Tierras Altas (Soria)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search
Tierras Altas (Soria)
Datu orokorrak
Geografia
Comarca de Tierras Altas y Valles del Ter (Soria) Mapa.svg
Koordenatuak 41° 55′ 24″ N, 2° 18′ 16″ W / 41.92324653°N,2.30432292°W / 41.92324653; -2.30432292Koordenatuak: 41° 55′ 24″ N, 2° 18′ 16″ W / 41.92324653°N,2.30432292°W / 41.92324653; -2.30432292
Herrialdea Espainia
Lurraldea Soriako probintzia

Tierras Altas edo La Sierra, horrela dietzen baitiote bertako herritarrek, lurralde bat da Soria probintziakoa (Gaztela eta Leon, Espainia), eta kokatuta dago probintziaren ipar aldean. Turismoaren ikuspegitik, paisaje gogorreko lurraldea da, klima gogorragatik eta lekua ere babesgabea delako. Ebro ibaiaren arro hidrografikoaren barruan dago, eta bertan iknita mordoa aurkitu dira, asko eta asko dinosauroen oinatzak. Azken aldian, bestalde, erromatar garaiko hilarri asko aurkitu dira, eta horietako batzuek aitzineuskarazko hitzak erakusten dituzte, hala nola, “Antestius Sesenco” izena azaltzen duenak.

Ipar-mendebalean Tierras Altas eskualdeak muga egiten du Cameros eskualde ia erabat errioxarrarekin (Montenegro de Cameros Soria probintzian dago), mendebalean El Valle eskualdearekin, ipar ekialdean Arnedo eskualde errioxarrarekin, ekialdean Alhama-Linares eskualde errioxarrarekin, hego-ekialdean Tierra de Agreda delakoarekin eta hegoan Campo de Gomara eskualdearekin. Tierras Altas lurraldearen gunea San Pedro Manrique herrian dago.

Tierras Altas transumantzia-gune inportantea izan zen, udako bazkalekuei esker. Oncala herrian, hain zuzen, museo bat egin da transumantziari eskainia.

Udalerriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskualde honek, Soria probintziak berak bezala, arazo demografiko larria dauka, Europako populazio-dentsitate tasarik apalenetakoa baitu, baina seguruenik eskualde hau egongo da egoerarik kritikorik eta larrialdi sozialik handienean, kasu honetan populazio-dentsitatea 2,32 biz/km²-koa baita, Espainiakoa 83,6 biz/km²-koa den bitartean.

Nekazari-exodoa hasi zen joan den mendeko 20. hamarraldian, lur hauen gogortasunak eraginda, baina Espainiako leku askotan bezala exodoa areagotu zen XX. mendearen 60. eta 70. hamarraldietan. XX. mende hasieratik 80. hamarraldia bitartean, Tierras Altas eskualdeak galdu zituen bost bizilagunetik lau, hondamendi demografiko itzela. Zehazkiago, 40. hamarralditik 80.era, eskualdea pasatu zen 12.483 bizilagun izatetik 2.628 izatera, ia 10.000 bizilagun galduta.

80. hamarraldia ezkero, lortu da populazioari eustea, baina joera negatiboarekin. Horregatik, eskualde horren arazoa da pupulazioa zahartzen ari dela eta belaunaldien arteko erreleborik ez dagoela, eta horrek eragin lezake udalerri horietako asko erabat hustutzea.

Udalerria Populazioa Eremua Alkate-auzoak eta herri hustuak
Aldealices 25 6,33
Las Aldehuelas 92 37,79 Valloria, Las Aldehuelas, Los Campos, Ledrado eta Villaseca Somera
Arévalo de la Sierra 84 40,08 Torrearévalo, Ventosa de la Sierra, Castellanos de la Sierra
Ausejo de la Sierra 68 20,12 Cuéllar de la Sierra
Carrascosa de la Sierra 20 12,76
Castilfrío de la Sierra 32 12,16
Cerbón 40 18,02 Las Fuesas
Estepa de San Juan 11 10,45
Fuentes de Magaña 106 11,22
Magaña 97 58,51 Pobar, Villarraso
Oncala 100 39,92 El Collado, Navabellida, San Andrés de San Pedro
San Pedro Manrique 659 176,2 Acrijos, Armejún, Buimanco, Fuentebella, Matasejún, Sarnago, Taniñe, Vea, Ventosa de San Pedro, Villarijo, Valdelavilla, Valdenegrillos, El Vallejo, Las Fuentes de San Pedro, Palacio de San Pedro, Peñazcurna y Valdemoro de San Pedro Manrique
Santa Cruz de Yanguas 73 33,52 Villartoso, Valdecantos
Suellacabras 30 39,19 El Espino
Valdeprado 18 31,92 Castillejo de San Pedro
Valtajeros 26 22,93 Torretarrancho
Villar del Río 172 127,03 Aldealcardo, Bretún, Camporredondo, Diustes, Huérteles, La Cuesta, La Laguna, Montaves, Santa Cecilia, Valduerteles, Villar de Maya, Villaseca Bajera
Vizmanos 29 24,31 Verguizas
Yanguas 127 54,29 Vellosillo, Leria La Mata eta La Vega

