Txantiloi:2009-38 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Zelula prokarioto tipikoa
Zelula prokarioto tipikoa

Prokariotoak (grezieratik πρό-, pro-, "lehen, aurre" + καρυόν, karyon "intxaur" edo "hazi", zelula nukleoa adierazteko) nukleogabeko zelulabakarrez eratutako izakiak dira. Eukariotoak ordea, nukleodun zelulez eratutako izakiak dira. Archaeak eta bakterioak prokariotoak dira. Sailkapen honi (Eucarioto, Archaea eta Bacterio) hiru domeinu sistema deitzen zaio.

Zelula prokariotoen antolamendua eukariotikoarena baino sinpleagoa da. Izan ere bere izenak adierazten duen moduan, prokariotoak (nukleorik gabeko zelulak) beti eukariotoekin konparatuz (benetako nukleoa dutenak) definitu egin dira; gainera eukariotoak, konplexuagoak izateaz gain, goi-mailako organismoak osatzen dituzten zelulak dira. Hori dela eta, prokariotoak bigarren mailako zelulak moduan ikusi egin dira. Egia da prokariotoaren egitura oso sinplea dela, baina prokariotoek izugarrizko gaitasun metabolikoak dauzkate, Lurraren leku guztiak kolonizatu egin dituzte, bortitzenak ere, kopuruaren aldetik organismo ugarienak dira eta garrantzitsuenak, ezinbestekoak dira lurrean bizi garen organismo eukariotoen iraupenerako.