Telehitzemaile

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kazetaria kamerako telehitzemaile baten aurrean.
Telebistako esatari bat kamerako telehitzemaile bat erabiliz.

Telehitzemailea[1] (prompterra, teleprompterra edo autocuea bezala ere ezaguna) telebista estudioetako elementu bat da. Kamera-objektiboaren azpiko monitore batean testua bistaratzea ahalbidetzen du sistema honek. Horri esker, esatariak kamerari begira irakur dezake testua[1]. Telebistaz gain, beste hainbat arlotan ere garrantzi handiko elementua izan da telehitzemailea, politikan batez ere. Sistema honi esker, telebistako aurkezleek zein politikariek segurtasun eta lasaitasunez irakurri dezakete testua, entzuleei begiratzeari uko egin gabe. Antzerkiko apuntatzaileen[2] eredua jarraitzen du telehitzemaileak.

Funtzionamentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telehitzemailearen funtzionamentua azaltzen duen eskema.
Telehitzemailearen eskema:[3]
(1) Bideo kamera
(2) Ohiala
(3) Monitorea
(4) Ispilua
(5) Hizlariaren irudia
(6) Testuaren islada

Sistema konplexua dirudien arren, oso mekanismo sinplea du telehitzemaileak. Bi funtsezko elementu ditu: monitorea eta kristal islatzailea edo ispilua. Monitorean irakurri beharreko testua ageri da eta hau kameraren aurrean kokaturiko kristalean islatzen da. Ispiluak material bereziz egina izan behar du; alde batetik, bertan, testua islatu behar da, esatariak irakurri ahal izateko. Baina bestetik, gardentasuna izan behar du, kamerak testua ez detektatzeko. [4] Gainera, ohiala ere elementu garrantzitsua da. Honi esker ahalbidetzen da monitoreko irudia kristalean islatzea.

Askotan hizlariak kontrolatzen duen pedal bati esker egiten du aurrera testuak, beste batzuetan aldiz, lan hortaz arduraten dden profesional bat egon ohi da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen ideia (1948) [5][aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telebistaren lehen urteetan, aurretik antzerkian eta zineman lan egiten zuten aktore askok zailtasunak izan zituzten gidoi kopuru handiak ikasteko. Honen aurrean, Fred Barton Jr. Broadwayko aktore beteranoak gailu mekaniko bat eraikitzeko ideia izan zuen, euskarri gisa erabiltzen zituen testu-txartelak kameraren alde batean jarri eta desplazamendu motorizatu batekin konektatzeko. Ideia horrekin aurrera egiteko Irving Kahn 20th Century Fox-eko presidenteordearen laguntza bilatu zuen; eta Kahnek, Hubert Schlafly ingeniari elektroniko eta telebistako ikerketa zuzendariari eman zion proiektuaren garapenaren ardura.

Lehen gailuak maleta baten erdia erabiltzen zuen kanpoko estalki gisa. Barruan, uhal batzuk, poleak eta aktorearen lerroak erakusten zituen estraza-paperezko biribilki bat zeraman motor bat inprobisatu zuten. Kameraren alboan jarri zitekeen, baina hizlariak ez zuen zuzenean kamarara begiratzen; gainaera aparailua, oraindik, teknikari batek operatzen zuen.

Schlafly, Barton eta Kahnek gailua 20th Century Foxerako garatu zuten, baina enpresa ez zegoen interesatuta, eta, beraz, beren enpresa propioa sortu zuten: Teleprompter Corporation. Hortik dator aparailuaren izen ezaguneana, baina enpresaren izena dela kontuan izanik, euskaraz telehitzemailea deitzea gomendatzen da. Teleprompter taldeak The First Hundred Years telesailean egin zuen debuta 1950ean.

