Edukira joan

Troiar (informatika)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Troiatar» orritik birbideratua)
Artikulu hau gaitz egiteko erabilitako programa informatikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Troiar (argipena)».
Zaldiaren sarrera Troian, Giovanni Domenico Tiepoloren margoa (1773). Troiar informatikoen izenak pasarte mitologiko honi egiten dio erreferentzia.

Troiarra edo Troiako zaldia, informatika arloan, itxuraz zilegi eta onbera dirudien malware mota da. Erabiltzaileari programa lagungarri gisa aurkezten zaion arren, exekutatzen denean, erasotzaileari kutsatutako sistemaren gaineko urruneko kontrola edo sarbidea ematen dio.[1] Izena Homeroren Odisearen pasarte mitologikoan oinarritzen da, Troiako gerran greziarrek erabilitako estrategia gogoratzen duelako.[1]

Troiarrek ez dute normalean beste fitxategi batzuk bere kabuz kutsatzeko edo hedatzeko gaitasunik;[2] hala ere, maiz erabiltzen dira atzeko ateak ezartzeko, datu pertsonalak lapurtzeko, sarrera-kredentzialak eskuratzeko edo erasotzaileari sistemaren urruneko kontrola ematen dioten tresnak instalatzeko. Askotan, beste malware motekin adibidez, zizareekin edo ransomwarearekin konbinatzen dira, sistemari kalte handiagoa eragiteko. Bi elementu horiek konbinatuta, bi fasetan gauzatzen den eraso-mota bat osatzen dute.

Azken urteetako datuek erakusten dute troiarrek malware motarik ohikoenetako bat izaten jarraitzen dutela. 2024ko txostenen arabera, malware-eraso guztien % 58 troiar motakoak izan ziren.[3] Mugikorren arloan, nahiz eta adware publizitate-programak izan kuantitatiboki ugarienenak (erasotako erabiltzaileen % 57), arrisku handieneko banku-troiarren (Trojan-Banker) erasoak hirukoiztu egin ziren 2024an aurreko urtearekin alderatuta; guztira, 1.2 milioi eraso baino gehiago erregistratu ziren.[4] Mehatxu horiek Windows eta Android plataformetara bideratzen dira negusiki, nahiz eta RiskTool motako arrisku-tresnak ere oso zabalduta egon.

Lehen troiar informatiko gisa John Walker informatikari estatubatuarraren ANIMAL programa (1974-1975) aipatu ohi da. Galdera bidez animalia bat asmatzeko joko interaktibo bat zen. Hala ere, programak PERVADE izeneko azpifuntzio bat zuen; haren bidez, programa automatikoki kopiatzen zen erabiltzailearen direktorioetan, berariazko baimenik gabe. Walkerrek berak adierazi zuen hori «Troiar klasikoaren eredu» zela, nahiz eta ez zuen kalterik eragiten, ezta sistemaren segurtasuna arriskuan jartzen ere. Hori dela eta, ANIMAL programa gaur egun ezagutzen den lehen troiar informatikoetako bat dela jotzen da.[5]

AIDS DOS Trojan ransomwarearen pantaila-argazkia

Hurrengo mugarri nagusia AIDS Trojan (edo PC Cyborg Trojan) izenekoa izan zen, Joseph L. Popp Jr biologo estatubatuarrak 1989an sortutakoa. Programa horrek AUTOEXEC.BAT fitxategia aldatzen zuen, eta sistema 90 aldiz abiarazi ondoren, fitxategi-izenak zifratzen (edo enkriptatzen) zituen. Jarraian, erabiltzaileari ordainketa bat eskatzen zion “lizentzia berritzeko”; hori dela eta, gaur egungo ransomware moten aitzindaritzat jotzen da.[6]

Nuclear RAT troiarraren pantaila-argazkia.