Aitzineuskararen presentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken aldian egindako ikerketa epigrafikoen arabera, aitzineuskara (alegia, baskoien hizkuntza, gaur egungo euskararen aurrekoa) lehenago iritsi zen Soriako iparraldera zeltera eta latina baino.[1]

2001ean Eduardo Alfaro Peña arkeologoak zenbait hilarri aurkitu zituen Tierras Altas eskualdean, Cidacos, Linares eta Alhama ibaien inguruetan, Sorian, non, bide batez esanda, zeltiarren eta erromatarren hondarea oparoa baita, eta hasi zen hilarrietan azaldutako idazkunak aztertzen, gehienak latinez idatziak. Eduardo Aznar antropologoaren laguntzarekin, eta ikusita beste era bateko izenak agertzen zitzaizkiela hilarrietan, zabaldu egin zuen ikerketa. Guztira bost aldare-harri eta 34 hilarri aurkitu zituzten, ikerketa zeharo berri baten bidean jarri zituztenak.

Erromatarren ohitura funerarioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erromatarrek uste zuten heriotza gainditzeko modua zela bizien artean oroitua izatea. Horregatik, haien hilerriak irekiak izaten ziren, eta hilarriak jartzen ziren bideen aldamenetan, herrien sarrera edo irteera ondoan, ibiltariek irakur zitzaten harri haietan idatzitakoa. Hilobi-monumentu haien barietate bat izaten zen estela edo hilarria, hilobiaren gainean lurrean sartutako harlauza bat, non epitafio bat idatz zitekeen, apaingarriekin eta elementu sinbolikoekin.

Tailer bat hilarriak egiteko[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hilarrietarako eskariak eragin zuen hirietan artisau-tailerrak agertzea. Hilerrien inguruetan egoten ziren kokatuta, eta bakoitza espezializatzen zen forma, apaingarri eta formula jakin batzuetan. Aintzat hartuta Tierras Altas eskualdean aurkitu diren hilarrien estiloa, Alfaro eta Aznar ikertzaileek uste dute han tailer bat egon zela, denetan estilo bat antzematen baita, formuletan eta baita apaingarrietan ere.

Hilarriaren burualdean hildakoaren errepresentazio eskematikoa erakusten da, batzuetan bularraldearen silueta besterik ez. Behean animalia bat erakusten da, zezena edo oreina, zeinek balio sinbolikoa baitute, hildakoarekin lotua. Eta erdian, testua, formula zurrun eta estandarrekin: hildakoaren izena, adina, nork eskainia, eta, oso noiz edo behin, borondate oneko formula bat, “lurra izan dakizuela arina”, adibidez.

Sesenco[aldatu | aldatu iturburu kodea]

“Antestius Sesenco” zenaren hilarria, erromatarren garaikoa.

Villar del Rio udalerriaren La Laguna herrixkako etxe partikular batean ikertzaileek aurkitu zuten hilarri bat “Antestius Sesenco” baten oroimenez eraikia, zeina bizi baitzen Kristo ondoren I edo II. mendean. Hilarriak bi eremu ditu, goian testua eta behean zezen bat. Beheko partearen zati bat galduta dago, eta ertzak ukituta daude. Beheko partean antzematen da zezenaren bizkarraldea, Antestius gaztearen idealizazio sinbolikoa, hura 20 urterekin hil baitzen (AN XX).[2]

