Edukira joan

Tomasita Quiala

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tomasita Quiala

Bizitza
JaiotzaBanes, 1960ko abenduaren 29a
Herrialdea Kuba
HeriotzaHabana, 2025eko ekainaren 12a (64 urte)
Jarduerak
Jarduerakrepentista, ipuingilea eta olerkaria

Juana Tomasa Quiala Rojas (Banes, Kuba, 1960ko abenduaren 29a - Habana, Kuba, 2025eko ekainaren 12a), Tomasita goitizenarekin ezaguna, gaztelaniazko bertsolaria izan zen (bere aberri Kuban, repentista). Bat-batean jendaurrean bertsoak sortzeaz gain, idatzizko testu batzuk ere argitara eman zituen. Artista afizionatuen mugimendu herrikoitik sortu zen, non goranzko ibilbide artistikoari eutsi zion lau hamarkadatan. Ipuinak, abestiak eta arte handiko poesia idatzi zituen.[1][2][3]

Artista profesionalaren kategoria aspaldian lortu zuen, baina beti lan komunitarioei lotuta egon zen. Bere agertoki nagusiak guatekeak, serenatak eta nekazarien jaiak izan ziren: La Antonia, Pipián, Picadura eta El Mudo komunitateetan, besteak beste, ibili zen bere bat-bateko bertsoekin langileei alaitasuna eroaten. Cucalambeanas jardunaldietan figura nagusietako bat zen.

Oso gaztetatik Kubako hiriburura joan zen, itsuentzako Abel Santamaría eskola berezian ikastera, eta han lehen eta bigarren hezkuntza egin zituen. Bat-batean abestien hitzak inprobisatzen hasi zen behin jendaurrean, ustekabean, beste poeta-abeslari baten defentsan canturía batean parte hartu zuenean, inork espero ez zuela, eta berehalakoan publikoaren txalo zaparradak bereganatu zituen.

Profesional gisa, 1986an hasi zen lanean, Habanako Antonio María Romeu musika zentro probintzialean.

Euskal Herrian ere aritu zen kantuan, Bertsozale Elkarteak antolatutako nazioarteko inprobisazio jaialdietan hainbat saio egitera etorri baitzen. 2018an kantatu zuen azkenekoz Euskal Herrian, Donostian, Antzoki Zaharrean.[4]

2025eko apirilean, Habana hiriburuko Hermanos Ameijeiras ospitaleko zainketa intentsiboetako unitate batean ospitaleratu zuten, infartu kardiobaskular bat izan ondoren.[2] 2025eko ekainaren 12an hil zen, 64 urte zituela.[5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Gaztelaniaz) «Juana Tomasa Quiala Rojas» Cubanos Famosos (kontsulta data: 2025-01-18).
  2. 1 2 (Gaztelaniaz) «Tomasita Quiala» EcuRed (kontsulta data: 2025-07-08).
  3. (Gaztelaniaz) «Tomasita para rato» www.juventudrebelde.cu (kontsulta data: 2025-01-18).
  4. «Tomasita Quiala repentista hil da» Bertsozale Elkartea (kontsulta data: 2025-07-08).
  5. (Gaztelaniaz) «Fallece a los 64 años la destacada artista Juana Tomasita Quiala» Cubadebate (kontsulta data: 2025-07-08).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]