Tibeteko historia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Potala jauregia, Dalai Lamen egoitza.
Tibeteko bandera, "Elurretako lehoia" izenaz ezagutzen dena, 1916an sortu zen.

Tibeteko historia Tibeteko goi-lautada populatu izan duten giza taldeek eta bertan izandako gertakariek osatzen duten historia da. Historiaurretik populatua egon bada ere testu idatzi zaharrenak VI. mendekoak dira, Budismoa sartu zen garaikoak hain zuzen ere. Lehenengo enperadoreak Yarlung dinastiakoak izan ziren. XVII. mendetik aurrera Gelug eskola budistako Dalai Lamak izan dira Tibeteko agintari nagusiak.

VII. eta IX. mendeen artean Inperio indartsua eratu zen Tibeten. Dena dela historiako zati handienean Inperio handien menpe egon da (Mongolen Inperioa eta Txinako Inperioa) eta tarteka de facto independentzia aldiak ere izan ditu. Gaur egun Txinako Errepublikaren barnean dagoen Tibeteko eskualde autonomoa osatzen du, baina Tibeteko gobernuburua den 14. Dalai Lama 1959. urtetik erbestean bizi da, India iparraldean hain zuzen ere[1].

Kokapen geografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tibeteko paisaia tipikoa.

Tibet garaiera handiko lautada zabal bat da eta bi zibilizazio handiren artean kokaturik dago, alde batetik Txina eta bestetik India.

Ekialdean dituen mendilerro garaiek bereizten dute Txinarengandik eta hegoaldeko Himalaia mendikateak aldiz Nepal eta Indiarengandik. Mendebaldean Karakorum mendikatea kokatzen da, hau ere munduko garaienetakoa[2].

Eremuaren azalera 2.500.000 km2-koa da, 2.500 km luzeran eta 1.000 km zabalera hartzen ditu. Lurraldea lehorra da, Himalaiak eragiten duen Foehn efektuaren erruz, eta basamortu hotzetako klima du. Itsas-mailatik batezbeste 3.000 metrotako garaiera dauka eta horregatik "munduaren sabaia" ezizenaz ezagutzen da[3]. Izotzezko eremu zabalak ditu, permafrosta ere bai, eta Lurreko poloetatik aparte ur gezaren kopuru handienak dituen eskualdea da[4], horregatik "hirugarren poloa" eta "elurren lurraldea" ezizenak ere jasotzen ditu.

Brahmaputra ibaiak zeharkatzen du ekialderantz Tibet goi-lautadaren hegoaldea. Himalaiaren iparraldeko isurialdeko urak jasotzen ditu eta Bangladeshen itsasoratzen da Ganges ibaiarekin bat egin ondoren. Indus ibaiak ere Tibeten du iturburua, mendebaldean hain zuzen ere, horrek ordea distantzia laburra egiten du Tibeten.

Historiaurrea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurkitu diren hainbat aztarnek iradokitzen dute duela 500.000 urte inguru hainbat hominido taldek zeharkatu zutela Tibeteko goi-lautada[5]. Bestalde duela 169.000-226.000 urte artean egindako esku eta oinen inpresioak aurkitu dira 4.000 metrotako garaieran[6].

Gizaki modernoak duela 20.000 urte inguru kolonizatu zuen ingurunea[7]. K.a. 3.000 urten Txina iparraldetik Neolitoko gizakiak iritsi ziren eta aurreko populazioak ordezkatu zituztela uste bazen ere DNA mitokondrialarekin egindako ikerketek erakutsi dute Paleolitoko biztanleen eta gaur egungo Tibetarren artean dezenteko jarraikortasuna agertzen dela[7].

Tibet hego-ekialdean hainbat arkeologia eremu aurkitu dira, Nyingchi, Medog eta Qamdo konderrietan esate baterako. Arkeologoek zeramikazko ontziak eta harrizko tresnak (harrizko aizkorak, zizelak, labanak, ardatzak, diskoak eta gezi puntak besteak beste) aurkitu dituzte indusketatan[8]. Monumentu megalitiko ugari aurkitzen dira Tibeteko lautadan eta baita Burdin Aroko gotorlekuak eta ehorzketa multzoak ere.

Lehenengo erresumak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yungbulakang jauregia, Yarlung haranean. Gaur egun berrizturik dago.

K.a. 500 urtean Zhangzhung erresuma eratu zen Guge eskualdean[9] eta Bon erlijioa sortu zuten bertan[10]. Xamanismoan eta animismoan oinarrituriko erlijioa da hau eta oraindik ere jarraitzaileak baditu. Zhangzhung erresumako hiriburua Kyunglung zen eta gaur egungo Tibeten mendebaldeko mugatik oso gertu zegoen. Sutlej ibaiaren iparraldeko muinoetan leize sistema zabala aurkitu da, Moincêr meategi hiritik 30 kilometrotara. Leize horietan Zhangzhung garaiko aztarna ugari aurkitu dira.

