Edukira joan

Telefono-linearen bidezko Internet sarbide

Wikipedia, Entziklopedia askea
Internetera sartzeko sarrerako deiak onartzeko erabiltzen den modem multzoa


Telefono-linearen bidezko Internet sarbidea Internetera sartzeko modu bat da, telefonia-sare kommutatu publikoa (PSTN) erabiliz Interneteko zerbitzu-hornitzailearekin (ISP) konexioa ezartzeko. Horretarako, telefono-zenbaki bat markatzen da ohiko telefono-linea batean, RJ-11 konektore baten bidez konekta daitekeena.[1] Markaketa bidezko konexioek modemak erabiltzen dituzte audio-seinaleak datu bihurtzeko eta datu horiek ordenagailu edo bideratzaile batera bidaltzeko eta, era berean, gailu horietatik seinaleak kodetzeko ISPko beste modem batera bidaltzeko.

Dial-up modemaren ohiko zaratak (Ipar Amerika eta Erresuma Batua), modem bat ISP-zerbitzari lokal batekin konexioa ezartzen ari den bitartean, Internet publikorako sarbidea lortzeko.

Telefono-linearen bidezko Interneta oso ezaguna izan zen dot-com burbuilaren garaian. Horren arrazoia izan zen banda-zabaleko Internet ez zela zabaldu 2000ko hamarkada ondo sartu arte. Hortik aurrera, markaketa bidezko sarbide gehiena banda-zabalak ordezkatu du.

1979an, Tom Truscottek eta Jim Ellisek, Duke Unibertsitateko graduatuek, Usenet izeneko telefono-linearen bidezko Internet-sarbidearen aitzindari goiztiar bat sortu zuten. Usenet UNIXen oinarritutako sistema bat zen, eta markaketa bidezko konexioa erabiltzen zuen datuak transferitzeko telefono-modemen bidez.[2]

Markaketa bidezko Internet-sarbidea 1980ko hamarkadatik existitzen da, hornitzaile publikoen bidez; hala nola, AEBetan NSFNETekin lotutako unibertsitateak. Erresuma Batuan, JANET sareak erabiltzaile akademikoak konektatzen zituen, University College London bidez ARPANETekin konexioa hartuz, eta Brunel Unibertsitateak zein Kent Unibertsitateak UUCP bidezko markaketa-sarbidea eskaintzen zieten erabiltzaile ez-akademikoei 80ko hamarkadaren amaieran.[3][4][5]

Merkataritza-helburuko telefono-linearen bidezko Internet zerbitzua lehen aldiz eskaini zen 1989an AEBetan, Software Tool & Die izeneko software-garapen enpresak, “The World” izeneko zerbitzuarekin. Sprint eta AT&T Internetera sartzeko aukera eskaintzen hasi ziren 1992an, Erresuma Batuan Pipexekin batera.[6][7]90eko hamarkadaren amaieran banda-zabal komertziala sartu ondoren,[8]markaketa bidezko sarbideak ospea galdu zuen. AEBetan, telefono-linearen bidezko Internetaren erabilgarritasuna % 40tik (2000ko hamarkadaren hasieran) % 3ra jaitsi zen 2010eko hamarkadaren hasieran.[9] Oraindik erabiltzen da beste aukera batzuk ez dauden lekuetan edo kostua oso altua denean; hala nola, landa-eremu edo urruneko gune batzuetan.[10][11][12][13]

ISP batek Interneteko dial-up zerbitzua emateko erabiltzen dituen modem bankuak.

Garai horretan ez zegoenez teknologiarik telefono-linea berean seinale garraiolari desberdinak ahalbidetzeko, markaketa bidezko Internet-sarbidea audio bidezko komunikazioan oinarritzen zen. Modem batek ordenagailuaren datu digitalak hartzen zituen, audio-seinaleak modulatzen zituen eta hartzailearen modemera bidaltzen zituen. Hartzaileak seinalea demodulatu behar zuen, zarata analogikoa datu digital bihurtuz, ordenagailuak prozesatzeko.[14]

Sistema hau sinplea zenez, jendeak ezin zuen telefonoa erabili hitzezko komunikaziorako Interneteko konexioa amaitu arte. Teknologia honekin Internetaren abiadura 21,6 kbit/s-tara edo gutxiagora jaitsi zitekeen. Telefono-linearen egoera txarrak, zarata-maila altuak eta beste faktore batzuek markaketa bidezko konexioaren abiaduran eragina zuten. Horregatik, herri-hizkeran “21600 sindromea” esaten zaio.[15][16]

Eskuragarritasuna

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telefono-linearen bidezko Internet konexioek ez dute behar azpiegitura gehigarririk, telefono-sareaz eta deiak egiteko eta erantzuteko beharrezko modemez eta zerbitzariez gain. Telefono bidezko sarbidea oso hedatuta dagoenez, markaketa aukera bakarra izaten da landa-eremuetan edo urruneko guneetan, non banda zabaleko instalazioak ez diren ohikoak biztanle gutxi dagoelako eta azpiegitura eraikitzea oso garestia delako.[11]

