarritzen diren. Lehenengo etapan, informazioa geneek pasatzen dute. Bigarrenean, gizakiek sentsibilitatea lortzen dutenean, ikasi eta informazioa pasa dezakete experientziaren bidez. Hirugarrenean, gizakiak zeinuak eta logika erabiltzen hasten dira. Laugarrenean, sinboloak sortu eta hizkuntza eta idazkera garatzen dituzte. Komunikazioaren teknologian ematen diren aurrerapenek beste eragin asko dituzte. Sistema ekonomikoan eta politikoan, ondasunen banaketan, desberdintasun sozialean eta bizitza sozialeko beste arlotan eragina dute. Sozietateak ere teknologiaren, komunikazioaren eta ekonomiaren arabera sailkatzen ditu:

  • Ehiztari-biltzailea
  • Nekazaritza sinplea
  • Nekazaritza garatua
  • Industriala
  • Berezia (arrantza-gizartea adibidez).

Ekonomian, produktibitatea garapen teknologikoaren adierazle bat da. Produktibitatea handitzen da irteera unitate bat (esaterako, produktu bat) ekoizteko, orduan eta sargai (orokorrean lana eta kapitala, baina kasu batzuetan energia eta materialak ere bai) gutxiago erabiltzen direnean. Garapen teknologikoaren beste adierazle bat izan daiteke produktu eta zerbitzu berrien garapena, lan-sargaiak murrizteagatik sorturiko langabezia konpentsatzeko beharrezkoa dena. Herrialde garatuetan produktibitatearen hazkuntza mantsotuz joan da 1970 hamarkadaz geroztik. Halere, hazkuntza hau handiagoa izan da zenbait sektore ekonomikotan, esaterako fabrikazioan[3].

1970 hamarkadaren amaieratik zenbait soziologo eta antropologok, adibidez Alvin Toffler, Daniel Bell edo John Naisbittek, industria osteko gizarteen teoriak aztertu dituzte, azalduz gaur egun ezagutzen dugun gizarte industriala amaierara heltzen ari dela, eta zerbitzu eta informazio teknologiak garrantzitsuagoak bilakatzen ari direla industria eta ondasunekin alderatuz.

Garaiaren arabera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknologiaren historiaren laburpena garaiaren arabera:

  • Olduvai stone technology (Oldowan), orain dela 2,5 milioi urte (karrakailuak; animali hilak zatikatzeko).
  • Txabolak, orain dela 2 milioi urte.
  • Acheul aldiko harri teknologia, orain dela 1,6 milioi urte (eskuko aizkora).
  • Suaren sorkuntza eta manipulazioa, Paleolitotik erabilia, baliteke orain dela 1,5 milioi urte.
  • Itsasontziak, orain dela 900.000 urte.
  • Xabalina, orain dela 400.000 urte.
  • (Homo sapiens sapiens – giza anatomia modernoa, orain dela 200.000 urte inguru).
  • Lekeda, orain dela 200.000 urte.
  • Jantziak, orain dela 170.000 urte.
  • Harrizko erremintak, orain dela 100.000 urte.
  • Arpoia, orain dela 90.000 urte.
  • Arkua eta gezia, orain dela 70.000-60.000 urte.
  • Jostorratza, orain dela 60.000-50.000 urte.
  • Txirula, orain dela 43.000 urte.
  • Arrantza sarea, orain dela 43.000 urte.
  • Soka, orain dela 40.000 urte.
  • Zeramika, K.a. 25.000. urtean.
  • Arrantza amua, orain dela 23.000 urte.
  • Animalien etxekotzea, K.a. 15.000. urtean.
  • Arkua, eslinga, K.a. 9.000. urtean.
  • Mikrolitoa, K.a. 9.000. urtean.
  • Eskuz egindako adreiluak, K.a. 6.000. urtean.
  • Nekazaritza eta goldea, K.a. 4.000. urtean.
  • Gurpila, K.a. 4.000. urtean.
  • Gnomon, K.a. 4.000. urtean.
  • Idazteko sistemak, K.a 3.000. urtean.
  • Kobrea, K.a. 3.200. urtean.
  • Brontzea, K.a. 2.500. urtean.
  • Gatza, K.a. 2.500. urtean.
  • Orga, K.a. 2.000. urtean.
  • Burdina, K.a. 1.500. urtean.
  • Erlojua, K.a. 800. urtean.
  • Beira, K.a. 500. urtean.
  • Katapulta, K.a. 400. urtean.
  • Burdin urtua, K.a. 400. urtean.
  • Ferra, K.a. 300. urtean.
  • Estribua, K.o. lehenengo mendeetan.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Harri aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Harri aroa