K.a. I. mendean Yarlung haranean beste erresuma bat eratu zen. Yarlung dinastia Tibeteko enperadoreen lehenengo dinastia izan zen eta 42 erregeren izenak ezagutzen dira. Nyatri Tsenpo izan zen dinastiaren sortzailea eta kondairak dioenez K.a. 127. urtean jaio zen. Yungbulakang jauregia eraiki zuen, hori izan zen Tibetar enperadoreen aurreneko egoitza. Gaur egungo Lhasa hiriburutik 192 km hego-ekialdera aurkitzen da[11]. Yarlung dinastiako 8. erregeak, Drigum Tsenpok, Zhangzhung erresumaren eragina murriztu nahian bere lurretatik Bon erlijioko xaman guztiak kanporatu zituen baina ondoren Drigum Tsenpo erail zuten eta Zhangzhung erresumako xamanek Yarlung haranean eragin handia izaten jarraitu zuten. Idatzizko agiririk ez dago apenas eta adituen ustetan Yarlung dinastiako aurrenengo 26 erregeak alegiazkoak izan litezke. Zerrendako 27. eta 32. erregeen artekoak historikoak direla uste da, haien idatzizko ebidentziarik ez dagoen arren[12]. 33. erregetik aurrerako guztiak ongi dokumentaturik daude.

Txinatarren kronikek aipatzen dute mendebaldeko mugetan tibetar leinuen erasoak jasan zituztela, esate baterako 108. urtean edota 168-169 urteetan[13]. Txinatarrek Fu izeneko estatu bat ere aipatzen dute.

Tibetar Inperioa (618-842)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Songtsen Gampo.
Trisong Detsen.
Tibetar Inperioaren hedadura maximoa.

Yarlung erregeak mendez mende haien lurraldea handituz joan ziren eta VI. mendearen hasierarako leinu tibetar gehienak kontrolpean zituzten[14]. Namri Songtsen (570?–618?) erregeak (Yarlung dinastiako 32.ak) Lhasa inguruaren kontrola lortu zuen eta Tibetar Inperioa sortu zuen. 608 eta 609an enbaxadoreak bidali zituen Txinara eta ordutik aurrera txinatarrek aintzakotzat hartu zuten[15]. Haiek Tubo (吐蕃) izena eman zioten.

Tibetar Inperioak hiru enperadore handi izan zituen, Dharma erregeak ("erlijio erregeak") izenez ezagutzen direnak; Songtsen Gampo, Trisong Detsen eta Ralpacan.

Songtsen Gampo (c. 604–650) erregeak, Yarlung dinastiako 33.ak, Zhangzhung erresuma konkistatu zuenean lurraldea asko handitu zuen[15] eta 640 urtean Nepal ere konkistatu zuen. Bhrikuti emazte nepaldarraren hartu zuen 641ean eta haren eraginez budismoa eraman zuen inperiora. Lhasan estupa eta tenplu ugari eraiki ziren eta testu sakratuak sanskritotik tibetar idazkerara itzuli ziren[16]. Horretarako tibetar idazkeraren sorrera bultzatu zuen. Antzinako familia nobleak Bon erlijio zaleak ziren eta enperadorearekin lehian sartu ziren sarritan. Songtsen Gampo hil ondoren inperioa gainbehera hasi zen, Turkestan aldeko hiri garrantzitsu batzuk galdu zituen (694), Nepalen matxinada izan zen (703) eta arabiar indarrak mendebaldeko mugetan zabaldu ziren.
Trisong Detsen (742-797) erregeak, Yarlung dinastiako 38.ak, 755ean erregealdia hasi eta inperio indartsua sortzeari ekin zion. 763. urtean 200.000 gizonetako armada bidali zuen Txinako mugara eta Chang'an hiriburua bera eskuratzera iritsi zen (gaur egungo Xi'an). Tang enperadoreak alde egin behar izan zuen[17]. Nanzhao erresumarekin bat eginda Txina mendebaldeko Sichuan probintzia erasotu zuen 778an. 783. urtean Txinak eta Tibetek bake ituna sinatu zuten eta gaur egun Qinghai probintzia denaren lurralde guztia eskuratu zuen Tibetek. Mendebaldeko muga gotortzeko Harun al-Rashid abbastar kalifa bera ere mehatxatu zuen Amu Daria ibairaino iritsiz. Kalifak ituna egin zuen txinatarrekin tibetarren mehatxuaren aurrean babesteko. Erlijioari dagokionez Lhasa kontzilioa sortu zuen, 792-794 artean izan zen budismoaren inguruko hausnarketa handia. Txinatar eta indiar tradizioen arteko kontzilioa izan zen. 779an Samye monasterioa eraikitzen hasi zen[18] eta Budismoa herrialdeko erlijio ofizial bihurtu zen.
Ralpacan (815-838) erregeak, Yarlung dinastiako 41.ak, Tibetar Inperioaren azalera handiena lortu zuen. Txinatarren aurkako borroka ugari sustatu zituen eta 821-823 urteetan bake itun berria eratu zen txinatarren eta tibetarren artean[19]. Itun hori azaltzen zuten harlauzak ezarri ziren Lhasan eta txinatarren Chang'an hiriburuan. Txinako hainbat lurralde eskuratzeak gain (gaur egungo Xinjiang eta Gansu probintziak) Indiako hainbat lurralde, Nepal, Khotan, Balti, Bruzha, Zhangzhung, Hor-yul, Sog-yul, Yugur eta Kamilog (gaur egungo Sichuan) erresumek osatu zuten Tibetar Inperioa. Erlijioari dagokionez Txina, Nepal, Kaxmir eta Khotango artisau, aditu eta itzultzaileak ekarri zituen eta horrela tibetar literaturaren loraldia sortu zen[20].

Zatiketa eta pizkunde kulturala (IX-XII. mendeak)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zatiketaren aroa.

