Telesforo Aranzadi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Telesforo Arantzadi» orritik birbideratua)
Telesforo Aranzadi

Bizitza
JaiotzaBergara, 1860
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
HeriotzaBartzelona1945eko otsailaren 12a (84/85 urte)
Hezkuntza
HeziketaGranadako Unibertsitatea
Hezkuntza-mailadoktorea
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakantropologoa, unibertsitateko irakaslea, zoologoa, botanikaria, idazlea eta farmazialaria
Enplegatzailea(k)Granadako Unibertsitatea
Bartzelonako Unibertsitatea
KidetzaRoyal Academy of Sciences and Arts of Barcelona (en) Itzuli

Telesforo Arantzadi Unamuno (Bergara, Gipuzkoa, 1860Bartzelona, 1945eko otsailaren 12a) euskal herritar antropologo bat izan zen. Aranzadi Zientzia Elkarteak haren omenez darama izena. Migel Unamunoren senitartekoa zen amaren aldetik.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen urteak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiru urte besterik ez zituenean, gurasoak Bilbora joan ziren bizitzera, Unamunotarren amak, hots, Telesfororen amonak, bertan zeukan La Vergaresa izeneko gozotegian lan egitera, Gurutzeko kaleko 7. zenbakian. Familia lehen solairuan bizi zen, Unamuno-Jugotarrekin batera. Farmazia-ikasketak egin zituen, ez zientziarako zaletasuna zuelako bakarrik, baizik eta, oso herrena zenez, bere ezintasun fisikorako lanbide sedentario egokia iruditzen zitzaiolako. Ikasketak amaitutakoan, aparteko saria jaso zuen Estudio sobre los insectos vesicantes en sus aplicaciones a la farmacia lanarengatik.[1]

Gaztaroa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikasketak Madrilen egin ondoren, Farmazian (1882) eta Natura Zientzietan (1889) doktoratu zen. Bitartean, antropologiaz zaletzen hasia zen. Arlo horrek bizitzaren ardura nagusia beretu zion, beste eremu askotan lan egin bazuen ere: marrazkigintza, musika, etnologia, paleontologia eta abar. 1891n, 31 urte zituela, Parisko Antropologia Elkarteak saritu zuen El pueblo euskalduna lanarengatik, euskal etniari buruz ikuspegi antropologikotik egindako lehen ikerlanetakoa, hain zuzen. 1895ean Granadako Unibertsitatearen Farmazia Fakultateko Mineralogia eta Zoologia katedra eskuratu zuen. 1887an, Madrilgo Historia Naturaleko museoan Antropologia saila sortu zutenean, Interesa piztu zitzaionez, arlo horretan zenbait lan egin zituen. 1897an Zientzietako Errege Akademiaren saria jaso zuen zehaztasun handiko Setas y Hongos en el País Vasco lanarengatik. 1899an Bartzelonako Farmazia Fakultateko Botanika katedra lortu zuen, eta behin betiko egoitza bertan finkatu. 1917an Bartzelonako Unibertsitateak Antropologia katedra ezarri zuen, eta Aranzadi hautagai bakarra izendatu. 1920an, Antropologiako katedradun egin zen, Bartzelonako Unibertsitateko Zientzia Fakultatean, 1931n erretiratu zen arte.

Arkeologia lana[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1905etik aurrera, Euskal Herriko leize, harrespil eta trikuharriak aztertzeari ekin zion. 1917an Jose Migel Barandiaran ezagutu zuen (bera baino hogeita hamar urte gazteago zen), eta Enrique Egurenekin batera, Aralarko trikuharriak ikertu zituzten hirurek. Aralarren eta Euskal Herrian barrena egindako lanen lehen emaitzak 1921eko Eusko-Folklore Urtekaria agerkarian plazaratu ziren eta europar etnologoen laudorioak bildu. Hogei urteko azterlanaren bidez, antropologia eta paleontologia datu garrantzitsu ugari bildu zuen Aranzadik.

Hego Euskal Herri osoan egindako bilketa lanez gain, Iberiar Penintsulako geografian zehar ere lan handia egin zuen (Katalunia, Sierra Nevada, etab.). Indusketa lanak berak bakarrik edota lankide batzuekin (Ansoleaga, Eguren, Barandiaran, etab.) egiten bazituen ere, azpimarratzekoa da Luis de Hoyos Sáinz irakaslearen lankidetza. Arantzadi-Barandiaran-Eguren historiaurreko ikerketarako lan-taldea horrelaxe sortu zen, 1936ko gerra zibilak hiru ikerlariak sakabanatu zituen arte. Antropologia, Etnologia edo Natur Zientzien alorreko Elkarte askotako kide izan zen: Moskuko Historia Natural, Antropologia eta Etnografiaren Adiskideak (1910); Portugalgo Antropologia eta Etnografia Elkartea (1919); Erromako Antropologia Elkartea (1921); Madrilgo Real Academia de la Historia (1924); Berlingo Instituto Arkeologikoa, etab. Europan egiten ziren topaketetan esku hartu ohi zuen.

1936an bere aurkikunde garrantzitsuenetakoa egin zuen: Euskal Herrian ordu arte inoiz aurkitu zen burezur zaharrena, hain zuzen. Itziarren eginiko aurkikunde horrek Madeleine Arora arte eraman zuen euskal gizakiaren antzinatasuna. Gerra piztutakoan, Bartzelonara itzuli eta bertan hil zen, 85 urterekin. Espasa Entziklopediako lankidea, Natur Zientziak eta Antropologia sailetan esku hartu zuen. Europako hizkuntza nagusiak zekizkienez, G. Humboldt, Frizzi, Haberlandt eta beste zenbaiten lanak itzuli zituen. Antropologia (antropometria, kraneologia, etab.), etnografia eta geografia alorreko lan ugari argitaratu zuen atzerriko zein Espainiako aldizkari adituetan. Bertako aldizkarietan ere artikulu asko argitaratu zuen, «RIEV», «Euskal-Erria», «Euskalerriaren alde», «Yakintza», «Hermes», eta abarretan. Liburuen, artikuluen eta beste argitalpenak bilduz, guztira hirurehun idazlan eman zituen argitara.

Oroimena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1985eko abenduan, Telesforo Arantzadiren omenezko astea antolatu zuten Bergaran. Aste hartan, Bergarako ikertzaile ospetsu horren nortasuna eta lanak glosatu zituzten hainbat hitzaldi egin ziren. Azkenik, astea amaitzeko, Jose Miguel Barandiaran buru zuen ekitaldi batean, Telesforo de Aranzadi. Vida y obra deritzon liburua aurkeztu zuten, Angel Goikoetxea Markaidak idatzia eta Aranzadi Zientzia Elkarteak argitaratua. Gizon handi horren figura ahaztezina eta haren ekarpenak zirela eta, Natur Zientzien Taldea (Aranzadi Zientzia Elkartearen lehenbiziko izena) sortu zutenek haren Aranzadi deitura aurretik paratzea erabaki zuten.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]