Torke (lepokoa)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Tayaceko altxorreko torkea (Akitaniako Museoa).

Torkea Burdin Aroan eta Protohistorian eramaten zen lepoko bat da. Zeltek eramaten zuten, ohorezko gudari galiarrek besteak beste, baina baita Eszitiar, ilirioak, traziarrak, eta besta kultura batzuek, K.a. VIII. eta K.a. III. mendeen artean Europan.

Deskribapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hitza latinezko torques-etik dator, torqueo ("bihurritu, tolestu") eratorria, lepokoaren formagatik.

Metalezko hagaxka biribil batek osatzen du torkea. Gehienetan, bi muturretan bola bana izaten du, gehiago eta gutxiago landua edo apaindua. Eskuarki, torkearen bi puntek esferaz, kuboz edo abereen buruaz zizelkatutako apaingarriak izaten zituzten, eta, gutxiagotan, giza irudiak. Torkeak elkarri lotuta zeuden metalezko hariez eginak zeuden, gehienetan urrez edo brontzez, gutxiagotan zilarrez edo guztiz burdinaz.

Irekita zegoen aldea aurrealdean jartzen zen. Nahiz eta maizago erabili lepoan, forma horretako eskumuturrekoak ere bazeuden.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mann Von Hirschlanden estatuak Torke baten irudikapen zaharrenetako bat du.

Brontze Aroko urrezko lepokoen artean ere bazituen aurrekari batzuk Europan, eta torke ere deitzen zaie, adibidez, Galesen dagoen Pembrokeshire eskualdeko Tiers Cross herrian aurkitutako K.a. XII. mendetik XI. mendera bitarteko hiru piezei.

Torkea lehenengoz eszitiarren artean agertzen da, Burdin Aroaren hasieran, eta Europa zeltikoan sartu zen, Kristo aurreko 500 bat urte lehenago.

Torke baten irudikapen zaharrenetako bat Hirschlanden gerlarian aurki daiteke (K.a. VI. mendea).

Eszitiarren torkeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pereshchepinaren altxorraren parte da eszitiarren lehenetariko torkea, K. a. VII. mendekoa. Adibide berantiarrago bat Tolstayako hilobian edo Karagodeuachk-eko Kurganean (Kouban inguruan) aurkitu zuten, biak gure aroaren aurreko IV. mendekoak dira.

Torke zeltak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gundestrupeko galdararen xehetasuna (K.a. I. mendea) Cernunnos agertzen da. Lepoan torke bat du eta eskuineko eskuan beste bati heltzen dio.

Galata hilzorian eskultura grekoaren kopia erromatar ospetsuak gerrari galata zauritu eta biluzia irudikatzen du, eta bereizgarri gisa torke bakarra du. Era berean, Polibio historialari greziarrak armada galiar baten ilarak deskribatzen ditu: gerlari guztiek daramate bitxi hori. Grekoetan eta, gero, erromatarretan, zelten identitatearen sinbolotzat hartu zuten torkea.

Ikuskapen arkeologikoetan, Britainia Handiko (Sedgefordeko Torkea) eta Europa kontinentaleko torke zelten adibideak aurkitu izan dira.[1]

  • Snettishameko torke handia Norfolkeko hego-mendebaldean aurkitu zuten (Ingalaterra), K.a. I. mendekoa.
  • La Tène garaiko Erstfeldeko torkea Erstfeldetik (Uri, Suitza) gertu lurperatutako harrapakin batean aurkitu zuten.[2]
  • Trichtingenen (Epfendorf, Baden-Wurtemberg, Alemania) aurkitutako zilar trinkoko "zezen torkea" ospetsua gure aroaren aurreko II. mendekoa da.
  • 1999an, 400 gramoko urre trinkozko torke bat aurkitu zuten Ribemont Sur-Ancre santutegian (Somme, Frantzia).

Vixeko, Lavauko (Hallstatt garaia) eta Waldalgesheimeko (La Tène garaia) gurdidun hilobietan eta Reinheim-en, emakume bati lotutako urrezko torkeak aurkitu ziren.

Nobleziaren eta gizarte-estatus handiaren ikurra da: gerrariei beren arma-egitateen ordain gisa emandako apaingarria. Jainkozko atributua ere bada, mitologiako jainko eta jainkosak irudikatzen dituzte batzuetan. Cernunnos jainkoa adierazteko, eskuan, basoetan edo lepoaren inguruan torke bat eramaten duela irudikatzen da. Agintea eta aberastasuna sinbolizatzen ditu, eta horregatik, galiarren artean, torkea eramaten duten jainkoak gutxi batzuk besterik ez dira, Cernunnos baita atributu horien jabea.

Tito Manlius kontsul erromatarrak K.a. 361 inguruan galiar batekin borroka egin zuen, hil egin zuen, eta ondoren, torkea hartu zion. Beti eramaten zuelako, Torquatus ezizena jaso zuen, "torke bat daramana" alegia. Horren ondoren, erromatarrek torkea dekorazio gisa hartu zuten soldadu emerituentzat eta eliteko unitateentzat errepublikaren garaian.

Iberiar penintsulako ipar-mendebaldeko torkeak, ordea, Kastroen kulturaren zatirik handienean, ez dituzte ikuspegi estilistikotik Pirinioen iparraldean dauden motibo apaingarriak jarraitzen; bai ordea, Mediterraneoaren arroan daudenak, batez ere, kultura punikoan[3].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. http://www.ancienttouch.com/172.jpg
  2. Torque d'Erstfeld
  3. (Gaztelaniaz) Castro Pérez, Ladislao. (1995). «Aportaciones púnicas la orfebrería castreña» Antonino González Blanco, Jesús-Luis Cunchillos, Manuel Molina Martos (koord): El mundo púnico: historia, sociedad y cultura. (Cartagena, 17-19 de noviembre de 1990) (Cartagena, Murcia): 371-386. ISBN 84-7564-160-1..

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]