Tradizio tibetarraren arabera Ralpacan bi Bon erlijiozale ministrok erail zuten eta haren Langdama anaia antibudista ezarri zuten tronuan[21]. Egoera nahasia aprobetxatuz eskualdeetako gerra jauntxoak Inperioaren aurrean matxinatu egin ziren eta 842an Langdama erailtzean Inperioa amaitu zen. Yarlung dinastiako azken enperadorea izan zen, 42.a. Langdamak bi ondorengo zituen tronua eskuratzeko, Yumtän eta Ösung, eta bien artean Gerra Zibila sortu zen. Yumtänen jarraitzaileek Ü-Tsang eskualdea kontrolatzen zuten (Tibet erdialdean) eta Ösungen jarraitzaileek Ngari, mendebaldeko eskualdea[22]. Gerra Zibilak alde biak ahuldu zituen eta lurraldea hamar erlijio erregimenetan zatikatu zen. Hurrengo lau mendetan ez zen Tibet guztia kontrolatuko zuen autoritate zentral bat izan eta erreinuen artean Guge and Maryul (Ladakh) nagusituz joan ziren[23].

Budismoak ere atzerakada nabarmena izan zuen eta Amdo eta Kham erreinuetan baino ez zuen biziraun. Erresuma hauetan tibetar jatorriko biztanleak gutxiengoa ziren. X. mendean tibetarrek erresuma biak berreskuratu zituzten[24] eta X. eta XI. mendeetan budismoak ere pizkunde aro bat izan zuen Tibeten. Pizkunde hau hasiera batean Tibeteko ekialdeko eta mendebaldeko muturretan sortu zen. Rinchen Zangpo (958–1055) itzultzaileak ekialdean tenplu eta monasterioak eraiki zituen eta Atiśa (982-1054) indiarra (gaur egungo Bangladeshen jaioa) 1042an mendebaldeko errege tibetar batek eraman zuen Budismoaren eskola bat sor zezan[25].

Mongolen Inperioaren barnean (1240-1354)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakya Pandita.

XIII. mendearen hasieran izan zuten aurreneko kontaktua mongolek eta tibetarrek. Genghis Khanek Tsang-pa Dung-khur misiolaria jaso zuen Tangut inguruan[26]. Mongolak Txinako mugetara hurbilduz zihoazen.

1240. urtean mongolek Tibet inbaditu zuten. Doorda Darkhan generalak gidaturiko 30.000 soldadutako armada txikiak egin zuen kanpaina hura[27]. Aditu batzuen ustetan Sakya Paṇḍita lamak gonbidatu zituen mongolak bere erresumara eta Tibet erdialdeko monasteriotako monjeak konbentzitu zituen mongolak har zitzaten. Mongolek errendizio keinutzat hartu zuten monasterioetan onartuak izana. Beste aditu batzuen esanetan Mongolen Inperioa zabaltzen ari zen hegoalderantz eta mendebalderantz eta tibetarren tributua ordaintzeari uko egin ziotelako konkistatu zuten lurraldea[28].

1241ean ordea tropak Mongoliara itzuli ziren Ogedei Khana hil baitzen eta ondorengoa hautatzeko Kurultaia egitera. 1244an itzuli ziren. Sakya Paṇḍita tibetarren ordezkaritzat hartu eta Tibet errenditu arazi zioten, bestela guztia inbaditu eta arpilatuko zutela mehatxatuz. Ekialdeko Amdo eta Kham eskualdeak konkistatu zituzten eta Sakya Paṇḍita bera Tibeteko erregeorde izendatu zuten 1249an. Horrela Tibet Mongolen Inperioaren barnean sartu zen. Erlijioaren eta politikaren gaineko kontrola mantendu zuten tibetarrek, eta mongoliarren esku egitura, administrazioa eta jarduera militarrak gelditu ziren[27].

1251. urtean Sakya Pandita hil egin zen eta Drogön Chögyal Phagpak hartu zuen haren lekua. Phagpa Kublai Khan mongoliarraren erlijio irakaslea izana zen eta Kublai Txinako enperadore bihurtu zenean Chögyal Phagpak gainerako mongolen klanen aurrean botere handia eskuratu zuen Sakya dinastia gailentzea lortuz. Kublai Khanek ere Yuan dinastia abiatu zuen Txinan eta hare barnean sartu zuen Tibet. XIV. mendearen erdialdera arte iraun zuen Sakyatarren hegemoniak, Txinan Yuan dinastia erori zen arte hain zuzen ere. 1358. urtean Kagyu sektak eskuratu zuen kontrola[29].

Tibet independentea (XIV-XVIII. mendeak)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yuan dinastiaren lekua Ming dinastiak hartu zuen Txinan eta Tibet haien menpeko lurraldea bazen ere ez zuten interes handirik erakutsi eta Tibeteko buruzagi erlijiosoekin harreman onak mantentzen saiatu ziren. Horrela beraz Tibet de facto independentea izan zen[30].

Hainbat tibetar familia izan ziren boterean garai luze horretan:

