Tunturi Lappiko ingurunea

Wikipedia, Entziklopedia askea

Azkenik, aipatu beharrekoa da Agnico-Eagle enpresa kanadarrak, 2008. urte bukaeran, Kiistala eta Pokka herrixka kittilärren artean dagoen Europa osoko urre-meatze handiena ireki zuela. Bertan, meategia 13 urtetan irekirik mantenduko duten 150.000 ontza urre aurkitzea espero dute. Barrutiaren jarduera ekonomikoa berpizteko balio izan duen urre-meatzearen inguruan, gutxi gorabehera 500 bat langile dabiltza [1].

Geografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tunturi Lappiko azpieskualdea Finlandiako ipar-mendebaldeko muturrean dago, Lappi eskualde zabaleko mendigunean. Azpieskualdeak herrialdeko eremu menditsu nagusia hartzen du beregan, Eskandinaviako mendien ipar-ekialdeko azken arrastoa. Hain zuzen, "tunturi" izenak, samieratik hainbat hizkuntzatara igaro den maileguak (besteak beste, finlandierara), garaiera handiko tundra ingurunea edo mendigunea esan nahi du. Tunturi Lappik 21.309,86 km²-ko azalera dauka (Lappiko eta Finlandiako hirugarren azpieskualde zabalena da) eta, guztira, lau udalerrik osatzen dute: Enontekiök, Kittiläk, Kolarik eta Muoniok. Mugakideak, aldiz, Norrbottengo konderria mendebaldean, Finnmark eta Troms norvegiarrak iparraldean, Ipar Lappi ekialdean eta Rovaniemi eta Torne ibarra azpieskualdeak hegoaldean dira. Klima mota desberdinek baldintzatuta, hazten diren landare-motak anitzak dira. Taiga edo baso boreala da nagusi eta zuhaizti ohikoenak, haltzadiak, izeidiak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak dira; 600 metro goitiko ingurunetan, ordea, herrialdeko zuhaitzik gabeko tundra eremu bakanak daude. Azkenik, aipatzekoak dira landare-espezie desberdinak aurki daitezkeen inguru zingiratsu eta paduratsuak[2][3].

Aintzirak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aintzirak azaleraren arabera[4]
Aintzira Azalera Udalerria
Aintzira Azalera Udalerria


1. Kilpisjärvi 37,33 km² Enontekiö 6. Äkäsjärvi 13,09 km² Muonio
2. Jerisjärvi 23,51 km² Muonio 7. Pasmajärvi 8,37 km² Kolari
3. Pallasjärvi 17,25 km² Kittilä 8. Kelottijärvi 7,04 km² Enontekiö
4. Kelontekemäjärvi 16,43 km² Kittilä 9. Ounasjärvi 6,92 km² Enontekiö
5. Pöyrisjärvi 15,04 km² Enontekiö 10. Vuontisjärvi 6,21 km² Muonio

Herrialdeko gainontzeko azpieskualdeekin alderatuz gero, ez dago aintzira asko Tunturi Lappin; hala ere, 4.200 inguru dira (horietatik hiru mila inguru Enontekiö udalerrian). Aintzira ezagun eta nagusiak 10-20 km² bitarteko azalera duten Äkäsjärvi, Pöyrisjärvi, Kelontekemäjärvi eta Pallasjärvi, samien artean aipamen berezia duen Muonioko Pakasaivo, 23,51 km² dituen eta Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionalean dagoen Jerisjärvi, eta, bereziki, Suediarekin muga markatzen duen, 37,33 km²-ko azalera duen eta izen bereko enontekiötar herriaren ondoan dagoen Kilpisjärvi dira. Aintzirekin batera, urmael, ibai eta gainontzeko ubideek azpieskualdearen ur-eremua osatzen dute, Tunturi Lappiren azalera osoaren %3,78 baino ez dena, 807,36 km² (Finlandiako batez bestekoa %10,2 da). Beraz, ur-azalera txikiena duen herrialdeko azpieskualdetako bat ere bada[5].

Ibaiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ibaiek, bestalde, tunturi lappiarren bizimodua baldintzatu izan dute betidanik; Suediarekin muga egiten duten Könkämäeno, Muonionjoki (Muonio ibaia) eta Tornionjoki (Torne ibaia), esaterako, Finlandiako ibai emaritsu eta oparoenetakoak dira. Bertan, izokinak eta ur-lasterrak dira nagusi, urtero hamaika arrantzale, piraguista eta, orokorrean, arrisku-zale ugari erakartzen dituztenak. Ibai horiek eta senideek, urteen poderioz, Torne ibarra sortu zuten, Finlandia eta Suediaren arteko muga markatzen duen ibar ospetsua. Ibar hau iparraldeko lurraldeetako sarbide nagusia izan da urte askotan, eta bertako herritarrei izaera propioa eman die. Bestetik, aipatzekoak dira azpieskualdea gurutzatzen duten beste ibai batzuk ere; besteak beste, Äkäsjoki, 235 km luzeko Kitinen, Lätäseno, Loukinen eta, batik bat, Enontekiön jaio eta Rovaniemi hiribururainoko bidea egiten duen Ounasjoki ospetsua. Gainera, mendi garaienez eta Utsjokiko Fielluz gain, herrialdeko ur-jauzi handienak ere Tunturi Lappin daude, Kitsiputous eta 17 metroko garaiera duen Pitsusköngäs ur-jauziak, esate baterako[6][7][8].

Mendiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nahiz eta Tunturi Lappi lurraldea nahiko laua izan, Finlandiako eremu menditsuena da. Hain zuzen, herrialdeko berrogeita hamar gailur garaienetatik berrogeita zazpi azpieskualde honetan daude, batik bat, Enontekiö iparraldean; besteak beste, nabarmentzekoak dira mila metro dituen Saana turistikoa, 1.317 m-ko Ridnitšohkka, Ounas, eta Ipar Finlandiako eski-estazio ospetsuenak dauden Levi -Kittilän-, Pallas -Muonion- eta Ylläs -Kolarin-, urtero milaka elurzale erakartzen dituztenak. Dena den, azpieskualdeko eta herrialde osoko sabaia Halti edo Haldi mendia da. Norvegia eta Finlandia artean dagoen mendi mugakide honek, guztira, 1.365 metro ditu eta sami kulturan garrantzia handia izan duen lekua da. Mendi guzti hauek Eskandinaviako mendietako ekialdeko muturrean daude eta hauetariko batean, Stuorrahanoaivin zehazki, Struve zientzialaria munduaren tamaina zehazten saiatu zen XIX. mendearen hasieran. Stuorrahanoaivi Struveren Geodesia-Arkua izeneko Gizateriaren Ondare kulturalaren parte da gaur egun[9][10].

Bestetik, Kolari udalerrian dagoen Pirunkuru arroilak aipamen berezia merezi du, Auttijoki eta Kevokoekin batera, Lappiko arroila ospetsu eta sakonena baita[11].

Klima[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpieskualdea zirkulu polar artikoaren gainean dagoenez, 100-350 bat km, gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polarrak urtero izaten dira. Lehenengo bietan eguzkia edo eguzkiaren argitasuna Tunturi Lappiko zeruaren jabe izaten da maiatzaren bukaeratik uztailaren erdialdera; gau polarraren garaia edota iluntasuna nagusitzen den garaia, aldiz, abenduan izaten da. Fenomeno bakoitzaren iraupena latitudearen araberakoa da[12][13].

 
2013ko Tunturi Lappiko klima datuak[14][15]
Kilpisjärvi, Enontekiö
Klima polarra Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC 2,6 2,8 0 6,5 26,1 23,5 24,2 21,9 17,9 10,3 1 5 11,8
Batez besteko maximoa ºC -4,6 -6,9 -7,3 1 10,2 15,2 16,2 15,2 11 2,2 -2,5 -5,5 3,7
Batez bestekoa ºC -10 -11,9 -12,9 -3,6 5,4 10,5 11,6 11,3 7,9 -0,6 -5,9 -9,8 -0,6
Batez besteko minimoa ºC -16,6 -17,5 -19,8 -9,7 0 6,1 7,6 7,3 5,1 -3,4 -9,8 -15 -5,4
Minimoa ºC -33,5 -33,6 -30,4 -25,8 -9,7 0,3 3,5 1,4 -0,3 -13,6 -17,5 -37,7 -16,4
Prezipitazio-egunak 30 27 30 26 16 25 24 21 24 30 29 28 310
Muonio
Klima azpiartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC -0,1 3,5 2,5 9,1 28,4 27,5 26 22,9 18,9 12,7 0,7 5,7 13,1
Batez besteko maximoa ºC -8 -6,3 -5,8 3,8 14,3 18,3 18,6 18,6 11,7 3 -3,7 -4,7 4,9
Batez bestekoa ºC -12,6 -9,8 -12,5 -1,6 8,7 13,2 13,8 13,1 8,9 -0,5 -8,3 -9,5 0,2
Batez besteko minimoa ºC -17,6 -14,1 -20,3 -7 2,8 9,1 9,1 7,8 5,5 -4,1 -14 -14,9 -4,8
Minimoa ºC -33,6 -30,5 -34,5 -22,5 -6,6 1,6 4 0,9 -0,8 -14,8 -28,6 -38,4 -16,9
Prezipitazio-egunak 13 13 8 15 7 13 15 11 17 24 30 28 194