Paleolitoaren zatirik handienean, beraz harri aroaren zatirik handienean, gizakiak erreminta mugatuak zituen eta kokaleku iraunkor gutxi batzuk. Lehenengo teknologia nagusiak biziraupenari lotutakoak ziren, ehizari eta janaria prestatzeari lotuta nagusiki. Garai honetako aurrerapen teknologiko nagusiak izan ziren harriz eginiko erreminta eta armak, sua eta erropa.

Giza arbasoek harria eta bestelako tresnak erabili izan dituzte orain dela 300.000 mila urte Homo Sapiens agertu baino askoz lehenagotik[4]. Harrizko erremintak egiteko lehendabiziko teknikak, Oldowan "industria" bezala ezaguna, gutxienez orain dela 2,3 milioi urte hasi ziren garatzen[5], tresna mota hauen erabileraren ebidentziak topatu zituztelarik Etiopian, Rift Haran Handian, gutxienez orain dela 2,5 milioi urteko datarekin[6]. Harriaren erabileraren garai honi Paleolitoa deritzo, edota "Harri aro zaharra", eta giza-historiaren zati osoa hartzen du nekazaritzaren sorrerara arte, gutxi gora behera orain dela 12.000 urte arte.

Antzinaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kobre eta brontze aroak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Kalkolitoa, Brontze aroa

Kobre aroa (edo kalkolitoa) kobrearen erabilera hasi zen aroari dagokio. K.a. 7000 urte inguruko kobre tresnak aurkitu dira Çayönü Tepesín (gaur egungo Turkian)[7]. Lehenengo kobrezko objektuak kakoak, eztenak, alanbreak edota jostorratzak izan ziren[8]. Halere, badirudi beranduago iritsi zela Mendebaldeko Europara (K.a. 2500. urtea aldera). Kobrea oso ugaria zenez lurraren gainazalean, gizakiak honi aprobetxamendua ateratzen ikasi zuen, ontziak eta armak eginez, baita metalurgiara lehenengo gerturapena egin ere, bai esperimentazioagatik edota kasualitatez, kobrea suaren gainera erorita[9].

Kobrea izan zen gizakiak erabili zuen lehenengo metala. Bere xaflakortasunak erraztu egin zuen erreminta eta tresnen ekoizpena. Gainera, hoztean harriaren gogortasuna lortzeaz gain, behin eta berriz zorrozteko aukera ematen zuen, baita berriz galdatzeko aukera ere[10].

Brontze aroa metal honen metalurgia garatu zen garaiari dagokio. K.a. 3500 urtetik K.a. 700 urtera arte iraun zuen, nahiz eta modu desberdinean garatu zen eremu geografikoaren arabera. Brontzea kobrearen eta eztainuaren arteko aleazio bat da, baina ez dago garbi nola eman zen honen aurkikuntza. Brontzea labanak edota ezpatak egiteko erabili zen[10]. Brontzeak aurrerapen nabarmena suposatu zuen harriz eginiko tresna eta lanabesekin alderatuz, bai erresistentzia eta harikortasuna bezalako propietate mekanikoengatik, baita moldeetan geometria konplexuko piezak sortzeko bere gaitasunagatik ere.

Brontzeak aurrerapen nabarmenak eraman zituen itsasontzigintzara, brontzezko lanabes nahiz iltzeak erabiltzen hasi zirelako. Brontzezko iltzeek oholak elkartzeko teknika zaharrak ordezkatu zituen (ordura arte oholak zulatu eta sokekin lotzen ziren)[11]. Itsasontzien hobekuntza hauek distantzia luzeko merkataritza ahalbidetu zuten.