Je Tsongkhapa, Gelug eskolaren sortzailea.
  • Phagmodrupa (1354-1434): Familia boteretsuen arteko borroketan Jangchub Gyaltsän gailendu zen eta Phagmodrupa dinastia ezarri zuen. Nêdong bihurtu zen hiriburua. Kultura tibetarra bultzatu zuen, antzinako inperioko ereduetan oinarritu zen horretarako. Bakealdia etorri zen eta literatura eta artea garatu ziren. Je Tsongkhapak Gelug sekta sortu zuen garai horretan[31], gerora Tibeteko politikan zeresan handia izango zuena, Dalai Lamen jatorrizko eskola izan baitzen.
  • Rinpungpa (1435-1565): Tibet mendebaldean zuen jatorria Rinpungpa familiak eta 1413an Norzang buruzagia lurraldea handituz joan zen 1434an Phagmodrupa familia garaitu arte. Xigazên zuten hiriburua. 1500 artean Tibet guztia eskuratu zuen, baina 1512tik aurrera ahultzen hasi zen[32].
  • Tsangpa (1565-1642): XVI. mendean Rinpunga familia ez zen gai Tibeteko batasuna lortzeko. Budismo tibetarraren bi adar ziren nagusi orduan, Karma Kagyu eta Gelug (Dalai Lamen eskola). Lehenengoek zalditeria indartsu batekin Rinpunga eraso eta boterea eskuratu zuten. Bien arteko lehia ez zen ordea amaitu eta borrokak etengabe izan ziren bi eskolen artean eta mongolen aliantzak baliatu nahi izan zituzten bata besteari gailentzeko[33].
  • Ganden Phodrang (1642-1720): 1642. urtean Gerra Zibila piztu zen Tibeten. Gelug eskolako bosgarren Dalai Lama gailendu zen eta Ganden Phodrang gobernua ezarri zuen. Lhasa hirian ezarri zuen hiriburua eta Potala jauregia eraikitzen hasi zen[34]. Bosgarren Dalai Lamaren garaian Europatik joandako hainbat jesuitaren testigantzak iritsi zaizkigu. 1661eako udazkenean Johannes Gruber alemaniarra eta Albert Dorville belgiarra izan ziren bertan Pekinetik Goarako bidaian[35], eta 1716-1721 artean Ippolito Desideri italiarra bost urtez izan zen Lhasan. Liburu kristauak tibeterara itzuli zituen eta kaputxinoen misio bat sortu zuen[36].

Txinako Inperioaren barnean (1720-1912)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qing espedizioa (1718-1720)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Qing dinastiak 1644an lortu zuen Txinan agintari jartzea. Kangxi enperadoreak bakean utzi zuen ofizialki menpeko zuen Tibet aldea, baina 1717an Dzungariako Khanerri mongolak Tibet okupatu zuenean merkataritzarako bideak arriskuan ikusi zituen eta 1718an espedizioa bidali zuen bide horiek segurtatzeko helburuarekin. Tibetarrek bat egin zuten txinatarrekin eta 1720an dzungar jendea kanporatzea lortu zuten.

Txinatarren kontrola[aldatu | aldatu iturburu kodea]

9. Dalai Lamaren izendapena. Eskuinaldean amban txinatarrak ageri dira. 1808 inguruan.

Qing enperadoreak 7. Dalai Lama ezarri zuen boterean eta 3.000 soldadutako multzoa utzi zuen Lhasan. Lhasaz gain beste tibetar hiri garrantzitsuetan ere soldadu txinatarren taldeak ezarri ziren, Batangen, Dartsendon, Lharin, Chamdon eta Litangen[37]. Dalai Lamaren boterea sinbolikoa izatera pasa zen eta txinatarrek Lhasan kontseilua sortu eta Kangchennas ezarri zuten buru.

Kangxi enperadorea hil zela aprobetxatuz dzungariarren alde egin zuten tibetarrek Kangchennas hil zuten 1727an eta Lhasaren kontrola eskuratu zuten. Qing indarrek orduan Lhasa berreskuratu eta matxinadan parte hartu zuten familiak gaztigatu zituzten, haien emazte eta haurrak ere erailez. Dalai Lama Lithang monasteriora bidali zuten (Kham-en) eta Panchen Lama eraman zuten Lhasara. Ordutik bi Lamen arteko borroka izan zen. Amban deritzon gobernadore txinatar bat ezarri zuten Lhasan Tibetarren gainean boterea zutela erakusteko. 1791ean nepaldarrek inbaditu zuten Tibet eta haiek atzera bueltatzean Qing enperadoreek Tibetarekiko kontrola handitzea erabaki zuten. Erabaki garrantzitsuak ambanen eskutan utzi zituzten, esate baterako Tibeteko mugen babesa eta atzerriko auzien gaineko erabakiak. Merkataritza jarduerak burutzeko ere ambanen baimena behar zen eta epaile lanak ere egiten zituzten[38].

Britainiarren espedizioa (1903-1904) eta ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Britainiar soldaduen, txinatar ambanen eta tibetarren arteko topaketa. "Le Petit journal" aldizkarian, 1904.

XX. mendearen hasieran Errusiaren eta Britainiar Inperioaren arteko lehia sortu zen Erdialdeko Asiaren kontrola eskuratzeko. Tibetar gobernuarekin harremanak eratzerik lortu ez zutenez Francis Younghusband koronela gidaturiko espedizio britainiarra Lhasara iritsi zen. Britainiarrak 1904ko abuztuan iritsi ziren hiriburura eta tibetarren aldetik erresistentzia txikia aurkitu zuten, armada antolaturik ez baitzuten. Ordurako 13. Dalai Lama alde egina zen, Mongoliara aurrena eta ondoren Pekinera. Tibetarrekin merkataritza akordioak lortzea zuen helburu, tibetarrak errusiarrekin harremanetan jarri aurretik. Horregatik Lhasako Konbentzioa sinatu arazi zieten Tibetarrei, merkataritza harreman esklusiboak bermatzen zituena. Qing dinastiako atzerri ministroak Tibet Txina zela erantzun zuen eta Txinarekin sinatu beharreko akordioa izan behar zuela, legezkoa izan zedin[39].