Azpieskualdeko klima nagusia azpiartikoa da eta, ondorioz, tenperatura leunak izaten dira udaran, baina neguak hotzak eta luzeak izaten dira; hain zuzen, Finlandian inoiz neurtu den tenperatura baxuena Kittiläko Pokka herrian neurtu zen 1999. urteko urtarrilean, -51,5 °C. Hala ere, hau muturreko tenperatura baino ez zen izan, neguko eta udako tenperatura ohikoak -15 °C eta 14 °C ingurukoak baitira, hurrenez hurren. 600 metro goitiko mendigunean, berriz, klima polarra nagusitzen da. Orokorrean, elurrak Tunturi Lappiko lurzorua estaltzen du urri amaieratik maiatza bitartean, gutxi gorabehera, 185 bat egunez; eta izotzak ere aintzira eta ibaien gaina hartzen du beste horrenbeste egunetan. Enontekiöko Kilpisjärvi eta Kolari herrietan, klimatologia aztertzen duten gune garrantzitsuak daude. Samiek antzinean eta gaur egun oraindik ere erabiltzen duten egutegiaren arabera, Lappiko eta azpieskualdeko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi garai bereizten dira: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua). Ipar argiak, azkenik, nahiko ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irail eta martxo bitartean lau gautatik hirutan izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki[16][17].

Babestutako eremuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondorengoak dira Tunturi Lappiko babestutako eremuak:

  • Hammastunturiko, Käsivarsiko, Pöyrisjärviko, Puljuko eta Tarvantovaarako eremu basatiak: iparraldeko udalerrien (Enontekiö eta Kittilä) bereizgarri nagusietako bat dira bost eremu basatiak. Gune hauek natura basatia, eta sami kultura eta bizilekua babesteko asmoz sortuak izan ziren 1991. urtean. Hertsiki natura erreserbak ez diren arren, arau eta debeku ugari mantentzen dira. Dena den, natura altxor hauek ezagutarazteko helburuarekin basabide eta etxola ugari egin dira azken urteotan, abenturazale asko erakarri dituztenak[6].
  • Mallako Natura Erreserba Hertsia: azpieskualdearen ipar-mendebaldeko muturrean dagoen 31 km²-ko erreserba hertsia da. Herrialdeko babestutako eremu zaharrenetakoa da; izan ere, 1938. urtera arte natura erreserba bihurtu ez zen arren, 1916. urterako gutxiengo babesa bazuen inguruneak. Altitudeak, mendien altuera desberdintasunak, karedun arrokaz osatutako ohantzea, eta Ozeano Artikoaren hurbiltasunak ekartzen duen hezetasunak Finlandiako gainontzeko eskualdeen nolakotasunetatik bereizi egiten dute Malla. Bisitariek debekatua dute nahierara ibiltzea natura parkean, baina badaude markatutako hiru ibilbide, nagusia 11 km-ko luzera duen Mallako bidea da[18].
Saana mendiaren gailurretik Mallako bi tontorrak. Harri mukuruaren alde banatan, aldiz, Kilpisjärvi (ezkerrean) eta Siilasjärvi (eskuinean) aintzirak.
  • Pallas-Yllästunturiko Parke Nazionala: Tunturi Lappiko lau udalerrien artean dagoen parke nazionala da, Pallas eta Ylläs mendiek osatzen duten ingurunea barnean hartzen duena. 2005. urtean sortu zen parkeak, guztira, 1.020 km²-ko azalera du eta, ondorioz, herrialdeko hirugarren parke nazional zabalena da. Bereizgarri nagusiak natura ibilbide zainduak (hemezortzi), fauna eta landaredi basatia, izen handiko hiru mendiak -Pallas, Ylläs eta Ounas- eta bakoitzak sortzen duen ingurune bereziak dira. Ibilbide luzeetan eta aintzira inguruetan dauden etxolek eta urte osoan zehar antolatzen diren ekitaldiek bisitari ugari erakartzen dituzte. Iaz, esaterako, bisitari gehien jaso zituen Finlandiako natura parkea izan zen, 514.800 naturazale[8][19].