1990eko eta 2000ko hamarkadetan, troiarrek gero eta konplexutasun handiagoa hartu zuten. Beast (2002) edo Sub7 bezalako atzealdeko ateko troiarrek (backdoor Trojans) erasotzaileei sistema osoa urrunetik kontrolatzeko aukera eman zieten. Geroago, mota espezializatuak sortu ziren; esaterako, datu ekonomikoak lapurtzeko diseinatutako banku-troitarrak [7] edota erabiltzailearen jarduera zelatatzeko gaitasuna duten RAT (Remote Access Trojan) deiturikoak. [8]

Gaur egun, troiarrek teknika sofistikatuagoak erabiltzen dituzte, hala nola sinadura digital faltsuak, kriptografia edota bot-sareen bidezko integrazioa. Hala ere, oinarrizko ezaugarriak bere horretan dirau: engainua eta itxurazko onberatasuna erabiltzen dituzte, erabiltzaileak berak malwarea bere sisteman sar dezan.

Mota nagusiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Troiar informatikoak beren funtzio nagusiaren, helburuaren edo sistemari eragiten dioten kaltearen arabera sailkatu ohi dira. Gaur egun, malware hauek konplexuagoak bihurtu dira eta maiz hainbat kategoriaren ezaugarriak konbinatzen dituzte [9]. Ohikoenak honako hauek dira:

Banku-troiarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Zeus troiarraren bidezko FBIren iruzur-egitasmoa.

Mota hau finantza-erakundeetako erabiltzaileen kredentzialak eta informazio ekonomikoa lapurtzeko diseinatuta dago. Haien helburu nagusia lineako banku-saioetan sartzea, kreditu-txartelen zenbakiak atzitzea edo kriptomoneta-zorroak hustea da [10].

  • Adibidea: Zeus troiarra da ezagunenetako bat; FBIk detektatutako iruzur-egitasmo handien oinarria izan zen, mundu osoan milioika dolarreko kalteak eraginez [11]. Gaur egun, TrickBot edo IcedID bezalako troiarrek teknika horiek findu dituzte.

Urruneko sarbiderako troiarrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Remote Access Trojans (RAT) izenekoek "atzealdeko ate" (backdoor) bat irekitzen dute sisteman, eta erasotzaileari kutsatutako ekipoaren gaineko kontrol administratibo osoa ematen diote. Egitura honi esker, ziberkriminalak fitxategiak ikusi eta ezaba ditzake, web-kamera eta mikrofonoa aktibatu, pantaila-argazkiak egin eta sistemaren ezarpenak nahierara aldatu ditzake, erabiltzailea konturatu gabe [12].

  • Adibidea: DarkComet. Jatorriz administrazio legitimo baterako sortu bazen ere, mundu osoan erabili da ziberespioitzarako eta urruneko kontrolerako, bere erabilera errazagatik eta indarragatik.[13]

Troiar deskargatzaileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
SkyNet ransomwarearekin infektatutako ordenagailu bat erakusten duen erreskate-oharra (ransom note) ikusten da; biktima ohartarazten du bere fitxategiak zifratu direla eta diru-sari bat ordaindu behar duela deskodetzeko gakoa lortzeko.

Mota honetako malwareek ez dute kalte zuzenik egiten lehen fasean; haien helburua bidea prestatzea eta segurtasun-hesiak ahultzea da. Behin sistema kutsatuta, erasotzailearen zerbitzari batera konektatzen dira malware konplexuagoak deskargatzeko, hala nola ransomwarea, spywarea edo kriptomeatzariak, infekzio masiboak ahalbidetuz [14].

  • Adibidea: Emotet. Hasieran banku-troiarra bazen ere, munduko deskargatzailerik arriskutsuena bihurtu zen, sare korporatibo osoetan beste malware batzuk banatzeko "ate" nagusi gisa erabilia.[15]

Informazio-lapurrak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Infostealer-ak kutsatutako sisteman gordetako informazio espezifikoa biltzera bideratuta daude, ondoren datu horiek erasotzaileari bidaltzeko. Nabigatzailean gordetako pasahitzak, saio-cookieak (kontuak berriz autentifikatu gabe erabiltzeko), dokumentu konfidentzialak eta posta elektronikoko datuak lapurtzen dituzte, askotan keylogger funtzioak erabiliz .[16]

  • Adibidea: RedLine Stealer. Gaur egun oso hedatua dagoen malwarea da; Telegram bidez kudeatzen da sarritan eta erabiltzaileen joko-kontuak, kripto-zorroak eta enpresa-kredentzialak lapurtzen espezializatuta dago.[16]