Badirudi joera teknologiko hau Ilgora Emankorrean eman zen lehenengoz, eta gero zabalduz joan zela. Halere, hedapen hauek ez dira, gaur-gaurkoz, unibertsalak. Hiru adinen sistemak ez ditu zehaztasunez deskribatzen teknologiaren historiaren adinak Eurasiatik kanpo, eta ez da aplikagarria zenbait populazio isolatuetan, hala nola Amazoniako zenbait tributan nahiz sentineldarretan, non oraindik harri aroko teknologia erabiltzen den, eta nekazaritza edota metalen teknologia ez dagoen garatuta.

Burdin aroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: Burdin aroa

Burdin aroa burdinaren erabilera nabarmentzen hasi zen garaiari dagokio. Gainontzeko metalekin gertatu zen bezala, eremu geografikoaren arabera desberdina izan zen garapen hau. K.a. XII. mendean hasi zen Ekialde Hurbilean, Indian eta Antzinako Grezian, eta geroago hedatu zen Europako beste puntu batzuetara.

Burdin aroak burdinaren galdaketa ekarri zuen berarekin. Brontzea ordezkatu zuen eta lanabes erresistenteagoak, arinagoak eta merkeagoak ekoiztea ekarri zuen. Burdina fabrikatzeko lehengaiak, burdin-minerala eta kareharria esaterako, kobre eta eztainu mineralak baino askoz ugariagoak dira, eta horren ondorioz, burdina eremu geografiko ugaritan fabrikatu zen.

Ez zen posible altzairua edo burdin purua fabrikatzea, prozesu honek eskatzen zuen tenperatura altuagatik. Garai hartako labeek burdinaren urtze tenperatura lor bazezaketen ere, burdina urtzeko eta galdatzeko beharrezko arragoa eta moldeak garatu gabe zeuden artean. Altzairua fabrika zitekeen forjaketa prozesua aplikatuz zenbait burdinetan, nolabait kontrolatutako karbono murrizketa prozesu bat eraginez.

Zenbait eremutan burdin aroa Historiaurrearen eta Historiaren arteko muga kontsideratzen da[12], honen ondoren hasi baitzen idazketa garatzen. Halere, garapen hau ez zen unibertsala izan.

Mesopotamia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mesopotamia (gaur egungo Irak) eta bertako populazioa (sumerrak, akadiarrak edo asiriarrak) hirietan bizi ziren K.a. 4000 urtetik aurrera[13], eta arkitektura sofistikatua garatu zuten adreilu eta harriak erabiliz, benetako arkuaren erabilera barne. Babiloniako harresiak hain ziren handiak, ezen Munduko Mirari izendatu baitzituzten. Ur sistema zabalak garatu zituzten, ura garraiatzeko ubideak hegoaldean, eta ura biltzeko sistemak iparraldean. Bertako jauregiek drainatze sistema sofistikatuak zituzten[14].

Idazketa Mesopotamian sortu zen, idazkera kuneiformea erabiliz. Buztinezko tauletan nahiz harrian eginiko inskripzio ugarik biziraun dute garai horietatik.

Sei makina sinple klasikoetako batzuk Mesopotamian sortu ziren[15]. Uste da mesopotamiarrak direla gurpilaren sortzaileak. Tornua (gurpil eta ardatzez osaturiko mekanismoa) ere Mesopotamian agertu zen lehenengoz, K.a. V mendean[16]. Honek gurpildun ibilgailuaren sorrera ekarri zuen, K.a. IV mendearen hasieran. Palanka ura altxatzeko sistema batean erabili zen, ustez lehendabiziko garabia, K.a. 3000 urte inguruan[17]. Lehendabiziko poleen ebidentziak ere Mesopotamian aurkitu dira, K.a. II mende hasiera ingurukoak[18]. Torlojua, asmatutako azken makina sinplea[19], lehendabizikoz K.a. 911-609 urteen artean agertu zen[15].

Lehendabiziko gurpil hidraulikoaren eta ur-erroten ebidentziak K.a. IV mendekoak dira[20], zehazki pertsiar inperioan K.a. 350 urtean. Uraren indarraren erabilera aitzindari hau gizakiaren muskulu indarra ordezkatu zuen lehenengoa izan zen, itsasontzien belaz gain.