Britainiarrei erantzunez atzerritarren aurkako matxinada sortu zen Tibeteko monasterioetan. Misiolari frantziarrak, Qing ofizialak eta kristautasunera konbertitutako tibetarrak erail zituzten. Qing indarrek matxinada gelditzea lortu zuten[40], Zhao Erfeng buru zuen espedizioak Amdo eta Kham inguruko monasterio asko suntsitu zituenean. Zhao Erfeng bera bihurtu zen Tibeteko gobernadore. Hori ikusita Dalai Lama Indian errefuxiatu zen.

1906an britainiarren eta txinatarren arteko ituna sinatu zen, Tibet Txinaren menpeko lurraldea zela kontsideratzen zuena. Britainiarrek Tibet ez anexionatzeko edo interbentziorik ez egiteko konpromisoa hartu zuten eta txinatarrek Erresuma Batua ez zen beste atzerriko herrialderekin akordiorik sinatuko ez zutela adierazi zuten[41]. Pekinek gainera Londresi 2'5 milioi errupia ordaintzea adostu zuten. 1907an Errusiarrek eta britainiarrek itun berri bat sinatu zuten eta bertan esaten zen Tibetekin edonolako merkataritza harremanik ezingo zela eratu Txinako Gobernua bitartekari ez bazen[42].

Tibet independentea (1912-1950)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

13. Dalai Lama, 1910ean.

1911eko urrian Qing dinastia erori zen Txinan eta Zhao Erfengen soldaduek etxerako bidea hartu zuten. Dalai Lama Indiatik itzuli zen eta Ambana eta gelditzen ziren tropa txinatarrak kanporatu zituen[43]. "Nazio txiki, erlijioso eta independentea gara" aldarrikatu zuen orduan[44].

Hurrengo lau hamarkadatan Txinak historia konplikatua izan zuen; Jauntxoen garaia, Gerra Zibila eta Bigarren Mundu Gerra. Horri esker Tibetek de facto independentea izatea lortu zuen. 1913an Mongoliarekin ituna sinatu zuenean juridikoki independentea zela erakutsi nahi izan bazuen ere Erresuma Batua zen Tibeten harremanetarako diplomazia izan zuen herrialde bakarretakoa. Txinak eta mendebaldeko herrialde askok (Estatu Batuek barne) Txinaren parte kontsideratzen jarraitu zuten[45][46].

1930. urtean Tibetar armadak Txinaren menpe zeuden garai bateko tibetar lurrak berreskuratu nahi izan zituen (Kham eta Yushu eskualdeak) baina 1932an Txinako Han eta musulmanez osaturiko armadak garaitu egin zituen. Hainbaten esanetan txinatarren estrategiazko ekintza izan zen, Japoniarrek Mantxuria okupatu zutenean Tibetarrek beste aldetik erasotzeko tentaziorik izan ez zezaten[47].

Txinako Herri Errepublikaren barnean (1950- )[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1950-1959[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Askapenerako Herri Armadako kideak Potala jauregiaren aurrean.

1949an Mao Zedong buru zutela komunistek Txinaren kontrola eskuratu eta Txinako Herri Errepublika eratu zuten. Askapenerako Herri Armadak 1950ko urrian inbaditu zuen Tibet eta tibetarren erresistentzia urria arazorik gabe gainditu zuen. 1951n Tibeteko gobernuaren ordezkariek Pekinekin negoziazioak abiatu zituzten eta 17 puntutako ituna sinatu zuten. Tibeteko Gobernuak ordea presio bidez sinaturiko agiria izan zela esan zuen eta ez zuen onartu[48]. 20.000 soldadu txinatar sartu ziren Tibet erdialdean eta bi gizarte sistema erabat desberdinen talka egon arren, 1959 artean 14. Dalai Lamak sinbolo garrantzitsu batzuk mantentzea lortu zuen eta Tibeteko jauntxoen funtzionamenduak ere antzera jarraitu zuen[49]. Komunistek esklabotza kendu zuten eta Kham eskualdea Txinatik Tibetera pasatzerakoan lurraren erreforma ezarri zuten bertan.

1956-1957 artean Tibeteko gerrillak txinatarren hainbat konboi eraso zituen Kham eta Amdo inguruetan. Estatu Batuetako CIAren laguntza izan zuten, trebakuntza militarra Nepaleko baseetan eta aire bidezko garraioa[50]. Dalai Lamaren bi anai zaharrenek parte hartze aktiboa izan zuten gerrilla horietan.

1959tik aurrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lhasako Altxamenduan preso harturiko tibetarrak.

1959an Txinako armadak porrota izan zuen Kham eta Amdon eta Lhasako Altxamendua gertatu zen. Erresistentzia Tibet osora zabaldu zen. Matxinatuak galtzear zeudela ikusita tibetarrek Potala jauregia errenditu zuten eta Dalai Lamak Indiara egin zuen ihes[51].

1959 eta 1962 artean Txinako Gosete Handia gertatu zen, Txinari ez ezik Tibeti ere eragin ziona. Guztira 15 eta 55 milioi artean hil zirela pentsatzen da. Tarte horretan Tibeten 6.000 monasterio baino gehiago suntsitu ziren.

1965ean Tibeteko eskualde autonomoa eratu zen. Autonomia horretako burua tibetarra izango zela zehaztu zen estatutuetan baina gaur egungo burua, Wu Yingjie, Txinako Alderdi Komunistako idazkaria da eta ez da tibetarra[52]. 1966tik aurrera Txinako Iraultza Kulturala gertatu zen eta Tibeteko ondare budistaren aurkako erasoak ugaritu ziren[43]. Monasterio garrantzitsu gutxi batzuk baino ez ziren kaltetu gabe gelditu[53].

2008ko liskarrak eta haren ondorioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Atxiloturiko monjeak poliziaren zaintzapean, 2008an.