Pew Research Centerek 2008an egindako ikerketa batek adierazi zuen AEBen helduen % 10ek soilik erabiltzen zuela oraindik markaketa bidezko Interneta. Ikertzaileek aurkitu zuten sarbide hori mantentzeko arrazoi ohikoena banda zabalaren prezio altua zela. Erabiltzaileek azpiegitura faltaz gutxiago hitz egiten zuten, eta gehiago esaten zuten banda zabalera inoiz ez zela eguneratuko.[17]Kopuru hori % 6 jaitsi zen 2010ean[18] eta % 3 2013an.[19]

2018an egindako inkesta batek kalkulatu zuen 2017an estatubatuarren % 0,3k markaketa erabiltzen zuela.[20]

CRTCk kalkulatu zuen Kanadan 336.000 markaketa-erabiltzaile zeudela 2010ean.[21]

Banda zabalarekin ordezkatzea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Banda zabalerako Internet sarbideak, duela urte batzuk kable, abonatu-linea digitala, haririk gabeko banda zabalera, satelite eta FTTx bitartez egiten zena, guztiz ordezkatu ditu telefono-lineak munduko hainbat tokitan. Banda zabalerako konexioek 700 kbit/s edo gehiagoko abiadurak eskaintzen dituzte, telefono-lineakoek baino prezio merkeagoan.[18] Gainera, banda zabalerako konexioak beti aktibo mantentzen dira eta, ondorioz, saio bakoitzaren hasieran eta bukaeran konektatzea eta deskonektatzea saihesten da.

Hala ere, nekazaritza inguru askotan oraindik ez da abiadura handiko Interneta heldu, nahiz eta eskaria egon. Horren arrazoiak landa eremuaren kokapena edo Interneteko zerbitzu-hornitzaileen interes baxua izan daitezke.[22][23]

Etorkizunean modem bidezko konexioaren desagertzea gero eta gertagarriagoa dela uste dute adituek, herritarrak banda zabalerara aldatzearen ondorioz.[24] Estatu Batuetan, 2013. urtean, herritarren % 3k soilik erabiltzen zuen modem bidezko konexioa; 2000. urtean, aldiz, % 30ek.[25] Hau gertatzeko arrazoi garrantzitsu bat sistema eragileen eta antibirusen banda zabaleraren beharra da, programa hauek tamaina handiko eguneratzeak dituztelako Internetera konexioa lehen aldiz ezartzean.

Gaur egun nahiz eta gune gehienetan banda zabalera bidezko konexioak ezarrita egon, telefono-linea bidezko Internet sarbidea hainbat landa-eremutan oraindik mantentzen da. Hala eta guztiz ere, badaude landagune asko non haririk gabeko eta satelite bidezko banda zabalera konexioak ezartzen ari diren. [26]

Erresuma Batuan, 2010. urtean, 800.000 erabiltzailek zeukaten modem bidezko konexioa. BTk eskaintzen zuen zerbitzu hori eta 2013. urtean bertan behera utzi zuen.[27]

Zeelanda Berrian, 2012. urtean Internetarako konexioen % 7 modem bidezkoa zen. One NZk (lehenago Vodafone zenak) ematen zuen zerbitzu hori, baina 2021. urtean bertan behera utzi zuen.[28][29]

AOL enpresak, Estatu Batuetan, 2025eko irailaren 30ean, telefono-linea bidezko Internet sarbidea ematen zuen zerbitzua bertan behera utzi zuen, hogeita hamalau urte eman ondoren zerbitzu hori eskaintzen.[30][31]

Errendimendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Markaketa-modem baten eskuko adibide bat

Gaur egun erabiltzen diren modemek 56 kbit/s-ko transferentzia abiadura teoriko maximoa dute, (V.90 edo V.92 protokoloa erabiliz) baina normalena 40 eta 50 kbit/s-ko abiadurak lortzea izaten da. Abiadura honen jaitsieraren arrazoi bat telefono-linean dagoen zarata izaten da.

