Topic on Wikipedia:Txokoa

Ez da egokia "herrialde" atalean probintzia ta "Euskal Herria" edo Katalunia jartzea, Espainia alde batera uzten.

10
Magnumius (eztabaidaekarpenak)

Kaixo guztioi,

Konturatu egin naz pertsonen orrietan, pertsona hau Katalunian edo Euskal Herrian jaiota bada, "herrialde" atalean bakarrik jartzen duzuela haien probintzia eta gero "Euskal Herria" (edo "Katalunia").

Nere ustez, Wikipedia leku inpartzial bat izan behar da, eta gaur egun guztiok dakigunez ezta Euskal Herria ezta Katalunia dira herrialde independenteak. Gainera, hau egiten, Ipar Euskal Herrian jaiotako pertsonak, Euskadin edo Nafarroan jaiotako pertsonak bezala jartzen ditugu, beraien herrialdea berbera izango balitz bezala ofizialki. Bestalde, Espainiako beste tokietan jaiotako pertsonen orrietara joaten bagara, ikusi ahal dugu nola ez den berdina gertatzen (ez da ipintzen adibidez Sevilla, Andaluzia", Espainia baizik).


Agur.

Bhgh543bgf (eztabaidaekarpenak)

Euskal Wikipedia Euskal Herria eta Euskararen ikuspuntutik egina dago eta hau da guztion artean bozkatu eta onartutako politika eta jokamoldea.

Ez zaitez sartu eztabaida politiko antzuetan edo espainiar nazionalismoaren propaganda eginez bazterrak nahasten hasi: horretarako politika eztabaidaguneak badauzkazu.

Theklan (eztabaidaekarpenak)

Ez nago ados: Wikipedian ditugun politikak eztabaidagarriak dira. Norbaitek uste badu gai bat bozketara eraman behar dela, argudioak badituelako, eraman daiteke. Uste dut gai hau behin baino gehiagotan eztabaidatu dugula jada eta kontsentsua dagoela, baina agian ez da horrela.

Xabier Armendaritz (eztabaidaekarpenak)

Bat nator Theklanekin: hau wiki bat da, eta wikilarien komunitatearen adostasunez erabakitzen dugu une bakoitzean zein den jokabide egokiena. Orain arte gai horretan jokabide bat adostu da, nire ustez ondo oinarritua, eta adostasun horrek puska batean behintzat sendo jarraituko duela dirudi; baina libre da edonork adostasun hori zalantzan jartzea eta beste adostasun bat proposatzea. Askatasun hori dugu, eta ez genuke galdu behar.

Xabi22 (eztabaidaekarpenak)

Kaixo @Magnumius,

Euskal Herrian jaio den pertsona oro Espainiar estatuan edo Frantziar estatuan jaio dela diozunean arrazoi duzu, ikuspuntu politiko-administratibotik begiratuta. Arrazoi duzu Wikipediak gune inpartzial bat izan beharko lukeela diozunean, nahiz eta hori utopia hutsa izan, Wikipedia guztiak baitira partzialak, herrialde edo estatu jakin batzuetako idazleak baino ez dituztelako eta ez munduko bazter guztietakoak, ezinezkoa baita, horrek herrialde jakin batek edo batzuek duten ikuspegia nagusitzea egiten du.


Goazen harira, EHn jaiotakoak (1512. urtetik edo XVII. mende hasieratik aurrera) Espainiar edo Frantziar estatuan jaioak dira, baina hori jaiotza-estatua erreparatuz gero. Alabaina, herrialde izenak ez dio estatuari erreferentzia egiten, edo ez bakarrik estatuari, herrialde gisa har ditzakegulako estaturik gabeko edozein nazio, herriak bizi baitira bertan, historia, kultura, politika eta bestelako alorretan erabat desberdinak direnak mendekotasuna agertzen duten estatuarekin alderatuz gero (Ikus Euskaltzaindiaren definizioa). Gernikako estatutua begiratzea nahikoa da Euskal Herriaren nazio izaera ziurtatzeko.

Ondorio gisa, nik herrialde izendapena berdin utziko nuke. Hala ere, bozketa bat egin beharko litzateke iritzi ezberdinak badira eta gainera, ondo eztabaidatu beharreko gaia dela uste dut.

Xabier Armendaritz (eztabaidaekarpenak)

Euskaltzaindiak 57. arauan (Euskal herrialdeen, herritarren eta euskalkien izenak) eta 139. arauan (Euskal Herria izena) azaldu digunez, Euskal Herriak zazpi probintzia edo herrialde ditu. Beraz, herrialde eremuan pertsona hori Euskal Herriko zein herrialdetakoa den adieraztea guztiz egokia da.

Bestetik, hau Euskarazko Wikipedia edo Euskal Wikipedia da, eta beraz pertsona bat Euskal Herrikoa (euskararen herrikoa) dela jakinaraztea garrantzitsuagoa da estatu batekoa edo bestekoa dela adieraztea baino.

Wikipedia honetan, hasieratik beretik aplikatu dira kultura eta hizkuntza irizpide horiek. Hala ere, irizpide horiekin bat ez bazatoz, horri buruzko bozketa bat abiatzeko aukera duzu, beste edozein wikilarik bezala.

Assar (eztabaidaekarpenak)

Xabi22 eta Xabierrekin ados nago ni. Ez da nahastu behar "herrialdea" eta "Estatua", alde batetik; eta euskarazko wikipedian, momentuz Euskal Herria da marko kultural eta geografikoa.

Beste iritzi bat ere gehituko nahi dut, "Wikipedia leku inpartzial bat da" argudioaren aurrean: inor "Sevilla, Andaluzia" tokikoa edo "Bilbo, Euskal Herria" tokikoa dela esatea, "Sevilla, Espainia" tokikoa dela esatea bezain partziala da. Jendea sailkatzeko gaur egun ezarrita dauden eremu politikoak erabiltzeak ez dio inpartzialtasun gehiagorik ematen informazioari, "inpartzialtasun itxura" gehiago baizik.

Theklan (eztabaidaekarpenak)

Hau, gainera, beste leku batzuetan ere eztabaidatu da, ez bakarrik euskarazko Wikipedian. Herrialdea eta karneta nork ematen dituen gauza ezberdinak dira.

Iñaki LL (eztabaidaekarpenak)

Guztiz ados goian esandakoekin. Herrialdea ez da nahitaez estatua. Euskal Herria herrialdea da ("herrialde guztietan toki onak badira, baina bihotzak dio zoaz Euskal Herrira", Iparragirreren kantuak, esaterako), Wikipediak hura egiten duen (hizkuntza) komunitatetik edaten du, eta Wikipedia hau dinamizatu duen komunitateak orain arte erabaki du herrialde maila nahikoa baduela kultura, gizarte, politika errealitatearen eta historiaren arabera, nahiz eta ez den estatua edo erakunde administratibo bat. Hori dagokion tokian azaldu behar da noski, Euskal Herriaren artikuluan.

Eniisi Lisika (eztabaidaekarpenak)

Ni atzerritarra naiz eta ezin dut guztiz ondo euskaraz hitz egin, baina ere ondo ulertu dezaket herrialdea ez dela estatua. Herrialde herri baten kultura, hizkuntza eta historiko lurraldea esan nahi du; gainera, Euskal Herria bi estatuen lurraldean kokatua dago (Espainia eta Frantzia).

"Ez da egokia "herrialde" atalean probintzia ta "Euskal Herria" edo Katalunia jartzea, Espainia alde batera uzten." mezuari erantzun