Titivillus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Titivillusen irudikapena, XIV. mendean.

Titivillus Erdi Aroan zeuden usteen arabera, Belphegor, Luzifer edo Satanasen izenean jarduten zuen deabrua zen eta idazketa lanetan akatsak sartzen zituen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehen aipamenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1285ean, Oxforden, Johannes Wallensis frantziskotarraren Tractatus de Penitentia lanean “Titivillus” izena idatzita agertu zen lehenengoz. Fragmina verborum titivillus colligit horum / Quibus die mille vicibus se sarcinat ille, zioen galestarraren testuak; alegia, Titivillusek hitz hauen zatiak biltzen ditu, eta horiekin mila aldiz betetzen du bere zakua, gutxi gorabehera itzulita. Hurrengo mendearen hasieran Petrus Palude Jerusalemgo patriarkak ere deabru berriaren izena aipatzen du[1].

Titivillusek bere zakua egunero mila aldiz bete behar zuen monje kopiatzaileek idaztean egiten zituzten akatsekin. Ondoren, Titivillusek Deabruari akatsen berri eman behar zion. Deabruak akatsa eta akatsaren egilea liburu batean jasotzen zituen, gero, guztien auzian irakurtzeko. Monasterioko egunerokotasun errepikakorrean eta, bereziki, izkribuak eskuz kopiatzeko lanean arreta ez galtzea zaila zen monjeentzat eta ohikoak ziren akatsak.[1]

Baina arreta galtzea bekatua zen. Horregatik Titivillusen mehatxua asmatu zuten, ahalik eta errakuntza gutxien egiteko motibazio moduan. 1325 eta 1328 urteen artean idatzitako The Cloisters Manuscripten, esaterako, hamabost santuren izenak idaztea ahaztu zitzaien eta beste hogeita hamarren izenetan akatsak zeuden. Baina Titivillusen presentziak eragina izan zuen, eta monje izutuak gero eta errakuntza gutxiago egiten hasi ziren.[1]

Garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Titivillusen betebeharra aldatu egin zen XV. mendean, izan ere, ez zituen soilik akatsak bilduko, akatsak sortzen hasi zen. Betebeharra aldatzearekin aurreko mendeetako bekatu kopuru bera jasotzea lortu zuen zuen Deabruari eramateko. Hau da, unibertsitateen gorakada zela-eta, idazlariak lanez gainezka zebiltzan, eta baldintza horietan akatsen zakua nahigabe betetzen zen. Baina erantzukizuna ez zen kopiatzaileena; akatsen egilea Titivillus bera zen. Modu horretan, etsai izan zena idazlarien zaindari bihurtu zen; patroiak errua beregain hartzen zuen.[1]

Gainbehera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Errenazimentuaren hastearekin, Titivillusen izena gutxiago agertzen hasi zen. Garai berrietara moldatu eta inprentako akatsen atzea bera zegoela uste izaten zen. 1561ean argitaratutako Anatomy of the Mass liburuak 172 orrialde zituen berez; bada, beste hamabost erantsi behar izan zizkioten hutsen zerrenda biltzeko.[1]

Gaur egun, Oxford English Dictionary hiztegiak hainbat akats tipografiko izan ohi ditu bere ediziotan, baina azken 50 urtetako edizio guzti-guztietan, Titivillus aipatzen den orrialdean akats bana topa daiteke.[1]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e f Irazustabarrena, Nagore. (2007-07-01). «Titivillus» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]