Edukira joan

Tuberkulosi

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Bideo honek VideoWiki proiektuko bideo bat barneratzen du
Wikipedia, Entziklopedia askea

Ohar medikoa
Ohar medikoa
Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Tuberkulosi
Bideo honek VideoWiki proiektuko bideo bat barneratzen du.
Bideo honek VideoWiki proiektuko bideo bat barneratzen du. Bideoak dituzten artikulu guztiak ikus ditzakezu hemen klik eginez gero.
Tuberkulosiari buruzko bideo laburra (gidoia)
Deskribapena
Motainfekzio bakteriano primarioa, mycobacterium infectious disease (en) Itzuli, Endemia, gaixotasun infekziosoa, eritasuna
emerging communicable disease (en) Itzuli
Espezialitateainfektologia, pneumologia
phthisiology (en) Itzuli
Arrazoia(k)Mycobacterium tuberculosis
Sintoma(k)eztula, hemoptisia, pisu galera, sukarra, gaueko izerdialdiak, bularreko mina, fatigue (en) Itzuli
hotzikara
Sortzen duPotten gaitza
pulmonary toxicity (en) Itzuli
Patogenoaren transmisioaaire bidezko transmisio
Azterketa medikoachest radiograph (en) Itzuli, chest CT (en) Itzuli, tuberkulinaren proba, lung biopsy (en) Itzuli, Tuberculosis radiology (en) Itzuli, chest photofluorography (en) Itzuli, sputum culture (en) Itzuli, GeneXpert MTB/RIF (en) Itzuli, TB-LAM in the Diagnosis of TB (en) Itzuli, QuantiFERON (en) Itzuli, Ziehl-Neelsen tindaketa
T-SPOT.TB (en) Itzuli
Asoziazio genetikoa
Tratamendua
Erabil daitezkeen botikakcycloserine (en) Itzuli, etionamida, Azido 4-aminosaliziliko, Etanbutol, capreomycin (en) Itzuli, isoniazida, isoniazida, viomycin (en) Itzuli, Pirazinamida, cycloserine (en) Itzuli, etionamida eta Errifanpizina
Identifikatzaileak
GNS-10-MKA15A19
GNS-9-MK010018
GNS-10A15A19
GNS-9010018
OMIM607948
DiseasesDB8515
MedlinePlus000077 000624
eMedicinemed/2324 emerg/618 radio/411
MeSHD014376D014376
Disease Ontology IDDOID:399

Tuberkulosia, hetika edo tisia (TBC) (grezierazko φθίσις, phthisis latinaren bidez), gaixotasun infekzioso bat da, Mycobacterium tuberculosis bakterioak sortzen duena[1]. Gehienetan, birikei eragiten die, eta gorputzeko beste zati batzuk ere honda ditzake[1]. Gaixotasun akutua da, baina behin baino gehiagotan paira daiteke. Kasu gehienetan, ez du sintomarik adierazten; kasu horietan, tuberkulosi latente deitzen zaio[1]. Kasu horien % 10etan soilik iristen da tuberkulosi aktibo bilakatzera, eta, tratamendurik hartzen ez bada, kasuen erdietan heriotza ekar lezake[1]. Hauek dira tuberkulosi aktiboen sintoma ohikoenak: eztul kronikoa muki odolduarekin, sukarra, gaueko izerdia eta pisu galera[1]. Beste organo batzuk infektatzean, sintoma askotarikoak izan litezke.

Tuberkulosia airez kutsatzen da, gaixotasun aktiboa dutenek eztula egin, hitz egin nahiz doministiku egitean[1]. Tuberkulosi latentea dutenek, ordea, ez dute gaixotasuna zabaltzen[1]. Infekzio aktiboa ohikoagoa da HIESa dutenetan eta erretzaileak direnetan[1]. Tuberkulosi aktiboaren diagnosirako, toraxeko erradiografiak, ikerketa mikroskopikoak eta gorputzeko fluidoen hazkuntzak erabiltzen dira[2]. Latente dagoen kasuetan, Mantoux-en testa eta odol-analisiak egiten dira[2].

