Thelypteris palustris
Thelypteris palustris | |
---|---|
![]() | |
Iraute egoera | |
![]() Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Polypodiopsida |
Ordena | Polypodiales |
Familia | Thelypteridaceae |
Generoa | Thelypteris |
Espeziea | Thelypteris palustris Schott, 1834 |
Thelypteris palustris Thelypteridaceae familiako iratze espezie bat da. Ipar hemisferio guztian aurkitzen da. Zingira eta ibai ertzetan agertzen da.
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Heinrich Wilhelm Schott botanikari austriarrak deskribatu zuen Zientziarako 1834. urtean.[1]
Bi azpiespezie ditu:
- Thelypteris palustris subsp. palustris - Eurasian[2]
- Thelypteris palustris subsp. pubescens (G.Lawson) Fraser-Jenk. - Ameriketan[3]
Generoaren Thelypteris izena grezierazko thēlypterís hitzetik dator eta "iratze emea" esan nahi du. Espeziearen palustris izenak latinezko paluster hitzean du jatorria, eta "zingirakoa" esan nahi du.[4]
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Errizoma errestaria du, 2'5 mm-ko diametroduna. Errizoma gaztea denean iletsua izaten da.[1]
Errizomatik frondeak ateratzen dira eta 30-50 (batzuetan 80) cm-ko luzera hartzen dute. Bereiziak eta tenteak izaten dira. Pezioloa orria besteko luzea izaten da, hori-berdexka kolorekoa eta oinarrian belztu egiten da. Ile oso gutxi izaten du. Orria luzanga-lantzeolatua izaten da, fina eta kolore berde argikoa. Pinatua da eta hauek aldi berean pinulak dituzte. Pina handienak 5-12 cm hartzen ditu. Pina hauek barrurantz tolesten dira soroak garatzen dituztenean, haiek babesteko[5]. Soroak beltzak izaten dira, iletsuak eta guruin batek babesten ditu.[1]
Habitata
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lurra ia beti urak hartuta dagoen lekuetan bizi da, hala nola, ibai-ertzetan eta ur gezako urmaeletan garatutako haltzadietan eta lezkadietan[1], 10 metrotatik 650 metro arteko altueran.[5]
Ugalketa eta bizi-zikloa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iratzeetan ohikoa den gisan ziklo haplo-diplontea izaten dute. Esporulazioa uztaila eta iraila artean izaten da. Udazkeneko euriekin espora horiek ernetu egiten dira eta protalo txikiak sortzen dira. Protalo horietan ugalketa sexuala gertatzen da eta ondoren iratze berria garatuko da.[5]
Mehatxuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian bi kokalekutan soilik agertzen da, Hondarribian Jaizkibel mendiko bi tokitan; Iturrainerreka izeneko errekasto txikiaren ertzean[6] eta Aizporaundiko hezegunean[7], eta Bizkaian Gorbeia mendiko zingira batean[8]. Populazioak oso txikiak eta ahulak dira. Hondarribiaren kasuan errekasto horien emaria gutxitu dezaketen edozein jarduerek iratzea galbidera eraman dezakete.[9] Horregatik galtzeko arriskuan dauden espezieen artean sailkatu da EAEko katalogoan.[5]
Nafarroan aipatu izan zen 1986. urtean baina gaur egun ez da aurkitzen.[10] Hala ere "galzorian" kategorian sailkaturik dago Nafarroako Foru Erkidegoan.[11]
Erabilera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Fitoerremediazio prozesuetan oso erabilgarria dela frogatu da metal astunen (Zn2+ eta Cu2+) kontzentrazioa nabarmen jaisten baitu. Hauek abeltzaintza intentsiboa egiten den eremuetan asko agertzen dira[12]. Artsenikoz kutsaturiko lurzoruetan eragiteko ere frogatu da eta emaitzan gorabeheratsuak izan dira momentuz.[13]
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Frondeak.
-
Mutur kiribildua.
-
Hostotxoak.
-
Soroak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Thelypteris palustris Schott» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).
- ↑ (Ingelesez) «Thelypteris palustris subsp. palustris» www.gbif.org (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).
- ↑ (Ingelesez) «Thelypteris palustris subsp. pubescens (G.Lawson) Fraser-Jenk.» www.gbif.org (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).
- ↑ (Ingelesez) Smith, Archibald William. (1997-01-01). A Gardener's Handbook of Plant Names: Their Meanings and Origins. Courier Corporation ISBN 978-0-486-29715-6. (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).
- ↑ a b c d «Sistema de Información de la Naturaleza de Euskadi» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).
- ↑ «Iturrainerreka bailara» Hondarribia (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).
- ↑ «Aizporaundiko Cladium mariscus hezegunea» Hondarribia (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).
- ↑ «Macizo de Gorbeia: Thelypteris palustris» Macizo de Gorbeia 21 de junio de 2015 (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).
- ↑ Pedro Mª Uribe-Echevarria, Iñaki Zorrakin, Juan Antonio Campos, Ángel Domínguez. (2006). Euskal Autonomia Erkidegoko Flora Baskular Mehatxatua. Eusko Jaurlaritza, Ingurumen eta Lurralde Antolamendua, 122 or. ISBN 84-457-2252-2..
- ↑ Pilar Catalán, Iñaki Aizpuru. (1988). Atlas de los Pteridofitos de Navarra. MUNIBE Ciencias Naturales, 5 or..
- ↑ «Lexnavarra» www.lexnavarra.navarra.es (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).
- ↑ Stroppa, Nadia; Onelli, Elisabetta; Hejna, Monika; Rossi, Luciana; Gagliardi, Assunta; Bini, Luca; Baldi, Antonella; Moscatelli, Alessandra. (2020-02-01). «Typha latifolia and Thelypteris palustris behavior in a pilot system for the refinement of livestock wastewaters: A case of study» Chemosphere 240: 124915. doi: . ISSN 0045-6535. (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).
- ↑ Anderson, LaShunda L.; Walsh, Maud; Roy, Amitava; Bianchetti, Christopher M.; Merchan, Gregory. (2010-12-28). doi: . ISSN 1522-6514. (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).