Antibirus faltsuak (Fake AV)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erabiltzailearen beldurra erabiltzen dute metodo gisa, benetako segurtasun software baten itxura hartuz. Segurtasun-abisuen itxura egiten dute, sistema mehatxu baten pean dagoela sinetsarazteko, eta "konponbidea" den software bat erosteko eskatzen dute; helburua bikoitza da: erabiltzaileak lizentzia faltsu batengatik ordaintzea eta kreditu-txartelaren datuak erasotzailearen esku uztea.[17]

  • Adibidea: Mac Defender. Apple ordenagailuen erabiltzaileei zuzendutako kanpaina handi bat izan zen; segurtasun-hutsune baten itxura egiten zuen erabiltzaileak bere kreditu-txartela sar zezan "garbiketa" softwarea erosteko.[17]

Gaur egungo troiar askok funtzio anitzak konbinatzen dituzte; ondorioz, zaila da haien jarduera kategoria bakarrean sailkatzea. Malgutasun horrek azaltzen du zergatik diren troiarrak gaur egun malware motarik hedatuenetako bat informatika-segurtasunaren esparruan.[1]

Funtzionamendua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Behin troiarrak sisteman instalatuta daudenean, askotariko jarduera kaltegarriak gara ditzakete. Gehienetan, komando- eta kontrol-zerbitzariekin (C2 edo Command & Control) konektatzen dira, erasotzaileen aginduak jasotzeko. Troiar askok sareko ataka (port) zehatz batzuk erabiltzen dituzte komunikazio horretarako; horri esker, segurtasun-sistemek errazago detekta ditzakete kasu batzuetan.

Bestalde, troiarrak bitartekari edo proxy gisa ere erabil daitezke. Horrela, erasotzaileak kutsatutako ordenagailua balia dezake beste eraso batzuk abiarazteko edo legez kanpoko jarduerak ezkutatzeko, jatorrizko iturria mozorrotuz.

Govware edo estatu-troiarra

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herrialde batzuetan, gobernuek spyware edo govware deitutako troiar espezifikoak erabiltzen dituzte susmagarrien informazioa atzemateko edo komunikazioak zelatatzeko. Adibide ezagun bat R2D2 da (Alemanian Bundestrojaner edo «estatu-troiarra» izenez ezaguna).

Troiar honek hainbat funtzio aurreratu zituen, hala nola teklatu-erregistroa (keylogging edo sakatutako teklak grabatzea), Skype bidezko deiak eta bestelako komunikazioak zelatatzea, eta sisteman atzealdeko ateak (backdoors) irekitzea kanpotik kodea exekutatu ahal izateko.[18]

Malware aurreratuagoak eta joerak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo troiarren joera nagusietako bat bot-sareak (botnets) edo «ordenagailu zonbien» sareak sortzea da. Troiarrek ordenagailu ugari kutsatzen dituzte eta erasotzailearen kontrolpean jartzen dituzte; ondoren, sare hori erabiltzen dute spam masiboa bidaltzeko edo zerbitzu-ukapen erasoak (DDoS) egiteko. Historikoki, troiarrek osatu dute malware-detekzioen ehunekorik handiena, BitDefender bezalako segurtasun-etxeen txostenek urteetan zehar berretsi duten moduan.[19]

Hodeiko konputazioaren (cloud computing) gorakadarekin batera, troiarrak egoera berrira moldatu dira. Zerbitzu edo aplikazio zilegietan integratzen saiatzen dira, erabiltzaileari inolako susmorik piztu gabe. Hodeiko segurtasun-sistemek trafikoa «zilegitzat» hartzen badute, troiarrak bere kodea exekutatu eta datuak kanporatu ditzake.

Babes neurriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Troiarren aurkako babes-neurri eraginkorrena prebentzioa eta erabiltzaileen kontzientziazioa dira, malware mota hau ingeniaritza sozialean oinarritzen baita nagusiki [9]. Segurtasun-neurri teknikoen artean, ezinbestekoa da sistema eragilea eta instalatutako aplikazio guztiak egunean izatea, erasotzaileek ezagutzen diren segurtasun-hutsuneak balia ez ditzaten. Horrez gain, analisi heuristikoa eta portaera-analisia egiten duten segurtasun-soluzioak (antibirusak) erabiltzea gomendatzen da, mehatxu berriak detektatzeko gaitasun handiagoa baitute sinadura-base tradizionalek baino .