Tuberkulosia izateko arriskuan daudenei, behaketak, detekzio goiztiarrak eta txertoak egiten zaizkie; bereziki, Calmette-Guérin baziloaren txertoa[3]. Norbait arriskuan dagoela esaten da tuberkulosi aktiboa duen norbaitekin aurrez aurreko kontaktua izan badu. Tratamendurako, antibiotiko ugari hartu behar dira denbora luzean[1]. Antibiotikoekiko erresistentzia arazo bilakatu da, hainbat anduirekin ez baitute funtzionatzen orain arteko antibiotikorik eraginkorrenek[1].

2018ko datuen arabera, munduko biztanleen laurden bat tuberkulosiz infektatuta dagoela uste da[3]. Urteko, populazioaren % 1 gaixotzen dela kalkulatzen dute[4]. 2017an, tuberkulosi aktibo 10 milioi kasutik gora zeuden, eta, horietatik, 1,6 milioi hil egin ziren[5]. Heriotzen % 95 garapen bidean diren herrialdeetan izan zen; horietatik, % 50 baino gehiago Indian, Txinan, Indonesian, Pakistanen eta Filipinetan[5] 2000. urtetik hona, urtero izaten den kasu kopurua jaisten doa[1].

Aitortu beharreko gaixotasuna denez, 489 tuberkulosi kasu jakinarazi zituzten 2005ean Euskal Autonomi Erkidegoan. Nafarroa Garaian, 2006an, 82 kasu inguru izan ziren. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako daturik ez dago jasota oraingoz.

Hetika, tisia nahiz tisisa, biriketakoa, birikeria eta bularretikoa ere esan izan zaio euskaraz.

Gaixotasunak hildako pertsonaia ezagunak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tuberkulosiaren aurkako ospitaleak Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzina, mendi edo gain aldeetan, ospitaleak eraiki zituzten, gaixotasunaren aurka borrokatzeko, haizearen ezaugarriak zirela-eta.

Gaur egungo Donostia Ospitaleak, orain arte «Amarako Ospitalea» zenak, historikoki, «Toraxeko Ospitalea» izena zuen, gaixo tuberkulosoak artatzen zituelako.

Bilbo aldean, Santa Marinako Ospitaleak betetzen zituen funtzio horiek.

Mycobacterium tuberculosis izeneko bakterioak eragiten du gaitza. Beste Mycobacterium batzuek animaliak infektatzen dituzte (Mycobacterium microttik arratoiak, eta Mycobacterium bovis-ek behiak). Azken espezie horrek gizakia ere kutsa dezake esnearen bidez (pasteurizazioa asmatu aurretik ohikoa zen tuberkulosia harrapatzea gaixotutako behien esnea kontsumitzerakoan).

Robert Koch zientzialari alemaniarrak aurkitu zuen lehenengoz Mycobacterium tuberculosis bakterioa, eta agerian utzi zuen mikrobio hori zela gaitzaren eragilea.

Tuberkulosia airetik transmititzen da, gaixoak eztula edo doministiku egiterakoan. Gaixoaren txistu tantek milioika bakterio patogeno dute. Bakterio horiek erresistentzia handia diote ingurugiroari, gai izanik 8 hilabete irauteko lurrean dagoen karkaxa batean, esaterako.

Kutsatutako txistu-tantak irentsi eta gero, bakterioa arnas bidetik iristen da biriketara. Hala ere, kutsatutako pertsonen % 90ek ez du gaixotasuna garatuko, haien erantzun immuneak gaitza indargabetuko baitu (makrofagoek bakterio patogenoa deuseztatuko dute). Erantzun immune kaskarra dutenek besterik ez dute tuberkulosia garatuko.

Sintoma klinikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Giza gorputzak tuberkulosia eragiten duen bakterioa har dezakeen arren, immunitate-sistemak, oro har, gaixotzea saihesten du. Horren eraginez, medikuek honako hauek bereizten dituzte:

  • Tuberkulosi latentea. Bakterioa organismoan dagoenez, aktibo, gaixoa kutsatuta dagoela esan daiteke. Hala ere, ez da sintomarik agertzen[6], eta ez da kutsakorra. Horren ondorioz, tuberkulosi latenteari, tuberkulosi inaktibo ere deitzen zaio. Tuberkulosi latentea duen pertsonarentzat tratamendua ezinbestekoa da; izan ere, tuberkulosi aktibo bihurtzeko arriskua eta kutsatzeko arriskua modu nabarmenean gutxitzen ditu. Gutxi gorabehera, bi mila milioi pertsonak dute ezkutuko tuberkulosia mundu osoan[7].
  • Tuberkulosi aktiboa. Afekzio hori gaixotzeko gai da, eta, gehienetan, kutsakorra da. Tuberkulosiaren bakterioarekin infekzioa izan ondorengo lehen asteetan zein handik urte batzuetara gerta daiteke[7].

