The New York Times

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
The New York Times
The New York Times
Mota Egunkari orokorra
Lehen zenbakia 1851
Banatze lurraldea  Ameriketako Estatu Batuak
Argitaratze hiria New York Times Building, New York
Hizkuntza ingelesa
Maiztasuna Egunero
Salneurria 1,25 $ (2010)
www.nytimes.com

The New York Times informazio orokorreko hedabide bat da, Ameriketako Estatu Batuetakoa. New Yorken sortu zen 1851n, hiriko gertakizunen berri emateko. 1980tik aurrera izaera nazionala izaten eta herrialde osoko gaurkotasunari buruzko informazio zabalagoa eskaintzen hasi zen; AEBko hedabide garrantzitsuena bilakatu zen. Izan ere, 122 Pulitzer sari irabazi ditu.

Gainera, aipatzekoa da egunkariak nazioartera salto egin zuela 2009an, bere nazioarteko bertsioa abiarazi zuenean. Edizio global horrek, izan ere, urte horretantxe jaso zuen International New York Times izena, baina International Herald Tribune du aurrekari. Gaur egun, 180 herrialdetan baino gehiagotan banatzen da, eta nazioarteko egoitza Parisen du 1887tik geroztik, bere sorrera urtetik, alegia. Bi egunkari bertsioak, eta baita bestelako hainbat eduki ere, New York Times Company enpresaren produktu dira, eta Mark Thompson du presidente 2012az geroztik.

Paperezkoa da formatu originala; eta, handik abiatuta, euskarri digitaleko bertsioa abiatu zen 1996an. Webgune nagusiaz gain, eduki ugari beste hainbat sare sozial eta euskarriren bidez ere eskaintzen ditu. Egunkaria ez ezik, hainbat gai ardatz dituzten magazinak ere biltzen ditu taldeak. Horien artean, Newsletter buletina.

NYTimes.com webguneak 150 artikulu argitaratzen ditu egunean, astelehenetik larunbatera, eta 250 inguru igandeetan. Danielle Rhoades Hak, The New York Timesen bozeramaileak adierazi zituen datu horiek.

Hiru hizkuntzatan argitaratzen ditu edukiak edizio digitalean, bertsio banatan: ingelesez, txineraz eta gaztelaniaz.

Irakurleak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ez da Estatu Batuetan hartzaile gehien duen hedabidea, baina oso datu esanguratsuak ditu. Statista estatistika atariaren arabera, 9,34 milioi erosle inguru ditu The New York Timesek Amerikako Estatu Batuetan, bere edizio fisikoan, hiru hilabetero. Azken neurketen arabera, The New York Timesek ia 2,64 milioi harpidedun ditu mundu osoan zehar, eta horietatik 1,85 milioi harpidedun digitalak dira.

The New York Times, gaur egun, bigarrena da Amerikako Estatu Batuetan eguneroko salmenta kopuruaren sailkapenean, egunean 2,1 milioi ale inguru saltzen baititu. Gehien saltzen duena, ordea, USA Today da, 2,3 milioi ale saltzen baititu egunero. Hirugarrena The Wall Street Journal da 1,3 milioirekin.

Enpresa egitura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

The New York Timesen enpresa argitaratzaileak New York Times Company du izena. Estatu Batuetako terminologian eta ingelesez, public company deritzo duen enpresa formari; sozietate anonimoaren baliokide litzateke. Kasu honetan, public izenondoak ez du estatuaren jabetzarik adierazten. Sozietate anonimoaren eredua jarraikiz, helburu ekonomikoak dituen enpresa da, eta akzioen arabera banatzen dira jabetza eta erantzukizuna, era proportzionalean, bazkideen artean.

New York Times Companyren akziodun nagusia Carlos Slim mexikar inbertsorea da, eta akzio gehien kontrolatzen dituen sozietatea Darsana Capital Partners da (% 9). Enpresa 1978ko martxoaren 31n hasi zen burtsan kotizatzen, eta gaur egun 3.900 milioi dolarren balioa du.

Prezio politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

The New York Times egunkariaren eduki fisiko eta digitalak osotasunean eskuratzeko ordaindu beharra dago, eta harpidetzako aukerak eskaintzen dira. Harpidetzarik gabe, edizio fisikoak Europan 2 euroren prezioa du astegunetan, eta 6 eurorena igandeetan, edizio handiena eta osatuena baita. Azken horretan elkarrizketa eta erreportaje sakon gehiago argitaratzen dira. Bestetik, hiru harpidetza digital mota eskaintzen ditu: Basic, All Access eta All Access Plus.

Online publizitateak gorakada handia izan zuen 2017an The New York Timesek. Azkeneko hiruhilekoan % 11 igo ziren, eta 49 milioi dolarren irabazi garbiak eman zituen. Inprimatutako publizitatea beherako joera nabarmena izaten ari da, eta % 20 jaitsi zen. Hortaz, publizitatearen irabaziak ia % 10 jaitsi ziren, munduko hedabide gehienen joerarekin bat.

Beherakada eman da azken urteotan produktu fisikoen salmentan. Baina harpidetza digitalaren bidezko irabazien gorakada izaten ari da, bestalde. 2017ko azken hiru hilabetean, 157.000 harpidedun digital berri lortu zituzten, eta 2,5 milioiren zifrara iritsi. Horrek eduki digitalen bidezko diru irabaziak % 52 igotzea ekarri du, 96 milioi dolarren zifrara iritsi arte.

Datuek eboluzio eta garapen positiboa erakusten dute modu honetan: urte osoari erreparatuta, diru sarrerak % 8 hazi dira, 1,7 mila milioi dolarrera iritsita. Osotara, harpidetzak The New York Timesi ematen dion diru sarrera % 15 handitu da, paperezko harpidetza ere barne hartuta.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: The New York Times Aldatu lotura Wikidatan