Hurrengo taulan agertzen diren balioak balio maximoak dira. Balio errealak txikiagoak izan daitezke baldintza ezberdinengatik, adibidez, zaratadun telefono-linearengatik.[32]

Konexioa Bit-tasa
110 baud (Bell 101) 0,11 kbit/s (110 bit segundoko)
300 baud (Bell 103 or V.21) 0,3 kbit/s
1200 baud (Bell 212A or V.22) 1,2 kbit/s
2400 baud (V.22bis) 2,4 kbit/s
2400 baud (V.26bis) 2,4 kbit/s
4800 baud (V.27ter) 4,8 kbit/s
9600 baud (V.32) 9,6 kbit/s
14,4 kbit/s (V.32bis) 14,4 kbit/s
28,8 kbit/s (V.34) 28,8 kbit/s
33,6 kbit/s (V.34) 33,6 kbit/s
56k kbit/s (V.90) 56,0 eta 33,6 kbit/s bitartean
56k kbit/s (V.92) 56,0 eta 48,0 kbit/s bitartean
ISDN 64,0 eta 128,0 kbit/s bitartean
Hardware compression (V.92/V.44) 56,0 eta 320,0 kbit/s bitartean (aldakorra)
Server-side web compression 200,0 eta 1000,0 kbit/s bitartean (aldakorra)

Telefono-linea analogikoak digitalki kommutatzen eta garraiatzen dira digital 0 izeneko seinale batean konpainia telefonikoko gailura heltzen direnean. Seinale honen abiadura 64 kbit/s-koa da, eta horietako 8 kbit/s erreserbatu egiten ditu seinaleztapen informazioa garraiatzeko, beraz, telefono-linea analogikoarekin lor daitekeen konexio abiadura altuena 56 kbit/s-koa da. Modem bidezko konexioak 150 ms-ko latentziak izaten ditu, banda zabaleko konexioak baino altuagoa izanik, baina satelitedun konexioa baino txikiagoa izaten da. Latentzia luzeak dakartzan arazoak bideokonferentziak eta online jolasak gozatu ahal izatea da.

Konpresioa erabiliz 56k gainditzeko

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

V.42, V.42bis eta V.44 estandarrek modemei linearen abiadura baino azkarrago konprimatutako datuak onartzeko aukera ematen diete. Estandar hauek datu konpresioa erabiltzen dute, errendimendu hobeagoa lortzeko.

Adibide bat aipatuz, 53,3 kbit/s-ko konexio bat V.44 estandarearekin ematen bada, 53,3 x 6 = 320 kbit/s-ko abiadurarekin transmititu dezake, emandako datu fluxua horrenbeste konprimatu ahal bada.

ZIP fitxategiak, JPEG argazkiak, MP3ak, etab. jada konprimatuta daude.[33] Modem batek 50 kbit/s-ko abiaduraz bidali ditzazke konprimatutako fitxategiak, 160 kbit/s-ko abiaduraz konprimatu gabeak eta testu idatzia 320 kbit/s-ko abiaduraz.[34]

Konpresioa ISPren bidez

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2000ko hamarkadan, Interneteko hainbat zerbitzu-hornitzaile (TurboUSA, Netscape, CdotFree eta NetZero) datu konpresioa erabiltzen hasi ziren, jasotako abiadura handiagotzeko asmoarekin.[35]

Aurre konpresioa konpresio normala baino askoz eraginkorragoa da V.44 modemetan. Normalean, web orrietako testua % 5 konprimatzen da, errendimendua 1000 kbit/s-ra handiagotuz. Argazkiak, (JPEG, GIF, PNG) aldiz, % 15 - 20-ko galerarekin konprimatzen dira, errendimendua 300 kbit/s handiagotuz.

Beste gailu batzuetan duen erabilera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
TiVo Series2 bideo-grabagailuaren atzeko panela. Telefono-hargunea, hozte-haizagailuaren ihes-gunetik gertu dagoena, makinak bere programa elektronikoen gida-datuak deskargatzeko modu bat da.

