Txalaparta
Txalaparta perkusiozko euskal musika tresna bat da, idiofonoa, zuzenean kolpatzen dena.[1] Bi euskarriren gainean jarritako zurezko ohol horizontalek osatzen dute. Zur erabilienak haltzarena, gaztainondoarena eta lizarrarena dira. Txalaparta lau makilaz jotzen da, txalapartari bakoitzak bi makila dituela. Tradizioan, jotzaile bat ttakuna (tukutuna edo bia ere deitua) jotzen aritzen zen, eta bestea herrena (urguna, pikatzailea edo bata). Lehenengoak oreka edo ordena ezartzen du; bigarrenak, desoreka dakar.

Txalaparta zahar gehienek ez zuten bi edo hiru ohol baino gehiago izaten, baina egun dozena bat oholez osatutako txalaparta afinatuak ere aurki daitezke, eta horiei esker doinuak eta akordeak jo daitezke.
Tradizioz zurezkoa bada ere, txalapartari berritzaileenak harri, adreilu, hormigoiaren eta egitura mailako atal egokienen (arku eta gangen) arteko batasunaren ondoko emaitza ezin hobeak erakusten ditu harriz eta bestelako materialez egindakoekin, halakoekin esperimentatzen hasi baitira. Igor Otxoak eta Harkaitz Martinezek (Oreka Tx) Nomadak Tx film dokumentalean izotzezko txalaparta bat jo zuten, Laponiara egindako bidaian.
Komunikazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Txalaparta tradizioz sagardoaren eta baserriaren munduari atxikia da. Herri askotan, upeletako sagardoa edateko puntu egokira iristen zenean, txalaparta jotzen zen inguruko jendeari jakinarazteko. Esan izan da milaka urte dituen tresna dela, baina hori ez dago frogatuta. Tobera metalezko tresnaren eta kirikoketaren antza dauka, jotzeko moduagatik eta testuinguruagatik.
Gipuzkoan ohikoa da Donostia, Lasarte-Oria, Usurbil, Hernani, Urnieta, Astigarraga, Andoain, Oiartzun, Orio, Bidegoian, Elduain eta Alkiza udalerrietan. Nafarroa Garaian, Lesakan eta Baztanen ere bai.
Halaber, haren erabilera bertsolaritzari lotuta dago.
Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun, txalaparta perkusiozko musika tresnatzat erabiltzen da Euskal Herrian, gehienbat folk musikan. Ekitaldi kultural eta politikoetan ere askotan entzuten da. Juan Mari Beltranek, Mikel Laboak, Oskorrik, Hertzainakek, Kepa Junkerak eta beste musikari askok beren instrumentazioan sartu dute, haren soinu bereziak erakarrita. Oreka Tx txalapartari bikotea berritzaile handienetakoa da, txalaparta mundu osoko musika estiloekin nahasten baitute: India, Sahara, Mongolia... Horren emaitza Nomadak Tx filma da.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Juan Mari, Beltran. (2009). Txalaparta. Nerea, 20 or. ISBN 978-84-96431-48-5..
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Soinutresnak euskal herri musikan" (Juan Mari Beltran, "Egin" biblioteka, 1996).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Txalapartari buruzko bloga
- Joxean Artzeren testu bat txalapartari buruz
- (Alemanez) Alemanezko wikiztegian Txalapartari buruzko informazioa
- (Gaztelaniaz) Txalapartaren Historiari buruzko Juan Mari Beltran eta ETBren dokumentala ikusgai. Youtube.com
- Txalaparta gizarteko fenomeno gisa aztertzen duen tesi baten laburpena euskaraz