2008an hainbat liskar izan ziren. Txinak Olinpiar Jokoak antolatuko zituela aprobetxatuaz tibetarrek haien egoera azaleratzeko aukera ikusi zuten. Txinako Harresi Handian pankarta erraldoia ezarri zuten, "Mundu bat, amets bat, Tibet Askea 2008"' leloa zeraman[54]. Dalai Lama Tibetera itzul zedila eskatuz monje budistek martxoaren 14an abiatu zuten protestaldiaren ondoren tibetarrek txinatarren aurka jo zuten eta haien dendak arpilatu eta erre zituzten, bai eta autoak eta ibilgailu militarrak ere[55]. Polizia gogor oldartu zen manifestarien aurka eta hildakoak ere izan ziren[56]. Txinako gobernuak mugak itxi zituen eta Tibeterako sarbidea zorrotz mugatu zuen. Katmandun eta Delhin protestak izan ziren Txinako enbaxaden aurrean. Txinako datu ofizialen arabera poliziak 1.317 tibetar atxilotu zituen eta 1.115 aske utzi zituzten ondoren. Guztira 18 zibil eta polizia bat hil zirela adierazi zuten txinatarrek. Atxilotuetako batzuk 2009an heriotza zigorrera kondenatuak izan ziren. Tibetarren iturriek diotenez 140 pertsonatik gora hil zituzten[57].

Hurrengo urteetan Txinarekiko protestek jarraitu izan dute eta poliziak gogor erantzun izan du manifestarien aurka. Nazioarteko Giza Eskubideen aldeko erakundeek sarritan salatu izan dute eskubideen urraketa[58]. Beren buruari su eman dioten tibetarrek ere oihartzun handia izan dute[59]. Dalai Lama Tibetera itzul zedin manifestazioak hasi zirenetik 2012 artean 90 tibetarrek eman zioten su beren buruari, horietatik 28k 2012ko azaroan[60]. 2020rako 156 monje, moja edota zibil izan dira beren buruari su eman diotenak. Aurrenekoa Tapey izeneko monje budista gazte bat izan zen, 2009ko otsailaren 27an[61].

2015eko irailaren 1ean Tibeteko eskualde autonomoaren 50. urteurrena betetzen zela aprobetxatuz Txinak militarrak zabaldu zituen bertan. Ariketa militarrak egin zituzten eta tankez, artilleriaz eta tropez osaturiko konboiak erruz ikusi ziren Tibeteko hiri nagusietako kaleetan. Horretaz gain eskualdera sartzeko baimenak eten egin zituzten[62].

2021. urtean Xi Jinping Lhasan izan zen. 30 urte ziren Txinako presidente bat azkenengoz Tibeten egon zela. "Aro berri bat" aldarrikatu zuen eta Tibeti autonomia handiagoa eskaini zion[63].

Erbestean dauden tibetarrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

14. Dalai Lama eta Barack Obama (Estatu Batuetako presidentea), 2016an.

Garai hartan Indiako presidentea zen Jawaharlal Nehruk babesa eskaini zien Tibetetik alde egindako gobernukideei[54] eta iparraldeko Dharamsala eskualde menditsuan ezarri zen Tibeteko erbesteko gobernua[64]. Dalai Lamak munduaren arreta bereganatu zuen 1989an Bakearen Nobel Saria jaso zuenean[65]. 2006an Kanadako ohorezko hiritartasuna jaso zuen eta 2007an Estatu Batuetako Kongresuko urrezko domina ere eman zioten, George Bush presidente zela. Barack Obama presidenteak ere hirutan hartu zuen Dalai Lama Etxe Zurian[58]. Dalai Lamak sari edo errekonozimendu bat jaso duen bakoitzean Txinako gobernuak protesta egin izan du.

Erbestean dauden tibetarrak Indian (gehienak), Nepalen eta Butanen daude gehien bat eta 150.000 pertsonako diaspora osatzen dute. Indian dagoeneko Daramshalan (iparraldean) eta Karnatakan (hegoaldean) daude. 2011ean Dalai Lamak lehen ministro izateari utzi zion, orain munduaren aurrean Tibeten gidari sinbolikoa baino ez da, eta Lobsang Sangay bihurtu zen lehen ministro berria. 2016an bost urtetarako mandatua berriztu zuen[66]. Urte guzti hauetan Indian tibetar monasterioak bikoiztu egin dira eta gaur egun milaka monje daude. Tibetar tradizioak eta kultura mantentzeko eskolak eta ospitaleak eraiki dituzte, bai eta Liburutegi eta Artxiboa ere. Tibetar Jaialdiak ere egiten dituzte.

