Txantiloi:2012-36 Nabarmendutakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kemiko eliza (finlandieraz, Kemin kirkko) Lappiko Kemi hirian dagoen eliza protestante nagusia da. Kemi-Tornioko parrokiaren burua den tenplu hau, Sauvosaari auzoaren bihotzean dago, Botniako badiatik 300 metrora, eta hiriko eraikin ikusgarriena da. 1903ko martxoaren 8an Ouluko diozesiko gotzaina zen Juho Koskimiesek bedeinkatu zuen eta ordutik, eskualde osoko erlijio-eraikin handiena da. Josef Stenbäck arkitekto ospetsuak diseinatu zuen eta Eskandinavian tradizio handia duen arkitektura neogotikoaren eta nazional erromantikoaren arteko nahasketa dotorea izateagatik, Lappi osoko eliza bereziena da. Azpieskualdeko eta hiriko historia eta kulturak garrantzia handia dute eraikinaren egituran, baina nabarmentzeko ezaugarri nagusia itsasoaren eragina da; besteak beste, tenplua bera itsasoari begira dago. Guztira, 1.200 fededunentzako eserlekua dauka elizak eta objektu baliotsuenak tamaina handiko botozko itsasontzi zuria eta Kangasalako Organo Fabrikan 1935an eginiko organoa dira. Eraikinaren hegoaldean, azkenik, hiriko hilerria eta gerra oroitarriak daude.