Erabiltzailearen jokabideari dagokionez, funtsezkoa da iturri ezezagunetako fitxategiak ez deskargatzea eta posta elektronikoz jasotako eranskin susmagarriak ez irekitzea, baita ezaguna dirudien bidaltzaile batengandik etorrita ere [9] [20]. Suebakien (firewalls) konfigurazio egokiak baimenik gabeko sare-konexioak blokeatzen lagun dezake, troiarrak komando-zerbitzariekin komunikatzeko duen gaitasuna mugatuz[21]. Azkenik, bi faktoreko autentifikazioa (2FA) erabiltzeak eta datuen segurtasun-kopia erregularrak egiteak kalteak minimizatzen laguntzen dute, infekzio baten kasuan informazio sentikorra babesteko [9].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 (Gaztelaniaz) «¿Qué es un virus troyano? Tipos y cómo eliminarlo» / 2018-04-13 (kontsulta data: 2025-11-18).
  2. (Gaztelaniaz) «Caballo de Troya - ¿Virus o malware?» Malwarebytes (kontsulta data: 2025-11-18).
  3. (Ingelesez) [slug «50+ Malware Statistics for 2025»] Spacelift (kontsulta data: 2025-11-18).
  4. (Ingelesez) «The mobile threat landscape in 2024» securelist.com 2025-03-03 (kontsulta data: 2025-11-18).
  5. «The Animal Episode» www.fourmilab.ch (kontsulta data: 2025-11-18).
  6. (Ingelesez) Simone, Alina. (2016-08-18). «Ransomware’s stranger-than-fiction origin story.» Practically Unhackable (kontsulta data: 2025-11-18).
  7. (Ingelesez) «Trojan.Banker» Malwarebytes (kontsulta data: 2025-11-18).
  8. (Gaztelaniaz) «Historia de los troyanos - Dabad Blog» Dabad Blog 2021-12-10 (kontsulta data: 2025-11-18).
  9. 1 2 3 4 «Virus y otras amenazas | Ciudadanía | INCIBE» www.incibe.es (kontsulta data: 2025-12-27).
  10. (Gaztelaniaz) «¿Qué es un troyano bancario? - Software Check Point» Check Point Software (kontsulta data: 2025-12-27).
  11. (Ingelesez) «Chthonic: a new modification of ZeuS» Securelist 2014-12-18 (kontsulta data: 2025-12-27).
  12. (Gaztelaniaz) «¿Qué es un troyano de acceso remoto (RAT)?» Fortinet (kontsulta data: 2025-12-27).
  13. (Gaztelaniaz) «DarkComet» CiberWiki 2024-08-21 (kontsulta data: 2025-12-27).
  14. «¿Qué es un troyano Downloader - Términos y Definiciones de Ciberseguridad» www.vpnunlimited.com (kontsulta data: 2025-12-27).
  15. (Gaztelaniaz) «Emotet» Malwarebytes (kontsulta data: 2025-12-27).
  16. 1 2 (Gaztelaniaz) «RedLine | INCIBE | INCIBE» www.incibe.es (kontsulta data: 2025-12-27).
  17. 1 2 (Ingelesez) «MAC Defender (UPDATED)» left-click (kontsulta data: 2025-12-27).
  18. (Ingelesez) «CCC | Chaos Computer Club analyzes government malware» www.ccc.de (kontsulta data: 2025-11-18).
  19. (Gaztelaniaz) «¿Qué es una red de robots (botnet) de DDoS?» www.cloudflare.com (kontsulta data: 2025-11-18).
  20. (Ingelesez) «Consejo 5: No haga clic en enlaces ni abra archivos adjuntos en los que la fuente no parezca fiable | Givaudan» www.givaudan.com (kontsulta data: 2025-12-27).
  21. (Gaztelaniaz) Andreu, Abraham. (2025-12-21). «Es la primera trinchera para protegerse en internet y así puedes configurarlo» Computer Hoy (kontsulta data: 2025-12-27).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]