Egipto[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Egiptoarrak, lanabes modernoen sorreraren aurretik piramideak eraikitzeagatik ezagunak, hainbat makina sinple asmatu eta erabili zituzten, adibidez malda edo plano inklinatua, eraikuntza lanetan laguntzeko. Historialari eta arkeologoek piramideak eraikitzeko sei makina sinpleetako hiru erabili izanaren ebidentziak topatu dituzte. Makina hauek dira plano inklinatua, ziria eta eta palanka. Honi esker egiptoarrek 3,5 tonako milioika kareharri bloke mugitu ahal izan zituzten[21].

Idazketa ere garatu zuten papiroaren bitartez, eta batzuen ustez hau da paper modernoaren fundazioa. Papiroa landare bat da (cyperus papyrus), antzinaroan Nilo ibaiaren inguruan oso ugaria zena. Papiroa sortzeko prozesuan, uzta tiratan mozten zen, eta hauek bata bestearen ondoan kokatzen ziren, bertikalean, honen gainean landare erretxina zabaltzen zen, eta gainean bigarren papiro tira geruza bat kokatzen zen, kasu honetan horizontalean. Azkenik, zanpatu egiten zen orria lehortu arte[22].

Teknologiaren alor desberdinetan aurrerapenak egin zituzten egiptoarrek. Hossam Elanzeeryren arabera, egiptoarrak izan ziren denbora kontrolatzeko aparailuak erabili zituzten lehenak, hala nola eguzki-erlojua, itzal-erlojua edota obeliskoak. Astronomiaren inguruko ezagutza zabala zutenez, hau erabili zuten gaur egun oraindik erabiltzen den egutegi modelo bat sortzeko. Ontzigintza teknologia ere garatu zuten, papiro kanaberazko ontzietatik zurez eginiko itsasontzietara igaro zirelarik. Egiptoarrek anatomiaren inguruan ezagutza zabala zuten, eta gaur egun erabiltzen diren teknika batzuen oinarriak haien aurkikuntza zientifikoetatik eratorriak dira. Ezagutzen den lehenengotariko testu medikoa antzinako Egiptokoa da, non deskribatzen den garunaren azterketa, neurozientziara lehendabiziko gerturapena eginez[23].

Indus Harana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Indus Haraneko zibilizazioa, baliabide aberatseko eremu batean kokatua (gaur egungo Pakistan eta Indiako ipar-mendebaldean) ezaguna da bertako hirien antolakuntza plangintzagatik, osasun-teknologiengatik eta iturgintzagatik[24].

Txina[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txinatarrek aurkikuntza eta garapen ugari egin zituzten. Ekarpen teknologiko horietako batzuk sismografoak, poxpoloak, papera, helikoptero errotorea, erliebe mapa, burdinurtua, uraren bidez funtzionatzen zuten labe garaien hauspoak, altzairuzko goldea, hodi anitzeko ereilea, eskorga, konpasa, lema, balezta edota bolbora. Putzu sakonen zulaketa ere garatu zuten, eta horrela lortu zuten gatza sortzeko beharrezkoa zen gatzuna erauztea[25].

Mediterraneo helenistikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mediterraneko eremuaren historiako garai helenistikoa K.a. IV mendean hasi zen, Alexandro Handiaren konkistekin batera. Honek zibilizazio helenistikoaren sorrera ekarri zuen, Ptolomeotar Egipto zentru intelektual gisa eta greziera oinarrizko hizkuntza zutelarik. Zibilizazio honetan grezieraz idazten zuten aditu eta ingeniari greziarrak, egiptoarrak, juduak, persiarrak eta feniziarrak biltzen ziren[26][27].

Ingeniari helenistikoek hainbat aurkikuntza nahiz hobekuntza burutu zituzten, bai garai hartako aurrerapen teknologikoen gorakada nabarmenagatik, baita filosofia mekanikoaren loraldiagatik. Horretaz gain, Alexandriako Liburutegia sortu zen Ptolomeatar Egipton, ondoan zuen museionarekin elkarlanean ziharduena. Garai honetako asmatzaile askoren izenak, aurreagoko garaietan ez bezala, ezagunak dira gaur egun ere, hala nola Arkimedes, Filon Bizantziokoa, Heron, Ktesibios edota Arkitas.

