Tlatelolcoko sarraskia
| Tlatelolcoko sarraskia | |
|---|---|
![]() | |
| Mota | sarraski gizarte mugimendu student protest (en) |
| Data | 1968ko urriaren 2a |
| Kokaleku | Hiru Kulturen plaza |
| Herrialdea | Mexiko |
| Pertsona zaurituak | 6 |
Tlatelolcoko sarraskia edo Urriaren 2ko sarraskia estatu eta gizateriaren aurkako krimena izan zen, Mexikoko Gobernuak 1968ko urriaren 2an egina, ikasleek antolatutako mitin batean militarrek tiro egin zuten. Mitina Mexiko Hiriko Hiru Kulturen Plazan egiten ari zen. Mexikoko Armadak eta Batallón Olimpia izeneko talde paramilitarreko kideek mitinean parte hartu zutenei eraso egin zieten. Urte batzuk geroago, talde hori Presidentetzako Estatu Nagusiko kideek osatzen zutela ezagutu zen.
Batallón Olimpia Estatuak antolaturiko talde paramilitarra militar eta segurtasun-agenteek osatua zegoen. Teorian Olinpiar Jokoen harira ordena kontuetan laguntzeko eratu zen, baina praktikan talde paramilitar honen zeregina ezkerreko eta oposizioko mugimenduetan infiltratu eta esku hartzea izan zen.[1]
Militarrak kalean
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1968ko irailaren 18an, Mexikoko armadak Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa hartu zuen tankeekin. Olinpiar Jokoen atarian, ikasleak kalera atera ziren oposizioaren aurkako errepresioa gelditu eta herrialdearen demokratizazioan sakontzea eskatuz. 10.000 militarrek unibertsitatea okupatu, ikasle-mugimenduaren aurka kargatu eta 600 lagun atxilotu zituzten.[2]
Sarraskia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mexikon Olinpiar Jokoak egin ziren urtea izan zen 1968a. Tlatelolcoko sarraskitik 11 egunetara hasi ziren. Urriaren 2an, Poliziak mitin batean bildu ziren gazteak tirokatuta sarraskia egin zuen Tlatelolco auzoko Tres Culturas plazan. 400 lagun inguru hil zituzten, eta haietako asko hegazkin militarrek Mexikoko Golkora jaurti zituztela uste da.[3]
Ehundaka ikasle hil eta milatik gora zauritu zituzten balaz milaka soldadu eta poliziak Tlatelolcon. Metrailetekin eta tankeekin ikasleak batzartuta zeuden plaza inguratuta, erraz hiltzeko moduko “ehizaki” aproposak ziren ikasleak. Gehien-gehienak bizkarretik tiro emanda hil zituzten, militar eta poliziek aurrean jartzen zen edonor hiltzeko Gobernuaren agindua jaso ondoren.[4]
Ikerketen arabera zifrak aldatu badira ere, iturri batzuek diotenez, urriaren 2an 300 eta 400 hildako artean izan ziren. Lekukoek ehunka hildako izan zirela jakinarazi zuten.
Erantzunkizunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estatuaren propaganda aparatuek «aberriaren traidore» eta «komunista» gisa aurkeztu zituzten ikasleak, sarraskia Mexikoren salbaziorako ezinbestekotzat aurkeztuz. Denborak gezur guztiak erakutsi zituen.[5]
Erepresio ekintza horien biktima batzuk Tlatelolcoko sarraskia gizateriaren aurkako krimentzat eta genozidiotzat hartzen saiatu ziren, nazioko eta nazioarteko auzitegietan. Mexikoko fiskaltzak baieztapen horri eutsi zion, baina auzitegiek atzera bota zuten. Era berean, gertakarien egile materialak eta intelektualak justiziaren aurrera eramaten saiatu ziren. Sarraskiaren berrogeita hamargarren urteurrenean, Mexikoko gobernuak estatu krimen gisa onartu zituen gertakariak, eta biktimei ordaina emateko politika bat eratu zuen. 2024an, Claudia Sheinbaum presidenteak gertakariak gizateriaren aurkako krimentzat jo zituen, eta barkamena eskatu zien biktimei eta haien familiei gobernuaren izenean.
Mexikon gertatutako neurrigabeko sarraskia Latinoamerika osoa hunkitu zuen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Elorza, Mikel. (2018-10-10). «Eskularru zuriak» Berria (kontsulta data: 2025-09-19).
- ↑ «Gaurko egunez: Mexikoko armadak Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoa hartu zuen tankeekin» Argia (kontsulta data: 2025-09-18).
- ↑ Paco Ignacio Taibo II, 68 (Traficantes de sueños).
- ↑ SLU, Herritar Berri. (2018-10-06). «Ehunka ikasleren sarraskitik 50 urtera, kiribil hilgarrian jarraitzen du Mexikok» GAUR8 (kontsulta data: 2025-09-19).
- ↑ https://www.naiz.eus/fr/hemeroteca/gaur8/editions/gaur8_2018-10-06-07-00/hemeroteca_articles/ehunka-ikasleren-sarraskitik-50-urtera-kiribil-hilgarrian-jarraitzen-du-mexikok.pdf
