Txantiloi:2010-14 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Gales (ingelesez Wales; galeseraz Cymru, euskaraz ahoskera gutxi gorabehera "Kamrri" izango litzateke), Erresuma Batua osatzen duten 4 herrialdeetako bat da (besteak Ingalaterra, Eskozia eta Ipar Irlanda dira). Britainiar uhartearen mendebaldean dagoen penintsula batean kokatzen da. Ingalaterra du mugakide ekialdean honako konderriekin: Cheshire, Shropshire, Herefordshire eta Gloucestershire, iparralde eta mendebaldean Irlandako itsasoa (galeseraz Môr Iwerddon) du, ipar-ekialdean Dee ibaia (Afon Dyfrdwy) eta hegoaldean berriz Bristolgo kanala.

Galesek denera 20.779 km²-ko azalera dauka, eta 2.903.085 biztanle (140 bizt./km², 2001). Hiriburua Cardiff/Caerdydd da eta 317.500 biztanle ditu. Galestarren bi herenak Galesko Hegoaldean bizi dira, Ipar-Ekialdean Ingalaterrako mugan ere beste biztanleri kontzentrazio bat ere badagoelarik.

Ofizialki elebiduna da: galesera eta ingelerak parekotasun estatusa dute eta seinale elebidunak herrialde osoan zehar nonahi aurki daitezke. Halere galestarren gehiengoak ingelesez bakarrik hitz egiten du, halere azken urteotan galeseraren gainbehera gelditu eta nolabaiteko susperraldia jazo da, honela galesera hiztunen kopurua biztanleri osoaren %20aren inguruan dago.