Tornu (haurrentzakoa)
Jaioberri edo haurtxoentzako tornua etxe jakin batzuetan haur jaioberriak modu anonimoan uzteko erabiltzen ziren ate edo leiho birakari moduko batzuk izan ohi ziren[1]. Komentu edo ospitaleak izan zitezkeen tornua zuten etxeak, edo zuzenean inklusa edo haur abandonatuentzako etxe bat.
Erabilpena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Nahiz eta denboraren eta tokiaren arabera arrazoiak aldatuz joan, historian zehar haurrak uzteko zio nagusiak pobrezia eta ilegitimitatea izan dira[2]. Umeak abandonatzea bihozgabekeria iruditu arren, garai batean, hauek bizirik ateratzeko irtenbide bakarra zen miseria gorrian zeuden familientzat. Emakume ezkongabeentzat, berriz, etxekoen eta Elizaren presio sozialaren aurrean, ia ezinbestekoa zen haur jaioberria nonbait abandonatzea[3]. Haurra abandonatzeko beste arrazoi batzuk izan zitezkeen haurra oso gaixorik egotea, amak esnerik ez izatea, umea bortxaketa baten ondorioz izatea, prostituzioan aritu izana...
Ume jaioberria gauez abandonatzen zen, eta ohikoa zen, haurra uzten zuenak, beraren arropa artean utzitako papertxo baten bidez, bataiatua zegoen edo ez adieraztea, eta horrekin batera, egoera aldatutakoan berriz jasotzeko asmoa azaltzea. Haur bat baino gehiago azaldu zen estanpa, xingola, edo domina batekin; hau da, aurrerago errazago identifikatzeko baliogarria izango zen objekturen batekin. Baziren txanpon, titare edo antzekoarekin haurrari hanka edo besoan erredura marka egindakoak ere[3].
20. mendean zehar tornua desagertuz joan den arren, 21. mendean itzulera izan du instituzioak, esate baterako Erdialdeko Europako zenbait herrialdetan. Esate baterako, Hanburgoko tornuetan 2002-2012 epean 42 haur utzi zituzten; amen artetik 17rekin kontaktatu zuten erakundeek, eta 14k haurra berriro hartu zuten[4]. 2020an Bruselako erakunde batek jaioberriak uzteko kutxa bat irekitzeko baimena jaso zuen[5].
Europatik kanpo, Pakistanen ere erabiltzen dira 21. mendean[6].
Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian ere egon izan dira tornuak, eta han utzitako haurrak tornuko haurrak edo tornuko umeak izendatu izan dira euskaraz[7]. Gipuzkoan, 1804tik aurrera, erakundeek antolatu zuten zen utzitako haurren bilketa, eta horretarako lau inklusa prestatu ziren, Donostian, Tolosan, Bergaran eta Azpeitian; bakoitza bere tornuarekin[3].
Baionan Euskal Museoaren egoitza den Agorreta etxean, 1867. urtera arte funtzionatu zuen tornuaren leihoa markatzen du errotulo batek[8].
Gasteizen Tornu kaleak izen hori du bertan zen umezurztegi batek tornua zeukalako[9].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Gizarteak baztertutako amen eta haurren etxea» Argia (Noiz kontsultatua: 2021-09-23).
- ↑ «Historiako zertzeladak: Gipuzkoako Fraisoro sehaska etxea» Hik Hasi (Noiz kontsultatua: 2021-09-23).
- ↑ a b c «Haur abandonatuak eta inklusak -» Maxixatzen.eus (Noiz kontsultatua: 2021-09-23).
- ↑ (Ingelesez) «The 'baby box' returns to Europe» BBC News 2012-06-26 (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
- ↑ Ruiz de Aretxabaleta, Pablo. (2020-10-22). «Hozkailua, armairua eta «maitasun gela» dauzkate Bruselan etxegabeek» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
- ↑ «The child catchers - Times Online» web.archive.org 2008-12-02 (Noiz kontsultatua: 2021-09-24).
- ↑ Alustiza, Maite. «Fraisoro etxea, haur eta amen babesleku» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-09-23).
- ↑ Euskara: Info panela, Baionako Euskal Museoa hartzen duen etxearena. 2021-09-18 (Noiz kontsultatua: 2021-09-23).
- ↑ Knorr, Hernike; Martínez de Madina, Elena. (2009). Toponimia de Vitoria I – Gasteizko toponimia I. Euskaltzaindia, 506 or. https://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/72671.pdf(Noiz kontsultatua: 2021-09-24).