Hauek dira birika-tuberkulosi aktiboaren, hau da, tuberkulosi-mota ohikoenaren sintomak:

  • Hiru aste edo gehiago irauten duen eztula (muki-espektorazioa)
  • Nahigabeko pisu-galera
  • Nekea
  • Sukarra
  • Gaueko izerdia
  • Hotzikarak
  • Gose-galera
  • Arnasteko zailtasuna
  • Sibilantziak (airea biriketako arnasbide estuetan zehar mugitzen denean gertatzen diren txistu-hotsak)[8].
  • Espektorazioa odolarekin (faringean, laringean, trakean edo bronkioetan jartzen diren flemak eta jariakinak ahotik kendu eta botatzea).
  • Mina bularrean edo mina arnasa hartzean edo eztul egitean.

Hala ere, tuberkulosi-motaren arabera, sintoma klinikoak ezberdinak izango dira. Adibidez, bizkarrezurreko tuberkulosiak bizkarreko mina eragin dezake, eta giltzurrunetako tuberkulosiak gernuan odolaren presentzia eragin dezake[9].

Odolaren bitartez bakterioa gorputz osora heda daiteke, biriketatik beste organo batzuetara igaroz.

Beraz, tuberkulosia ager daiteke organo batean baino gehiagotan, baina motarik ohikoena biriketan agertzen da.

Tuberkulosia garatzen den kasuetan, % 90 biriketan adierazten da. Sintomak bularreko mina eta eztula dira, karkaxa (flemak) sortzen dituztenak. Hala ere, pertsonen % 25ek ez ditu sintomarik aurkezten eta asintomatikoak dira. Kasu batzuetan, sintomak larriagoak bihurtzen dira: flemarekin batera odola kopuru txikietan kanporatzea, infekzioa biriketako arterietara zabaltzea edo aneurisma bat sortu eta lehertzea.

Gainera, gaixotasun kroniko bihur daiteke, eta horrek orban ugari sortzen ditu biriketako goiko lobuluetan. Izan ere, goiko lobuluen infekzioa gehiagotan gertatzen da behekoekin konparatuz. Horren kausak ezezagunak dira, baina hauek izan daitezke: aire fluxua hobea dela edo linfa sistemaren drainatze txarragoa.

Biriketako tuberkulosian, bi gaixotasun gertatzen dira, batez ere:

  • Pneumonia: birikei, bereziki albeoloei, eragiten dien hantura. Oso kutsakorra da. Horregatik, gaixoak isolatu egin behar dira.
  • Pleuritisa: pareta-pleuraren hantura. Batez ere gazteek izaten dute.

Biriketatik kanpokoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kasu aktiboen % 15-20 artean, infekzioa biriketatik kanpo hedatuko da, eta beste motatako tuberkulosiak eragingo ditu. Horiek, orokorrean, «birikatik kanpoko tuberkulosiak» deitzen dira. Mota horiek ugariagoak dira sistema immunea ahula duten pertsonetan edo haur txikietan. Adibidez, GIBa dutenen kasuan, % 50 baino gehiagotan, tuberkulosi mota horiek gertatzen dira. Gune aipagarriak hauek dira: pleura, nerbio sistema zentrala, sistema linfatikoa, urogenitala, hezurrak eta artikulazioak.

Beste tuberkulosi mota larriagoa da «barreiatutako tuberkulosia» (gaztelaniaz, tuberculosis miliar edo tuberculosis diseminada; frantsesez, tuberculose miliaire, tuberculose disséminée, tuberculosis cutis acuta generalisata eta tuberculosis cutis disseminata). % 10eko kasuetan jazotzen da. Horretan, tuberkulosia gorputz osoan zabaltzen da, eta 1-5 milimetroko kalteak sortzen dira.

