Edukira joan

Trishula

Wikipedia, Entziklopedia askea
Shiva jainkoaren estatua, trishula eskuan duela.

Trishula (sanskritoz: त्रिशूल, triśūla) hinduismoan erabiltzen den sinbolo nagusietako bat da.[1] Shiva jainkoak erabiltzen duen hiruhortza da, haren ikonografian erruz aurkitzen dena.[2]

Sanskritozko त्रि (trí), hiru, eta शूल (śū́la), burdinezko punta, hitzen elkarketatik sortzen da trishula izena. Azkenfinean hiruhortza definitzen du.[3]

Trishulak hainbat interpretazio ditu hinduisten sinesmenean.

Hiru hortz ditu eta hiru zenbakia behin eta berriz errepikatzen da hinduismoan; munduaren sorrera, iraupena eta suntsipena; lehenaldia, orainaldia eta etorkizuna; gorputza, pentsamendua eta arima; legea, gozamena eta gorputzen sorrera/isurketa; errukia, alaitasuna eta maitasuna; izpirituzkoa, psikikoa eta familiakoa; zoriontasuna, erosotasuna eta asperdura; harrotasuna, sona eta berekoikeria; argitasuna, ezagupena eta jakinduria; zerua, burmuina eta lurra; arima, sua eta lurra; arima, pasioa eta gorpuzturiko arima; logika, pasioa eta fedea; errezua, manifestazioa eta sublimetasuna; zuhuztasuna, lasaitasuna eta Bodhisattvahood (harrokeriaren aurkakoa); praktika, ulermena eta jakinduria; heriotza, jasokundea eta berpiztea; kreazioa, ordena eta suntsipena; hiru gunak, satva, rajas eta tamas.[4][5]

Shiva Purana testuaren arabera Shivak bere burua sortu zuen eta hasieratik bertatik zeukan trishula bat.

Skanda Purana testuaren arabera Ganesh jainkoari burua mozteko erabili zuen, hark Parvati bainatzen ari zela pasatzea oztopatu zionean.[6]

Vishnu Purana testuaren arabera Surya eguzkiaren jainkoa Sanjna-rekin ezkondu zen. Emaztea Vishvakarma arkitektu zerutiarraren alaba zen eta oso azkarra. Suryak bekaizkeriaz ezin zuen jasan Sanjnaren jakinduria eta honek aitari eskatu zion haren inteligentzia zortziren batera jaitsi ziezaiola. Jaitsiarazitako energia hori erabili zuen Vishvakarmak Shivarentzako trishula egiteko, bai eta beste arma batzuk ere, Sudarshana Chakra Vishnurentzat, palankin bat Kuberarentzat, lantza bat Kartikeyarentzat...[7][8]

Devi Bhagavata Purana testuaren arabera Durga jainkosa boteretsuak ere erabiltzen duen arma ugarietako bat da. Arma zerutiar guztiak Shivarengandik eta Vishnurengandik jaso zituen.[9]

Trishula hitzaren beste erabilera batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nepalen eta Thailandian kirten laburra duen arma bat izendatzeko erabiltzen da, aiztoaren antzeko puntak dituena. Arma hau batzuetan makila baten puntan kokatzen da eta lantza gisa erabuiltzen da. Indonesian trisula hiruhortz luze bat da.

Errumanian trushul hitzak "gurutzea" esan nahi du. Bereziki Jesukristo gurutziltzatu zen gurutzea izendatzen du.

Indonesian 1968an ABRI armadak PKIko azken kideak akatzeko operazio militarraren izena izan zen Trisula.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Rysdyk, Evelyn C.. (2019-02-19). The Nepalese Shamanic Path: Practices for Negotiating the Spirit World. Simon and Schuster ISBN 978-1-62055-795-2. (kontsulta data: 2025-11-04).
  2. (Ingelesez) Blurton, T. Richard. (1993). Hindu Art. Harvard University Press ISBN 978-0-674-39189-5. (kontsulta data: 2025-11-04).
  3. Monier–Williams, M. A. (1872). A Sanskrit-English Dictionary: Etymologically and Philologically Arranged. MacMillan and Co., Publishers to the University, and W. H. Allen and Co..
  4. (Ingelesez) Issitt, Micah; Main, Carlyn. (2014-09-16). Hidden Religion: The Greatest Mysteries and Symbols of the World's Religious Beliefs. Bloomsbury Publishing USA ISBN 978-1-61069-478-0. (kontsulta data: 2025-11-04).
  5. (Ingelesez) Rosen, Richard. (2022-12-06). Yoga by the Numbers: The Sacred and Symbolic in Yoga Philosophy and Practice. Shambhala Publications ISBN 978-0-8348-4480-3. (kontsulta data: 2025-11-04).
  6. (Ingelesez) Knapp, Stephen. (2008-05-29). Seeing Spiritual India: A Guide to Temples, Holy Sites, Festivals and Traditions. iUniverse ISBN 978-0-595-61452-3. (kontsulta data: 2025-11-04).
  7. (Ingelesez) Debroy, Bibek. (2022-06-30). Vishnu Purana. Penguin Random House India Private Limited ISBN 978-93-5492-661-7. (kontsulta data: 2025-11-04).
  8. (Ingelesez) Dalal, Roshen. (2014-04-18). Hinduism: An Alphabetical Guide. Penguin UK ISBN 978-81-8475-277-9. (kontsulta data: 2025-11-04).
  9. (Ingelesez) Gupta, Subhadra Sen. (2001). Devi-devata: The Gods & Goddesses of India. Rupa & Company ISBN 978-81-7167-530-2. (kontsulta data: 2025-11-04).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]