Nekazaritzak aurrerapen nabarmenak jasan zituen produkzioari, iraupenari eta ureztatze sistemei dagokionez, ordura arte ezezagunak ziren ura altxatzeko gailuen asmakuntza eta zabalpenari esker, hala nola gurpil hidrauliko bertikala, konpartimentudun gurpila, turbina hidraulikoa, Arkimedesen torlojua, huts ponpa eta beste hainbat.[28]

Musikaren alorrean, Ktesibiosek organo hidraulikoa asmatu eta gerora hobetu zuen, tekla instrumentu baten lehenengo adibidea izan zelarik[29].

Teknologia mekanikoaren alorrean, angelu zuzeneko engranajea sortu zuten, zenbait aparatu mekanikotan garrantzia handikoa bihurtuko zena. Horretaz gain, ingeniari helenistikoek robotikan ere aurrerapenak egin zituzten, automata asmatu baitzuten zenbait aplikaziotarako, adibidez ateak automatikoki manipulatzeko. Pneumatikaren alorra ere garatu zuten.[30]

Beste alor batzuetan, garai honetan emandako asmakizun batzuk lirateke katapulta gerra alorrean, brontze hutsaren galdaketa metalurgian, itsasargia azpiegituretan, berokuntza zentrala edo Eupalinoren tunela (kalkulu zientifikoen bitartez, bi muturretatik zulatutako lehenengo tunela). Sortu zituzten beste elementu batzuk eskailera kiribilak, transmisio-katea, kalibre irristakorra edo dutxa izan ziren.

XX.mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ekoizpen masiboak automobilak eta teknologia altuko bestelako ondasunak ekarri zituen kontsumitzaileengana. Inbestigazioak eta garapen militarrek aurrerapenak azkartu zituzten, informatika elektronikoa eta erreakziozko motoreak barne. Irratia eta telefonia asko hobetu ziren, eta erabiltzaile kantitate handiago batera zabaldu. Hala ere, 2000ko hamarkadaren bukaeran eta 2010ko hamarkadaren hasieran izan ziren eskuragarriak telefono mugikor gehienak lurralde garatuetako biztanleentzat.