Beste gailu batzuek, hala nola, satelite-hargailuak eta bideo-grabagailu digital (TiVo bezalakoak), etxeko telefono-hargune baten bidez markaketa-konexioa ere erabili izan dute. Konexio horrek zerbitzu-hornitzaileei datuak eskariaren arabera deskargatzea eta datuen erabilera jakinaraztea ahalbidetzen zien (adibidez, ordainpeko eskaerak). Funtzio honek ez zuen behar Interneteko zerbitzu-hornitzailearekin konturik; horren ordez, gailuaren barneko modemak zuzenean markatzen zuen hornitzailearen zerbitzarira. Gailu horiek arazoak izan zitzaketen VoIP lineetan funtzionatzean, konpresioak modemaren seinalea alda zezakeelako. Ondoren, gailu horiek Ethernet konexioa erabiltzen hasi ziren erabiltzailearen Interneteko bideratzailearekin, banda zabalaren ospea handitu ahala erosoagoa bihurtu zelako.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Levine, John R.; Young, Margaret Levine. (2015-03-02). The Internet For Dummies. John Wiley & Sons ISBN 978-1-118-96769-0. (kontsulta data: 2025-11-21).
  2. «Netizens Netbook: Table of Contents» www.columbia.edu (kontsulta data: 2025-11-21).
  3. «BBC Internet Services - History» support.bbc.co.uk (kontsulta data: 2025-11-21).
  4. «Wayback Machine» www.uknof.org.uk (kontsulta data: 2025-11-21).
  5. «Rate limit reached» wayback.archive-it.org (kontsulta data: 2025-11-21).
  6. «H-Net Discussion Networks - SprintLink Commercial Availability Announced (fwd)» h-net.msu.edu (kontsulta data: 2025-11-21).
  7. (Ingelesez) «Technology Intelligence» The Telegraph 2015-12-09 ISSN 0307-1235. (kontsulta data: 2025-11-21).
  8. (Ingelesez) «Who invented broadband? How phone lines were turned into high speed internet links» BT.com (kontsulta data: 2025-11-21).
  9. (Ingelesez) Brenner, Joanna. (2013-08-21). «3% of Americans use dial-up at home» Pew Research Center (kontsulta data: 2025-11-21).
  10. (Ingelesez) Jones, Brad. (2017-04-01). «What’s it like to use AOL dial-up internet in 2017?» Digital Trends (kontsulta data: 2025-11-21).
  11. a b (Ingelesez) «Dial-up internet used by hundreds of thousands in Canada | CBC News» CBC (kontsulta data: 2025-11-21).
  12. (Ingelesez) «Dial-up Internet And Our Fondness For The First Internet Connection» www.allconnect.com 2019-06-20 (kontsulta data: 2025-11-21).
  13. (Ingelesez) «U.S. household dial-up internet connection usage 2019» Statista (kontsulta data: 2025-11-21).
  14. (Ingelesez) Quine, Alison. (2008-01-28). «Modem (Modulation/Demodulation) Definition» ITPRC (kontsulta data: 2025-11-21).
  15. «СИHДРОМ 21600/V34 или Правда о том, как USR выбирает Symbol Rate» www.usrmodem.ru (kontsulta data: 2025-11-21).
  16. «Синдром 21600 как с ним бороться ? [1 - Конференция iXBT.com»] forum.ixbt.com (kontsulta data: 2025-11-21).
  17. (Ingelesez) «Tech» Fox News 2025-11-21 (kontsulta data: 2025-11-21).
  18. a b «Plenty of Internet users cling to slow dial-up connections» www.post-gazette.com (kontsulta data: 2025-11-21).
  19. (Ingelesez) Brenner, Joanna. (2013-08-21). «3% of Americans use dial-up at home» Pew Research Center (kontsulta data: 2025-11-21).
  20. (Ingelesez) «U.S. household internet subscription types 2017» Statista (kontsulta data: 2025-11-21).
  21. "Dial-up internet used by hundreds of thousands in Canada | CBC News". CBC. 2012-05-12. Retrieved 2018-06-03.. .
  22. (Ingelesez) LaVallee, Andrew. (2009-02-27). «Could You Go Back to Dial-Up? - WSJ» Wall Street Journal ISSN 0099-9660. (kontsulta data: 2025-11-21).
  23. (Ingelesez) «Tech» Fox News 2025-11-21 (kontsulta data: 2025-11-21).
  24. (Ingelesez) «End of an era, KPN stops its last internet dial-in number» End of an era, KPN stops its last internet dial-in number (kontsulta data: 2025-11-21).
  25. (Ingelesez) «Home Broadband 2013 | Pew Research Center's Internet & American Life Project» www.pewinternet.org (kontsulta data: 2025-11-21).
  26. Kaspersky Technical Support website [search "dial up" slow] July 17, 2015. .
  27. (Ingelesez) «BT turns off dial-up internet access service» BBC News 2013-08-29 (kontsulta data: 2025-11-21).
  28. «Dial-up and broadband Internet connections in New Zealand - Figure.NZ» Figure.NZ (kontsulta data: 2025-11-21).
  29. (Ingelesez) «Dial-up internet service closing on Monday as Vodafone helps customers onto new tech» Media - One NZ 2021-05-26 (kontsulta data: 2025-11-21).
  30. (Ingelesez) published, Mark Tyson. (2025-08-09). «AOL will end dial-up internet service in September, 34 years after its debut — AOL Shield Browser and AOL Dialer software will be shuttered on the same day» Tom's Hardware (kontsulta data: 2025-11-21).
  31. (Ingelesez) Wright, Liam 'Akiba'. (2025-10-01). «AOL shut down dial-up internet: Will Bitcoin be replaced too?» CryptoSlate (kontsulta data: 2025-11-21).
  32. «Data communication over the telephone network» www.itu.int (kontsulta data: 2025-11-21).
  33. (Ingelesez) «Modem compression: V.44 against V.42bis | Pricenfees» www.pricenfees.com (kontsulta data: 2025-11-21).
  34. «Wayback Machine» fndcg0.fnal.gov (kontsulta data: 2025-11-21).
  35. (Ingelesez) «High-Speed Internet Services» EarthLink (kontsulta data: 2025-11-21).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]