Turkiako ekonomia

Wikipedia, Entziklopedia askea
Istanbul turkiar finantzen zentroa da.

2018an Turkiako ekonomia munduko 17. handiena izan zen.

1996an, biztanle aktiboen % 46 lehenengo sektorean ziharduen lanean, % 22 bigarren sektorean (industria) eta % 32 hirugarren sektorean (zerbitzuak eta turismoa). Alde handiak daude, hala ere, eskualde batetik bestera banaketa horri dagokionez. Langabezia oso handia da (% 8 1995ean), baldintza txarreko lanpostuak ugariak dira, eta turkiar asko eta asko mendebaldeko Europara eta inguruko herrialdeetara joan dira lan bila. Hala ere, Turkiako ekonomiak hazkunde bizkorra izan du: 1996an BPG 182,5 mila milioi dolarrera iritsi zen, eta urteko hazkunde tasa % 6,4koa izan zen. Baina zabaltze hori Turkiaren mendebaldeari dagokio batez ere, izan ere, ekialdeko Anatoliak ekonomia egoera latza bizi baitu. 1970. urtearen amaiera arte Turkiako ekonomiaren bilakaera enpresa publikoetan oinarritzen zen (industria astunak, garraioak, bankuak, etab.), eta horiekin batera enpresa pribatu txiki ugari zeuden. Baina Nazioarteko Diru Funtsak horrela eskatuta, liberalizazioa eta ekonomiaren zabaltzea bideratu zen 1980. urtetik aurrera. Politika horrek atzerriko inbertsioak erakarri zituen eta finantza holding handiak sortu ziren. Horrek guztiak, ordea, eragin gogorrak izan zituen gizartean: inflazioak gora jarraitzen zuen (% 80 1996an) eta atzerriko zorra ere handia zen (75 mila milioi dolar 1996an). Nekazaritzari dagokionez, Turkia bi alderditan banatzen da: batetik, Anatoliako goi-ordokian garia eta garagarra lantzen dira eta ardiak hazten; kostaldean, aldiz, laboreak eta industria gaiak (kotoia, tea, tabakoa) eta merkataritza gaiak egiten dira (olibak, fruitu lehorrak). Nekazaritza jabetza txikietan oinarritzen da eta horrek azaltzen du nekazaritza hain atzeratua izatea. Energiari dagokionez, Turkiak bere beharren erdia asetzen du, gutxi gorabehera, nahiz eta ikatz eta lignito hobi handiak dituen, eta baita petrolio hobiak ere Anatoliako hego-ekialdean. Lurralde horretako baliabide hidroelektrikoak ez dira erabat ustiatu, baina garrantzizko proiektuak daude maila horretan. Industria Turkiaren mendebaldean biltzen da batez ere, eta jarduera nagusiak ehunaren eta elikagaien ingurukoak dira. Ankara hiriburu administratiboa da, baina ez dago ia industriarik; Istanbulen, aldiz, industria arinak eta goi mailako teknologiako lantegi nagusiak daude. 1980. urteaz geroztik Turkiak ekonomiaren zabaltzea ezagutu zuen, eta beste herrialdeekiko trukeak asko hazi ziren: esportazioak 1975ean BPGren % 10 ziren, eta handik hogei urtera berriz % 20. Merkataritza balantza defizitarioa da (-13,2 mila milioi dolar 1995ean), baina defizit hori turismoaren industriak eta atzerrian bizi diren turkiarrek bidaltzen duten diruak osatzen du. Turkiak Europar Batasunarekin ditu merkataritza harreman gehienak. Hala ere, Turkiak harremanak hobetu nahi ditu Ekialde Hurbilarekin, Balkanetako herrialdeekin eta antzinako Sobietar Batasunarekin. 1999ko abuztuan lurrikara izugarri bat izan zen Turkian, Izmir eta Istanbuleko eskualdean gehienbat. Oso ondorio gogorrak izan zituen Turkiako ekonomian, eskualde horietan baitaude Turkiako industriagune nagusiak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]