Tuberkulosia giza gaixotasunik zaharrenetakoa da. Nahiz eta 15.000 eta 22.000 urte bitarteko antzinatasuna zenbatetsi, espezie hori Mycobacterium generoko beste mikroorganismo primitiboagoetatik eboluzionatu zuela onartzen da.

Pentsa daiteke uneren batean mikobakterio espezieren batek muga biologikoa gainditu zuela presio selektiboaren bidez eta animaliengan gordailu bat izatera igaro zela. Litekeena da, halaber, hark Mycobacterium bovisen guraso izandako bat sortzea, askok espezierik zaharrentzat jotzen duten Mycobacterium tuberculosis konplexukoa eta M. tuberculosis, M. bovis, M. africanum eta M. microti barne hartzen dituena.

Hurrengo maila M. bovisetik giza espezierako urratsa litzateke, zeinak animalien etxekotzearekin bat datorrela dirudien. Horrela sor zitekeen txakurrengan patogeno gisa.

Tuberkulosiaren patogenia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tuberkulosia agente exogeno baten eta ostalariaren erantzun immunitarioaren arteko interakzioaren paradigma da. Munduko Osasun Erakundearen (MOE) kalkuluen arabera, M. tuberkulosisak kutsatutako 2000 milioi daude, eta, urtero, zortzi milioi kutsatu berri daude, gudua, gehienetan, garaituz. Hala ere, ia bi milioi pertsona hiltzen dira urtean gaixotasun horren ondorioz.

  • Tuberkulosiaren infekzio sorra edo latentea: M. tuberkulosisaren infekzioa aire bidez gertatzen da. Hala, makrofago albeolarrek fagozitatzen dute baziloa. Kasuen % 30ean, makrofago horiek ez dira gai baziloa suntsitzeko. Orduan sortzen da infekzioa, eta horren ezaugarri nagusia da infektatutako makrofagoak hazten direla fagosomaren barruan. Izan ere, baziloa gai da fago-lisosoma lotura geldiarazteko. Histopatologiari dagokionez, infekzio-fokuan granuloma bat sortzen da, eta granuloma horren ezaugarria da intragranulomatoso ehun nekrotikoa izatea eta, azkenean, immunitatea eskuratzean egituratzen dela. Immunitatearekin, infektatutako makrofagoak aktibatu egin daitezke, eta baziloa suntsitu, eta, horrela, haien kontzentrazioa kontrolatzen da.

Orduan infekzio sorra hasten da, erantzun immune espezifikoa izatea ezaugarri duena (bazilo-kontzentrazioaren kontrola), baina ehun nekrotikoan bazilo sorrak (egoera geldikorrean) agertzearekin. Makrofagoak ehun hori drainatzen doazen heinean, bazilo latenteak nekrosi horrekin nahasten dira, eta albeolo-espaziorantz drainatzen dira, eta, han, berriro haz daitezke. Horrela infekzioa urteetan mantentzen da.

Klinikotasunetik, Tuberkulosiaren infekzio sorrak ez du sintomarik sortzen. Bere diagnostikoa Mantouxen azaleko testean oinarritzen da. Infekzio hori duten norbanakoek ezin dute inor infektatu. Hala ere, kasuen % 10ean, bazilo-kontzentrazioaren kontrola galdu egiten da; hazkundea berriro hasten da, eta tuberkulosi aktibo bat edo berezko gaixotasun tuberkuloso bat sor daiteke. Hori dela eta, tratatu egin behar da, batez ere infektatu berri diren pazienteak. Tratamenduak 9 hilabetez isoniazida ematea dakar, eta horrek jarraipena egitea zailtzen du.

Tuberkulosiaren infekziotik tuberkulosiaren gaixotasunera igarotzen da. Berehala gerta daiteke (tuberkulosi primarioa, % 1-5 inguru) edo infekzioa gertatu eta urte batzuetara (tuberkulosi postprimarioa, sekundarioa, tuberkulosiaren berraktibazioa, % 5-9 inguru). Berraktibazio-arriskua areagotu egiten da immunitate-sistemako asalduekin, hala nola GIBak eragindakoekin. GIBaz eta TBCz kutsatutako pazienteetan, berraktibazio-arriskua % 10 handitzen da urtean; pertsona immunogaietan, berriz, arriskua % 5 eta % 10 bitartekoa da bizitza osoan.