XXI.mendea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XXI.mendearen hasieran inbestigazio desberdinak burutzen ari dira. Ordenagailu kuantikoak, terapia genikoa (1990. urtean barneratua), 3D imprimaketa (1981. urtean barneratua), nanoteknologia (1985. urtean barneratua), bioingeniaritza/bioteknologia, teknologia nuklearra, material garatuak (grafenoa adibidez), memristorea, teknologia berdea (erregai alternatiboa adibidez), errealitate areagotuko gailuak eta elektronika eramangarria, adimen artifiziala, Led eraginkor eta indartsuagoak, eguzki-zelula, zirkuitu integratuak, haririk gabeko energia erabiltzen duten gailuak, motorrak eta bateriak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «history of technology | Summary & Facts» Encyclopedia Britannica (Noiz kontsultatua: 2019-10-05).
  2. (Ingelesez) «Anthropological Theories» Anthropology 2019-01-08 (Noiz kontsultatua: 2019-10-05).
  3. Bjork, Gordon C.. (1999). The way it worked and why it won't : structural change and the slowdown of U.S. economic growth. Praeger ISBN 0-275-96532-5. PMC 40444111. (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  4. (Gaztelaniaz) «El primer homínido en usar herramientas de piedra» www.ehowenespanol.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  5. «BBC News | SCI/TECH | Ancient 'tool factory' uncovered» news.bbc.co.uk (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  6. Heinzelin, Jean de; Clark, J. Desmond; White, Tim; Hart, William; Renne, Paul; WoldeGabriel, Giday; Beyene, Yonas; Vrba, Elisabeth. (1999-04-23). «Environment and Behavior of 2.5-Million-Year-Old Bouri Hominids» Science 284 (5414): 625–629.  doi:10.1126/science.284.5414.625. ISSN 0036-8075. (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  7. (Gaztelaniaz) Historia del cobre – Nauler. 2021-11-12 (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  8. (Gaztelaniaz) «Origen de la Edad del Cobre - Extracción | CurioSfera-Historia ✅» CurioSfera Historia 2021-05-17 (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  9. (Indonesieraz) Portillo, Escrito por Luis. «Edad de los metales: Cobre, Bronce y Hierro» Historia Universal (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  10. a b «EL COBRE su Uso en la Antiguedad-Fabricacion de Armas y Utiles» historiaybiografias.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  11. Paine, Lincoln P.. (2013). The sea and civilization : a maritime history of the world. (First edition. argitaraldia) ISBN 978-1-4000-4409-2. PMC 827258418. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  12. (Gaztelaniaz) octubre 31, MIEG; Pm, 2018 at 1:51. (2018-10-31). «¿Qué fue la Edad del Hierro?» Patrimonio Inteligente (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  13. Crawford, Harriet. (1992-03). «Early Mesopotamia: Society and Economy at the Dawn of History. By J. H. Postgate. 260mm. Pp. xxiii + 367, ills. London: Routledge, 1992. ISBN 0-415-00843-3. £60.00.» The Antiquaries Journal 72: 198–199.  doi:10.1017/s0003581500071341. ISSN 0003-5815. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  14. van der Spek, Bert. (2013-11-01). «Hangende Tuin van Babylon in Ninevé? - Stephanie Dalley, The mystery of the Hanging Garden of Babylon. An elusive world wonder traced (Oxford University Press; Oxford 2013) 352 p., €33,95 ISBN 9780199662265» Tijdschrift voor Geschiedenis 126 (4): 580–581.  doi:10.5117/tvgesch2013.4.b4. ISSN 0040-7518. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  15. a b Moorey, P. R. S.. (1999). Ancient mesopotamian materials and industries : the archaeological evidence. Eisenbrauns ISBN 1-57506-042-6. PMC 42907384. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  16. Potts, D. T., ed. (2012-04-14). A Companion to the Archaeology of the Ancient Near East.  doi:10.1002/9781444360790. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  17. The genius of Archimedes-- 23 centuries of influence on mathematics, science and engineering : Proceedings of an International Conference held at Syracuse, Italy, June 8-10, 2010. Springer 2010 ISBN 978-90-481-9091-1. PMC 654398775. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  18. Faiella, Graham. (2006). The technology of Mesopotamia. (1st ed. argitaraldia) Rosen Pub. Group ISBN 1-4042-0560-8. PMC 60375496. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  19. Woods, Michael. (2000). Ancient machines : from wedges to waterwheels. Runestone Press ISBN 0-8225-2994-7. PMC 39627456. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  20. Reynolds, Terry S.. (1983). Stronger than a hundred men : a history of the vertical water wheel. Johns Hopkins University Press ISBN 0-8018-2554-7. PMC 8284168. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  21. Woods, Michael. (2000). Ancient communication : from grunts to graffiti. Runestone Press ISBN 0-8225-2996-3. PMC 42022278. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  22. (Ingelesez) «Egyptian Papyrus» World History Encyclopedia (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  23. (Ingelesez) «Science in Ancient Egypt & Today: Connecting Eras» Lindau Nobel Laureate Meetings 2016-06-13 (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  24. Teresi, Dick. (2002). Lost discoveries : the ancient roots of modern science-- from the Babylonians to the Maya. Simon & Schuster ISBN 0-684-83718-8. PMC 49991600. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  25. Golas, Peter J.. (1991-06-25). «Robert Temple, The Genius of China. 3,000 Years of Science, Discovery, and Invention. New York: Simon and Schuster, 1986.» East Asian Science, Technology, and Medicine 10 (1): 66–68.  doi:10.1163/26669323-01001007. ISSN 1562-918X. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  26. «Peter Green. <italic>Alexander to Actium: The Historical Evolution of the Hellenistic Age</italic>. (Hellenistic Culture and Society, number 1.) Berkeley and Los Angeles: University of California Press. 1990. Pp. xxiii, 970. $65.00» The American Historical Review 1991-12  doi:10.1086/ahr/96.5.1515. ISSN 1937-5239. (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  27. Joseph, George Gheverghese. (2000). The crest of the peacock : the non-european roots of mathematics. (New ed. argitaraldia) Princeton University Press ISBN 0-691-00659-8. PMC 45031736. (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  28. Handbook of ancient water technology. Brill 2000 ISBN 90-04-11123-9. PMC 43286505. (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  29. «Ctesibius Invents the Water Organ, the First Keyboard Musical Instrument : History of Information» historyofinformation.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  30. «Greek Automata» www.ancient-wisdom.com (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]