Bestalde, Tibeteko askatasuna errekuperatzeari dagokionez erbesteko erresistentzia ahultzen ari da. Alde batetik gaur egun oso tibetar gutxi erbesteratzen da, bestetik tibetar asko Indiatik Tibetera bueltatu dira eta azkenik, erbestean bizi diren tibetarrak mundu osoan zehar sakabanaturik daude[67].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Ingelesez) «Witness: Reporting on the Dalai Lama's escape to India» Reuters 2009-02-27 (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  2. Rand McNally and Company. (1985). Illustrated atlas of the world.. Rand McNally ISBN 0-528-83190-9. PMC 12595478. (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  3. «National Geographic MapMachine: Student Atlas - Asia Deserts Photos, Map» web.archive.org 2006-01-12 (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  4. (Ingelesez) Cheng, Guodong; Wu, Tonghua. (2007). «Responses of permafrost to climate change and their environmental significance, Qinghai-Tibet Plateau» Journal of Geophysical Research: Earth Surface 112 (F2)  doi:10.1029/2006JF000631. ISSN 2156-2202. (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  5. Laird, Thomas. (2006). The story of Tibet : conversations with the Dalai Lama. (1st ed. argitaraldia) Grove Press ISBN 0-8021-1827-5. PMC 63165009. (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  6. (Ingelesez) Zhang, David D.; Bennett, Matthew R.; Cheng, Hai; Wang, Leibin; Zhang, Haiwei; Reynolds, Sally C.; Zhang, Shengda; Wang, Xiaoqing et al.. (2021-12-30). «Earliest parietal art: hominin hand and foot traces from the middle Pleistocene of Tibet» Science Bulletin 66 (24): 2506–2515.  doi:10.1016/j.scib.2021.09.001. ISSN 2095-9273. (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  7. a b Zhao, Mian; Kong, Qing-Peng; Wang, Hua-Wei; Peng, Min-Sheng; Xie, Xiao-Dong; Wang, Wen-Zhi; Jiayang; Duan, Jian-Guo et al.. (2009-12-15). «Mitochondrial genome evidence reveals successful Late Paleolithic settlement on the Tibetan Plateau» Proceedings of the National Academy of Sciences of the United States of America 106 (50): 21230–21235.  doi:10.1073/pnas.0907844106. ISSN 0027-8424. PMID 19955425. PMC 2795552. (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  8. History of civilizations of Central Asia.. Unesco 1992-2005 ISBN 92-3-102719-0. PMC 28186754. (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  9. International Association for Tibetan Studies. Seminar. (2007). Discoveries in western Tibet and the western Himalayas : essays on history, literature, archaeology and art : PIATS 2003, Tibetan studies, proceedings of the Tenth Seminar of the International Association for Tibetan Studies, Oxford, 2003. Brill ISBN 978-90-474-2821-3. PMC 308130700. (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  10. Namdak, Lopon Tenzin. (2002). Heart Drops of Dharmakaya. Ithaca: Snow Lion Publications.
  11. Mayhew, Bradley. (2005). Tibet.. (6th ed.. argitaraldia) Lonely Planet ISBN 978-1-74059-523-0. PMC 57750289. (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  12. Haarh, Erik. (2003). Extract from "The Yar Lun Dynasty", in: The History of Tibet, ed. Alex McKay, Vol. 1. London, 144 or..
  13. Grousset, René. (1970). The empire of the steppes : a history of central Asia. ISBN 0-8135-0627-1. PMC 90972. (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  14. Powers, John. (2007). Introduction to Tibetan Buddhism. Shambhala.
  15. a b Beckwith, Christopher I.. (1987). The Tibetan Empire in central Asia : a history of the struggle for great power among Tibetans, Turks, Arabs, and Chinese during the early Middle Ages. Princeton University Press ISBN 0-691-05494-0. PMC 15630380. (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  16. «Buddhism - Kagyu Office» web.archive.org 2010-02-20 (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  17. Stein, R. A.. (1972). Tibetan civilization. Stanford University Press ISBN 0-8047-0806-1. PMC 370059. (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  18. འགོས་ལོ་ཙ་བ་གཞོན་ནུ་དཔལ་. (1476-07-24). The Blue Annals (དེབ་ཐེར་སྔོན་པོ་). Zenodo (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  19. H.E.Richardson. (1978). The Sino-Tibetan treaty inscription of AD 821-23 at Lhasa. JRAS No. 2.
  20. Ancient Tibet : research materials from the Yeshe de Project.. Dharma Publishing 1986 ISBN 0-89800-146-3. PMC 14357431. (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  21. Shakabpa, Tsepon W. D.. (1967). Tibet: A Political History. Yale University Press, New Haven & London, 51 or..
  22. Shakabpa, W. D.. (2010). One hundred thousand moons : an advanced political history of Tibet. Brill ISBN 978-90-474-3076-6. PMC 717020192. (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  23. Fisher, Margaret W.; Rose, Leo E.; Huttenback, Robert A.. (1963). Himalayan Battleground: Sino-Indian Rivalry in Ladakh. Praeger, 18 or..
  24. Van Schaik, Sam. (2011). Manuscripts and Travellers : the Sino-Tibetan Documents of a Tenth-century Buddhist Pilgrim.. De Gruyter ISBN 978-3-11-022565-5. PMC 769343063. (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  25. (Ingelesez) «Kadam - The Treasury of Lives: A Biographical Encyclopedia of Tibet, Inner Asia and the Himalayan Region» The Treasury of Lives (Noiz kontsultatua: 2022-01-01).
  26. Paul D. Buell. (2011). 'Tibetans, Mongols and the Fusion of Eurasian Cultures,' in Anna Akasoy, Charles Burnett, Ronit Yoeli-Tlalim (eds.) Islam and Tibet: Interactions Along the Musk Routes. Ashgate Publishing, 188-208, 193-4 or..
  27. a b Wylie, Turrell V.. (1977). «The First Mongol Conquest of Tibet Reinterpreted» Harvard Journal of Asiatic Studies 37 (1): 103–133.  doi:10.2307/2718667. ISSN 0073-0548. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  28. Wylie, Turrell V.. (1977). «The First Mongol Conquest of Tibet Reinterpreted» Harvard Journal of Asiatic Studies 37 (1): 103–133.  doi:10.2307/2718667. ISSN 0073-0548. (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  29. Laird, Thomas. (2006). The story of Tibet : conversations with the Dalai Lama. (1st ed. argitaraldia) Grove Press ISBN 0-8021-1827-5. PMC 63165009. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  30. Tucci, G. (1949). Tibetan Painted Scrolls, Vol. 1.. Erroma, 692-3 or..