Botika batzuek, tumore-nekrosiaren faktorea blokeatzen duten artritis erreumatoidean erabilitako tratamenduak barne, TBC latentea aktibatzeko arriskua areagotzen dute, zitokina horrek eragin handia baitu TBCaren aurkako erantzun immunean.

Mycobacterium tuberculosisen koloniak, hazkuntza-inguru batean hazita

Mycobacterium tuberculosis arnas bideen barruan zein kanpoan hautematea izango da  diagnostikorako gakoa. Metodo desberdinak garatu diren arren, mikroskopio optiko bidezko bazilo azido-alkohol erresistentzia da ziurtasun handiena bermatzen duena eta, honekin batera, Lowenstein-Jensen hazkuntza-ingurua. Horiek bereziki osasun baliabide gutxiko herrietan erabiltzen dira, nahiz eta azken aldian MODS metodoa sentsibilitate eta espezifikotasun handia ematen ari den. BAAR mikroskopia azkarra eta merkea da, eta metodo eraginkorra da gaixo kutsakorrak detektatzeko. Kultiboaren erabilpena zama baxuko kultiboak daudenean erabiltzen da.

Mikroskopioa eta kultiboa tratamendua kontrolatzeko erabiltzen dira.

Madrilgo Unibertsitate Autonomoak, Journal of Clinical Microbiology aldizkarian, mikobakteriak fluoreszentzia igortzeko gai direla aurkeztu zuen lehen aldiz; beraz, mikroskopio fluoreszente bidez ikusi ahalko dira. Hori garrantzitsua da, izan ere, lehen beharrezkoa baitzen bakterio horiek tindatzea behaketa gauzatzeko.

Gertakari hori iraunkorra dela ikusi da, autofluoreszentzia ez baita gutxitzen denbora igaro ahala. eta, beraz, laginak egoki mantendu daitezke mantenu espezialik gabe.

Erradiografia beharrezkoa da gaixotasunaren diagnostikorako. Lesio ohikoenak apikalak dira eskuineko hemitoraxean, atzeko segmentuetan eta, gehienetan, barrunbeak eratuz. Tuberkulosiaren diagnostikorako ezinbesteko tresna bakteriologia da bere espezifikotasun, sentikortasun eta balio aurresankorragatik. Hori eraginkorra ez denean, beste jarraipen diagnostiko bat egin beharko zaio pazienteari: klinikoa, epidemiologikoa, argazki bidezkoa, immunologikoa, anatomopatologikoa.

Tuberkulosia diagnostikatu zain orok GIBaren diagnostiko proba gauzatu beharko du.

Ziehl Neelsen tindaketaz baliatuz, karkaxa lagin batean dauden bakteriak behatzen dira. Merkea eta erraza, biriketako tuberkulosiaren % 70-80 diagnostiko positiboa hautematen du. Mycobacterium tuberculosisek, horman, lipido ugari ditu, eta horrek Ziehl Neelsen tindaketa gauzatzea ahalbidetzen du.

Kultiboa Lowenstein-Jensen medioan egin daiteke, honen osagaiak hauen izanik:

Motel hazten da (30-90 egun bitartean) 37 °C-ean karbono dioxidoko atmosferan. Ogi apur itxura hartzen dute, horixkak, zimurtuak eta gogorrak.

  • Mantoux bidezko tuberkulina proba

Tuberkulosi infekzioa detektatzeko larruazaleko proba da. Pazienteari, antigenoak injektatzen zaizkio bakterioarekin kontakturik izan ote duen ikusteko. Horrek kontaktua adierazten du, eta ez infekzioa.

  • MODS (microscopic observation drug susceptibility)

Mycobacterium tuberculosisaren drogen sentikortasunaren behaketa mikroskopio optikoaren bidez orain dela gutxiko metodoa da, eta oso espezifikotasun eta sentikortasun handia du. Gainera, diagnostiko denbora asko murrizten da, eta lehen mailako antibiotikoen erresistentzia ere baloratzen du. Diagnostiko goiztiarrerako erabiltzen da.