Ikertzaileek eman zuten hilarriaren berri Salamankako kongresu batean, eta bertan ikertzaile euskaldun batek ohartarazi zituen izenaren bigarren zatia, “Sesenco”, ez zela ez zeltera, ezta latina ere, baizik eta aitzineuskara, eta antz handia duela gaur egungo “zezenko” hitzarekin, “zezen gaztea” euskaraz.[3] Ohar hark zabaldu egin zuen ikertzaileen ikerketa-eremua, handik aurrera, arreta berezia jarri baitzieten hilarri haietan agertutako izen indigenei. Batzuk aurkitu dituzte: Onse, Onso, Oandissen, Agirseno, Arancis, Sesenco, Lesuridantar eta Velar-thar.

Ikertazileen iritzian, aitzineuskararen aztarna horiek lotuta egon litezke orain bi mila urte, udako bazkaleku oparo bila Errioxa aldetik Tierras Altas inguruetara joaten ziren ganaduzale baskoiekin. Haietako batzuk bertakotu egingo ziren, eta hildakoan, beraien jatorriaren seinaleak agertu ziren familiartekoek egindako hilarrietan, latinezko mezu eta sinboloekin batera. Bada beste hipotesi bat baskoien eta aitzineuskararen arrastoak azaltzeko, zeinaren arabera, Ponpeiok garaitu zituen baskoiak eta behartu zituen orduko Tierras Altas haiek birpopulatzera.[4]

Edozelan ere, hilarrietan agertutako onomastika indigena estimulatzen ari da berrikuspen etniko-linguistiko bat Soriako mendialdean eta Soriatik kanpo.[5]

Hilarriaren kode epigrafikoa: HEp 2001, 00521 = AE 2001, 01224[6]

Hilarrien erakusketa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eduardo Alfaro erromatar garaiko hilarriak azaltzen Santa Cruz de Yanguas herrian, Sorian.

2019ko uztailaren 17tik abuztuaren 25a bitartean, Eduardo Alfarok eta Eduardo Aznar ikertzaileek erakusketa bat antolatu zuten Santa Cruz de Yanguas herritxoan, probintziako eta komunitate autonomoko agintarien babesarekin, eta Valladolideko Unibertsitatearen babes zientifikoarekin.[7] Erakusketak 12 hilarri erakutsi zituen, nahiz eta bertan 44 hilarriren argazkiak eta transkripzioak ikus zitezkeen.

Erakusketak ez zuen oihartzun handirik izan Euskal Herriko hedabideetan, baina jende dezente bildu zuen Euskal Herritik, gehienak aitzineuskararen presentziak erakarrita, eta Juan Martin Elexpuru idazlearen deiari erantzunez neurri batean.[8][9]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1.   Alfaro Peña, Eduardo (2018) "Oppida" y etnicidad en los confines septentrionales de la Celtiberia . Noiz kontsultatua: 2019-08-19 .
  2. (Gaztelaniaz)  «ANTESTIVS SESENCO. Un joven serrano con nombre vascón» Idoubeda 2012-10-24 . Noiz kontsultatua: 2019-08-29 .
  3.   «Euskaltzaindiaren Hiztegia» www.euskaltzaindia.eus . Noiz kontsultatua: 2019-08-20 .
  4. (Gaztelaniaz)  «¿Están las raíces del euskera en Tierras Altas?» Heraldo-Diario de Soria . Noiz kontsultatua: 2019-08-19 .
  5. (Gaztelaniaz)  SoriaNoticias (2019-08-08) «La exposición de estelas funerarias en Santa Cruz de Yanguas, hasta el día 25» sorianoticias.com . Noiz kontsultatua: 2019-08-19 .
  6.   «HispaniaEpigraphica Online Database - Record Card» eda-bea.es . Noiz kontsultatua: 2019-08-20 . Online katalogo horretan datu teknikoak kontsulta daitezke.
  7.   Aranzabal, Joxe (2019-08-19) «Sesenco» Faroa . Noiz kontsultatua: 2019-08-19 .
  8.   elexpuru (2019-08-10) «“Soria eta euskaldunak” iritzi-artikulua Argian» Iruña-Veleia, egia ala gezurra? . Noiz kontsultatua: 2019-08-19 .
  9.   Elexpuru, Juan Martin «Soria eta euskaldunak» Berria . Noiz kontsultatua: 2019-08-19 .

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]