Bestalde, aipatzekoa da Lemmenjokiko Parke Nazionala, Kittilä udalerriaren ipar-mendebaldeko muturra hartzen duena. Lemmenjoki, batik bat, Inari udalerrian dagoen Finlandiako parke nazional zabalena eta Europako zabalenetakoa da; guztira, 2.850 km²-ko azalera du. Mendialdeko tundra eremuaz gain, zingirak eta errekastoen inguruko lautada zabaletan zehar zabaltzen den baso boreala dira parke nazionalaren bereizgarriak; hala, habitat desberdin horietan hazitako animalia aniztasuna garrantzitsutzat jotzen da. Dena den, herrialdean ibilbide eta basabide ugaritasunagatik da ezaguna, urtero milaka bisitari erakartzen dituztenak; guztira, 2014an, 12.200 naturazale izan zen bertan[19][20].

Izaki bizidunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Fauna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Faunari dagokienez, animalia artiko espezie gutxi batzuk eta uda partean iristen diren hegaztiez gain, ez dago animalia mota asko klima hotza dela-eta. Hain zuzen, uda partean iritsi eta zingiretako intsektuei esker bizirautea lortzen duten hegazti-motek osatzen dute talde ugariena; hala nola, aliota txikiak, arrano beltza eta belatz txikia motako harrapariak, luma dotoreko borrokalariak, elur-berdantzak, hontz gabiraiak, ipar-berdantzak, ipurzuri arruntak, istingor arruntak, kuliska pikartak, kurlinta bekaindunak, larre-buztanikarak, marikoi isatsluzeak, mendebal-txori mokomeheak, mirotz zuriak, mokoker arrunt eta papagaiak, negu-txirtak, negu-txontak, papourdinak, pinu-gailupak, siberiar eskinosoak, txirri hankalaburrak, txirritxo handiak, txoka txikiak, urre-txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zingira-hontzak eta zozo paparzuriak. Gainera, hamazazpi ur-hegazti espezie desberdin aurki daitezke aintziretan, haien artean, ahatebeltz arrunt eta hegazuriak, beltxarga oihulariak, izotz-ahateak, murgilari handiak, zerra txikiak, eta antzara hankagorriztak, hankahoriak, muturzuriak eta nanoak. Elur-berdantzak, elur-hontzak, eper zuriak, eskandinaviako lagopodoak, ipar-kaskabeltzak, laponiako kaskabeltzak, okil hiruhatzak, pinu-gailupak, txirri lepokodunak eta zapelatz galtzadunak, aldiz, bertako negu latzetan bizirautea lortu duten hegazti bakarrak dira, alegia, urte osoan zehar ikus daitezkeenak azpieskualdean[6][8][18][20].

Ugaztunen taldea, azkenik, altzeek, amerikar bisoiek, azeri gorri eta zuriek, erbinude arrunt eta zuriek, jatunek, hartz arreek, igarabek edo urtxakurrek, ipar-katamotzek, lemingek, otsoek, satitsu txikiek, tundrako otsoek, ur-ipurtatsek, ur-satitsuek eta elur-orein basati eta etxekotu ospetsuek (baso elur-oreinak) osatzen dute batik bat[8][18].

Landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Iruditegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Agnico-Eagle Mines Limited
  2. Tunturi-Lapin luontokeskus[Betiko hautsitako esteka] Luontoon. 2014.01.22
  3. Kittilä-Lappi-Finland Weatherspark. 2014.11.09
  4. Järviwiki.fi 2014.11.15
  5. Järviwiki Etusivu - Tunturi Lappi. 2015.01.25
  6. a b c Käsivarren, Hammastunturin, Pöyrisjärven, Puljun ja Tarvantovaaran erämaa-alueet[Betiko hautsitako esteka] 2013.04.25
  7. Tornionlaakso Etusivu. 2015.01.25
  8. a b c d Bállás-Ylläsduoddara álbmotmeahcci[Betiko hautsitako esteka] Lundui 2014.09.01
  9. Struve Geodesic Arc UNESCO. 2010.10.18
  10. Kulttuuriperintökohteiden inventointi 2011: Pallas-Yllästunturin kansallispuisto (pdf) Metsähallitus. 2014.11.10
  11. Pirunkuru Blog.2014.12.31
  12. Revontulten Finnish Meteorological Institute. 2010.12.17
  13. Enontekiö-Lappi-Finland Weatherspark. 2014.11.09
  14. Kilpisjärven ilmasto 2014.06.27
  15. Muonion ilmasto 2014.11.11
  16. Ylläs.fi Nature and Environment-Ylläs. 2014.12.03
  17. scannet.nu Kolari Research Unit. 2014.12.03
  18. a b c Malla Strict Nature Reserve[Betiko hautsitako esteka] Outdoors. 2014.08.31
  19. a b Käyntimäärät kansallispuistoittain 2014 Metsähallitus - Lemmenjoen ja Pallas-Yllästunturin kansallispuistot. 2015.03.08
  20. a b Lemmenjoen kansallispuisto 2013.04.23

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]