Terminalia chebula
| Terminalia chebula | |
|---|---|
| Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
| Sailkapen zientifikoa | |
| Erreinua | Plantae |
| Ordena | Myrtales |
| Familia | Combretaceae |
| Leinua | Combreteae |
| Generoa | Terminalia |
| Espeziea | Terminalia chebula |
Terminalia chebula Terminalia generoko landarea da, Myrtales ordenakoa. Hegoaldeko Asian du jatorria eta Asia hego-mendebaldean zabaldurik dago, Pakistan eta Vietnam artean.
Erabilera asko ditu; sukaldaritzan erabiltzen da, larrua tindatzeko eta Indiako Ayurveda medikuntza alternatiboan ere bai. Haritaki izena ere ematen zaio landareari zein fruituari.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Anders Jahan Retzius suediar naturalistak deskribatu zuen lehenengoz 1788an. [1]
Bi barietate ditu:[2]
- T. c. var. chebula - hostoak eta kimuak ez dira iletsuak, soilik landare oso gaztea denean agian.
- T. c. var. tomentella - hostoek eta kimuek ile zilarkara edo laranja dute
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zuhaitz hostoerorkorra da. Tamainaz 30 metrotako altuera izatera iristen da eta enborrak metrobeteko diametroa hartzen du.[3]
Hostoak txandakatuak edo aurkakoak dira, obalatuak, 7-8 cm luze, 4,5-10 cm zabal eta 1-3 cm-ko txortendunak. Oinarrian bihotz itxura dute eta punta zorrotza. Ertza osoa da eta gainaldea biluzia badute ere azpialdean ile fin horixka dute.[2]
Loreak zuriak edo horiak dira, monoikoak, eta usain desatsegina dute. Adarren muturretan hazten dira panikula laburretan.
Fruitua drupa itxurakoa da, elisoidea edo obalatua, 2-4,5 cm luze eta 1,2-2,5 cm zabal eta luzetara bost arrail ditu.[2] Kolorez horixka, laranja edo marroixka da[4] eta heltzen denean belztuz joaten da. Fruitua haragitsua da eta bost hazi izaten ditu barnean.[3]
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pakistanen, Indian, Bangladeshen, Nepalen, Sri Lankan, Txina hego-mendebaldean, Myanmarren, Thailandian, Kanbodian, Laosen, Vietnamen, Malaysian eta Indonesian hazten da.[5]
Indiari dagokionez Himalaia azpiko eskualdean aurkitzen da, 1.500 metrotako garaieraraino. 900 metrotako garaiera arteko malda lehorrak atsegin ditu bereziki.[6] Indiako hainbat eskualdetan zuhaitz basatia da.[7]
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zuhaitzaren fruituak oraindik berde daudenean biltzen dira. Ozpinetan sartzen dira, azukre pixka batekin, eta beren almibarretan egosten dira. Horrela fruitu kontserbak egiten dira. Fruitua biltzen den eskualdearen arabera eta duten kolorearen arabera zazpi fruitu mota sailkatzen dira; vijaya, rohini, putana, amrita, abhaya, jivanti eta chetaki. Denetan estimatuena vijaya barietatea da, India erdialde-mendebaldeko Vindhya mendilerroan hazten dena. Gainerakoak ez bezala, fruitua borobildua da, ez hain angelutsua.[6]
Terminalia chebularen fruitua larruak eta oihalak tindatzeko ere erabiltzen da.[2]
Ayurveda medikuntza alternatiboko triphala formulazioko osagai nagusietako bat da.[4] Formula horretan haritaki izena ematen zaio.[8] Propietate antioxidatzaileak eta antimikrobianoak dituelako da hain preziatua.[3]
Osaketa kimikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hainbat glukosido isolatu dira, tartean triterpenoak (arjunglukosidoa I, arjungenina eta I eta II chebulosidoak). Beste osagai batzuk azido gallikoarekin konbinaturiko kumarina eta beste osagai fenoliko batzuk; azido ellagikoa, 2-4-chebulyl-β-D-glukopiranosa, azido chebulinikoa, azido gallikoa, etil gallatoa, punikalagina, terflavina A, terchebina, luteolina eta azido tanikoa.[9]
Usteltzen ari diren fruituetatik azido chebulikoa izeneko azido fenolikoa isolatu da eta enborreko azaletik azido luteikoa, hau ere konposatu fenolikoa.[10] Terflavina B izeneko taninoa ere aurkitu da.[11]
Fruitutik ateratzen den esentziak jarduera antibakterianoa du.[12]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Hostoa.
-
Lorea.
-
Fruitu berdea.
-
Fruitu lehortua.
-
Enborra.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) «Terminalia chebula Retz. | Plants of the World Online | Kew Science» Plants of the World Online (kontsulta data: 2025-11-05).
- ↑ a b c d «Terminalia chebula in Flora of China @ efloras.org» www.efloras.org (kontsulta data: 2025-11-05).
- ↑ a b c (Gaztelaniaz) Terminalia Chebula | FarmaciaRo.es. (kontsulta data: 2025-11-05).
- ↑ a b (Ingelesez) «The Ayurvedic Herb that Supports Immune & Gut Health» Dr. Axe (kontsulta data: 2025-11-05).
- ↑ «Terminalia chebula - Useful Tropical Plants» tropical.theferns.info (kontsulta data: 2025-11-05).
- ↑ a b (Ingelesez) Administrator. «Todd Caldecott | Haritaki» www.toddcaldecott.com (kontsulta data: 2025-11-05).
- ↑ Bag, Anwesa; Bhattacharyya, Subir Kumar; Chattopadhyay, Rabi Ranjan. (2013-03-01). «The development of Terminalia chebula Retz. (Combretaceae) in clinical research» Asian Pacific Journal of Tropical Biomedicine 3 (3): 244–252. doi:. ISSN 2221-1691. (kontsulta data: 2025-11-05).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Haritaki, Terminalia chebula» Equisalud (kontsulta data: 2025-11-05).
- ↑ Saleem, Ammar; Husheem, Michael; Härkönen, Pirkko; Pihlaja, Kalevi. (2002-08-01). «Inhibition of cancer cell growth by crude extract and the phenolics of Terminalia chebula retz. fruit» Journal of Ethnopharmacology 81 (3): 327–336. doi:. ISSN 0378-8741. (kontsulta data: 2025-11-05).
- ↑ (Ingelesez) Lee, Hyun-Sun; Jung, Sung-Hoon; Yun, Bong-Sik; Lee, Kwang-Won. (2007-03-01). «Isolation of chebulic acid from Terminalia chebula Retz. and its antioxidant effect in isolated rat hepatocytes» Archives of Toxicology 81 (3): 211–218. doi:. ISSN 1432-0738. (kontsulta data: 2025-11-05).
- ↑ (Ingelesez) Han, Quanbin; Song, Jingzheng; Qiao, Chunfeng; Wong, Lina; Xu, Hongxi. (2006). «Preparative isolation of hydrolysable tannins chebulagic acid and chebulinic acid from Terminalia chebula by high-speed counter-current chromatography» Journal of Separation Science 29 (11): 1653–1657. doi:. ISSN 1615-9314. (kontsulta data: 2025-11-05).
- ↑ Prathibha, S.; Jenitta, E.P.E.; Rama Bhat, P.; Jayadev, K.; Shetty, Shrinidhi. (2015). Green synthesis of silver nanoparticles from fruit extracts of Terminalia chebula Retz. and their antibacterial activity. International Journal of Research in Biosciences. 4 (2):, 29-25 or..