Gaixotasuna aktiboa duten pertsonek bakarrik transmititu dezakete tuberkulosia. TBCa bazilodun pazienteak (TBC aktiboarekin) botatako partikulen bidez transmititzen da: eztula, doministikua, hitza, txistua, etab. eginez; beraz, hirugarrenekin kontakturik ez izatea gomendatzen da. Infekzio-tantak (flügge's edo droplets) 0,5 eta 5 µm bitarteko diametrokoak dira; 400.000 inguru egotzi daitezke doministiku bakar batekin[10]. Mikroorganismoa transmiti dezake gaixo aktibo baten tantatxo horietako bakoitzak, bereziki jakinda tuberkulosiaren dosi infektatzailea baxutzat jotzen dela[11]; beraz, bakterio bakar bat arnasteak infekta dezake. Gaixoak kanporatutako partikula kutsatuen kopuruarekin, transmisio eraginkorraren probabilitatea handitu egiten da eremuaren aireztapena, esposizioaren iraupena eta M. tuberkulosisaren anduiaren birulentzia ona denean. Kontaktu sarriak, luzeak edo handiak dituzten pertsonek % 25 inguruko arriskua dute infektatuak izateko. Erretzaile batentzat, gaixotzeko aukerak 2,5 aldiz biderkatzen dira[12]. Tratamendurik gabeko TBC aktiboa duen paziente batek 10-15 pertsona kutsa ditzake urtean. Beste arrisku batzuk dira: tuberkulosia maiz gertatzen den eremuak; malnutrizioa edo hiesa gisako baldintzak dituzten paziente immunodeprimituak; arrisku handiko populazio etnikoak, eta osasun-langileak arrisku handiko eskualdeetan[13]. Hiesa duten pazienteetan, TBCak gaixotasun oportunista gisa eta lotura handiarekin jokatzen du (koinfekzioa). Digestio-bidetik ere transmiti daiteke, batez ere Mycobacterium bovisekin infektatutako tuberkulosidun behietatik datorren esne ez-higienizatua irenstean.

Transmisio-katea hautsi daiteke gaixoa tuberkulosi aktiboarekin isolatzen bada eta berehala tuberkulosiaren aurkako terapia eraginkorra hasten bada. Bi astez tratamendu horrekin egon ondoren, TBC aktiboa eta ez-erresistentea duten pazienteek kutsagarriak izateari uzten diote. Pertsona bat kutsatuta geratuz gero, gaixotasuna besteei transmititzen hasteko 20-60 egun artean joango dira[14].

Prebentzioa, bereziki, bizimodu osasuntsu eta higieniko baten bidez ematen da, eta, gaixoen kasuan, identifikazio gisako hainbat baliabide erabiltzen dira populazioaren gainontzeko sektoreen segurtasuna bermatzeko.

Horrez gain, andui moteldu batekin egindako tuberkulosiaren aurkako txertoa ere badago; BCG izenarekin ezagutzen da. Hala eta guztiz ere, esan beharra dago ematen duen babesa ez dela erabatekoa[15].

Antibiotiko desberdinak erabiltzen dira, kasu gehienetan bat baino gehiago aldi berean, bakterioaren paretaren egitura eta konposizio kimikoak ezohikoak baitira. Horrenbestez, tratamenduak asko irauten du, 6-9 hilabete inguru. Nahiz eta senda daitekeen, komenigarria da lehenbailehen joatea medikuarengana, diagnostiko goiztiar batek pronostiko askoz hobea baitakar. Tuberkulosi latentearen kasu gehienetan, isoniazida soilik administratzen da. Tuberkulosi aktiboetan, bereziki farmako ezberdinen konbinaketak erabiliko dira.

Tuberkulosiaren tratamendu sanitarioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Davoseko Schatzalp sanatorio ohia, gaur egun hotela.

XIX. mendearen erdialdean eta XX. mendearen lehen erdian hasi zen, eta tratamenduaren oinarri gisa orokortu zen, batez ere herrialde garatuetan, eta herrialde baten osasun-maila zehazten duten indizeetako bat izatera iritsi da.

Sendategiak altuera handian eraikitzen ziren, altuerak eragindako takikardiak biriketako odol-fluxua handitzeko teoria fisiologikoan oinarrituta. Hala ere, bere eraginkortasunaren ebidentzia zalantzazkoa suertatu zen.

