Theodoros Diligiannis
Theodoros Diligiannis (grezieraz: Θεόδωρος Δηλιγιάννης; Kalavryta, 1820ko urtarrilaren 2a edo 1824ko maiatzaren 18a – Atenas, 1905eko maiatzaren 31) greziar politikaria izan zen. Greziako lehen ministroa izan zen 1885etik 1886ra, 1890etik 1892ra, 1895etik 1897ra eta 1902tik 1903ra eta 1904tik 1905era.
Atenasen Zuzenbidea ikasi zuen eta 1843an Barne Ministerioan sartu zen eta 1859an bertako idazkari iraunkor bihurtu zen. 1862an Oto erregea kargutik kendu ondoren eratutako behin-behineko gobernuko Kanpo Arazoetako ministro izendatu zuten eta 1867an Greziaren enbaxadore Parisen izendatu zuten.
Greziara itzultzean, hainbat gobernutan parte hartu zuen, eta Alderdi Nazionaleko buru bihurtu zen. Orduan, Charilaos Trikoupisekin lehia politikoa hasi zen bi alderdiko sistema batean. 1877an Diligiannisek Turkiaren aurkako gerraren alde bozkatu zuen eta 1878ko Berlingo Biltzarran ordezkari greziarra izan zen.
1885ean lehen ministro izendatu zuten, baina kanpo politikan porrot egin zuen eta Europako potentziek Pireoa blokeatu ondoren dimisioa eman zuen. 1890ean kargura itzuli zen, baina erregeak kargutik kendu zuen Diligiannisek finantza krisia konpontzeko gaitasunik ez zuelako.
1895ean boterera itzuli zen eta 1897an Kretako matxinada eta Turkiaren aurkako zorigaiztoko gerra gertatu ziren. Hori dela eta, erregeak kargutik kendu zuen. 1902an eta 1904an berriro lehen ministro, 1905ean jokalari batek hil zuen apustu etxeen aurkako politika murriztailearen ondorioz.