Tulsi Gabbard
Tulsi Gabbard (Leloaloa, Samoa Estatubatuarra, 1981eko apirilaren 12a) estatubatuar politikaria eta militarra da. 2025ean, Donald Trump presidentearen bigarren agintaldian, Inteligentzia Nazionalaren Zuzendari izendatu zuten. 2021ean AEBetako Armadako erreserbako teniente koronel maila lortu zuen. Hawaiiko 2. kongresu barrutiko AEBetako ordezkari gisa aritu zen 2013tik 2021era. Demokrata ohia, 2024an Alderdi Errepublikanoan sartu zen, trumpismoaren ildoarekin bat.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gabbard 1981eko apirilaren 12an jaio zen Leloaloan, Maʻopūtasi konderrian, Samoa Estatubatuarreko Tutuila uharte nagusian.[1][2] 1983an, Gabbardek bi urte zituenean, bere familia Hawaiira joan zen bizitzera, non lehenago gurasoak 1970eko hamarkadaren amaieran bizi izan ziren. Aitak jatorri etniko bitarikoa du, samoar eta europar.[3][4][5]
Gabbarden haurtzaroa Hawaiin izan zen [6][7] eta etxean eskolatua izan zen gehienbat, Filipinetako nesken eskola batean bi urtez izan ezik.[8][9][10][11] Gabbard hindua da, baina ez jatorri etnikoz edo familiagatik, baizik eta nerabezaroan hindu izatea erabaki zuelako. Bhagavad Gita testu indiar zaharra gogoko du, eta hartatik fedea eta karma bezalako gaiak bereganatu dituela esan izan du.[3][12][13] Yoga eta arte martzialak ere praktikatu izan ditu.[3]
Ibilbide militarra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gabbard Hawaiiko Guardia Nazionalean sartu zen 2003an, eta Irakeko gerran egon zeen 2004tik 2005era, osasun unitate batean espezialista gisa aritu zen, eta Osasungintzako Borrokako Intsignia jaso zuen. 2007an, Gabbardek ofiziala bihurtzeko ikasketa osatu zuen Alabamako Akademia Militarrean. 2008an, Kuwaitera bidali zuten, armadako polizia militar gisa. Teniente koronel mailara igo zuten 2021ean, baina Erreserbako armadaren parte gisa.
Alderdo Demokrataren kide
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2012an, Gabbard AEBetako Ordezkarien Ganberako kide hautatu zuten Hawaiiko 2. kongresu barrutitik, Alderdi Demokratarekin. Ameriketako Estatu Batuetako Kongresuko lehen kide samoar-estatubatuarra eta erlijioz hindua izan zen.
Gabbardek 2020ko presidentetzarako demokraten primarioetan kanpaina abiarazi zuen plataforma anti-interbentzionista eta populista batean, baina Joe Biden nagusitzen joan zelarik, bere kanpaina utzi eta hura babestu zuen 2020ko martxoan. Aurretik, Demokraten Batzorde Nazionaleko (DNC) presidenteorde ere izan zen 2013tik 2016ra, baina dimititu egin zuen Bernie Sandersi laguntzeko 2016ko presidentetzarako hautagai demokrata gisa aurkezteko.
Biratze ideologikoa eskuinera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2021ean Kongresutik irten ondoren, Gabbardek hainbat gairi buruzko jarrerak irauli zituen. Non eta lehenago liberala zen espektru estatubatuarrean, hau da, progresista; erreakzionariotzat jo daitezkeen posizioetara igaro zen honako gaietan, besteak beste: abortua, kanpo-politika, mugetako segurtasuna eta transexualen eskubideak.
LGTBI pertsonen eskubideen gaian, nerabe zela bere aitaren kanpaina bat babestu zuen, zeinak eskatzen zuen Hawaiik finka zezala ezkontza bakarrik bikote heterosexualentzat zela. Gero LGTBI pertsonen eskubideen alde agertu zen Alderdi Demokrateko politikari izan zela; baina 2022tik aurrera berriz eskuin-muturrerako bira harturik, LGBTI mugimenduaren kontrako posizioetara igaro zen. Esate baterako, 2022an, Gabbardek babestu zuen Floridako Gurasoen Eskubideen Hezkuntza Legea, Floridako ikastetxe publikoei debekatzen diena "ikasgelan eztabaidak" izatea edo doktrina ematea sexu-orientazioari edo genero-identitateari buruz. Lege hori ona da, Gabbarden aburuz, eragotzi nahi duelako[14] "publiko gatibu bati eskoletan sexuaren inguruko woke balioak doktrinatzea".