  31. Van Schaik, S.. (2011). Tibet. A History. New Haven & London: Yale University Press, 88-112 or..
  32. Olaf Czaja. (2013). Medieval rule in Tibet. Wien: ÖAW, 233 or..
  33. J. Gentry. (2010). 'Representations of efficacy: The ritual expulsion of Mongol armies in the consilidation and expansion of the Tsang (Gtsang) Dynasty', in J.I. Cabezón (ed.), Tibetan ritual. Oxfors, 144-52 or..
  34. SG FitsHerbert eta Alice Travers. (2020). Introduction: Ganden Phodrang's Military Institutions and Culture between the 17th and 20th centuries, at a Crossroads of Influence. Revue d'Etudes Tibétaines, CNRS, CRCAO, Paris, No. 53.
  35. Wessels, C.. (1998). Early Jesuit travellers in Central Asia, 1603-1721. ISBN 978-94-017-6836-8. PMC 883391138. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  36. Lopez, Donald S., Jr.. (2017). Dispelling the darkness : a Jesuit's quest for the soul of Tibet. ISBN 978-0-674-97773-0. PMC 979560329. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  37. Wang, Xiuyu. (2011). China's last imperial frontier : late Qing expansion in Sichuan's Tibetan borderlands. Lexington Books ISBN 0-7391-6810-X. PMC 772593006. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  38. Chambers' Encyclopedia. Pergamon Press, New York, 637 or..
  39. Walt van Praag, M. C. van. (1987). The status of Tibet : history, rights, and prospects in international law. Westview Press ISBN 0-8133-0394-X. PMC 13644346. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  40. Tuttle, Gray. (2005). Tibetan Buddhists in the making of modern China. Columbia University Press ISBN 0-231-50880-8. PMC 62124451. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  41. (Ingelesez) «Tibet profile - Timeline» BBC News 2014-11-13 (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  42. «Tibet Justice Center - Legal Materials on Tibet - Treaties and Conventions Relating to Tibet - Convention Between Great Britain and Russia (1907)[391»] www.tibetjustice.org (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  43. a b Tsering Shakya. (1999). The dragon in the land of snows : a history of modern Tibet since 1947. Pimlico ISBN 0-7126-6533-1. PMC 40840911. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  44. «Tibet Justice Center - Legal Materials on Tibet - Tibet - Proclamation Issued by His Holiness the Dalai Lama XIII (1913) [106»] www.tibetjustice.org (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  45. «Tibet during the Republic of China (1912-1949) -- Chinatibetnews.com» web.archive.org 2009-11-22 (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  46. Frank Capra. Why We Fight: The Battle of China. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  47. Liu, Xiaoyuan. (2004). Frontier passages : ethnopolitics and the rise of Chinese communism, 1921-1945. (1st ed. argitaraldia) Woodrow Wilson Center Press ISBN 978-0-8047-4960-2. PMC 52706681. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  48. «'Bide baketsua emankorra izan da eta horrela jarraituko dugu'.» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  49. Goldstein, Melvyn C.. (1989). A history of modern Tibet, 1913-1951 : the demise of the Lamaist state. University of California Press ISBN 0-520-06140-3. PMC 17412328. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  50. See Kenneth Conboy eta James Morrison. (1997-1998). The CIA's Secret War in Tibet (Lawrence, Kansas: University of Kansas Press, 2002); and William Leary, "Secret Mission to Tibet", Air & Space. .
  51. (Ingelesez) «Witness: Reporting on the Dalai Lama's escape to India» Reuters 2009-02-27 (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  52. Authenticating Tibet : answers to China's 100 Questions. University of California Press 2008 ISBN 978-0-520-24464-1. PMC 87772917. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  53. Wang, Jiawei; 王家伟.. (1997). The historical status of China's Tibet. (1st ed. argitaraldia) China Intercontinental Press ISBN 7-80113-304-8. PMC 39092468. (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  54. a b «Elurrezko lehoiaren borroka isila» Argia (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  55. (Ingelesez) Yardley, Jim. (2008-03-15). «Violence in Tibet as Monks Clash With the Police» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  56. ZUBIAURRE, IXIAR. «Protestak indartu dira Lhasan, eta bi manifestari hil ditu Txinako Poliziak» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  57. Berria. «Heriotza zigorra jarri diete iaz Tibeten altxatu ziren lau laguni» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  58. a b Tristan, Kristina Berasain. «Mapetan ez dagoen herria» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  59. Aldama, Z.. ««Tibeteko herria batu egin dute immolazioek, trinkotu»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  60. Berria. «Beste bi lagun hil dira Tibeten, euren buruari su emanda» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  61. (Ingelesez) «Tibetan monk dies after self-immolating in eastern Tibet | Free Tibet» freetibet.org (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  62. Garcia, Adrian. «Hari muturrak lotzeko» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  63. Berria. «Txinako presidente bat Tibeten izan da, 1981etik lehen aldiz» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  64. (Gaztelaniaz) Maliniak, Thierry. (2012-09-06). «En casa del Dalái Lama» EL PAÍS (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  65. (Ingelesez) «The Nobel Peace Prize 1989» NobelPrize.org (Noiz kontsultatua: 2022-01-02).
  66. Berria. «Sangay izango da berriz ere Tibetek erbestean duen gobernuko lehen ministro» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).
  67. Menor, N.. ««Askatasun borrokaren indarra jaioterrian bizi diren tibetarrek dute»» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-01-03).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]