Tuberkulosiaren tratamendu kirurgikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hainbat teknika erabili ziren, guztiak kolapsoterapian oinarrituak: birika kolapsaraztea atsedenean egon zedin eta, hala, lesioak orbaintzen laguntzea.

Prozedurak:
  • Lehen saihetseko kondrotomia.
  • Torakoplastiak (saihets-hezur batzuk moztea, kolapsoa gertarazteko).
  • Birika-erresekzioak.
  • Frenizektomia (nerbio frenikoaren sekzioa diafragma geldiarazteko).
  • Eskalenotomia (muskulu eskalenoen sekzioa)
  • Pleuraz kanpoko pneumolisia.
  • Pneumonektomia terapeutikoa, agian gehien egiten den prozedura kirurgikoa.

Tuberkulosiaren tratamendu farmakologikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tuberkulosiaren historia aldatu egiten da agente antibiotikoak sartu ondoren. Tuberkulosiaren tratamendua funtsezkoa da hura kontrolatzeko, harekin transmisio-katea hausten baita tratamendua egokia denean eta osorik jarraitzen denean.

Tratamendu farmakologikoa 1944an hasi zen estreptomizinarekin (SM) eta azido paraaminosalikilikoarekin (PAS)[16].​ 1950ean, lehen saiakuntza klinikoa egin zen SMaren eta PASaren eraginkortasuna elkarrekin edo monoterapian konparatuz. Ikerketak frogatu zuen terapia konbinatua eraginkorragoa zela. 1952an, hirugarren farmako bat, isoniazida (INH), gehitu zitzaion konbinazioari tratamenduaren eraginkortasuna izugarri hobetuz, nahiz eta oraindik 18-24 hilabeteko iraupena zuen. Etambutola 1960an sartu zen tratamendu-eskemetan PASa ordezkatuz, eta iraupena 18 hilabetera murriztu da. 1970eko hamarkadan errifanpizina (RAM) konbinazioan sartu zenean, tratamendua bederatzi hilabetera laburtu zen. 1980an, pirazinamida (PZA) sartu zen eskema terapeutikoan, zeinak sei hilabetera murriztu dezakeen[17].

Bi gertaera biologikok azaltzen dute zergatik TBCaren tratamenduan terapia konbinatua eraginkorragoa den monoterapia baino. Lehenengoa da botika bakar batekin tratatzeak bazilo erresistenteak hautatzea eragiten duela eta, ondorioz, gaixotasuna desagerrarazteak huts egitea. Bigarrena, populazio bazilarrak paziente batean batera egon daitezkeela.

Antituberkulostatikoak bi taldetan sailkatzen dira, eraginkortasunaren, potentziaren eta albo-ondorioen arabera:

Azken urteetan zabaltzen ari den arazo bat da antibiotikoekiko erresistenteak diren M. tuberkulosiaren agerpena[19]. Zenbait anduik antibiotikoekiko dituzten erresistentziak kontuan hartuta bereiz daitezke erresistentzia anitzeko anduiak, errifanpizinaren (RMP) eta isoniazidaren (INH) aurkako erresistentzia garatzen duten bakterioak, eta andui ultrarresistenteak (XDR), lehen lerroko drogekiko eta fluorokinolonen familiako edozein kiderekiko erresistenteak eta, gutxienez, bigarren lerroko baten aurrean[20].

