Ticiana Iturri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Ticiana Iturri
Bizitza
Jaiotza Portugalete1904ko uztailaren  10a
Herrialdea  Bizkaia, Euskal Herria
Heriotza Bilbo1969ko martxoaren  5a (64 urte)
Hezkuntza
Heziketa San Karlos Kirurgia-Ikastetxea
Jarduerak
Jarduerak pediatra eta ginekologoa
Kidetza Emakume Abertzale Batza

Ticiana Iturri Landajo (Portugalete, 1904ko uztailaren 10a - Bilbo, 1969ko martxoaren 5a), medikua, higienearen dibulgatzailea, haurdunaldian eta pediatrian espezialista. Bizkaiko Mediku Eskolako kide izan zen lehenengo emakumea da, 1932. urtean sartu zen, 553. zenbakiarekin.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Juan Iturri Astorkiza (Gamiz-Fika, 1871ko martxoaren 7) eta Ticiana Landajo Ugalde (Abando, 1872ko martxoaren 3) alaba zen. Ticianaren aitak Andaluziako meategi-lantegi batean lana lortu zuen eta familiarekin Lora del Ríora bizitzera joan ziren. Juan Iturrik Sevillan lantegi bat sortu zuen. Sevillan Ticianak batxilergoa egin zuen, San Isidoro institutuan; ikastetxe berean Severo Ochoa ezagutu zuen. Hala ere, udaoro familia Sopelara itzultzen zen non haien etxea "Sevillatarren etxea" bezala ezagutzen zen.

Medikuntza ikasketak Madrilen burutu zituen, San Carlos Fakultatean; espezialitatea Instituto Rubion egin zuen eta kontsulta ireki zuen, Claudio Coello 97. zenbakian.[1] Halaber, Puerikultura Eskola Nazionalean lanean zegoen eta tesia egin zuen, 1928an. Oposaketak atera zituen eta Bilbon eman zioten plaza. Bilbon, Foruen kaleko 2an kontsulta ireki zuen. Handik gutxira Begoñan haurdunei laguntzeko klinika bat ireki zuen. Halaber, artikuluak eta hitzaldiak idazten zituen.

Garaiko Bilbon jende askok emakume bat mediku lanean ez zuen begi onez ikusten. 1935an Ticiana salatua izan zen, titulu gabe aritzeagatik, eta beste gezur asko zabaldu ziren. Salaketa aurkeztu zuena Carlos Mendaza Amategiko burua izan zen.

Gerra aurretik Emakume Abertzale Batza taldearekin lotura estua izan zuen eta Bidebarrieta kalean antolatu zen Erizaintza Eskolan klaseak eman zituen. Gerrarekin haren ahizpa, Maria Begoña Iturri haur talde batekin Erresuma Batura joan zen. Bueltan frankistek zigortua izan zen eta Cuencako herri batera bi urtez deserriratua. Han berriro bere ikasketak errepikatu behar izan zituen eta erizain titulua lortu zuen. Bilbon bueltan Ticianaren kolaboratzailea izango zen.

Gerra ondoren Ticianak Bilboko Puerikultura eta Amatasunaren Eskolan lanean jarraitu zuen. Ginekologia alorrean ere aritu zen Gizarte segurantzan non 1955ean plaza eskuratu zuen.[2]

Ideologia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neurri handi batean Ticiana emakumearen arazo medikuez kezkatu zen eta bizitza osoan lan horri ekin zion. Bereziki ezkondu gabeko amen defentsan aritu zen.[3]

Doktorego tesia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Acción de algunos galactogogos. Madril, 1928.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   «Iragarkia» ABC 1927/11/27 .
  2.   Gondra, Juan (2017ko apirila) «La primera médica de Bizkaia, Ticiana Iturri Landajo» Bilbao: 38 .
  3. Ibidem.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]