Edukira joan

Telebista-zirkuitu itxi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Telebista-zirkuitu itxi
telebista, bideozaintza eta security technology (en) Itzuli
Honen parteSecurity System eta monitoring network (en) Itzuli

Telebista-zirkuitu itxia[1] edo TBko zirkuitu itxia[2] (TZI) gehienetan bideozaintzarako erabiltzen den telebista-sistema da; telebista-tresna eta osagai guztiak konektatuta dituen zirkuitu batez osatua dago.[3]

Zirkuitua bideo-monitore edo telebista bati edo gehiagori konektatutako zaintza-kamera batek edo gehiagok osa dezakete, besterik gabe, eta kamerek atzemandako irudiak erreproduzitzen dituzte. Hala ere, sistema hobetzeko, beste osagai batzuk konektatzen dira zuzenean edo sare bidez, hala nola bideoak edo ordenagailuak.

Leku jakin batean finko daude. Sistema moderno batean, erabiltzen diren kamerak urrunetik kontrolatuta egon daitezke kontrol-gela batetik, eta bertan konfigura daitezke haien panoramika, fokuratzea, inklinazioa eta gehikuntza optikoa. Kamera mota horiei PTZ (ingelesezko pan-tilt-zoom siglak) deitzen zaie. Sistema horiek gaueko ikusmena, ordenagailuz lagundutako eragiketak eta mugimendu-detekzioa barne hartzen dituzte. Horri esker, sistema alerta-egoeran jartzen da kameren aurrean zerbait mugitzen denean. Irudien argitasuna bikaina izan daiteke, maila ilunetatik argietara eralda daiteke. Ezaugarri horien guztien ondorioz, TZIaren erabilera izugarri hazi da azken urteotan.

TZIen erabileraren bidezko zaintza gero eta ohikoagoa da eremu publikoetan, delituak prebenitzeko. Hori erabiltzeko justifikazioa da balizko delitugileak baztertzen dituela, poliziari edo segurtasun-langileei azkar ohartarazi diezaiekeela esku har dezaten, eta pertsonak seguruago senti daitezen laguntzen duela. Hala ere, TZI erabiltzeak kostu handia du. Adibidez, kalkulatzen da Erresuma Batuan 250 milioi libera baino gehiago gastatu zirela TZIn 1992 eta 2002 bitartean, eta zaintza modu hori izan zen finantziazio handiena jaso zuenetako bat.

Erresuma Batuan, Estatu Batuetan, Kanadan, Norvegian eta Suedian egindako 44 azterlanen berrikuspen sistematiko baten arabera, TZI erabiltzeak eragin txikia du delinkuentziaren murrizketan. Emaitzek iradokitzen dute zaintza eraginkorragoa dela aparkalekuetan ibilgailuen lapurretak prebenitzeko, eta ez dela hain eraginkorra hirietako eta herrietako hiriguneetan, etxebizitza publikoetan eta garraio publikoan. Halaber, zehaztu zen eraginkortasuna handiagoa dela ganberaren estaldura zabalagoa denean, eta horrek ez duela inolako eraginik indarkeriazko delituetan.[4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskalterm: [Hiztegi terminologikoa] [2003]
  2. Euskalterm: [Azokak, Biltzarrak eta Jendaurreko Ikuskizunak Hiztegia] [2017]
  3. Euskalterm: [Ertzaintza Hiztegia] [2013]
  4. Los circuitos cerrados de televisión (CCTV) como herramienta de prevención de la delincuencia. Oslo: Campbell Collaboration.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]