Gehien erabiltzen diren botikak hauek dira:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 (Ingelesez) «Tuberculosis (TB)» www.who.int (kontsulta data: 2019-11-04).
  2. 1 2 (Ingelesez) Konstantinos, Anastasios. Testing for tuberculosis.  doi:10.18773/austprescr.2010.005. (kontsulta data: 2019-11-04).
  3. 1 2 Hawn, Thomas R.; Day, Tracey A.; Scriba, Thomas J.; Hatherill, Mark; Hanekom, Willem A.; Evans, Thomas G.; Churchyard, Gavin J.; Kublin, James G. et al.. (2014-12). «Tuberculosis Vaccines and Prevention of Infection» Microbiology and Molecular Biology Reviews : MMBR 78 (4): 650–671.  doi:10.1128/MMBR.00021-14. ISSN 1092-2172. PMID 25428938. PMC 4248657. (kontsulta data: 2019-11-04).
  4. «WHO: Tuberculosis» web.archive.org 2013-06-17 (kontsulta data: 2019-11-04).
  5. 1 2 «WHO | Global tuberculosis report 2019» WHO (kontsulta data: 2019-11-04).
  6. (Gaztelaniaz) «Tuberculosis pulmonar: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (kontsulta data: 2019-11-04).
  7. 1 2 «Tuberculosis - Síntomas y causas - Mayo Clinic» www.mayoclinic.org (kontsulta data: 2019-11-04).
  8. (Gaztelaniaz) «Sibilancias: MedlinePlus enciclopedia médica» medlineplus.gov (kontsulta data: 2019-11-04).
  9. (Gaztelaniaz) «Signos y síntomas | Datos básicos sobre la tuberculosis | TB | CDC» www.cdc.gov 2018-12-10 (kontsulta data: 2019-11-04).
  10. Cole, E., Cook, C.. (1998). «Characterization of infectious aerosols in health care facilities: an aid to effective engineering controls and preventive strategies» Am J Infect Control 26 (4): 453-64.  doi:10.1016/S0196-6553(98)70046-X. ISSN 0196-6553. PMID 9721404..
  11. Nicas, M., Nazaroff, W. W., Hubbard, A.. (2005). «Toward understanding the risk of secondary airborne infection: emission of respirable pathogens» J Occup Environ Hyg 2 (3): 143-54.  doi:10.1080/15459620590918466. PMID 15764538..
  12. OMS. (2009ko azaroa). La tuberculosis y el tabaco. (kontsulta data: 2015-04-12).
  13. Griffith D, Kerr C. (1996). «Tuberculosis: disease of the past, disease of the present» J Perianesth Nurs 11 (4): 240–5.  doi:10.1016/S1089-9472(96)80023-2. PMID 8964016..
  14. (Ingelesez) Causes of Tuberculosis. 2006-12-21 (kontsulta data: 2007-10-19).
  15. Quezada Andrade, Steven; Sanchez Giler, Sunny. (2015-12-14). «Vacuna contra la tuberculosis BCG: Eficacia y efectos adversos / BCG vaccine against tuberculosis: Efficacy and adverse effects» Ciencia Unemi 8 (16): 120.  doi:10.29076/issn.2528-7737vol8iss16.2015pp120-125p. ISSN 2528-7737. (kontsulta data: 2019-11-05).
  16. (Ingelesez) Group, British Medical Journal Publishing. (1998-10-31). «Streptomycin Treatment of Pulmonary Tuberculosis» BMJ 317 (7167): 1248.  doi:10.1136/bmj.317.7167.1248b. ISSN 0959-8138. (kontsulta data: 2021-09-15).
  17. (Ingelesez) Tuberculois 2007. jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2007-07-03) (kontsulta data: 2007-07-10).
  18. 1 2 (Gaztelaniaz) Gómez Ayala, Adela-Emilia. (2007-11-01). «Tuberculosis. Abordaje farmacoterapéutico» Offarm 26 (10): 88–94. ISSN 0212-047X. (kontsulta data: 2021-12-31).
  19. Catálogo de la OMS_2021: Mutaciones genéticas asociadas a la resistencia a antimicrobianos. .
  20. Salazar-Austin, Nicole; Ordonez, Alvaro A.; Hsu, Alice Jenh; .. (2015). «Extensively drug-resistant tuberculosis in a young child after travel to India» The Lancet Infectious Diseases 15 (12): 1485-1491.  doi:10.1016/S1473-3099(15)00356-4. PMID 26607130..
  • Kumar, Vinay; Abbas, Abul K.; Fausto, Nelson; & Mitchell, Richard N. (2007). Robbins Basic Pathology (8th ed.). Saunders Elsevier. pp. 516-522 ISBN 978-1-4160-2973-1
  • Raviglione M. C., O'Brien R. J. Tuberculosis de Harrison's Principles of Internal Medicine (16th ed.); Kasper D. L., Braunwald E., Fauci A.S., Hauser S. L., Longo D. L., Jameson J. L., Isselbacher K. J., eds. McGraw-Hill Professional, 2004; páginas = 953–66. doi =10.1036/0071402357 ISBN 0071402357

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]