Edukira joan

Trollius europaeus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Trollius europaeus
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaPlantae
OrdenaRanunculales
FamiliaRanunculaceae
GeneroaTrollius
Espeziea Trollius europaeus

Trollius europaeus Ranunculaceae familiako landare belarkara da, Europako eta mendebaldeko Asiako mendilerroetan aurkitzen dena, Alpeetan eta Piriniotan ere bai.

Lineok deskribatu zuen lehenengoz 1753. urtean Species Plantarum liburuan.[1]

Suitzan eta Alemanian landare honi troll-blume ("trollen lorea") esaten zaio eta badirudi izen hori latinizatu zuela Lineok generoaren izena ezartzeko, Trollius. Espeziearen europaeus izena latinetik dator eta "europarra" esan nahi du.[1]

Zuntzezko errizoma sendoa du eta handi 70 cm-tako altuera hartzen duten zurtoinak ateratzen dira, adarkadurarik apenas ez dutenak eta barrutik hutsak.[1]

Hostoak palmatisektatuak dira, azpialdean argiagoak, eta zurtoina inguratzeko joera dute. Azpialdeko hostoek txorten luzea dute, 45 cm artekoa, eta orriak 20 cm-ko diametroa har dezake. Gorago dauden hostoak txikiagoak dira eta ez dute txortenik.[1]

Zurtoinen muturrean lore horiak ateratzen dira. 5 cm-ko diametrodun lore borobilak dira, kolore hori bizikoak. Bost sepalo hori barnerantz kurbatzen dira loreari puxtarri itxura emanez, aldiz petaloak oso txikiak dira eta estamineen artean bereiztea ere kostatu egiten da.[2]

Fruitua 10 mm-ko folikulu multzo bat da eta barnean hazi beltz distiratsuak gordetzen ditu.[1]

Toki hezeak atsegin ditu.

Goi mendietan bizi da, 900 metro eta 2.000 metro arteko altueran. Zelai edo baso hezeetan aurkitzen da, erreka ertzetan, uraren zipriztinak erortzen diren tokietan[1] eta toki itzaltsuetan. Baldintza horietan multzo dentsoak osatzen ditu[2].

Euskal Herrian populazio gutxi batzuk ezagutzen dira, Kantabria, Aralar, Gorobel[3], Beriain eta Larrako[4] mendilerroetan. Populazio hauek, Burgosko Mena Haranekoarekin batera, Kantauri mendikatearen eta Pirinioek arteko zubia osatzen dute, elkarrekiko isolaturik badaude ere.[5]

Ugalketa eta bizi-zikloa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Landare bizikorra da, hemikriptofitoa[6]. Neguan zati aereoa galtzen du eta udaberrian zurtoin berriak ateratzen ditu errizomatik. Apirila eta abuztua artean loratzen da. Haziak inurriek barreiatzen dituzte (mirmekokoria).[1]

Irisgarritasun zaileko tokietan bizi denez gizakiak eragin diezaiokeen kaltearen beldurrik ez dago. Baina Trollius europaeus landarearen populazioak ale gutxikoak dira eta elkarrengandik isolaturik daude. Gainera klima hotzagoa zen garaietako aztarna kontsideratzen dira, horrek esan nahi du klima larrialdiak biziki eragingo diola.[3]

Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoan "kaltebera" atalean sailkaturik dago.[3]

Landarea toxikoa da berde dagoenean eta gainera zapore desatsegina du. Abereek jan ez dezatela lortzen du horrela.[7]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d e f g (Gaztelaniaz) Valderrey, Juan Luis Menéndez. «Trollius europaeus L.» Naturaleza y turismo (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).
  2. a b Iñaki Zorrakin, Ángel Domínguez. Flora amenazada - Sierra Salvada. , 11 or..
  3. a b c «Sistema de Información de la Naturaleza de Euskadi» www.ingurumena.ejgv.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).
  4. Corología y ecología de las familias Liliaceae e Iridaceae. Príncipe de Viana - Suplemento de Ciencias, 13 or. ISSN 0214-6622..
  5. Pedro Mª Uribe-echevarria, J.A. Alejandre. (1981). Plantas interesantes de montañas calizas vascas. Sociedad de Ciencias Aranzadi.
  6. (Gaztelaniaz) «Trollius europaeus L.» Herbari Virtual del Mediterrani Occidental (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).
  7. «CALDERONES – Trollius europaeus» CALDERONES – Trollius europaeus (Noiz kontsultatua: 2025-01-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]