Sistemaren garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Amerikako Estatu Batuetan 50. hamarkadan sorturiko sistema bakun hau pixkanaka garatuz joan zen. Telebistaren negozioarekin lotutako hainbat konpainietako teknikariek hobekuntzak gehitu zizkioten: ikusmen bikoitzeko ispilu eta pantaila islatzaileen mekanismo bat egokitu zioten, kameraren idulkian bertan muntatuak. Horrela, hizlariak, bere informazioa irakurtzen zuen bitartean, lentearen erdialdera begirada zuzentzea lortu zuten. Hau aurrerapen handia izan zen, eta 80ko hamarkadan are eta garapen gehiago izan zituen. [2]

Gainera, politikan ere erabiltzen hasi zen. 1952an lehen aldiz, Dwight Eisenhowerrek, Estatu Batuetako presidenteak, bere hitzaldi batean erabili zuen. Ordutik aurrera, politikarien gehiengoak erabili izan du sistema hau.

Azken urteotan, sistemak sotisfikatzio elektroniko izugarria jasan du. Jada, ikusleak ia ezin du nabaritu hizlaria irakurtzen ari denik sistemaren perfekzioa dela eta. Gainera, hainbat berrikuntza eman dira azken aldian: sistema popularizatu egin dela esan daiteke, eta sektoreak izan duen aldakuntza telehitzemaileetan ere ikus daiteke. Mugikor edo ordenagailuetan erabilgarriak diren telehizlariak sortu dira, honela edonork erabil dezake sistema hau.

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Podiumeko telehitzemailea edo presidentziala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barack Obamaren hitzaldia podiumeko telehitzemaileak erabiliz.
Barack Obamaren hitzaldia podiumeko telehitzemaileak erabiliz.

Telehitzemaile mota hau hizlaria audientzia presentzial baten aurrean dagoenean erabiltzen da. Beraz, batez ere politika arloan erabiltzen da. Sistema hau, hizlariaren aurrean kokatzen den ispilu bat edo bi ispilutan datza, azpian duten monitorearen testua islatzen dute hauek. Normalean, hizlariaren aurreak kokatzen dira kristalak, eskubian zein ezkerrean. Honela, hizlariak beheran duen paperetara begiratu ordez, aurrealdera begiratzen du eta entzule guztiei zuzentzen die begirada.[6]

Kamerako telehitzemailea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Grabazioetan erabiltzen den sistema da hau, esataria kamera baten aurrean dagoenean. Kasu honetan, sistemak funtzionamentuaren atalean esan moduan egiten du lan eta hizlariak zuzenean kamarara begiratuz irakurtzea posible egiten du. Bereizketa bat egin dezakegu telehitzemaile mota honen barruan: alde batetik, estudioko kameretako telehitzemaileak daude, telebistan ohikoenak direnak.[6] Azkenenaldian baina, bideogintza popularraren garapena dela eta, mota ugaritako kamerako telehitzemaileak aurki daitezke (kamera digitaletarako, ordenagailuetarako, telefono mugikorretarako...)

App edo sareko telehitzemaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken urteetan gainera, smarphonen bidezko kazetaritzak garrantzi handia hartu du eta edonork du bideo semiprofesionalak egin eta argitaratzeko aukera. Honek sorturiko eskaerari erantzunez, telehitzemaile funtzioa egiten duten app-ak sortu dira, baita sarean funtzio bera egiten duten webguneak ere. Hauek, esan beharreko testua aurkezten dute mugikorreko edo ordenagailuko pantailan; eta bere kabuz egiten du aurrera, irakurleak aukeraturiko erritmoan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Irudia, Ikus-entzunezkoak eta Soinua hiztegia. (1. argit. argitaraldia) Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia = Servicio Central de Publicaciones del Gobierno Vasco 2010 ISBN 978-84-457-3119-2 PMC 776729080 . Noiz kontsultatua: 2020-04-12.
  2. a b (Gaztelaniaz) «teleprompter» Enciclopedia de la Política Rodrigo Borja 2018-07-03 . Noiz kontsultatua: 2020-04-12.
  3. «Teleprompter - EcuRed» www.ecured.cu . Noiz kontsultatua: 2020-04-13.
  4. (Gaztelaniaz) Teleprónter. 2020-03-28 . Noiz kontsultatua: 2020-04-12.
  5. «Xook Teleprompter México Que es un prompter? Historia del Prompter» www.xookprompter.net . Noiz kontsultatua: 2020-04-12.
  6. a b (Gaztelaniaz) «¿Qué es un Teleprompter?» TeleprompterPAD.com . Noiz kontsultatua: 2020-04-13.