Ildo berri honetatik ondorioztatu zitekeen bezala, 2022an Alderdi Demokrata utzi zuen. 2022ko urriaren 11n, erabaki hori jakinarazi zuenean, alderdiko zuzendaritzari leporatu zion "koldarki woke izatea, pertsona zurien aurkako arrazakeria, fedea eta espiritualtasuna duen jendeari etsaigoa, eta gerra nuklearrera hurbiltzeko" politika egitea.[15]
2022ko abuztuan, Gabbard Tucker Carlson Tonight saioan gonbidatu gisa hasi zen, Tucker Carlson eskuin-muturreko kazetariaren ondoan.[16] Fox News kateko beste program batzuetan ere agertzen hasi zen. [17]
Biratze politiko horren zantzu batzuk aurretik ere salatu zituzten batzuek, bereziki Errusiarekiko jarreran. 2019tik iritzi-esparru politiko askotan Vladimir Putinen aldekotzat eta errusiarren satortzat jo izan dute Gabbard. [18] 2022ko otsailaren 23an, Errusiak Ukraina inbaditu zuen egunean, Gabbardek zera adierazi zuen: "Gerra eta sufrimendu hau erraz saihestu zitekeen Joe Bidenen administrazioak eta NATOk Errusiaren segurtasun kezka legitimoak kontuan hartu izan balitu".[19] Harrezkero, Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkan, Trump bezalatsu, posizio anbiguo batean ibili zen Gabbard.
Alderdi Errepublikanoko kide
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2024an, Gabbardek Donald Trumpekin bat egin zuen presidentetzarako hauteskundeetarako, eta urte berean sartu zen Alderdi Errepublikanoan.
Donald Trump presidente aukeratu zutenean bigarrengoz, bere bigarren agintaldiaren hasieran, 2025ean, Inteligentzia Nazionalaren Zuzendari izendatu zuten. 8. zuzendaria da kargu horetan, 2004an sortutako gobernu kargu batean, zeinak 2001eko atentatuen ondoren, koordinatzen dituen adar desberdinetako inteligentzia zerbitzuak (Armadarenak, CIArenak, FBI barne erakundearenak...).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu hau, osorik edo zatiren batean, ingelesezko wikipediako «Tulsi Gabbard» artikulutik itzulia izan da, 2024-04-03 data duen 1283695923 bertsioa oinarritzat hartuta. Sartze-datarik ez duten erreferentziak, edo 2024-04-03 baino lehenago datatuak, jatorrizko artikulutik ekarri dira itzulpenarekin batera.
- ↑ «GABBARD, Tulsi – US House of Representatives: History, Art & Archives» history.house.gov.
- ↑ «Sauni se tamaitai Samoa e tauva i le tofi Peresetene o le Iunaite Setete o Amerika (USA)» Samoa Times November 28, 2018.
- 1 2 3 Sanneh, Kelefa. (October 30, 2017). «What Does Tulsi Gabbard Believe?» The New Yorker.
- ↑ Bolante, Ronna. (August 1, 2004). Who is Mike Gabbard?. .
- ↑ Wright, Walter. (October 11, 1978). «Nishiki owes debt to voters, and banks» Honolulu Advertiser: A-12..
- ↑ «US commemorates the inaugural International Yoga Day» The Economic Times June 19, 2015.
- ↑ Moody, Chris. (September 19, 2014). «What I learned surfing in Hawaii with the first Hindu congresswoman» Yahoo News.
- ↑ Malhotra, Jawahar. (November 1, 2012). Tulsi Gabbard's Run for Congress Carries with it Many Hindu Hearts. .
- ↑ «Who is Tulsi Gabbard?» Pacific Edge Magazine February 21, 2019.
- ↑ (Ingelesez) Kinnard, Meg; Klepper, David. (November 14, 2024). 5 things to know about Tulsi Gabbard, Trump's choice for director of national intelligence. PBS.
- ↑ Friedrich, Pieter. (2024-09-19). How the American Sangh built up Tulsi Gabbard. The Caravan.
- ↑ «In this chaotic time, find strength & peace in Bhagavad Gita» TOI June 13, 2020.
- ↑ «Our family was raised with the important value of karma yoga', says Democrat Tulsi Gabbard» Economic Times September 15, 2020.
- ↑ Leeman, Zachary. (April 4, 2022). «Tulsi Gabbard Says Florida's Bill Targeting 'Woke Sexual' Teaching in Schools Doesn't Go Far Enough» Mediaite.
- ↑ Murray, Isabella; Osborne, Mark. «Tulsi Gabbard announces she is leaving Democratic Party, calling it an 'elitist cabal of warmongers'» ABC News.
- ↑ (Ingelesez) «Tulsi Gabbard's Journey From Bernie Sanders Supporter to Guest Host of Tucker Carlson Tonight» Mediaite August 11, 2022.
- ↑ (Ingelesez) Battaglio, Stephen. (November 14, 2022). «Tulsi Gabbard, a former Democrat, signs on as a contributor to Fox News» Los Angeles Times.
- ↑ (Ingelesez) «The ‘Russian asset’ and the ‘warmonger’: The roots of the Clinton-Gabbard dispute» POLITICO 2019-10-23 (kontsulta data: 2025-04-04).
- ↑ (Ingelesez) Cillizza, Chris. (2022-03-01). Analysis: What is Tulsi Gabbard actually doing on Russia?. CNN.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1981eko jaiotzak
- Gizabanako biziak
- Hawaiiarrak
- Samoarrak
- Donald Trumpen bigarren lehendakaritza
- Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Demokratako politikariak
- Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Errepublikanoko politikariak
- Ameriketako Estatu Batuetako hinduak
- Ameriketako Estatu Batuetako LGBT eskubideen aktibistak
- Ameriketako Estatu Batuetako koronelak
- Ameriketako Estatu Batuetako Armadako koronelak